2016/11/29

Legediaz hausnartzen, hezkidetzan sustatzen




Legediaz hausnartzen hezkidetza sustatzen

Nire hezkuntza eremuari erreparatuz, hezkuntza ez-formalean jarduten dut asteburuetan, herriko 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoekin. Taldearen helburu nagusia, herrian dauden eskoletako haurren arteko harreman informalak euskaraz bermatzea da, egunerokotasunean euskara erabiltzea eta nola ez ongi pasatzea.
Aipaturiko hezkuntza ikuspegia oinarri izanik, aste honetan jorratu dugun legediaz hausnartzeko une iritsi da; Marko legalak EAEko hezkidetza prozesuan eta bereziki nire ingurune hurbilean duen eraginaz gogoeta egitekoa.

 Ikusi dugun legedia kontuan harturik, zer da zure ustez baliagarriena hezkidetzaren inguruko hezitzaile-lana justifikatzeko?

Nire iritziz, gaur egungo gizartean hezkidetzaren inguruko hezitzaile lanak behar beharrezkoak dira; izan ere, gizarte patriarkatu bat da gure sistemaren oinarri, horren isla dira: ikasketa arloan dagoen genero segregazioa, emakume erreferente ezak, indarkeria sexista, harreman afektibo sexualak ez dira libreki gozatzen, nortasuna askatasunean garatzeko …  hezkuntza sozializaziorako, garapenerako, eraikuntzarako eremu oso garrantzitsua da; beraz,  ezinbestekoa da eskola komunitatea osatzen duten eremu eta pertsona guztiek genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea eta prestakuntza izatea.

Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduraduna: "eskolak bizitzarako baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai gizonezko generoari atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea".

Indarrean dagoen legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?


Hezkidetza zehar lerro bihurtu zen 90ko hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena (ikasgai guztiak genero ikuspegitik birplanteatzea eskatzen baitzuen), praktikan "inoren ardura ez izatea" bihurtu da. Denek onartzen dugu baina praktikan inork ez dio heltzen.

Beraz ez da nahikoa. Legeak diona eta errealitatean geratzen dena ez datoz bat. Hezitzaileen inplikazioa, aldatzeko nahia, beharrezkoak ikusten ditut bide honetan; egia da bai, tokian tokiko erakunde batzuk ahaleginak egiten ari direla, baina nire sentsazioa da, soilik ageriko curriculumari jartzen diogula arreta. Eta curriculum ezkutuak ahalegin berezia merezi du, eragin handia duelako, jarrera ez kontzienteak direlako azken finena, ikusten zailak. Eta sarri, gogorra egiten zaigu gure buruaz hausnartu eta kritika egitea.

Nire iritziz zenbait baliabide badaude baina ez dira nahikoak, eta aldaketa handienak esan bezala ageriko curriculumean gertatu dira. Sentsibilizazio kanpaina zein komunitate osoaren formakuntza behar beharrezkoak direla uste dut. Norbanakoan hasten delako aldaketa. Horrez gain esan beharra dago, funtsezkoa ikusten dudala baliabideak tokian toki testuinguruetara egokitzea, ezagutza komunitate hurbiletik plazaratzea. Gertukoa beti baita esanguratsuagoa.

Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da.


Nola ikusten duzu hezkuntza hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?

Ezin nezake ezer iragarri ez epe labur zein ertainean. Izan ere, gure esku dagoen errealitate bat da,  tokian tokiko hezitzaileon esku. Horretarako, beharrezkoa izanik hezitzaileen prestakuntza. Azken finean, begiraleok eredu gara haurrentzat, helduen errepresentazioa gara. Horregatik, zer harreman eredu ari garen transmititzen aztertu behar dugu: begiraleen artean nola hitz egiten dugun, nola banatzen ditugun rolak eta ardurak … 

"Irakasleak, gelara sartzen denean, ez ditu liburuak edo kontzeptuak soilik eramaten. Kontzienteki aukeratu edo ez, irakaslea jarrera konkretu batzuekin doa gelara, balio jakin batzuk ditu, lehentasun batzuk, eta hori da transmititzen duena". Bea Ugarte Gasteizko Berritzeguneko aholkularia

Hala ere, esan beharra daukat, iraultza txikiak gertatzen ari direla eta hezkidetza jendartean gero eta ezagunago bilakatzen ari dela. Poliki-poliki bagoaz begiak irekitzen eta duen garrantziaz jabetzen. Berri oso ona da hori, batez ere, haurren ongizate eta gizarteko egoerari begira. 







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina