2022/10/08

Neskak eta mutilak, berdinak sare sozialetan?

Sare sozialak, neutroak izan beharko liratekeela pentsa dezakegu, baina hauek gizartearen ispilu diren heinean, tamalez ez da hau gertatzen. Genero aldea nabarmena da bai interesezkoak diren gaietan, baita, sare sozialek ekartzen dituzten ondorioetan ere.  

EU Kids Online behatokiaren txostenak plazaratu duenez, neskato nerabeen artean, altuagoa da honako eduki hauek ikusteko maiztasuna: auto-lesioak, suizidioa, fisikoarekin erlazionatutako gaiak (argal egotea, anorexia eta bulimia arazoak) edo gizarteko taldeen aurkako gorroto mezuak (etnia, ideologia, erlijioa, sexua edo beste arrazoi batzuengatik). Horregatik, neskak askoz gehiagotan sentitzen dira deseroso Interneten (% 40), mutilekin (% 29) alderatzean.

Gainera, gurasoen sare sozialekiko eta internetekiko jarrera ere desberdina da beraien haurra neska edo mutila izan. 


Eta zergatik jartzen dizkiete muga gehiago neskei? Nire ustetan, gurasoak jakin badakite, nerabeek pentsatu gabe kontsumitzen dituztela sare sozialetako edukiak eta konturatu gabe barneratzen dituztela zenbait joera eta iruzkin ez-parekide, hauek ohikotzat hartuz eta normalizatuz. 

Eraso hauetatik babesteko modu azkar eta errazena baliatuz (askotan baliabide hobeagorik ezagutzen ez dutelako), gurasoek neskei mugak jartzen dizkiete sareen erabileran. Nire ustez, ordea, partxe bat jartzea bestetik ez da, horrela ez baita atzetik dagoen arazoa konpontzen eta ziberaktibismo hezkidetzailea izango litzateke bide egokiena. Hau da, hezkidetzan heztea etorkizuneko neska-mutilak bai ikastetxeetan bai Interneten ere. 

Sare-sozialak, gurekin geratuko direnez, hauek deabrutu beharrean, gure onurarako erabiltzen ikasi beharra daukagu eta Yenik dioen bezala, gazteei errealitatea kritikoki aztertzeko tresnak eman.  Modu horretan genero desberdintasunik gabe libreki ibiliko dira bai sare sozialetan bai gizartean ere gaur egungo nerabeak baita etorkizunekoak ere. 

Agian, amets utopikoa planteatzen nabil…lortuko al dugu denbora epe laburrean?



2022/10/07

SARE SOZIALAK BETI EGON DIRA

Iruditzen zait unitate honetako lanean nahitaez lotuta egon behar ez duten bi gai jorratu ditugula:

- Teknologiaren esparruan dagoen genero-aldea

- Sare sozial digitalen azterketa eta horrek gizartean duen eragina (batez ere gazteengan)

Lehenengo gaiari dagokionez, teknopolitikaren kontzeptua azpimarratuko nuke, baita emakumeok, eten digitalaren ondorioz, etorkizuneko munduaren eraikuntzatik kanpo geratzen ari garela analisia ere (mundu horretan teknologiek, batez ere informaziokoek, funtsezko zeregina izango dute). Ez bakarrik emakumeak, baita beste subjektu minorizatu asko ere.

Sare sozial digitalen azterketari eta haien eraginari dagokionez, hainbat ideia nabarmenduko nituzke:

- Errealitatearen eta birtualtasunaren arteko lotura eta horrek harremanetan eta emozioetan duen eragina.

- Sare sozialen ahalmen eraldatzailea eta haien mugak

- Sare sozialetan gertatzen diren indarkeria matxistak aztertzeko beharra

- Belaunaldien arteko arrakala handia, hezitzaile asko eta gazteak eremu horretan bereizten gaituena.

Ziurrenik, sinplista baino ez naiz, baina:

- Emakumeak beti egon gara etorkizuneko munduaren eraikuntzatik kanpo

- Sare sozialak beti egon dira

- Belaunaldien arteko desberdintasunak ere beti egon dira

Gai horiei dagokienez, honako hau planteatzen dut: hezitzaile feminista gisa, zein da gure rola? Nire ustez, betikoa ere bai: gazteei errealitatea kritikoki aztertzeko tresnak eta eraldatu nahi duten errealitatea eraldatzeko tresnak ematea.

Eta hau nola? Ikastaro honen zehar ikusiko dugula espero dut. Nik, eszeptikoa  nahi izan gabe, oraingoz iraultza kaleetan dagoela uste dut.



Sare sozialetan arrantzatutakoa

Hasteko, gaia lantzeko abiapuntua bera zein izan ohi dugun ekarri nahiko nuke mahai gainera eta, horretarako, hona irakurgaietako bateko aipua: “Akaso komeniko litzateke saihestea teknoeszeptisimoaren eta teknooptimismoaren arteko polarizazioa”.

Bertzalde, kontzeptu aldetik kirrinka egin dit esaldi honek: “Sare sozialen eragina nabarmena da bizitza errealeko harremanetan?”. Izan ere, zergatik paratzen ditugu sare sozialak, edo oro har eremu digitalak, bizitza errealetik kanpo? Bizitza erreal aunitzen parte dira gaur egun sare sozialak eta eremu digitalak, nire bizitza errealaren parte bederen bai. Bertze kontu bat da sare sozialetan paratzen duguna zenbateraino den erreala, horri buruz luze eztabaidatu dezakegu (eremu digitaletik kanpo ere zenbait tokitan ematen dugun irudia ere erreala ote den ere eztabaida mamitsua da). Gogora ekarri dit aunitzetan “teknologia berriak” diogunean ere nola “berriak” horrek salatzen duen zein den gure abiapuntua: norentzat dira berriak? Eta noiz arte izanen dira berriak?

Arras interesgarriak iruditu zaizkit, eragiteko gakoak eskaintzen dizkigutelako, artikuluetako baten pasarte batzuk. Lehendabizikoa: “Ikertzaileen esanetan, sareko jarduerak ezin dira modu orokor eta behin betikoan positibotzat edo negatibotzat jo; izan ere, jarduera berdinak ondorio positiboak izan ditzake gazte batentzat eta negatiboak bestearentzat”. Bigarrena: “Gutxienez hamarretik batek eta gehienez bostetik batek inoiz edo ia inoiz ez du segurtasunari buruzko aholkurik jasotzen guraso, irakasle edo kideengandik”. Eta hirugarrena irudian jasotakoa:


Uste dut belaunaldi arrakala handia dela gai honetan eta, hortaz, zaila zaigula ulertzea gazteentzat sare sozialek duten garrantzia eta dimentsioa. Alde batetik, gure gaztaroko bizipenetan sare sozial digitalik ez zegoelako eta, beraz, urrun gaudelako gaur egungo gazteek sare sozielen inguruan dituzten kezka, behar, poz eta beldurretatik. Bertzalde, guk gaur egun zein sare sozial erabiltzen dugun eta nola erabiltzen ditugun ere urrun samar dagoelako gure inguruko gazteengandik. Afera da, nire ustez, ulertzen ez baditugu, gazteek sare sozialen inguruan dituzten bizipenak gutxietsi edo baliogabetzen baditugu, ezingo dugula elkarrizketarako gunerik sortu beraiekin.

Ildo horretatik, prezeski sare sozialetan, irakurri berri dudan hauxe: “Ikasleei irakatsi behar dieguna da pertinenteak diren testuak irakurtzen eta ulertzen, argudiatzen (garrantzitsua), zehatz eta koherente idazten, irakatsi behar diegu euren burua defendatzen, antolatzen, ezetz erraten”. Ez dakit guztiz ados nagoen, zuek? Nik maiz pentsatzen dut “informazioaren gizartean” geroz eta garrantzitsuagoa dela jasotzen duguna edo pentsatzen duguna zalantzan jartzen i(ra)kastea, iturriei erreparatzea, argudiatzen i(ra)kastea, elkarrizketak elkar ulertzera (nahiz eta ados ez egon) bideratzen i(ra)kastea, artikulatzen, antolatzen… Erranen didazue honi buruzko esperientzia edo hausnarketarik duzuen.

Azkenik, Wikipediako genero arrakalari buruz irakurtzerakoan burura etorri zaizkit euskarazko Wikipedian Wikiemakumeok proiektuan lanean ari diren Mentxu Ramilo eta Marisa Barrena. Guttitan lotzen dugu gai hau gazteak ez direnekin eta hor heldu da Marisa gure aurreiritziak haustera, plazera da bera aditzea eta ikustea bideo honetan.

2022/10/06

NIRE AURKEZPENA

Kaixo guztioi, Agurtza naiz, zuzendaritza taldean egotea egokitu zaion lehen hezkuntzako andereƱoa. Aurten gainera, Hezkidetza proiektuaren arduraduna naizenez formazio beharra sentitu eta izena eman dut ikastaro honetan.
Egia esan tutore bezala hezkidetzaren gaia jorratu izan dut eta hala-nolako ibilbidea badaukat, baina hortik proiektuaren arduraduna izatera pasatzeak bertigoa ematen dit. Lan birtualean hainbat ikastarotan aritu izan naiz baina hau desberdina izango dela somatzen dut, pertsonalki ikutuko nauela iruditzen zait. Denbora faltak kezkatu egiten nau. Ea ganoraz antolatzeko gai naizen!
Besteengan eskertzen dudana bakoitzak bere ikuspuntua ematea eta bere saiakera egitea da batez ere. 
Kolore alaiak eta argiak gustatzen bazaizkit ere arropa eta osagarri ilunak erabiltzen ditut sarritan.
Ez naiz gai zein animalia izatea gustatuko litzaidaken esateko, uretan flotatzen duena  eta hegan egiten duena izan beharko luke baina ez dut ezaugarri horiek betetzen dituen gustukoa aurkitzen. 
Musika eta abestea gustukoa dut eta oso zaila egiten zait abesti bat aukeratzea. Gaur bertan Benitoren "Bizkaia maite" entzun dut eta aspaldi entzun gabe nuela eta ze abesti ederra den pentsatu dut... 
Ikastaro honi buruz ditudan itxaropenak aurretik aipatu dudanarekin lotuta daude: hezkidetzaren inguruan formatu eta trebatu, taldekideengandik ikasi eta nire ekarpenak egiten saiatu. Aurkezpenean ikusitakoaren arabera ziur nago aberatsa izango dela eta itxaropenak beteko ditudala
.

2022/10/05

AURKEZPENA


Kaixo, kaixoooo, denoi! Teresa naiz.

Hauxe da emozioa!!! Azkenean be lortu dut  blog honetan muzturtxoa sartzea!!!

Hemen nagooo....da postutzeeen naiz…

Bizkaiko kostako herritxo batean bizi naiz. Ibilbide profesionalari dagokionez 1995an hasi nintzen eta gaur egun arte, beti Hezkuntza Sisteman murgildu izan naiz era desberdinetako lanpostuetan: Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle bezala, Pedagogia Terapeutiko irakasle, aholkulari psikopedagogikoa eta gaur egun, Hezkuntza Premia Bereziko aholkulariaren lanpostuan jarduten dut Hezkuntza Laguntza Zerbitzu batean

Betidanik, zailtasunak erakarri izan naute “pertsona desberdinak”, “ikasle desberdinak”. Hau da, “normalitatetik” at dauden pertsonak, halakoek irakatsi bai didate  “ikasle desberdinak” baino, ikasleak anitzak direla pertsonak eta errealitate bera  den bezalaxe: anitza.

Nire lana  pertsonekin garatzen den profesioa da era desberdinetako harremanak gertatzen direlarik: zuzenak, zeharkakoak baita era burokratikoagoak ere.

Emakume naizen kasuan eta hezkuntza sistema honetako partaidea naizen heinean, ukaezinezko konpromisoa dudala sentitzen dut nire eguneroko errealitatean gizonezko eta emakumeak, pertsona bezala eskubide eta aukera berdinak garatzeko defendatzea eta bide honetan beste ur tanta bat izatea itsaso zabal honetan nahi dut. Hezkidetzak,  azken urteetan erakarri nauen kontzeptua izan da  gizarte justuagoaren alde bidea ikusten dudalako.

Baina ez dut nahi filosofia gaietan gehiegi sakondu nahi aurkezpen honetan.

Ikastaroarekiko ditudan expektatibak,  batez ere, lan taldeko kideen bizipenekin eta formazio jarduerekin, hausnartzeko, elkar deskubritzeko eta aberasteko bidea izatea da.

Kolore bat aukeratu beharko banuke? Gerezi edo ginda kolorea esango nuke, kolore bizia eta beroak gustokoak ditudalako baina benetan kolore desberdinen arteko kontrasteak gustatzen zaizkit kolore solteak baino gehiago: marroia eta turkesa // marroia- arrosa argia //laranja eta horia…. Koloreek solte daudenean beste  kolore bat edo gehiagorekin, adierazgarriagoak ikusten ditut. Mezu sensitibo bat izango balukete bezala. 

Animali eta landare zalea naiz eta  Naturatik gertu egotea gero eta beharrezkoagoa dudala konturatuta nago: haize garbia arnastu, ur garbia edan, zeru zabalera begiratu eta haizea entzutean begiak itxi eta egonean egonnn. Ni neu, neure buruarekin egoteko beste ezer gehiagorik egin gabe. Horrek ematen didan bakea, paregabea da eta halakoetan Naturarekin bat natorrela sentitzen dut. 

Bereziki, animaliengandik gero eta hurbilago sentitzen naiz  poztasuna sentiarazten didatelako: txakurrak, txoriak, behiak, ardiak, astoak, zaldiak…


Animali batekin identifikatu beharko banintzake otsoa izango litzateke aukeratuko nukeen animalia arrazoi askorengatik. Nabarmenenak: bakarrik dagoenean bizitzari aurre  egiteko duen amorruagatik eta taldean dagoenean haren alde egiteko duen borondateagatik.






AUUUUUUUUU!






















2022/10/04

Aurkezpena

Garazi Jimenez naiz, Gaztelania eta literaturako irakaslea zentru txiki batean, baina handia historioetan. 

Hemen egotearen arrazoia alde batetik gaiarekiko interesa da, ikastaro honetan bere burua jada aurkeztu duen esperientziaz beteriko partaideak hezkidetzaren bidez ikasleengana heltzeko bidea erakutsi eta gero. Bestalde, gure zentruak dituen historio eta behar guztiei erantzuna eman ahal izateko beharrezkoa dugu hezkidetzan eskarmentua.


Hezkidetzarekin izan dudan harremana, esan bezala, Amaiari esker hasi zen, berak bakarrik egindako bide hori belaunaldi berriei erakutsi izan zigulako eta kurrikulumeko materia baino lehenago ikas-komunitate guztiaren arteko errespetua dagoela erakutsi ere. Ikasle bakoitzak zentrura heltzean dakarren motxilan ez daude liburuak soilik, mila bizipen daude, eta horiekin lan egiten hasten garenean haiek euren mundua zabaldu egiten digutela erakutsi zidan Amaiak. 


Ez dut gezurrik esango, ikastaro birtualak baino presentzialak nahiago, baina egun dugun lan kargarekin ikastaroak modu telematikoan egiteak lana arintzen duela onartu beharra daukat, nahiz eta sakontasun maila guztiz ezberdina izan azkenean. 


Kolore bat aukeratzea oso zaila egiten zait, kolore guztiak dira baliogarriak egoera baterako edo besterako guztiek sensazio ezberdinak ekartzen dituztelako haiekin: berdearen lasaitasuna, arroxaren bizia, horiaren beroa, beltzaren hausnarketa... Animaliaren kasuan ordea, familia guztiarekin migrazioak egiten dituen bat, leku berriak ezagutzeko baina maitatzen ditugunak atzean utzi gabe. 


Musikaren kasuan, belaunaldi berriekin dugun distantzia punturik handienetarikoa dela uste dut. Lehen komunikazio bide artistikoa bazen, gaur egun erritmo eta letra hutsalez betetzen diren eta TikToken agertzen diren 10 segunduko melodiak dira gehienak, beraz bide honetatik ikaslegoarengana heltzea geroz eta zailagoa iruditzen zait. Zorionez, betirako geldituko zaizkigu Creedence Clearwater Revival bezalako taldeek egindako kanta inmortalak adibidez.


Azkenik, ikastaroarekiko dudan itxaropena besteengandik ikastea dela esango nuke, nire motxilan bizipen berriak eramateko. 


Nire aurkezpena

 Kaixo guztioi. Nire izena Manuele da eta Bigarren hezkuntzako irakaslea naiz. Filosofia ikasi nuen eta orain irakasle bezala lan egiten dut Astrabuduako Institutoan. Bertan Balio Etikoetako irakasgaia irakasten dut eta aurten Hezkidetza proiektuan murgildu gara ni horren partaide izanik. Hori dela eta institutotik ikastaro hau egitera gonbidatu ninduten. Uste dut bai niretzako eta baita gure institutoarentzako aberasgarria izango dela ikastaro hau burutzea: Beti sentitu dut nire burua trasmisore moduan. Gauzak ikastea eta gero horiek irakastea. Hausnarketa kolektiboen alde nago.

Hezkidetzarekin daukadan harremana egia esan ez dakit nola definituko nukeen. Uste dut gaztetatik izan dudala feminismoarekin eta parekidetasunarekin harremana. Umetan eta gaztetan aisialdi talde bateko partaide izan nintzen eta bertan izan dudan hezkuntza oso konprometitua izan da gai hauekin. Izan ditudan monitoreak (emakumeak) erreferente modura izan ditut, ez bakarrik niri erakutsi didatenagatik baizik eta nire azuoan eta inguruan modu aktiboan militatu izan dutelako. Genero ikuspegia eta feminismoa oso presente izan ditut beti eta honetan ikasteko prestutasuna daukat. 

Kolore ilunak ditut gustoko eta animalia lasaiak. Abestiak berriz, denetarik entzuten dut; azken boladan Hertzainak ari naiz asko entzuten berriro ere. 

Ikastaroari dagokionez online izateak alde onak zein txarrak izan ditzake. Nahiko desastrea naiz epeekin eta horrek batzuetan larritu egiten nau zeren eta presentzialtasun faltak hori gauzak deskuidatzera eramaten nau. Aurrez aurreko harremanak nahiago ditut. Baina uste dut aukera paregabea dela bai niretzako eta bai intsitutoarentzako nik ikastaro hau egitea, aurkezten dizkigun baliabideengatik. Uste dut etengabeko prosezua eta borroka dela hezkidetza eta horretan berrikastea, baliabideak eskuratzea, ikuspuntu eta esperientzia desberdinak entzutea eta horietatik ikastean datza guzti honek duen zentzua nire ustez. 

Besterik gabe, animo guztioi!


Manuele

2022/10/03

Kaixo!

 Kaixo guztiei, Ana dut izena, biologiako ikasketak egin nituen eta beste lan batzuetan ibili ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan aritu naiz.

Azken urtetan berriz, berritzegune batean ari naiz lanean eta ikastaro honen berri bertan izan nuen. "Berdintasuna amets" konstante bat  izan dela  nire bizitzan esango nuke; txikitan famili inguruan amona "potenteak" izan nituen inguruan, neba-lehengusu artean neska bakarra nintzen eta aurrera egin behar zen , baina baita ere ikastolan patioa ez zedin soilik mutilentzat izan adibidez, gaztetan kirolean jarduteko aukera berdintasuna lortzeko burruketan, aisialdi zein festa  kontutan, irakasle moduan, bikote nahiz koadrila harremanetan,alaben ama moduan,... Beraz, ikastaro hau primerako aukera iruditu zitzaidan!

Gogotsu sentitzen naiz, saio presentzialean bibrazio onak izan nituen eta talde polita osatuko dugulakoan nago.

Ezagutzen nautenak  besteei laguntzeko beti prest nagoela diote, auzo-herriko kontuetan nire denbora eskaintzeko prest eta humoretsua-positiba  naizela.

Ongi ezagutzen nautenak kontu pare batean hobetu behar dudala diote, ezezkoak esaten ikasi behar dudala eta nire buruarengan gehixeago pentsatzen.

Jendearekin gustora sentitzen naiz eta gauza berriak entzun/ ikastea oso gustoko dut. Ea nolako proposamenak bururatzen zaizkigun!

Naturazalea eta kirolzalea naiz, musika, zinema, antzerkia ere gustoko ditut. Lurra planetak askotxo kezkatzen nau eta pertsonok bertan dugun eragin kaltegarria gutxitzea premiazkoa iruditzen zait. Gai honekin estuki lotuta dago ere mundu mailan batik bat emakumeek pairatzen duten egoera kaxkarra.

Nire kezka nagusietako bat da ikastaroari ez garaiz erantzutea eta foroen talde-indarra galtzea. Egunerokotasunean urgentziei heltzen diet eta ez dut denbora ondoegi kudeatzen eta.

Beste aurkezpen batzuetan gustuko KOLORE, animalia eta abestiak irakurri ditut.

Besteak beste txantxangorria dut maite!

Horra abestia: TXANTXANGORRIA TXANTXANTE!

                        BIRRIGARROA ALKATE,

                        ZOZUA DELA MEDIANTE,

                         TXEPETXA KARTZELAN SARTU DUTE!

Lau urtaroei buruzko herri abesti antzinakoa da.Ahoz-aho zabaldu dena. Uste dut Josean Ormazabal idazleak haur ipunen batean idatzi zuela ere.

Hurrengo arte!

 





2022/10/02

AURKEZPENA

Egun on guztioi! 

Elia Revuelta naiz, biologia-geologia irakaslea. B06-berritzegunean egiten dut lan zientzia-teknologia aholkulari gisa. Zientziazale amorrua eta betiko ikaslea.

Ikastaro honen zergatiak hainbat dira, alde batetik nire egunerokoan zientziaren eta generoaren arteko ekitatea sustatzeko, zenbait alderditan zienzia eta generoren harremana badirudi ez dator bat eta, bestetik, nire burua ere kokatu behar dudalako eta gai honen sakontzea ezinbestekoa da ikasleei adierazteko zer dagoen hezkidetza hitzaren atzean, zergatia eta zer inplikatzen duen.

Azken urteotan ikastaro ugari egin ditut modu birtualean, hala ere, atzean pertsonak daudela nabaritzea gustatzen zait; jakin badakigu on line ikastaroak ez dira inola ere modu presentzialeko ikastaroen moduan, hala ere, beste pertsona batzuen arteko elkarrekintzak ezinbestekoak dira, horregatik tutorizatuak lehenesten ditut. 

Nahiko zorrotza naiz neure buruarekin eta besteekin, baina ez dakit ezaugarri ona den, eta, bestalde, ez dakit nola gertatuko den ikasturtea,lana eta ikastaroa.

Kolore izango banintz duda barik gorria izango nintzateke, betidanik izan da nire kolorerik gustokoena: indartsua, karaktereduna, izaeraduna…baina egia esan, ni ez naiz horrelakoa.

Animaliekin, zailagoa da, animaliak garelako eta batzuetan hitzaren zentzu hertsian, planetaren izurriterik haundiena.

Musikarekiko harremana oso estua izan dut, eta estilo desberdinetakoak entzuten dut nire egoera fisikoaren eta mentalaren arabera, abestea ere gustatzen zait.