Denetik aurkitu dut asteko
irakurketetan, gazitik eta gozotik. Oso interesgarriak iruditu zaizkit PISA
frogen emaitzen analisitik egindako hainbat zehaztapen: pozik hartu dut
zientzietan eta matematiketan genero arrakala gutxitzen doala jakiteak eta zer
pentsatua eman dit berresteak batetik, neskek porrotari dioten beldurra eta
bestetik, mutilek eskolan okerrago ibilita ere ausartago jokatzen dutela
ondorengo ikasketak aukeratzean. Okerrena da batxilerreko gazteek ez direla
diferentzia horren jakitun eta gustu kontua besterik ez dela defendatzen dutela
(Emakunderen ikerketa, 2016). Ustez libre egiten dituzten hautuek
etorkizuneko lan eta bizi baldintzetan izango duen eraginetik hain dira
urruti!
Etsigarria da jakitea zein goiz otzantzen gaituzten, 4 urterekin genero estereotipoak barneratuta omen ditugu eta 6 urteren bueltan neska askok eta askok bere abildade eta ahalmenen gaineko duda egiten dute. Kantuz hausnartu dute guztiaren inguruan bertso saioan lau emakumek.
Gaitasun handiko nesken eta mutilen
jarrerak ere zeharo desberdinak dira Pikara aldizkarian argitaratutako “Quería
saber más y resultaba odiosa” artikuluan esaten denez. Mutilengan
anbizioa ondo ikusia dagoen bitartean neskak ez dute lizentzia hori eta ez
nabarmentzeko ahaleginak egingo dituzte besteok jarritako ikasle finaren
etiketapean.
Eskerrak azterketa horietan
guztietan baden argi-izpirik. Egoeraren analisian sakondu eta gero badakigu
eskola dela, familiarekin batera, funtsezko eragilea. Horregatik orientazio
akademiko-profesional ez-sexista ezartzeko autoritatea aitortu zaio eta tresna
bat eskaini: II. Hezkidetza Plana, Berdintasunaren eta Tratu Onaren
Bidean. Tratu onak dira:
· Hezkuntza afektiboa lantzea eta orain arte oso onartuak izan ez
diren neska kontu eta moduak balioan jartzea eta mutilek gonbidatu praktika
ditzaten.
·
Etxeko lan eta zaintza eremuei denbora bat eskaintzea
eskolan.
·
Irakasle bakoitzaren egin beharra espektatiben teoriak gidatzea.
Teoria horren arabera haurrek heziketan aurrera egiteko gakoa autoestimua da,
eta espektatiben teoriak argi dio: irakasleak ikaslearenganako espektatiba onak
baldin baditu, bete egingo dira, eta berdin espektatiba txarrekin.
“Coach” izan gabe aurkituko ditugu ikasle bakoitzean hainbat indargune,
eskainiko dizkiogu gaizki egin eta zuzentzeko abaguneak eta lagunduko dugu bere
burua ezagutu eta maita dezan.
Ez ditut neuk Marian Morenok baino hobeto zerrendatuko orientazio ez-sexistarako gakoak; samurrak izan gabe batzuk errazago eramango ditugu aurrera. Gure eskolan gaur egun erronka nagusiena mutila izateko modu hegemonikoa ezbaian jarri eta mutilen konplizitatea lortzea dela esango nuke. Hezkidetza usaina duen edozein jardueraren aurrean badira hainbat mutil atezuan, deseroso sentitzen direnak. Ikastaroak aurrera darrai eta galderak ez du erantzun errazik, Eta mutilekin zer?
Bitartean gero eta gehiago dira
eskoletan zuzendaritza karguak hartzen dituzten emakumeak, indarrez beterik
daude beraien ekintzak atzetik datozen neska ikasleengan duen eragina
ezagututa. Bejondeiela!
Aske erabaki, aske bizitzeko postako izenburuak harrapatu nau, postak labur eta argi azaltzen ditu aste honetakoak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina