2020/12/14

KEN DEZAGUN ZAPIA BEGIETATIK

 

Asteroko irakurgaiak irakurriaz gero eta kontzientzia handiagoa dut nola tapatu dizkiguten begiak patriarkatuaren zapiarekin. Bada garaia begiak argira ohitzen hasi eta gure historia den bezala kontatzen hasteko.

Aurreko edizioetatik anabelenv-ren hau aukeratu dut

Gurea dena ondo ezagutzen dugunean mundua hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Ideia hori ardatza da nire hezkuntzaren ikuspegian. Norberak bere burua eraiki behar du inguru hurbila ezagututa eta hortik mundua ulertzeko gaitasuna lortuko du. Baina berea ez badu eraikitzen oinarri sendoa faltako zaio.

Hori horrela, nire erreferente nagusitarikoak etxean aurkitu ditudala esango nuke. Etxe bakoitzean badugu erreferente ugari eta hauek gure aurrekoen transmisioa ekarri digute gureganaino. Hemen nire amona eta birramona aipatu nahi nituzke:

Nire amonak Euskararekiko maitasuna oparitu zidalako. Baserritarra izanda, ikasketarik apenas izanda ere nortasun handia izan zuen eta guda ondorengo urte zailetan  Donostian nola Euskaraz hitz egiteko apustua egiten zuen kontatzen zigun.

Nire birramona ez nuen ezagutu baina nire amarentzako erreferente handia izan zen, harren aipua ekarri nahi dut hona:

 Ikasi ezazue , hori ezingo dizue inork kendu eta!!

Gure herriko pertsona erreferente bat Maria Camino Arregi izan zen.  "Mari Maestra" deitzen zioten.

Herrian haur eskola bat izan zuen eta Euskaraz irakatsi ezin zenean ere Euskaraz hezten zituen haurrak.

Han ikasi genuen haur guztiek bertso hau ondo ikasi genuen:

Bertso txiki bat bota nahi nuke,
nongoa naizen esanaz,
amak esan dit oriyotarra
naizela bihotz, jaiotzaz.
Hemen hazi naiz,
alai ta mardul
beti euskeraz eginaz,
horregatikan bizi guztian
mintzatu nahi det euskeraz.

Herriko aiton-amonek bilobei erakutsi izan diete eta gaur egun herriko eskoletan irakasten diegu Orioko Curriculum-aren lanketaren ondorioz.

Nire ustez hau guztia eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronkak honakoak dira:

  •     Historiaren irakurketa kritiko bat egin behar dugu gizarte bezala.
  •     Irakurketa kritiko horren ondorioz historia orekatuago bat kontatzeko gai izango gara (eurozentristaren begirada kritikoa ere egin beharko litzateke,….)
  •     Gizarteak historiaren irakurketa orekatu honi balidazioa eman behar dio. Horretarako hainbat tresna egongo dira…
  •     Hezkuntzan historiaren kontaketa orekatu hau eman behar da.
  •     Bitartean hezkuntzak ikasleen iritzi kritikoa landu eta indartu behar dugu aurkezten, esaten zaiena zalantzan jartzeko gaitasuna landu dezaten.

Bukatzeko herrian izan zen hitzaldi interesgarri bati buruz egindako artikulua ekarri nahi dizet gaiarekin erabateko lotura baitu: Kolektibo femeninotik feministara


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina