2022/02/16

SEXU HEZIKETA INTEGRALA ALDARRIKATZEAREN GARRANTZIA

 


Botere sistema juridikoek gerora errepresentatzen dituzten subjektuak ekoizten dituztela kontuan hartuta, nabarmendu, subjektu juridikoak praktika baztertzaile batzuen bidez eratzen direla, xede legitimatzaile eta baztertzaile batzuekin. Gainera, eragiketa politiko horiek, oso ondo ezkutatzen eta naturalizatzen dira, analisi politikoak egitura juridikoak haien oinarriak balira bezala aurkezten dituelako.

 

Praktika baztertzaile horien muinean, sistema heteropatriarkala koka genezake, zeinak edozein genero eta orientazio afektibo sexualen gainetik, genero maskulinoa eta heterosexualitatea ezartzen dituen, sistema soziopolitiko bat zehaztuz. Ondorioz, sistema honek indartzen duen maskulinitate hegemonikoak, izaera normatiboa hartzen du, misoginia, homofobia, matxismoa eta hegemonia elikatzen dituelarik.

 

Sistema horretan, heteroarauak zehazten du orientazio afektibo-sexuala; rolak eta pertsonen artean eratzen diren harremanak “gizon-emakume” sistema bitarrean eman behar direla, eta sexu-biologikoak, genero adierazpenarekin zein sozialki honi onartutako desioekin bat egin behar duela alegia.

 

Plazera zein intimitatea emateko dugun behar fisiko eta afektiboa gizaki guztiok partekatzen dugun arren, hau modu desberdin batean bizi du bakoitzak eta horregatik, beharrezkoa deritzot, entzuteko gaitasuna hartzea, gustoko dugun hori, zein gustoko ez duguna identifikatzeko zein adierazteko gaitasuna lantzea; Ruiz Repullok, sexualitatearen garapen osasuntsu eta atseginaren alde egiteak duen garrantzia nabarmena azpimarratzen du, modu horretan, pertsona baten garapen integrala bultzatzen dela esanez.

 

Sexualitatea nortasunaren garapenarekin, gizarte-egiturekin zein harreman sozialekin estuki lotuta egonik, funtsezkoa deritzot ere, autoestimuaren eta autokontzeptuaren gaia lantzea, norbere burua ezagutu, eta onartzeko, eta era berean, harreman sozio afektiboak ulertu eta hobeto kudeatzen ikasteko; izan ere, hezkuntza afektibo-sexualak duen helburuetako bat, ikasleriaren behar afektiboak asetze aldera, pertsonen arteko harremanak jorratzea da.

 

Beraz, azpimarratu, ezinbestekoa dela genero-identitate guztiak errespetatuko dituen eredu inklusiboan heztea, pertsona guztien errespetua, tratu onak eta eskubide-berdintasuna lortzeko. Hala ere, egungo hezkuntza sistema erreparatuz gero, ez dago sexu hezkuntza aurrera eramateko beharrezkotasunik, eta ondorioz, sexu hezkuntza integralik; gaiarekin lotura duten proiektu gehienak, noizbehinka gertatzen dira, hauen baliabide iturri nagusia, diru-laguntza puntualak direlarik. Nire ustez baina, beharrezkoa da nerabezaroko sexu-hezkuntzari berehala ekin eta edukiak modu argi batean egituratzea.

 

Izan ere, gazteek harreman afektibo sexualekiko jasotzen duten informazioa, ez da giro lasai batean eta taburik gabe transmititzen, eta ondorioz, hau modu irekian eta askatasunez erabiltzeko oztopoak aurkitzen dituzte. Hau da, nerabeek informazioa izan arren, zalantzak izanez gero edota zerbaitekin desados badaude, ez dute adierazten; hau adieraztera iritsiz gero, berdinen taldean egiten dute, antzeko zalantzak dituzten eta egoera berean dauden beste nerabeekin.

 

Familiak duen rola ere aipatu nahiko nuke, hau baita haurra sozializatzen den lehen testuingurua, eta horregatik, funtsezkoa dela deritzot familiako kide guztien artean errespetuzko harremanak sortu eta lantzea. Izan ere, hori horrela bada, haurrak, nola jokatu behar duen ikasiko du eta giro positiboan haziko da, familia, pertsonak babesten eta maitatzen duen babes eremu gisa ulertuko duelarik; oinarrizko ezagutza hori lortzen badu, besteekiko harremanetan ere islatuko da.

 

Pertsonalki, aniztasunak gizartean presentzia nabaria izateak, bai kolektiboki zein indibidualki aberasten gaituela pentsatzen dut; pertsona gisa hazteaz gain, beste izateko, bizitzeko eta pentsatzeko modu batzuk erakusten dizkigu. Arazoaren oinarria, aniztasuna bera pertsona gisa hazten gaituen zein bizitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuk erakusten dizkigun gertaera gisa ikusi beharrean, honen aurrean sortzen diren gatazketan dagoenaren ustea daukat; zehazki, aniztasun hori kudeatzen ez dakigunean edota hau positibotzat jotzen duen oinarri sozialik ez egotean.

 

Hortaz, hezitzaile gisa azpimarratuko nituzkeen erronkak hurrengoak dira:

·         Aniztasun afektibo-sexualarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea ikasleriarekin.

·         Sexu hezkuntza integral baten beharra aldarrikatzea, eta horraino iristeko bidea egin bitartean, proposamen, material eta ekintza ezberdinak sortzea.

·         Mota guztietako aniztasuna errespetatzen duen gizarte batean bizitzeko eta parte-hartzeko behar diren trebetasunak lantzea: elkarrizketa, entzutea, gogoeta eta argudioak, enpatia, errespetua edo genero-kontzientzia.

·         Irakaslegoa sexu- eta genero-aniztasunean prestatzea.

·         Elkarrekin ezagutzak partekatuko, desberintasunarekiko errespetua landuko eta harreman afektibo-sexualen inguruan konfiantzan aritzea bermatuko duen giro egokia sortzea.

·         Genero edo sexu arrazoiengatik ematen den edozein egoera, jarrera, gatazka zein bazterkeria identifikatzeko eta honen aurrean ekiteko gaitasuna lantzea.

 

Kasu honetan, pasaden urteko HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALA, TABUAK GAINDITUZ sarrera aukeratu dut hausnarketa hau jorratzeko; batetik, erreferentzia eta ekarpen asko dituelako, eta oso interesgarria egin zaidalako bestalde.

 

Irene Ruiz Corpasek gauzaturiko Bilboko emakume gazte feministen maitasun bizipen eta diskurtsoak dokumentua uzten dut eskuragarri, oso interesgarria iruditzen bait zait hau. Horrez gain, aipamena egin nahiko nioke ere, STEILASen Iraultzeko Prest materialari, zeinak hezkuntza komunitateko kide ezberdinei bideratuta dauden jarduera ezberdinak planteatzen dituen.

 

Azkenik, Yes, we fuck! Izeneko dokumentala gomendatu nahiko nuke, patriarkatua, binarismoa, kapazitismoa zein “cis” izatea zalantzan jartzen dituelako. Oso oso interesgarria, nork bere buruaren aurreiritziak kuestionatzeko. Zerbait laburragoa nahi izanez gero, elkarrizketa bat uzten dizuet eskura hementxe




Hemen txertatzen dut ere, gauzatutako kruzigrama:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina