2022/10/07

Sare sozialetan arrantzatutakoa

Hasteko, gaia lantzeko abiapuntua bera zein izan ohi dugun ekarri nahiko nuke mahai gainera eta, horretarako, hona irakurgaietako bateko aipua: “Akaso komeniko litzateke saihestea teknoeszeptisimoaren eta teknooptimismoaren arteko polarizazioa”.

Bertzalde, kontzeptu aldetik kirrinka egin dit esaldi honek: “Sare sozialen eragina nabarmena da bizitza errealeko harremanetan?”. Izan ere, zergatik paratzen ditugu sare sozialak, edo oro har eremu digitalak, bizitza errealetik kanpo? Bizitza erreal aunitzen parte dira gaur egun sare sozialak eta eremu digitalak, nire bizitza errealaren parte bederen bai. Bertze kontu bat da sare sozialetan paratzen duguna zenbateraino den erreala, horri buruz luze eztabaidatu dezakegu (eremu digitaletik kanpo ere zenbait tokitan ematen dugun irudia ere erreala ote den ere eztabaida mamitsua da). Gogora ekarri dit aunitzetan “teknologia berriak” diogunean ere nola “berriak” horrek salatzen duen zein den gure abiapuntua: norentzat dira berriak? Eta noiz arte izanen dira berriak?

Arras interesgarriak iruditu zaizkit, eragiteko gakoak eskaintzen dizkigutelako, artikuluetako baten pasarte batzuk. Lehendabizikoa: “Ikertzaileen esanetan, sareko jarduerak ezin dira modu orokor eta behin betikoan positibotzat edo negatibotzat jo; izan ere, jarduera berdinak ondorio positiboak izan ditzake gazte batentzat eta negatiboak bestearentzat”. Bigarrena: “Gutxienez hamarretik batek eta gehienez bostetik batek inoiz edo ia inoiz ez du segurtasunari buruzko aholkurik jasotzen guraso, irakasle edo kideengandik”. Eta hirugarrena irudian jasotakoa:


Uste dut belaunaldi arrakala handia dela gai honetan eta, hortaz, zaila zaigula ulertzea gazteentzat sare sozialek duten garrantzia eta dimentsioa. Alde batetik, gure gaztaroko bizipenetan sare sozial digitalik ez zegoelako eta, beraz, urrun gaudelako gaur egungo gazteek sare sozielen inguruan dituzten kezka, behar, poz eta beldurretatik. Bertzalde, guk gaur egun zein sare sozial erabiltzen dugun eta nola erabiltzen ditugun ere urrun samar dagoelako gure inguruko gazteengandik. Afera da, nire ustez, ulertzen ez baditugu, gazteek sare sozialen inguruan dituzten bizipenak gutxietsi edo baliogabetzen baditugu, ezingo dugula elkarrizketarako gunerik sortu beraiekin.

Ildo horretatik, prezeski sare sozialetan, irakurri berri dudan hauxe: “Ikasleei irakatsi behar dieguna da pertinenteak diren testuak irakurtzen eta ulertzen, argudiatzen (garrantzitsua), zehatz eta koherente idazten, irakatsi behar diegu euren burua defendatzen, antolatzen, ezetz erraten”. Ez dakit guztiz ados nagoen, zuek? Nik maiz pentsatzen dut “informazioaren gizartean” geroz eta garrantzitsuagoa dela jasotzen duguna edo pentsatzen duguna zalantzan jartzen i(ra)kastea, iturriei erreparatzea, argudiatzen i(ra)kastea, elkarrizketak elkar ulertzera (nahiz eta ados ez egon) bideratzen i(ra)kastea, artikulatzen, antolatzen… Erranen didazue honi buruzko esperientzia edo hausnarketarik duzuen.

Azkenik, Wikipediako genero arrakalari buruz irakurtzerakoan burura etorri zaizkit euskarazko Wikipedian Wikiemakumeok proiektuan lanean ari diren Mentxu Ramilo eta Marisa Barrena. Guttitan lotzen dugu gai hau gazteak ez direnekin eta hor heldu da Marisa gure aurreiritziak haustera, plazera da bera aditzea eta ikustea bideo honetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina