2023/01/28

Handira jokatu!


 


Denetik aurkitu dut asteko irakurketetan, gazitik eta gozotik. Oso interesgarriak iruditu zaizkit PISA frogen emaitzen analisitik egindako hainbat zehaztapen: pozik hartu dut zientzietan eta matematiketan genero arrakala gutxitzen doala jakiteak eta zer pentsatua eman dit berresteak batetik, neskek porrotari dioten beldurra eta bestetik, mutilek eskolan okerrago ibilita ere ausartago jokatzen dutela ondorengo ikasketak aukeratzean. Okerrena da batxilerreko gazteek ez direla diferentzia horren jakitun eta gustu kontua besterik ez dela defendatzen dutela (Emakunderen ikerketa, 2016).  Ustez libre egiten dituzten hautuek etorkizuneko lan eta bizi baldintzetan izango duen eraginetik hain dira urruti! 

Etsigarria da jakitea zein goiz otzantzen gaituzten, 4 urterekin genero estereotipoak barneratuta omen ditugu eta 6 urteren bueltan neska askok eta askok bere abildade eta ahalmenen gaineko duda egiten dute. Kantuz hausnartu dute guztiaren inguruan bertso saioan lau emakumek.




  

Gaitasun handiko nesken eta mutilen jarrerak ere zeharo desberdinak dira Pikara aldizkarian argitaratutako  “Quería saber más y resultaba odiosa” artikuluan esaten denez.  Mutilengan anbizioa ondo ikusia dagoen bitartean neskak ez dute lizentzia hori eta ez nabarmentzeko ahaleginak egingo dituzte besteok jarritako ikasle finaren etiketapean.


Eskerrak azterketa horietan guztietan baden argi-izpirik. Egoeraren analisian sakondu eta gero badakigu eskola dela, familiarekin batera, funtsezko eragilea. Horregatik orientazio akademiko-profesional ez-sexista ezartzeko autoritatea aitortu zaio eta tresna bat eskaini:  II. Hezkidetza Plana, Berdintasunaren eta Tratu Onaren Bidean.  Tratu onak dira:

·        Hezkuntza afektiboa lantzea eta orain arte oso onartuak izan ez diren neska kontu eta moduak balioan jartzea eta mutilek gonbidatu praktika ditzaten.

·         Etxeko lan eta zaintza eremuei denbora bat eskaintzea eskolan. 

·         Irakasle bakoitzaren egin beharra espektatiben teoriak gidatzea. Teoria horren arabera haurrek heziketan aurrera egiteko gakoa autoestimua da, eta espektatiben teoriak argi dio: irakasleak ikaslearenganako espektatiba onak baldin baditu, bete egingo dira, eta berdin espektatiba txarrekin.  “Coach” izan gabe aurkituko ditugu ikasle bakoitzean hainbat indargune, eskainiko dizkiogu gaizki egin eta zuzentzeko abaguneak eta lagunduko dugu bere burua ezagutu eta maita dezan.

Ez ditut neuk Marian Morenok baino hobeto zerrendatuko orientazio ez-sexistarako gakoak; samurrak izan gabe batzuk errazago eramango ditugu aurrera. Gure eskolan gaur egun erronka nagusiena mutila izateko modu hegemonikoa ezbaian jarri eta mutilen konplizitatea lortzea dela esango nuke.  Hezkidetza usaina duen edozein jardueraren aurrean badira hainbat mutil atezuan, deseroso sentitzen direnak. Ikastaroak aurrera darrai eta galderak ez du erantzun errazik, Eta mutilekin zer?  

 

Bitartean gero eta gehiago dira eskoletan zuzendaritza karguak hartzen dituzten emakumeak, indarrez beterik daude beraien ekintzak atzetik datozen neska ikasleengan duen eragina ezagututa. Bejondeiela! 

 Aske erabaki, aske bizitzeko postako izenburuak harrapatu nau, postak labur eta argi azaltzen ditu aste honetakoak.


2023/01/27

ERABAKITZEKO AUKERA


Atal honetan zehar orientazioari buruz gogoeta egin behar izan dugu. Datuek erakusten dutenez, STEAM arloarekin erlazioa duten erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetan emakumeen presentzia (nahiz eta pixkanaka aldatzen doan) gizonezkoenarekin alderatuta baxuago izan ohi da. Lorena Fernándezek (U. de Deusto) dionez,  “Neskek mezu ugari jasotzen dituzte, zientzia haientzat ez dela pentsarazten dietenak".

Gainera, matrikulatutako ikasleen artean gehiengoa diren emakumeen presentzia lausotu egiten da kategoriaz igo ahala. Joera hori larriagotu egiten da STEM diziplinetarako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko siglen arabera). Gradu horietakoren batean matrikulatutakoen % 36 baino ez dira emakumeak, tesien % 37 emakumeek irakurtzen dituzte, irakasle eta ikertzaileen % 30 betetzen dute eta % 23 baino ez dira katedradun izatera iristen.

Lehen oztopoa gainditu eta zientziarekin erlazionaturiko ibilbidea burutu nahi badu emakumezko batek, bigarren oztopoarekin egiten du aurrez aurre: diskriminazioarekin.

Emakume ikertzaileen egoera eta bizi dituzten zailtasunak argi azaltzen ditu Victoria Lópezek, albaitaritzan doktorea eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Albaitaritza Fakultateko genetikako katedraduna dena, segidako bideoan: 



Berak dioen moduan, ezinbestekoa da berdintasunerako hezkuntzan denbora inbertitzea eta ahaleginak egitea. Gaur egun oraindik emakumeak zientzia munduan duen diskriminazioa izugarria da. Adibidez, zientzia biomedikoetan emakumeen erdia baino gehiago lanaldi osoko ikertzaileak izan arren, % 15 baino ez da katedraduna izatera iristen.

EHUko datuak erakusten duten moduan, gurean ere joera berdina da.  Nahiz ikertzaileen kopurua antzekoa izan emakume eta gizonen artean, postuak igo ahala, nabarmenki jaisten doa emakumeen presentzia. Hau da, “garrantzia akademiko” eta soldata baxueneko baina ezegonkortasun handiagoko postuetan (irakasle atxikia) emakumezkoak dira nagusi, baina titulartasuna lortu ahala, gizonezkoen kopurua nabarmenki handiagoa da.

                     

KATEGORIA

EMAKUMEAK

GIZONAK

Unibertsitateko katedraduna

88

247

Irakasle titularra

366

448

Eskolako irakasle titularra

74

90

Irakasle agregatua

420

353

Irakasle atxikia

314

244

Ikertzaile iraunkorra

34

32

Ikertzaileak

656

603


Aurreko edizioetako NONDIK NORAKO KONTZIENTZIA posta gomendatu nahiko nuke. Ikaskideak dioen moduan “inork EZ du aukeratzen EZER inolako KANPO eraginik gabe” eta hori da hain zuen ere nire ustetan, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusiena: gizartearen (guraso, senide, irakasle, lagun…) aurreiritziak eta genero rolak. Horiekin apurtzea ezinbestekoa da eta horretarako lanbide ezberdinetan eta postu ezberdinetan dabiltzan erreferenteak izatea beharrezkoa da.


2023/01/23

BALIOZKO BIDEAK

 



    Ezin dugu Curriculum hezkidetzaile bat izan, ez baditugu baliabide eta metodologia hezkidetzaileak erabiltzen. 
Eta zailtasun batzuk baditugu bidean:
- Erresistentziak: Alde batetik, nahiz eta eskolak metodologia parte hartzailea eta umea erdigunean jartzen duenaren alde egin, oso zaila da zihurtatzea gela barruan zer egiten den. Eta bestetik oraindik askotan entzuten diren esaldiak entzun beharra:gauzak asko aldatu dira, berdintasuna dago, biologikoa da, jaiotzetik ikusten da zelakoak diren neskak eta mutilak,.......
- Zama guztia hezkidetza arduradunen gain uzten da; Eta ordu asko behar dira gauzak antolatzeko, materiala aztertzeko,...eta gainera, tutoreak, aholkulariak,....ere bagara.
- Formazio falta: hezkidetza arduradunek antolatuta ez bada, ez da formakuntzarik eskeintzen.
- Nahiz eta gaur egun aukera gehiago euki, materiala oraindik oso sexista da eta denbora asko behar da egokia aukeratzeko, moldatzeko, hausnartzeko,....
- Komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa da hezkuntza hezkidetzailea nahi badugu eta esparru guztietara heltzea zaila da.

    Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut, guztiz ados nagoelako esaten duenean teoria eta praktika ez dela gauza bera, nahiz eta legea eta teoriak hezkidetzari begira egon, errealitatea ez da berdina, Amelia Barquìn-ek dioen bezela. Eta "superlola"ren bideoa, aurretik ezagutzen banuen ere, oso baliogarria iruditzen zait aniztasuna balioan jartzeko eta estereotipòekin apurtzeko.

      Baliabide hezkidetzaileak aukeratzeko estrategia bat (gehienak edo behintzat nire esku daudenak aipatu dira bai irakurgaian eta baita aurreko post-etan) “inbertsio teknika” erabiltzea izan daiteke egoera batzuen aurrean; edota ipuinen aukeraketan ipuin hezkidetzaileen gidak begiratu. Edo gabonak gertu daudenean, jolas-jostailu- ipuin aukeratzeko gidak begiratu familiekin elkarbanatzeko.Gu aurten eskolan adibidez hausnarketarako bideo hau bidaltzea pentsatu genuen.





Ikustezina

 Hona hemen euskaratu eta moldatutako baliabidea; audioa, kontaketa, ez zait oso ondo atera, baina...tira!