2017/04/29

ERALDATZE PERTSONALETIK, ERALDAKETA SOZIALERA...




                Ezin uka dezaket, hainbat uneetan gogorra egin zaitela ikastaroaren eduki eta erritmoa jarraitzea. Hala ere, azken hilabete hauetan barneratutako eta sareei esker konpartitutako  gaiek eragin zuzena izan dute nire pertsonarengan. Egunerokotasunean ditudan egoerak, harremanak, solasaldiak…. sentitzeko eta bizitzeko beste modu bat aurkitu dut.

                Bada, genero berdintasunari eta ondorioz indarkeriaren prebentziori aurre egiteko modurik eta bada modu hau kutsatzeko gaitasunik, hori da datozen garaietarako daukadan erronka eta hortan zentratu nahi ditut nere ahalmen eta indarrak. Ikasten jarraituz eta  hezkidetzaren bitartez belaunaldi berriengan eragina izanez.

                Ikastaroa hasi genuenean, askotan aipatu zen zein garrantzitsua den kutsatze lana eta hortan zentratu beharrean gaude. Genero ikuspegia izateak, betaurreko moreekin bizitzeak, izaera ideologikoa du bere baitan. Bizitzeko eta gizarte honetan egoteko modu bat da eta izenburuan jartzen dudan moduan eraldaketa sozialerako ardatza.

                Hezkidetzak bide luzea dauka aurretik, ez gaitezen despistatu, gurea bait da belaunaldi berriei  etorkizuneko gizartearen pilareak eraikitzen laguntzeko ardura.


Ondo izan eta zaindu!!!





2017/04/28

Segi dezagun hezkidetzaren akelarrean dantzan!

Ibilbide luze baten ostean, ikastaroa bukatzen ari da, baina bidea ez da hemen amaitzen.
Ikastaroaren esperientziari dagokionez, lehenik maila pertsonalean eta ondoren profesionalean hitz egingo dut.
Maila pertsonalean, hezkidetzaz hitz egiten hasten garenean, barneak mugitzen dizkizun gai bat dela uste dut, lehenago ikusezinak ziren gauzak ikusten hasten zara eta bapatean beste errealitate bat ikusiz, zure errealitatea aldatzen doa. Beraz, duela urte batzuk hasi nintzen prozesu honetan, betaurreko moreak janzten, baina ikastaro honetan oraindik ikusten ez nituen gauza gehiago begiratzen eta aztertzen ikasi dut. Horregatik, esan dezaket pertsonalki asko eman didan ikastaro bat dela, nire buruaren ezagutza eta ahalduntzea bultzatuz.
Bestetik,  maila profesionalerako, ikastaro hau egin izana asko gustatzen zait, beste eredu baten alde egitea delako, beste hezkuntza filosofia bat non pertsonen bizitza erdigunean jartzen den, jendea gizartearen mugetatik at hezi dadin. Gainera, baliabide mordoa biltzeko balio izan dit azpi gai guztietan, bai ikastaroaren aldetik eta baita ikaskideen aldetik.
Prozesu hau, bide baten etapa bat dela esango nuke, baina oraindik etapa gehiago ditut egiteko. Beraz, nire sentimendua ikastaroarekiko, indar eta energia iturri gisa jaso izana da aurrera egiteko. Prozesu koloretsu bat izan da, non momentu argiagoak eta ilunagoak egon diren, baina kolore guztiek eman didate zer ikasi.
Pertsonetatik asko ikasten duen pertsona bat naizela diot beti, eta ikastaro honetan, zuetako bakoitzak hori horrela dela erakutsi duzue. Oso polita iruditu zait gai bakoitzaren aurrean bakoitzaren ikuspuntua, motxila, esperientzia, hausnarketa… partekatzea, are gehiago ikasiz eta aberastuz.
Nik ikasitakoari dagokionez, edukietaz gain, hainbat izan direla, gure egunerokoan ikuspegi kritiko hori ezartzea izan da, ikusten ditudan jarrerak kuestionatzea eta esan dezaket ikastaro honen amaieran hezkidetzataz askoz gehiago hitz egiten dudala jendearekin hasieran baino.
Beraz, uste dut guztion arteko elkarrekintza oso aberasgarria izan dela eta gainera ikastaroari beste zentzu  bat emanez.
Gu jarraitzen ibili zareten guztioi, batetik eskerrak eman eta bestetik hezkidetzaren inguruan, hausnartzera, elkarbanatzera, debate guneak sortzera... animatzen ditut, norbere burua ezagutzeko prozesu ederra iruditzen baitzait.
Hezkidetzaren inguruko itxaropen, nahi eta asmoei dagokienez, kontziente naiz hezkidetza prozesu bat dela, pixkanaka joango garela helburu ezberdinak lortzen, baina pauso hauetan edozein generoko jendea egotea nahiko nuke, denok baitugu hezkidetzatik zer ikasi, eta jende askok buruan duen aurreiritzi “feminazia” desagertzea, eta denon artean beste gizarte eredu bat sortzea litzake. Horregatik, uste dut erronka nagusiena hor dugula, feminismoak, genero teorioak… sortzen duten aurreiritzi hori gainditu eta denon artean elkarlanean hastea.
Amaitzeko, hona hemen nire kanta:

Milesker denoi gidari, ikaskide zein jarraitzaileei, plazerra izan da prozesu honen parte izatea!

Segi dezagun hezkidetzaren akelarrean dantzan!!


AZKAR ARTE!

Azken irakurgaian oso ondo azaldu duzue, ezta? 22 asteetan gauza asko gertatzen da, baina  "hasiera baino ez dira halako biziprozesuaren hausnarketa abian jartzen denean". 

Ikastaro honek asko eskaini didala zalantzarik ez dut. Berdintasun gaietan murgilduta nengoen aspaldi, teknikari bezala, baina hezkidetzaren gaineko ikuspegi sakonagoa botatzen nuen faltan eta zentzu honetan erabat asetu nau. Maila honetan ziklo bat itxi banu bezala sentitu izan dut. Berdintasunean, arlo pribatua, arlo publikoa eta hezkuntza. 

Dena den, badut arantza txiki bat, ez baitut behar bezala disfrutatu, batik bat denbora arazogatik. Maila pertsonalean garai gogor xamarra izan da, gauza asko gertatu direlako (batzuk onak, besteak ez hainbeste); proiektu profesional berri bat abian jartzea, beste bi seme-alabei gehitu zaien jaioberria, gertuko ahaide baten gaixotasun eta heriotza, etxean sute garrantzitsua, eta eguneroko bizitza!!! Horrek ez dit utzi ikastaroa behar bezala disfrutatzen, ezta hausnartzen, ezta nire ikaskideek emandako guztiaz (asko izan baita) disfrutatzen, ezta batzuetan lanak ondo borobiltzen. Ezta ere sare sozialek eskaintzen duten guztiari zukua ateratzen. Baina horrek ez dauka bueltarik eta zorionez, denbora aterako dut ikusi eta ikasitako guztia aztertzeko eta berrikusteko. Hala ere,  ikastaroaren arduradunak beti egon zarete hor, baliabideak eskaintzen, eta hori ere eskertzekoa izan da. 

Berdintasun masterra bertara joanda egin nuen horietakoa naiz, hau da, aurrez-aurre. Eta baditu horrek abantaila batzu, orain, sare sozialak egon arren, faltan bota ditudanak. Ikaskide eta irakasleak ikusi, ikaskideak entzun, haien egunerokoaz mintzatu, aurpegia jarri... 

Abesti hau uzten dizuet, Ken Zazpiren Bihotz. Izan nintzen umea hortxe dagoelako eta Hezkidetza eta aste hauetan bizi izandakoak aitzaki bikaina izan direlako harekin berriro konektatzeko. Eta orain, zuek ere, bertan zaudetelako. Milesker kuadrila!



AGURRAREN ESANAHI ANITZAK


Azken posta baina bidea ez da eteten....

Edukiz, lanaz, erronkaz, esku hartzez... betetako 22 aste laburtzea zaila egiten zaidanez bideo xume bat egitea izan da nire aukera! Hortxe duzue!





    Zein dira hezkidetzaren inguruan etorkizun hurbilerako dituzun itxaropenak, nahiak eta asmoak?

    Galdera hau erantzuteko, ezinbestekoa dut eskoletan hezkidetza agenteen lanbidea aldarrikatzea! Eta etorkizunean bertan esku hartzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. 

   Etorkizun moreago bat eraikitzen elkar ikustearen esperantzaz agurtzen naiz,  besarkada more bat!

      Eskerrik asko eta laster arte!

2017/04/27

BUKATU DA BUKATU DA, BUKATU DA AKABO...

Oraindik gogoan dut, Donostin elkartu ginen lehenengo eguna. Urduri nengoen, baina zuen hitzek eta berotasunak lasaitasuna helarazi zidaten.

Prozesuan zehar era guztietako sentimenduak eta emozioak izan ditut, poza, urduritasuna, tentsioa, laguntasuna, erruduntasuna...

Egia esan prozesu honetan nire aurkaria, denbora izan da. Hasieran nire jomugan borondatezko lanak ere bazeuden,baina ezinezkoa egin zait. Gainera, hirugarren blokea burutzeko denborarik ere ez det izan eta honek momentu batzutan emakumeongan hain komuna den sentimendu bat sortu dit, errudun sentitzea. Hala ere, sentimendu hau gainetik kendua IV. blokea burutzea lortu dut eta udaran baliagarria izango da aurten ikastaro honek mugiarazi dizkidan hainbat eraikuntza, sentimendu, eskema... berrantolatzeko eta finkatzeko.

Eskerrik asko guztioi!

2017/04/24

Zuen kantuak! (2. edizioko ikastarokideen musika-bilduma.)

Hasierako eta bukaerako sentsazioak 
kantuen bidez adierazteko aukeratutakoak.
2. edizioko ikastarokideen musika-bilduma.
Zorionak!
Lan ederra!

2017/04/23

Plazer bat izan da...


                   Aurreko ikasturtearen bukaeran, zuzendariak, irakasle guztiori,HEZKIDETZAri buruzko ikastaro baten berri emanez,email bat bidali zigun.  Berehala,zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen,nire gogo eta nahia adierazteko asmoarekin. Ez nintzen bakarra izan eta asko poztu nintzen.

         Oraindik gogoan dut,irailean elkartu ginen eguna, aurkezpena, azkaritxoa, ordenagailu gela,…ur haundiegitan ez  ote nintzen murgildu ere pentsatu nuen. Baina  benetan merezi izango zuela eta aurrera egiteko autokonbentzitu nintzen.

         Orduan, aurkezpena idatzi genuen, hilabete batzuk igaro ondoren, agurra idazteko unea iritsi zaigu.

         Hilabete hauetan,hainbat eta hainbat gai interesgarri landu ditugu. Lanketa horretan,nik nituen hainbat ideia eta sinismen kolokan jarri ditut,eta barneratuta  nituen haibat jarreren kontzientzia hartu  ere bai.

Ikastaro honetan asko ikasi dut, eta hausnarketa asko egin ere. Gainera nire etxekoekin eta nire lankideekin egin izan ditut, eta denok kontzienteagoak garela iruditzen zait.

Nire etxekoekin egin ditudan hausnarketak,oso interesgarriak izan dira. Nire semeak eta alabak (nerabea),poliki-poliki betaurreko moreak jartzen hasi direla konturatu naiz.  Orain, telebistako serietan,iragarkietan,nobeletan… emakumearen presentzia,papera, era kritikoago batean ikusten dute. Gainera, beraien iritzia nirekin partekatzen dute.  Nire bikoteak, nire alabak eta semeak, nire lanetako, sare sozialetan materiala aurkitzen ikustea, oso emozionantea izan da. Berriro ere garbi utzi didate, hirurak ni baino trebeagoak direla mundu horretan.


Lankideekin ere,oso une politak bizi izan ditut. Oraindik gogoan dut,”Aizue, zergaitik egin dugu Olentzero, heterosexuala?” galdera hori egin nien eguna. Aho zabalik utzi nituen. Orduz geroztik,tarteka beraiek niri,aste horretan lantzen ari nintzen gaiari buruz galdetzen zidaten.

Hezkidetza beti izan dut buruan, eta ikastaro honek, gai honi buruz nuen ezjakintasunaz konturatzea,lortu du. Gaia sakona zela eta ni gaiaren azalean nenbilela ohartu naiz. Horregatik ikastaroa  oso oso aberasgarria eta gomendagarria dela iruditzen zait.
Emakumeen presentzia, genero aniztasuna, indarkeria … Personalki menpekotasun egoera horren  kontzientziazio maila handiagoa dut, eta  aldaketarako griƱa piztu dit.

         Ikastarokide guztiok egin dugu lan. Aurkezpen egunean esan zen bezala,bakoitza bere maila eta egoeratik. Beraz, zorionak eta eskerrak eman guztiori,egin den lana txalotzekoa dela iruditzen zaidalako.

         Hezkidetzan lan egiten jarraituko dut. Guk ikastolan, estrainekoz, hezkidetza lan talde bat osatu dugu.( Dagokion watsap taldea ere). Watsap talde hori oso dinamiko eta bizia da. Albisteak,bideoak,abestiak,…interesgarriak partekatzen ditugu. Gainera, nik bizitakoaren prozesua biltzen duen abesti bezala,talde  horretara bidalitako kanta bat, aukeratu dut.



 Emakumearen indarkeriaren kontrako eguna zela eta,gure ikastolan lehenengo aldiz hainbat ekimen egin ziren. Eta zeharo hunkitu nintzen,gure ikastola horrela apainduta ikusi nuenean eta izandako parte hartze handiagatik.

Talde honek duen proiektotako bat,eta ez oso epe luzera,gure jolas lekuaren 
diseinua,ikuspegi hezkidetzailetik,izango da. Beraz, lanean jarraituko dugu.