2020/11/07

ERASOTZAILEAREKIN KONFINATUAK


Nerearen ekarpena gomendatu nahi dut, egindako genero-indarkeriari buruzko laburpena oso ona iruditu zaidalako eta, batez ere, genero-indarkeria izurrite gisa aurkezten duelako.



Astean zehar konfinamenduaren gaia eta horren eragina genero-indarkerian buruan izan dut. "Izurrite" hitzak konfinamenduak genero-indarkerian duen eraginari buruz gehiago jakiteko gogoa piztu dit..

Bestalde, genero-indarkeria, COVID-19 pandemia bezala, muga geografikoak, kulturalak, sozialak, ekonomikoak, etnikoak edo bestelakoak gainditzen dituen mundu mailako fenomenoa da. Nazio Batuen Erakundearen arabera (NBE), “giza eskubideen urraketa suntsitzaileenetako bat da”.

Horregatik, interesgarria iruditzen zaidan beste kontu bat da genero-indarkeriak nazioartean izan duen eragina ezagutzea.


KONFINAMENDUA ETA GENERO-INDARKERIA

Munduan bizi izan den konfinamenduan, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak, sexu-salerosketaren eta -esplotazioaren biktima diren emakumeak eta prostituzioan aritzen diren emakumeak talde bereziki ahulak izan dira.

Dubravka Simonovicek, Nazio Batuen emakumeen aurkako indarkeriari buruzko errelatore bereziak, adierazi duenez, “emakume eta haur askorentzat etxea beldur eta abusu leku bat izan daiteke”.

Konfinamendu-egoerak, era berean, areagotu egin du indarkeriaren biktima ziren emakumeen eta adingabeen arriskua, ez bakarrik erasotzailearekin bizitzera behartuta egoteagatik, baizik eta egoeraren berezitasunak biktimaren eta erasotzailearen arteko tentsioa eta agresibitatea areagotu duelako.

Euronewseko artikuluak deskribatzen duenez: “Kanpoan, kaleak bakartiak eta oso lasaiak daude, baina gure hirietako leiho askoren atzean, konfinamenduak presio-eltze arriskutsu bihurtu ditu etxeak, eta, han, emakumeak beren tratu txarrak ematen dituztenen ondoan geratu dira.”

Erasotzailearekin etxe berean bizitzera KONDENATUAK!!!




ZENBAIT DATU

Konfinamendu egoeran % 50 baino gehiago handitu zen 016 telefonoaren erabilera, %100 baino gehiago on line erabilera, eta 4.000 atxiloketa baino gehiago izan ziren indarkeria matxistagatik konfinamenduko lehen sei asteetan.

Frantzian, martxoaren amaieran, genero-indarkeriak % 30 egin zuen gora herrialdeko konfinamendua hasi zenetik.

Argentinan, apirilaren erdialdean, genero-indarkeriagatiko kontsultak % 39 igo ziren.


Singapurren, 2020ko martxoan, 619 dei jaso zituen AWARE elkarteak, erakundearen historiako 29 urteetan hilabetean erregistratutako kopururik handiena.

Erresuma Batuan, etxeko abusuaren aurkako telefono-linea nazionalerako deiak % 25 igo ziren martxoaren amaieran.

Somalian, konfinamendu-neurriek emakumeen mutilazio genitalak (MGF) handitzea eragin dute.


KONFINAMENDU EGOERAN GENERO-INDARKERIA ERAGITEN DUTEN FAKTOREAK



  • Erasotzailearen eta biktimaren arteko bizikidetza denbora luzatzea.
  • Familia eta etxeko arazoengatik eguneroko gatazkak areagotzea.
  • Indarkeria luzea, eguneroko errutinek (erosketak, eskola, bisita familiarra, lana, etab.) eteten ez dutena.
  • Erasotzailearen segurtasuna eta zigorgabetasuna hautematea.
  • Biktima gehiago kontrolatzea.
  • Kanpoko laguntza jasotzeko zailtasun handiagoa.
  • Eraso ikusezinagoak.
  • Laguntza-zentroetara joateko zailtasun handiagoa.


ERRONKA: GENERO-INDARKERIA DESAGERRARAZTEA!!!



Genero-indarkeria desagertaraztea guztion lana da, baita hezkuntza-sistemena ere.

Incheongo akordioaren bidez, Estatu Kideek eta hezkuntza-komunitate osoak konpromisoa hartu zuten “genero-gaiak kontuan hartuko dituzten politikak, planak eta ikaskuntza-testuinguruak babesteko, bai eta gai horiek irakasleen prestakuntzan, ikasketa-planetan eta -programetan sartzeko, eta eskoletan genero-arrazoiengatiko bereizkeria eta indarkeria ezabatzeko ere”.

Hezkidetzak emakumeen aurkako indarkeriaren eliminazioaren alde lan egiten du. Dikotomia hierarkizatuak gaindituz, estereotipo sexistetatik at, neskek zein mutilek bere indibidualitatea eta ahalmen guztiak garatu ditzaten nahi du. Elkarrekiko errespetuan oinarrituriko berdintasunezko harremanak, zaintza eta boterearen erabilera parekidea sustatzen duen jendartea eraikitzea du helburu.

Nagorek oso ondo laburbildu ditu hezkidetzak dauzkan erronkak genero-indarkeria desagertarazten  laguntzeko:

  1. Aniztasuna aldarrikatu eta onartu: maskulinitate berriak landu; gizon izateko, emakume izateko, pertsona izateko moduak eta ereduak ireki.
  2. Tratu txarrak identifikatu eta tratu onak landu.
  3. Ikasleen artean berdintasunezko harremanak sustatu: botere desorekarik gabeak. 
  4. Heziketa afektibo-sexuala landu ikasleekin eta familiekin, haien artean maitasun eta harreman osasuntsuak izan ditzaten.
  5. Ikastetxe seguruak egin: gatazkak modu baketsuan ebazten diren tokia.

Irudien eta bideoen iturriak










  










ERASO GEHIAGORIK EZ!!!


ERASO GEHIAGORIK EZ!!!


Hain adierazgarria den irudi honek errealitatea adieraziz batera, beldurra ematen du. Betidanik gehien beldurtu nauen indarkeria ez dena ikusten, entzuten,… izan da. Irudi hau beste formatu batean ikusi izan dut, baina gaur hau aurkitu dut eta behatzen hasi naizenean beldurgarria iruditu zait.

Badakit nik uste dudan baino indarkeria gehiago dagoela, baina oraingoan nik uste dudana baino bikoitza, hirukoitza, laukoitza,… dela konturatu naiz.

Hemen ikusten dugun bezala genero indarkerian hainbat gertaera ikusgarri daude (eraso fisikoak, mehatxuak, erahilketak,…), baina ikusezinean zenbat indarkeria dagoen begiratzen badugu, genero indarkeriaren egoera oraindik eta askoz larriagoa eta beldurgarriagoa da.

Gizartea honetan bizi garenok berekoiak garela iruditzen zait, gure  munduan bizi gara eta eraso fisiko, bortxaketa,… gertatu arte ez gara gelditzen, ez dugu egoera hausnartzen, ez dugu gure desadostasuna eta iritzia azaltzen.

Baina zer gertatzen da hainbat pertsona bizi duten ikusezina den hainbat egoeretan? Hauek egoera larrian edota hilda arte ez dira ikusgarri den egoerara pasatzen. Eta bitartean zelan bizi dira? Bakar-bakarrik infernu batean biziko direla iruditzen zait.

Ni eta nire inguruko inor ez da horrelako egoera batean egon eta inoiz ez egotea espero dut, baina benetako infernua izan behar dela iruditzen zait.

Tamalez eta zoritxarrez Genero-indarkeria gizartearen-eraikuntza da, ez da naturatik biologikoki gizakiak berarekin dakarren zerbait. Baina hemen nortzuk dira bultzatzen dutenak? Gizonak? Gizonak eta emakume batzuk edo askok? Jaiotzen garenean emakume eta gizon moduan bereiziak garen momentutik, gure etorkizuna determinatu eta bata bestearen menpeko bihurtzen gaitu.

 Hurrengo bideoa honek, askotan gertatu izan den errealitatea islatzen du. Nik ikusi nuenean negar egin nuen. Hain erreala, hain mingarria, hain… iruditu zitzaidan ezin izan nuela nire emozioak kontrolatu.


 Gauza asko normaltzat jotzen ditugu. Guztiz barneratuta ditugu eta hemen adibide argia


Bideo honetan entzuten diren esaldiak eta gertaerak errealak dira. Errealitatea oso ondo irudikatzen duela iruditzen zait. Egunero mezu desberdinen bidez genero indarkeria indartu egiten da.

Honen aurrean ezin dugu beste aldera begiratu, hezkuntzak, gizarteak, zerbait egin behar du. Are eta gehiago jakinda zerbait kulturala eta ikasia dela.




Gure eskolan azaroak 25 eta martxoak 8an hainbat ekintza betetzen ditugu. Horien artean, eskola apaindu eta jolas orduan denok batu eta argazkia ateratzen dugu. Horrez aparte, tutoretzan ere hainbat jarduera egiten ditugu. Aurten abesti desberdin batzuk letra entzun eta taldean hausnartzeko asmoa daukagu.

Baina hau dena ez da nahiko eta hainbeste material desberdinak erabiliz, hurrengo bi ikasturteetan erronka hauekin hasteko asmoa daukagu:

·                    Estereotipoak desikasi behar ditugu.

·                    Genero-indarkeria detektatzeko tresnak eman.

·                    Eredu positiboak eman.

·                    Maitasunaren kontzeptua erromantizismoren mitotik aldendu.

·                    Curriculuma eta erabiltzen ditugun materialak aztertu: estereotipoak baztertuz, hizkuntza egokia erabiliz, emakume zein gizonen adibide zein irudi orekatuak erabiliz...

·                    Familiarekin lan egin.

·                    Heziketa afektibo-sexuala.

Aurreko edizioetatik lagun honen Blog hau aukeratu dut, proposatzen dituen ekimenak hezkuntza eremuan aplikagarria iruditzen zaizkidalako.

https://hezkeh0506.blogspot.com/2015/11/genero-indarkeriaren-inguruan_8.html

Bukatzeko argi eta garbi gehiagotan eta denon artean ERASO GEHIAGORIK EZ!!! Esaten dugu



2020/11/05

GURE TRATU TXARREN ERAGILERIK HANDIENA

Gaur egun, emakumeok gure aurkako indarkeria mota guztiak jasotzen ditugu. Gutxiespenetik edo diskriminaziotik hasi eta eraso fisiko, sexual edo erailketaraino heltzen dira.

Komunikabideetan, indarkeria sinbolikoa ematen da: estereotipoak indartzen dituena, estigmatizatzeko gai dena, pentsamendu segregazionistaren erantzulea...

Publizitatea eragile handia da. Estereotipoak, mezuak, balioak eta zeinuak jasotzen ditu. Desberdintasunean, matxismoan, diskriminazioan eta gure gizarteetako emakumeen edozein mendekotasun-rolen naturalizazioan oinarritutako harremanak errepikatzearen transmisioa errazten du. Hori dela eta aste honetan horren behaketa egin dut. Publizitatean ematen den indarkeri sinbolikoan jarri dut arreta.

Publizitateak eduki ahal zuen eragina ezagutzen nuen baina ez nuen pentsatzen emakumeen aurkako indarkeria hain urrun heldu ahalko zela. Bi gauza aipatu nahi ditut. 

Alde batetik, emakumearen gorputzari ematen zaion trataera. Bai ezagutzen nuen baina ez nuen uste hain urrun heldu ahalko zela publizitatea. Indarkeriaren erotizazioari buruz ikusitakoak izutu egin nau.

Bestetik, esleitutako nolakotasun mesprezatzaileak mugarik ez izatea. Ez da nahikoa gure gorputzak ez direla hain onak esatea kamuflatzeko produktuak saltzeko. Batzuek erakusten duten emakume interesatua eta jakiminari bizkarra ematen dionaren profila gehiegizkoa izan da.

Orain uste dut publizitateak eragina handia duela gertatzen diren indarkerietan, horiek isladuz eta indartuz, oso arriskutsua da. Pentsatzen nuena baino gehiago.

Hemen uzten dizuet hurrengo bideoa."Representations of Gender in Advertising" Kanadako University of Saskatchewan unibertsitatean genero-ikasketei buruz egindako lana da. Bideoak emakumeek publizitatean eta genero-indarkerian duten harremanari buruzko gogoeta egiten du. Azkenik, alderantzikatzearen araua aplikatzen du: gizonak iragarki horietan bertan jartzen dituzte, eta, horrela, barregarriak iruditzen al zaizkigu? Zergatik? Hori publizitate sexista detektatzeko modu egokia izan daiteke.


 
 
 

Nire ustez genero-indarkeria ez da nahikoa lantzen, Kontzientziatu eta gogoeta sustatzeko beharra dago, ingurukoekin komentatu behar dugu hori lortzeko, publizitatearen helburuez jabetzen laguntzeko: gure gorputzarekin zorigaiztoko eta gogoz kontrako bihurtzea gehiago ez saltzeko, genero-estereotipoak erreproduzitzea emakumeen irudia ez kaltetzeko eta egungo gizarte patriarkal eta matxistaren garapena sustatzen ez jarraitzeko.

Emakumearen Institutuak salaketarako inprimakia dauka. Hurrengo posta elektronikoan salaketa jarri ahal da: observatorioimagen@inmujer.es

Aurreko urtetako hurrengo posta gomendatzen dizuet: GAUR EGUN ORAINDIK INDARKERIA

https://hezkeh0506.blogspot.com/2019/11/gaur-egun-oraindik-indarkeria.html

Gustatu zait Itziarrek egiten duen hausnarketa eta lantzeko proposamenak.