2016/11/29

HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA, ZERTARAKO?



Legeak han eta hemen ditugu. Hezkuntza sistema, legez josita dago, baita hezkidetzari dagokionean ere.



 Eskoletan, ordea, lege hauen berririk badugu? Lege hauek aztertu ditugu? Zergatik ez da lege mailan onartutako berdintasuna errealitatean aplikatzen? Zergatik pentsatzen dugu hezkidetzari dagokionez gehiena lortuta dagoela, hezkidetza plana eta arduraduna izan arren eskola mistoan bizi bagara?

Are gehiago, nola liteke hezkidetza plana duen eskola batean transexuala den haur bat izatea arazo lez ulertzea? Nola liteke identitate sexuala eta genero identitatea aniztasunean ez lantzea justifikatzea, eskolan transexualalitatearen “ARAZOA” ez dutela esanez? Hezkuntza sisteman aniztasuna arazo lez ulertzen dugu?

Beraz, zenbait eskolatan oraindik hezkidetza plana egon arren eskola mistoan aurkitzen badira eta beraien ustez berdintasuna ia lortuta badago beraien eskolan, zer lortu da hezkidetzaren inguruko legediari esker?

Oraindik parekotasun erreala lortzeko bide luzea badago ere eta legeak hainbat teoria indartzeko lagungarriak izan arren nahikoa ez badira ere, 2013an idatzi zen “Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”ren ondorioz, orain arte ikastetxeetan egiten ari zen hezkidetza-lana aintzat hartu da eta berriro ere hezkuntza zentroen arteko sare-lana berpiztu da Berritzeguneetako mintegien bitartez.

Hezkuntza zentroen arteko saretzea ekarri duelako eta eskola mistotik hezkidetza eskolara salto egiteko garaia dela gogorarazi duelako, Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana niretzat esanguratsua da. Honez gain, Heziberri 2020 ere niretzat esanguratsua da. Izan ere, emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela errekonozitzen du. Gainera, bai Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planak bai heziberri 2020k eskola mistotik eskola hezkidetzailera joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko asmoz, helburu eta lan ildo zehatzak zehazten dituzte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, eskolan parekidetasun errealaren bidean, hau da, eskola hezkidetzaile errealaren erronka nagusiak ondorengo hauek dira:

  • Hezkuntza komunitatearen formakuntza, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta konpromisoa.
  • Hezkidetzan trebakuntza espezifikoa duen pertsona, hezkidetza plana eta proiektuak aurrera eramateko. Baita, hezkidetza sustatzeko eskola barnean eta kanpoan sortzen diren sareak dinamizatzeko eta parte hartzeko ere.
  • Proiektu hezkidetzaileen bultzapena konpromisotik.
  • Eskolaren egituran eta zerbitzu estrategikoetan hezkidetza plana sustatzeko arduradunen izendatzea eta hezkidetza batzordearen sorrera. Arduradunak hezkuntza komunitateko errealitatearen ordezkaritza izango dira: bai irakaslea, bai langilea ez irakasleak, bai gurasoak, bai ikasleak. Honez gain, eskola kontseiluan berdintasun ordezkari bat egongo da. Era honetan, hezkuntza zentroaren barnean sarea sortuko da. Sare hau inguruko hezkuntza zentroekin handitu egingo da, berritzeguneen bitartez. Honez gain, udalerriko parekidetasun batzordearen bidez, feminismoa lantzen duten udalerriko elkarte eta erakundeekin ere sarea sortuko da.
  • Baliabide eta materialak izatea, hezkidetza plana, proiektuak, hezkidetza sarea… aurrera eramateko.
  • Hezkidetza plana ebaluatu, egoerak aztertu, aldaketak neurtu, eta hobetzen jarraitzeko proposamenak egin.
  • Curriculumean hezkidetza helburuak txertatu eta beste estereotipo sexistak eta bereizkeriazkoak ezabatu.
  • Material ez sexistak sustatzea. Honetarako, materiala aztertuko da eta aldaketak burutuko dira behar izanez gero.
  • Genero-indarkeriaren prebentzioa sustatu eta egoeren aurrean esku hartu.
 
 Eskola hezkidetzailea lortzeko bidean eta erronka hauetara gutxika helduz Lekeitioko Eskola Publikoa ari da. Hona hemen honen adierazle den bideoa:
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina