2022/02/19

Ez dut etiketarik nahi!

 


Iturria: Ainhoa Zumeta Mendizabalen talde blogean egindako sarrera 6. edizioan.

Etengabeko ibilbidean blog sarrera aukeratu dut, lehenik eta behin kartela oso egokia iruditu zaidalako, (soka eusten duten harriek gizakiak irudikatu ditut).

Lau esaldietan eta modu oso sinplean azaltzen du nire ikuspegitik gai honen inguruko gakoak.

Txorien eta Hariak bideoak ederrak direlako benetan.

Eremu hezitzailean proposatzen duen esku hartzea oso egokia iruditzen zait, aipatzen dituen hiru erronkekin bat nator eta esperantza duelako.

Sentsibilizaziorako ondoko aipuak eta artikuluak irakurtzea eta solasaldi dialogikoa egitea proposatzen dut.

Zer dela eta egileak dio bideo motza gelditzen dela, ideiak jaso.

Bukatzeko, niretzako nahi ez dudana besteentzako ez dut nahi, 
hona hemen nire gurutzegrama:




etiketarik gabekoa, hori delako nire erronka handiena etiketarik gabeko eskola eraikitzea, etiketarik gabeko gizartean bizitzeko.  

Identitatea bizi

 

Aste honetan Carmenen post-a aukeratu dut: Mundua eraikitzen dugun pertsona-eredu berriak. Oso interesgarria iruditzen zait, aniztasun sexualaren kontzeptuan sakontzen baitu, hiru kontzeptu ezinbestekotatik abiatuta: aniztasuna, sormena eta legezkotasuna.


Bere Blog-sarrerako esaldi bat azpimarratu nahi nuke: Aniztasun sexualak lotura du pertsonen duintasunarekin eta intimitaterako, autonomiarako eta urrakortasun-printzipiorako eskubidearekin.

Eskubideen gaiarekin jarraituz sensibilizaziorako eta hausnarketarako bideo bat uzten dizuet, Me gusta cuando eres tú, geure ikasgeletan aurkitzen ditugun errealitate anitzak kontuan hartzeko. Film laburrak desgaitasuna duten pertsonek aniztasun sexualaz hitz egiten denean jasaten duten diskriminazioa aldarrikatzen du, eta anitza bihurtzen da, LGTBIfobiari aurre egiteaz gain, kapazitismoari, gehiegizko babesari edo paternalismoari ere aurre egiten baitiote, besteak beste. Benetan interesgarria.


Honetaz aparte, material hauek gomendatu nahi dizkizuet, haien artean gidak eta unitate didaktikoak:


- "Ortzadar gara". Unitate didaktikoa

- "Musuak" Unitate didaktikoa

- "Esterotipoak apurtuz: Hezkidetza, generoa eta transgeneroa" Unitate didaktikoa

- "Feminitate eta maskulinitate alternatibo, askotariko eta berdinzaleak eraikitzen" Gida

- "Genero eta aniztasun sexualerako Gida". Gida


Bukatzeko, hitz egin dezagun erronkei buruz, nire ikuspuntutik, jendarte honetan dugun erronka nagusia homofobia gainditzea da. Genero-estereotipoek lotura zuzena dute, agintzen digutelako nolakoak izan behar dugun, nola adierazi behar dugun zer garen, nor maitatu behar dugun. Horrek guztiak sailkapen bitar batera garamatza, eta bertan definitu eta etiketatu behar dugu geure burua. Espazio seguruak eraiki behar ditugu, pertsona bakoitza askatasunez gara dadin. Eskola-jazarpeneko kasu asko alderdi horrekin lotuta daude, desberdintasunarekiko errespetu faltarekin. Zeintzuk dira borrokarako armarik onenak?. Alde batetik, prestakuntza txikitatik, eta bestetik, jendartean aniztasunaren bisualizazioa.

2022/02/17

Erronkei heltzeko: formakuntza

 



Aurreko asteko gaiarekin oso lotuta dagoen gaia da asteon esku artean daukaguna. Zalantzarik gabe, erronka ugari ditugu ikastetxean gai honekin lotuta. Gaiak lanketa integralagoa beharko luke, eta ez litzateke ikastaro xume batera mugatu beharko. Hauek guztiak oinarrizko kontzeptuak dira, denok jakin beharrekoak: "izaten ikasteko" eta "elkarbizitzarako" oinarrizko zehar konpetentziei bete-betean erantzuten dietenak.

Bide horretan, uste dut NAIZEN elkartearen web-gunean oso material interesgarriak topatu ditzakegula, ikastetxeetan oinarrizko lanketa egiteko. Hemen hainbat baliabide topatu dezakezue: https://naizen.eus/eu/baliabideak/

Hezkuntzan arlo honetan ditugun erronkei heltzeko ezinbestekoa izango da oinarrizko formakuntza: ikusgarri egin identitate anitzak eta aniztasun sexualak, errealitate horien berri eman, eta dauden teoriak ezagutarazi, soilik horrela lortuko dugu aurrera pausuak ematea. 

Oso polita iruditu zait hausnarketak partekatzen dituen bideo hau, NAIZEN web-orrrialdean ikusgai: 


ANIZTASUNA NAGUSI

 



Iazko post baten aukeraketa:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/herri-txikietako-trantsizioak.html

HERRI TXIKIETAKO TRANTSIZIOAK

Post hau aukeratu dot testuinguru kritiko bat lantzen duelako: herri txikiak. Ez gaitezen engainatu: ez dauka zerikusirik hiri handi batetan onartzen den aniztasun maila eta herri txiki batetan onartu ahal dena. Herri txikietako jendea, bere aniztasuna modu askean adierazteko aukera bakarra urrutiko hiri handietara aldendu beharra izan da izan da urte askotan zehar. Gaur egun, ematen du hau apur bat aldatzen doala, baina ez seguru behar haina abiaduran.

 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen irudi/bideo/gidaren bat gomendatu:

 

STONEWALL

Stonewall-istiluen eratorria azaltzen duen bideoa:


https://www.youtube.com/watch?v=xGR2IJEY098&t=453s

 

“Vestido nuevo corto” bideoa ere dakart honera:


https://www.youtube.com/watch?v=LVdfnQPUYLY&t=28s

 

Eta azkenik gida hau ere proposatze dut:




https://www.steilas.eus/files/2015/05/Genero-eta-aniztasun-sexualerako-GIDA.-STEILAS.2015.pdf

 

Zein dira zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?

Ohikoa iruditzen zaidan bezala, errazago bilatzen dot eremu hezitzailean lantzea gai hau eta etekin positiboak ere ateratzea. Jendartean, aldiz, eta gorago aipatu dudanaren ildoan, ez dot uste batere erraza denik sexu aniztasuna lantzea batez ere herri txikitan, eta  lagunartean. Saiatu ahal zara hitzegiten, baina adinaren arabera jaso ahal dozun erantzuna litekeena da negatiboa izatea. Edo okerrago, aldarte erasokorrekin bilatzea. Hortaz, erronkak? Dagoeneko legedian jasota dagoena denbora pasatzen den heinean lortzea gizarteratzea modu natural batetan. Gai honetan bai esango nukeela legedia gizartearen aurretik doala, tristea bada ere.

Baina legedian jasotzea sexu aniztasunaren aldarrikapena izugarrizko aurrerakada da.

 














Zenbat pertsona, hainbat identitate!

Konplexuenetan konplexuena gai hau! Hala ere, ezjakintasunaren aurrean, beti defendatuko dut munduan gauden pertsona kopuru adina izateko modu daudela.

Feminismoaz entzun nuenetik maitemindu nintzen. Bizitzeko era, mundua ikusteko era, sentitzeko era... dena zegoen/dago feminismoz buztia. Zorionez zein zoritxarrez oso erraz ulertu izan ditut feminismoaren kontzeptuak beti, azken finean, emakume izatea da feminismoaren subjektu izatea.

LGTBIQ+ kontzeptuak, batez ere letra "berriak" gehitzen hasi zirenean, ez dira izan hain errazak, ordea. Eta oraindik ez dira.

Gai hauen inguruan izurgarri irakurtzen dut, elkarrizketak ikusten/entzuten ditut... iritzi bat eta bestea duten pertsonak esan behar dutenari adi egoten naiz...eta ez naiz gai argitzeko. Suposatzen dut ez dagoela egi bakarra, errealitatea kolokan jarri dutela ideia/identitate hauek. Azken finean, izaki bizidunok (gizarte honetan) dena sailkatzeko beharra daukagu, eta gure saikapen horretatik kanpo geratzen den edozer burmuinean kokatzeko zailtasun handiak ditugu.

Hala ere, sortzen joan diren hitzak ikasi ditut orain dela asko, nahiz eta barneko ideia ez kontrolatu ondo, hiztegia maneiatzen dut eta hori ere beharrezkoa dela uste dut; aurreko gaietan ikusi dugun bezala, esaten ez dena (izena ez daukana) ez da existitzen, eta nahiko nukeen azkena edozein perstona mindu da. Beraz, ezagutu, landu eta erabili behar ditugu.

Hona hemen egindako gurutzegrama. Irudia, alde batetik, eta linka azpian, norbaitek egiteko interesa izatekotan ;)

(sarreraren bukaeran utziko ditut erantzunak)

Esan bezala, feminismoaren gainerako gaiak, borrokak, edo dena delakoa, argi ditut eta irakasle moduan zelan egin behar diodan aurre horietako bakoitzari argi daukat. Kasu honetan, ordea, ez da horrela: tresna gabe sentitzen naiz. Izan ere, gaur egungo erronkarik nagusiena topatzen dut hau, feminismoaren barruan aritzen direnak ere aurkako iritziak dituztelarik eta, ez hori bakarrik, gatazkak ere.

Nahiko nuke onartu segurua den espazio honetan, ez litzaidakeela gustatuko diskriminatzailea izatea. Feminismoan, orokorrean, emakumeak gara biktima. Gure gainean ematen da diskrimazio osoa: guk jasotzen dugu biolentzia, era guztietakoa. Baina jorratzen ari garen gai honetan ez gara emakume guztiak sartzen; hau da, ni emakumea naiz eta horrek diskriminazio posizio batean kokatzen nau. Baina gainerako taldeetan, ni alde pribilegiatuan bizi naiz: heterosexuala naiz, zuria, klase sozioekonomiko erdi-altukoa, edertasun kanonen "barruan"... Horregatik, heteronormatibotasun horretatik kanpo dauzenak entzutea gustatzen zait. Eta horregatik ondokoa aldarrikatu nahi dut:

Balantzaren alde desorekatuko pertsonei entzutea bizimodu gisa.


Identitatea, sexua, sexualitatea... honen inguruan gehiago jakiteko ezinbestekoa ikusten dut PsicoWoman-en lana. Ondoko bideoa adibide bat da, baina askoz gehiago dauka eta itzelezko lana darama egiten urteak eta urteak:



Azkenik, aurreko edizioko sarrera hau nahi dut gomendatu. Benetan interesgarri topatu dut azaleratutako hausnareta: ez da berdin bizitzen patriarkatuaren eragina (eta beraz feminismoa bizitzeko modua) herri txikietan eta handietan zein hirietan. Hausnarketa sakona egiteko gaia iruditu zait eta zalantzan jartzen du batzuetan aurrera eramaten ditugun kanpainak/borrokak erabilgarri diren leku guztietan.

ADI!!! SPOILER!!!
Gurutzegramaren erantzunak:

1. Demisexual 2. Queer 3. Sexualitate 4. Identitate 5. Lodifobia 6. Heteromalgua 7. Errespetu 8. Anitz

2022/02/16

SEXU HEZIKETA INTEGRALA ALDARRIKATZEAREN GARRANTZIA

 


Botere sistema juridikoek gerora errepresentatzen dituzten subjektuak ekoizten dituztela kontuan hartuta, nabarmendu, subjektu juridikoak praktika baztertzaile batzuen bidez eratzen direla, xede legitimatzaile eta baztertzaile batzuekin. Gainera, eragiketa politiko horiek, oso ondo ezkutatzen eta naturalizatzen dira, analisi politikoak egitura juridikoak haien oinarriak balira bezala aurkezten dituelako.

 

Praktika baztertzaile horien muinean, sistema heteropatriarkala koka genezake, zeinak edozein genero eta orientazio afektibo sexualen gainetik, genero maskulinoa eta heterosexualitatea ezartzen dituen, sistema soziopolitiko bat zehaztuz. Ondorioz, sistema honek indartzen duen maskulinitate hegemonikoak, izaera normatiboa hartzen du, misoginia, homofobia, matxismoa eta hegemonia elikatzen dituelarik.

 

Sistema horretan, heteroarauak zehazten du orientazio afektibo-sexuala; rolak eta pertsonen artean eratzen diren harremanak “gizon-emakume” sistema bitarrean eman behar direla, eta sexu-biologikoak, genero adierazpenarekin zein sozialki honi onartutako desioekin bat egin behar duela alegia.

 

Plazera zein intimitatea emateko dugun behar fisiko eta afektiboa gizaki guztiok partekatzen dugun arren, hau modu desberdin batean bizi du bakoitzak eta horregatik, beharrezkoa deritzot, entzuteko gaitasuna hartzea, gustoko dugun hori, zein gustoko ez duguna identifikatzeko zein adierazteko gaitasuna lantzea; Ruiz Repullok, sexualitatearen garapen osasuntsu eta atseginaren alde egiteak duen garrantzia nabarmena azpimarratzen du, modu horretan, pertsona baten garapen integrala bultzatzen dela esanez.

 

Sexualitatea nortasunaren garapenarekin, gizarte-egiturekin zein harreman sozialekin estuki lotuta egonik, funtsezkoa deritzot ere, autoestimuaren eta autokontzeptuaren gaia lantzea, norbere burua ezagutu, eta onartzeko, eta era berean, harreman sozio afektiboak ulertu eta hobeto kudeatzen ikasteko; izan ere, hezkuntza afektibo-sexualak duen helburuetako bat, ikasleriaren behar afektiboak asetze aldera, pertsonen arteko harremanak jorratzea da.

 

Beraz, azpimarratu, ezinbestekoa dela genero-identitate guztiak errespetatuko dituen eredu inklusiboan heztea, pertsona guztien errespetua, tratu onak eta eskubide-berdintasuna lortzeko. Hala ere, egungo hezkuntza sistema erreparatuz gero, ez dago sexu hezkuntza aurrera eramateko beharrezkotasunik, eta ondorioz, sexu hezkuntza integralik; gaiarekin lotura duten proiektu gehienak, noizbehinka gertatzen dira, hauen baliabide iturri nagusia, diru-laguntza puntualak direlarik. Nire ustez baina, beharrezkoa da nerabezaroko sexu-hezkuntzari berehala ekin eta edukiak modu argi batean egituratzea.

 

Izan ere, gazteek harreman afektibo sexualekiko jasotzen duten informazioa, ez da giro lasai batean eta taburik gabe transmititzen, eta ondorioz, hau modu irekian eta askatasunez erabiltzeko oztopoak aurkitzen dituzte. Hau da, nerabeek informazioa izan arren, zalantzak izanez gero edota zerbaitekin desados badaude, ez dute adierazten; hau adieraztera iritsiz gero, berdinen taldean egiten dute, antzeko zalantzak dituzten eta egoera berean dauden beste nerabeekin.

 

Familiak duen rola ere aipatu nahiko nuke, hau baita haurra sozializatzen den lehen testuingurua, eta horregatik, funtsezkoa dela deritzot familiako kide guztien artean errespetuzko harremanak sortu eta lantzea. Izan ere, hori horrela bada, haurrak, nola jokatu behar duen ikasiko du eta giro positiboan haziko da, familia, pertsonak babesten eta maitatzen duen babes eremu gisa ulertuko duelarik; oinarrizko ezagutza hori lortzen badu, besteekiko harremanetan ere islatuko da.

 

Pertsonalki, aniztasunak gizartean presentzia nabaria izateak, bai kolektiboki zein indibidualki aberasten gaituela pentsatzen dut; pertsona gisa hazteaz gain, beste izateko, bizitzeko eta pentsatzeko modu batzuk erakusten dizkigu. Arazoaren oinarria, aniztasuna bera pertsona gisa hazten gaituen zein bizitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuk erakusten dizkigun gertaera gisa ikusi beharrean, honen aurrean sortzen diren gatazketan dagoenaren ustea daukat; zehazki, aniztasun hori kudeatzen ez dakigunean edota hau positibotzat jotzen duen oinarri sozialik ez egotean.

 

Hortaz, hezitzaile gisa azpimarratuko nituzkeen erronkak hurrengoak dira:

·         Aniztasun afektibo-sexualarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea ikasleriarekin.

·         Sexu hezkuntza integral baten beharra aldarrikatzea, eta horraino iristeko bidea egin bitartean, proposamen, material eta ekintza ezberdinak sortzea.

·         Mota guztietako aniztasuna errespetatzen duen gizarte batean bizitzeko eta parte-hartzeko behar diren trebetasunak lantzea: elkarrizketa, entzutea, gogoeta eta argudioak, enpatia, errespetua edo genero-kontzientzia.

·         Irakaslegoa sexu- eta genero-aniztasunean prestatzea.

·         Elkarrekin ezagutzak partekatuko, desberintasunarekiko errespetua landuko eta harreman afektibo-sexualen inguruan konfiantzan aritzea bermatuko duen giro egokia sortzea.

·         Genero edo sexu arrazoiengatik ematen den edozein egoera, jarrera, gatazka zein bazterkeria identifikatzeko eta honen aurrean ekiteko gaitasuna lantzea.

 

Kasu honetan, pasaden urteko HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALA, TABUAK GAINDITUZ sarrera aukeratu dut hausnarketa hau jorratzeko; batetik, erreferentzia eta ekarpen asko dituelako, eta oso interesgarria egin zaidalako bestalde.

 

Irene Ruiz Corpasek gauzaturiko Bilboko emakume gazte feministen maitasun bizipen eta diskurtsoak dokumentua uzten dut eskuragarri, oso interesgarria iruditzen bait zait hau. Horrez gain, aipamena egin nahiko nioke ere, STEILASen Iraultzeko Prest materialari, zeinak hezkuntza komunitateko kide ezberdinei bideratuta dauden jarduera ezberdinak planteatzen dituen.

 

Azkenik, Yes, we fuck! Izeneko dokumentala gomendatu nahiko nuke, patriarkatua, binarismoa, kapazitismoa zein “cis” izatea zalantzan jartzen dituelako. Oso oso interesgarria, nork bere buruaren aurreiritziak kuestionatzeko. Zerbait laburragoa nahi izanez gero, elkarrizketa bat uzten dizuet eskura hementxe




Hemen txertatzen dut ere, gauzatutako kruzigrama:




2022/02/14

IDENTITATEA: ASKATASUNA ETA ONARPENA

 



    Norberaren eraikuntza pertsonala eta soziala da IDENTITATEA, balioak aitortuz eta identifikazio prozesuen bidez; identitateak ideiak, balioak eta kulturak bereganatzea eta onartzea dakar.  


Gaur egun ditugun egitura hegemonikoaren, hierarkikoaren eta baztertzailearen eraginez, identitate batzuk diskriminatuta daude beste batzuen aurrean. 


Onespen sozialaren egoerak baldintzatu egiten du kide izatearen gure sentimendua, baita “besteen” pertzepzioa ere. 

    Identitatearen garapenean parte hartzen duten faktoreen artean, jendartea eta sujektua dira etengabe interakzioan daudenak: gizarte-harremanak, gurasoen ereduak,, hizkuntza, sozializazioa, kultura eta pertsonaren etapa bakoitza.

  

Posten artean, Hezkidetzaren bidetik askatasunera aukeratu dut; 

bertan Epsy Cambell-ek esandakoa berreskuratu dut: 

Uste dut identitatea garrantzitsua dela, nork bere burua baieztatzen ahalbideratzen duelako” (…).

Horretaz gain “Betaurreko moreak gida”- dokumentu interesgarria estekatu du, haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzuetako hezitzaileekin eta teknikariekin osatu den hezkidetzari buruzko gida, ikuspegi hezkidetzailea ikastetxeetan txertatzeko (eremu teorikoa, begirada, nola txertatu hezkidetza, baliabide pedagogikoak).

  

 

Bi bideo interesgarri ere txertatu ditu postean, ikasleekin ikusteko :

48 cosas que los hombres escuchan a lo largo de su vida

48 cosas que las mujeres escuchan y los hombres no


  Bestalde, hezkuntzan curriculum ezkutuak eragin zuzena du identitatearen garapenean, bizi dugun eredu bitar eta  estereotipatuaren ondorioz. 


    Eredu hori deseraikitzeko eta beste batzuk eraikitzeko,  zehar konpetentziek aukera ematen dute identitateen garapena lantzeko eta hainbat aspektuen inguruan hausnartzeko.

Komunikazioa, sexista, hezkidetzailea

Gorputz adierazpenak, genero estereotipatuak

Nork bere burua aske azaltzeko eta gune seguruan

Identitate aniztasuna testuingunetan eta egoeretan

Estartegiak eta ohiturak anitzak, emakumeak garatutakoak

Sexu-identitatea edota genero-identitateagatik erasoak


Inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatutakoa:

    Nire laneko esparruan, zonaldeko ikastetxeetan, badira genero-identitateen egoera konplexuak ematen; konplexutasun horren barruan, ikastetxeko komunitate osoa inplikatuta dago, beraz guztion esfortzua behar da eskola leku askea eta segurua bihurtzeko.  

  

 Aipatu beharra dago, Hezkuntza sailak argitaratutako protokoloa, ikastetxeetako zuzendaritzentzati zein bestelako hezitzaileentzat lagungarria izan daitekena.  


Bukatzeko, baliabide batzuk:

Ni Naiz Naizena webserie dokumentala,  10 trans pertsonen esperientziei buruzko webserie dokumentala da. Izaskun Arandiak zuzendu du web saila, eta Izar Filmsek ekoiztu. Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek parte hartu dute. 10 minutuko 10 atalez osatuta dago eta www.trans.eus webgunean  ikusi ahal da. 

Liburuak eta komikiak:

  • El futuro es femenino: Cuentos para que juntas cambiemos el mundo (Nube de Tinta) (12-17 urte)
  • Berdintasunean heztea: haur eta gazteen 6 komiki genero-ikuspegitik:
    • Aproximación no sexista al deporte.Sobre patines de Victoria Jamieson. Publicado por Maeva Young
    • Superheroínas que rompen con los estereotipos de género. mNimona de Noel Stevenson. Editorial Océano Historias Gráficas
    • Despertar sexual y sexualidades no normativas. Mi experiencia lesbiana con la soledad de Kabi Nagata. Publicado por la editorial Fandogamia.


Orain naiz ez lehen ez gero

 



Pasa den edizioen ondoko blog sarrera aukeratu dut. 

Beste arrazoien artean oso ondo laburbiltzen duelako horren intra- eta inter- den kontzeptua, eta kontuan izaten duelako bizitza osoan zehar garatzeaz gain egokitzapen moduko bat dagoela. Irakurgaietan dioen moduan identitateek dimentsio indibidualean zein sozialean osagarri anitzak dituzte. 

Nire leloa dagoeneko irakurri duzue, eta nire nahia adierazten du kontzeptua baino. Beti gizarte edo talde bat egon behar duelako gogoratzen ezer soziala baita lehen adierazi dudanez. Dikotomia ematen zuena ez omen da dikotomia. Hori dela eta, azalpenean falazia hitzarekin lotzen duela uste dut. Hau da, soziologikoa da. 

Curriculum ezkutuak denon identitatean eragina duela argi dagoela uste dut eta ezkutua ez dagoena baita ere gizartearen isla da eta. Baieztapen hau argudiatzeko hona hemen oso interesgarria iruditzen zaidan testua. Maturana eta Varela.

Erronkak betikoak entzun, errespetua eta aniztasuna indargune izatea. Lehenengo Blokeko sarrera batean adierazi nuenez, hau da gure erronka:





IDENTITATEAZ

 



Identitatea bide bat da. Bizitzan zehar ibiltzen duguna eta guk geuk eraikitzen duguna, jendarte batean gauden neurrian. Eskolak ere paper garrantzitsua dauka gure identitate hori modu libre eta positiboan eraikitzeko aukera izan dezagun.

Iazko blogeko sarreretatik honakoa aukeratu dut. https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/nola-egon.html

Izan ere, asko gustatu zait edukia laburbiltzeko erabili duen esaldia, egoteko moduari erreferentzia egiten diona.

Eta, orduan, identitateen garapenean zein da curriculum ezkutuaren eragina? Nire ustez, honakoa:

-       -   Gure edukietan, genero-identitateari dagokion aniztasuna erakustea

-        -  Genero-identitateari buruz hitz egiteko espazioak eskaintzea.

-        -  Genero-identitateari dagokion esku hartzeak egitea.

Nire inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatuta, batez ere gurasoen kezkak ikusi ditut. Haur eta nerabeen garapenean genero-identitatearekin egon daitezkeen gatazken aurrean, gurasoak kezkatuta nabaritzen ditut. Batzuek ezezagutza dutela diote, formazio falta, eta ez dakit zelan lagundu seme-alabei egin beharreko bidean. Beste batzuek, gutxienekoak, negazioa adierazten dute edo zuzenean ez dute gaiaz ezer jakin nahi. Hori bai larritzekoa. Zein dira erronkak, orduan?

-        -  Guraso zein hezitzaileei formazioa eskaintzea.

-       -   Gaia tratatzeko espazioak sortzea.

-        -  Ume edo nerabeekin ere lanketa egitea.

-         - Aholkularitza.

Gaiarekin lotutako Gomendio batekin amaituko dut gaurko blog sarrera.

https://www.youtube.com/watch?v=7_oPwXOwOQY


Izaki likidoak

 


Identitatearen eta genero-identitateen munduan murgildu gara asteon, irakurri eta jorratu dudan orok, azken hilabetean irakurri dudan Amelia Tiganusen La revuelta de las Putas liburura eraman nauelarik. Izan ere, autoreak aktibista feminista, hezitzaile, eta identitate bila dabilen idazle gisa definitzen du bere burua; “puta zoriontsu” gisa ezarritako identitea ez dena edota “prostituta ohi” gisa erez.

 

Emakume horrek, beste identitate batzuk ezagutzeko zein bizitzeko eskubidea du, biktima-identitate horretatik aldenduz -hori ere inposatua-, nahi duena izatera pasatzeko. Oso interesgarria eta gomendagarria egia esan!

 

Lehendabizi, Eugenekin bat egin, eta azpimarratu, nire ustez ere ez dagoela erabateko askatasunarekin eraikitzen den identitaterik, hau, beti egongo baita faktore ezberdinek baldintzatuta: gizarte motak, kulturak, ezaugarriak, harreman interpertsonalek, familiarrek edota hezkuntza testuinguruak adibidez. Nahiz eta hein batean banakako eraikuntza pertsonala izan, ezin da ukatu eraikuntza soziala ere badenik.

Gainera nabarmendu, identitatea ez dela zerbait estatikoa, guztiz kontrakoa, uneoro aldatzen joango baita hau. Honekin lotuta, hezkuntzaren arloan, identitatearen garapenean ezkutuko curriculumak duen eragin nabarmena jorratu genuen aurreko blokean:

 

Etengabe eta abiadura handiz aldatzen eta berreraikitzen ari den mundo moderno likido baterako hezi beharrean, kultura solidoa transmititzen jarraitzen da, eta legez, hitzez zein teorian berdintasunean bizi garen arren, mezuak, errealitatea eta egunerokotasuna bestelakoa da; sexu-genero sistema bitarraren arabera bizi gara eta egungo hezkuntzako curriculumaren bidez hau iraunarazten da.

 

Horregatik, funtsezkoa da curriculum ezkutuaren bidez modu inkontzientean transmititzen ditugun mezuak aztertu, eta hauek hezkidetzaileak izateko birformulatzea.

 

Kasu honetan, pasaden urteko Ni horrelakoa naiz posta aukeratu dut, zehatza eta sintetikoa iruditu zaidalako, zeinetan kontzeptu garrantzitsu asko barnebiltzen diren; aniztasuna, errespetua, hezkuntza eta bereziki, egunerokotasunean ematen diren egoeren aurrean modu hezkidetzailean ekiteko jarrera.

 

Guzti honen harira, Ikertze Kultur Elkarteak eta Calcuta Ondoan GKE-ak 2020.urtean antolatutako Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Kongresuko laburpenaz gauzatutako material didaktikoa uzten dut hemen: Begiradak. Esperientziak. Saretzeak.

 

Zuen interesekoa izango delakoan!




Identitatea, zurekin baina zu gabe.

Etzakit-en Izar iheskorra abestia gogoratzen? Esaldi famatua hartu dut leloa sortzeko. Izan ere, identitatea bakoitzarena da, baina ez litzateke izango besteok gabe.


Oraingoan sarrera hau aukeratu dut eskertzen dudalako gehitutako eskema. Berak ere dioen bezala, psikologiaren mundutik kanpo seguru asko gehienok ez diogula erreparatu identitatearen sorrerari, batez ere gai oso konplexua delako adituok ez garenontzat. Horregatik eskematxoa oso erabilgarri iruditu zait. Gainera, nola ez, Izaroren edozein abesti gomendatzea positiboa da ;)

Hala ere, egia da feminismoa guztion ahoan presente dagaoenetik askok ere identitatearen inguruan zerbait entzun edo irakurri dugu. Dakigun moduan, feminismoaren olatu bakoitzak ezaugarri nagusi bat dauka; garai batean emakumeen eskubidea ikasteko edo bozkatzeko aldarrikatzen zen moduan, gaur egungo feminismoak identitatea jorratzen du nagusiki. Galdera garrantzitsua “Zer da emakume izatea”, baina horrekin batera identitate guztiak jarri dira mahai gainean eta inoiz baino gehiago ari da gizartea hausnartzen.

Horren arira, bueltatu nahiko nuke erabilitako lelora. Irakurgaian ikasitako ideia oso interesgarria (nahiz eta ebidentea) ondokoa iruditu zait: identitatea da bakoitza besteengandik desberdintzen gaituena, baina, era berean, gizartean bizitzen jarraitzeko. Hau da, nire identitatea nirea da, baina ez dauka zentsurik beste pertsonak gabe eta, beraz, haien onarpena ere behar dut.

Aurreko gaietan ikusi dugun moduan, esate baterako, ikasketen aukeraketan, erreferenteak ezinbestekoak dira pertsonek aukerak har ditzaten. Era berean, identitatearen sorreran ezin izango genuke inoiz ikusi ez dugun ezaugarririk bereganatu. Hau da, gizonak eta emakumeak tradizionalki ezarritako estereotipoekin bakarrik ezagutuko bagenituzke, gure identitatea horietako batera hurbiltzea nahiko genuke; eta hortik kanpo dagoen guztia, txartzat, arrarotzat, etab. Hartuko genuke; gure gorputzean/bizitzan zerbait txarto egongo balitz moduan. Hemen dauka, beraz, eragina kurrikulum eskutua.

Ikasi dugun moduan, kurrikulum eskutuak betiko estereotipoak indartzen ditu eta guztiz kontra egiten dio identitatea askatasunez garatzearekin.

Onartu beharra daukat, nahiz eta identitateen asuntoa luzaroan irakurtzen egon naizela, nire hurbileko inguruan ez dudala benetan ikusten. Nire inguruno pertsona gehienok heteronormatiboak gara, homosexualitate/bisexualitate kasuren bat aparte. Horregatik ez naiz gai sentitzen esateko prest egongo nintzatekela identitate “berriren” baten aurrean ondo aritzeko.

Hala ere, sare sozialek rol garrantzitsua dutela horrelako kasuetan uste dut. Instagrameri esker, batez ere (nire kasuan), asko ikasten ari naiz askotariko identitateei buruz, horiek sortzen dituzten ezatbaidari buruz, etab. Eta horregatik, gehiagotan egin dudan moduan, gomendatzen dut sare sozialetan aritzea hausnarketa lan hori egin ahal izateko, oso mundu zabala baitago barruan eta, tresna egokiak erabilita, izurgarri ikasteko informazio iturri infinitoak dira.

Bukatzeko, ondoko bideoa utzi nahi dut, PsicoWoman-ek egindako elkarrizketa interesgarria:



2022/02/13

IDENTITATEA GARATZEAN, AURRERA

 


Identitatea garatzea bizitza osoko zeregin dinamiko eta konplexua  dela ikasi dugu, asteon. Etenik gabeko prozesu pertsonala eta soziala.



Besteentzat egiten dudana naiz leloa duen NOLA EGON sarrera aukeratu dut; izan ere, interesgarria iruditu zait haur hezkuntzako gelan ikasleek jolas sinbolikoan murgilduta nola jokatzen duten azaldu izana, batez ere haurrei 4-5 urtera iristen direnean somatzen zaien jauzia edo aldea. Hain txikitatik gizartean errotutako estereotipoak barneratzen hastearekin batera, zoritxarrez, askatasuna galtzen hasten dira, eta, horretan, modu positiboan eragin dezakegu hezitzaile garen aldetik.

Hain zuzen ere, hari horretatikoa da KINKA blogeko ekarpen hau

Gure inguru hurbilean, irakasleongandik eta gurasoengandik hasita,  FORMAZIOA behar dugula uste dut: modu horretan iritsi ahal izango gara ikasleengana. Ez da nahikoa hainbat genero-identitate daudela azpimarratzea, eta horien berri azaletik soilik ematea; horixe bera ondorioztatu dut Amelia Barquinen KIKA blogeko ekarpena irakurrita.

Hezkuntzan, curriculum ezkutuaren barnean, besteak beste,  galdera hauen inguruko hausnarketa bultza dezakegu:

Zenbat denbora eskaintzen diegu neskei eta zenbat mutilei?

Zeren inguruan hitz egiten dugu neskekin eta zeren inguruan mutilekin?

Nola zuzentzen gara neskengana eta nola mutilengana?

Zer espero dugu neskengandik eta zer mutilengandik?

Dikotomian oinarritzen al gara? 

...

Erantzunkizun handia dugu hezkuntzan, identitatearen garapenari dagokionez (ere); beraz, ahal bait arinen hasi behar dugu askatasuna bermatzen.

Aurrera, bada!