Legediaz hausnartzen hezkidetza sustatzen
Nire hezkuntza eremuari erreparatuz,
hezkuntza ez-formalean jarduten dut asteburuetan, herriko 8 eta 12 urte
bitarteko gaztetxoekin. Taldearen helburu nagusia, herrian dauden eskoletako
haurren arteko harreman informalak euskaraz bermatzea da, egunerokotasunean
euskara erabiltzea eta nola ez ongi pasatzea.
Aipaturiko hezkuntza ikuspegia oinarri
izanik, aste honetan jorratu dugun legediaz hausnartzeko une iritsi da; Marko
legalak EAEko hezkidetza prozesuan eta bereziki nire ingurune hurbilean duen
eraginaz gogoeta egitekoa.
Ikusi dugun
legedia kontuan harturik, zer da zure ustez baliagarriena hezkidetzaren
inguruko hezitzaile-lana justifikatzeko?
Nire iritziz, gaur egungo gizartean
hezkidetzaren inguruko hezitzaile lanak behar beharrezkoak dira; izan ere, gizarte
patriarkatu bat da gure sistemaren oinarri, horren isla dira: ikasketa arloan
dagoen genero segregazioa, emakume erreferente ezak, indarkeria sexista,
harreman afektibo sexualak ez dira libreki gozatzen, nortasuna askatasunean
garatzeko … hezkuntza sozializaziorako,
garapenerako, eraikuntzarako eremu oso garrantzitsua da; beraz, ezinbestekoa da eskola komunitatea osatzen
duten eremu eta pertsona guztiek genero ikuspegia txertatzea eta
berdintasunaren alde lan egitea eta prestakuntza izatea.
Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduraduna: "eskolak bizitzarako
baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai
gizonezko generoari atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta
mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa
eskaintzea".
Indarrean dagoen
legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta
lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?
Hezkidetza zehar lerro bihurtu zen 90ko
hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena (ikasgai guztiak genero ikuspegitik
birplanteatzea eskatzen baitzuen), praktikan "inoren ardura ez
izatea" bihurtu da. Denek onartzen dugu baina praktikan inork ez dio
heltzen.
Beraz ez da nahikoa. Legeak diona eta
errealitatean geratzen dena ez datoz bat. Hezitzaileen inplikazioa, aldatzeko
nahia, beharrezkoak ikusten ditut bide honetan; egia da bai, tokian tokiko
erakunde batzuk ahaleginak egiten ari direla, baina nire sentsazioa da, soilik
ageriko curriculumari jartzen diogula arreta. Eta curriculum ezkutuak ahalegin
berezia merezi du, eragin handia duelako, jarrera ez kontzienteak direlako
azken finena, ikusten zailak. Eta sarri, gogorra egiten zaigu gure buruaz
hausnartu eta kritika egitea.
Nire iritziz zenbait baliabide badaude
baina ez dira nahikoak, eta aldaketa handienak esan bezala ageriko
curriculumean gertatu dira. Sentsibilizazio kanpaina zein komunitate osoaren
formakuntza behar beharrezkoak direla uste dut. Norbanakoan hasten delako
aldaketa. Horrez gain esan beharra dago, funtsezkoa ikusten dudala baliabideak
tokian toki testuinguruetara egokitzea, ezagutza komunitate hurbiletik
plazaratzea. Gertukoa beti baita esanguratsuagoa.
Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina
hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da.
Nola ikusten duzu
hezkuntza hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?
Ezin nezake ezer iragarri ez epe labur zein
ertainean. Izan ere, gure esku dagoen errealitate bat da, tokian tokiko hezitzaileon esku. Horretarako,
beharrezkoa izanik hezitzaileen prestakuntza. Azken finean, begiraleok eredu
gara haurrentzat, helduen errepresentazioa gara. Horregatik, zer harreman eredu
ari garen transmititzen aztertu behar dugu: begiraleen artean nola hitz egiten
dugun, nola banatzen ditugun rolak eta ardurak …
"Irakasleak,
gelara sartzen denean, ez ditu liburuak edo kontzeptuak soilik eramaten.
Kontzienteki aukeratu edo ez, irakaslea jarrera konkretu batzuekin doa gelara,
balio jakin batzuk ditu, lehentasun batzuk, eta hori da transmititzen
duena". Bea Ugarte Gasteizko Berritzeguneko
aholkularia
Hala ere, esan beharra daukat, iraultza
txikiak gertatzen ari direla eta hezkidetza jendartean gero eta ezagunago
bilakatzen ari dela. Poliki-poliki bagoaz begiak irekitzen eta duen garrantziaz
jabetzen. Berri oso ona da hori, batez ere, haurren ongizate eta gizarteko
egoerari begira.