2022/11/19

Legea eskuan, justizia buruan

Izugarria da hezkidetzaren defentsari zuzendutako lege-erreferentzien kopurua, legedi gaztea dudarik gabe beste esparru batzuetakoekin alderatuz gero. Lege horietako askotan egindako zuzenketek agerian uzten dute bidea egin egin dela baina urruti dugula helmuga. Justiziazko ispirituak zeharkatzen ditu guztiak, ezin bestela izan bizikidetza bermatzea helburu duten legezko testuetan.

Urte luzez entzun eta irakurri ditugu Hezkidetzari lotutako legeek jomuga duten helburuez. Horiek lortzeko moduetatik eta ekintzetatik irakurgaian berritzaile egin zaizkidanak erreskatatuko ditut.

 

Eskoletan epikoa, handia  izan da narratiben epizentroa. Nola eta nondik eraiki ditzakegu bestelako epikak? tankerako galderen inguruan hitz egiten digute Lokatza, pentsamendu feminista narrasean podcastean. Eskoletan epikoa ahaztu gabe jendartearen alde anonimoa, bizitza aurrera daramatenena gehitzeko gonbita luzatzen du Marian Moreno Llanezak bloke honen irakurgaiaren hasieran. Iritsi da, antza, kontakizun berriei, intimoagoei lekua egiteko ordua. Horren lekuko, aurretik laidoztatua izan zen, Annie Eurnaux-ek irabazitako azken Literatura Nobel saria. 

Legea ere bide beretik doa balioak eta emozioak lantzeko guztiok ezinbesteko dugun hezkuntza afektibo-sexualaren beharra azpimarratzen duenean. Mutilak beraien burua zaurgarri agertu eta sentimenduez umetan bezala hitz egitera ausartuko diren unearekin egiten dut amets.

Esperantzara kondenatuak gaudela eta, DBHko mutil gehienen arduren aurreko jarrera buruan, poza eragin dit norberaren eta hurkoaren zaintzari eskainitako atalak, Curriculumari dagokion 17. artikuluko c) atalean dionak:

Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsona zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten”

Curriculumarekin jarraituta emakumeek gizadiaren garapenari egindako ekarpenak txertatu behar dira jakintza arlo guztietan. Banakakoen ekarpenez gain egin diezaiogun justizia edozein mugimenduk baino iraultza gehiago ekarri duen feminismoari bere historia ezagutzera emanda!


Nagore Iturriotzek pedagogia bera ezbaian jarri eta transgresiorako gonbita egiten du https://www.pikaramagazine.com/2019/03/hezkidetzatik-pedagogia-feministarantz/ Pikaran idatzitako artikuluan.


Inor gutxik izango du, modu irekian behintzat, elkarbizitza helburu duen testuon edukiaren kontra azaltzeko ausardiarik.  Youtuber eta influencer batzuk baina sare sozialen bozgorailuaz baliatzen ari dira “genero desinformazioa” deritzona egiten eta zabaltzen, mito matxistak betikotzen. Politiko batzuek eta aipatutako pertsonaia ospetsu horiek esandako mantrak tokia hartzen ari dira hezkuntza esparruetan ere. 2021eko Gazteria eta Genero Barometroak dionaren arabera negazionismoa gero eta gehiago zabaltzen ari da nerabeen artean, indarkeria matxista gai ideologikoa dela esaten baitute horietako batzuk.

Gauzak horrela, ezin egokiagoa curriculum-aren atalean aipatutako esku-hartze hau: Informazio eta komunikazioa teknologien erabilera kritiko eta segurua lantzea.


Batzuen ohoreak eta izen onak, botereak azken finean, besteen sufrimenduak baino pisu handiagoa izateagatik ez-ikusiarena egietari uzteko garaia iritsi da, bestalde.Tratu onen aldeko apustuari lotuta eta pertsonala politikoa ere badela ideiarekin bat eginez ospatzen dut lege berriak edozein susmoren aurrean horren jakinarazpena egitera derrigortzeak. 


Bistan da balioen aldaketa sustatuko duen Curriculumaren aldaketa dela legeek agindutakotik errealitatera jauzi egiteko tresna.  

Oraintsu arte aldaketa aurrera eramango dugunon formakuntza Zuzendaritza taldeen borondatearen eta sentsibilitatearen araberako izan da. Ongi-etorriak legearen 32. artikuluak aipatzen dituen prestakuntza-planak!. 


Hezkuntza eredu eta proiektu berriak ez dute lur hartuko baliabiderik gabe. Ulertezina da alde horretatik Hezkidetza plana hainbat urtez izandako ikastetxeek hori galtzea, hezkidetza berez dabilen jostailua balitz!


Argigarri egin zait aurretik idatzitako Legea, gizarte aldaketarako tresna legeen elementuez gain horiek aurrera eramateko lidergoez eta baliabideez hitz egiten duelako eta, lurra hartuta, legeen eraginkortasuna ezagutzeko baliabideak eskaintzen dituelako. 


Lehen hezkuntzako neska-mutilen mintzo argiak mahai gainean uzten du egiteko dugunaren itzela!









LEGEDIAK PAPERETIK IKASTETXERA SALTO EGITEAN

 


Legerik gabe egia da aldaketak ez direla aurrera ateratzen, edota, gizartea eraldatzeak denbora gehiago eskatzen duela. Baina, batzuetan, lege, plan, protokolo, etab. desberdin mordoa ditugunaren eta hauek aldi berean burutu beharraren sentsazioa daukat.

Guztiak aurrera ateratzea zail egiten da askotan ikastetxeetan, ez gogo faltagatik baizik denbora faltagatik. Utopikoa izan arren, Plan guztiak barneratzen dituen bakar bat planteatu beharko litzateke, ikastetxeei honen ezarpena eta betearaztea errazteko eta horrela benetako eraldaketa hezkidetzailea bultzatzeko.

Argi daukadana da, hezitzaileak heztea dela ezinbesteko neurria aldaketak behar bezala bideratu ahal izateko. Honetan pentsatzean, honakoa etortzen zait burura: Irakasle guztiak kontziente ote dira gizartea eraldatzeko beraien paperaren garrantziaz?

Ikastetxeetako irakasleez gain, familiak Hezkidetzan heztea ere ezinbestekoa izan beharko luke. Ikastetxean landutakoak segida bat izan dezan umeen errealitatean, bestela, ikastetxean gauza bat irakatsi eta etxean beste bat ikusten badute, ez dute argi izango hartu nahi duten bidea zein den. Cárdenas Rodríguez, M. R., et al., 2022en artikuluan dioten moduan: 

“Es de suma importancia que el profesorado posea una formación previa y continuada en coeducación y que toda la comunidad escolar partícipe en la coeducación: las familias y el personal no docente. Educar en la igualdad entre hombres y mujeres es realmente una necesidad, un requisito evidente que exige de todas las personas que intervienen en el espacio educativo un compromiso firme y sólido para ofrecer una educación que busque la igualdad real entre mujeres y hombres

Bestetik, legediarekin jarraituz, Asturiaseko gobernuak prestatutiko infografía hau topatu dut, Hezkidetza LOMLOEn deiturikoa.

Azkenik, aurreko edizioetako Paperak dena aguantatzen du posta gomendatu nahiko nuke, ikastetxeek bizi duten errealitateaz argi solasten baita. 


2022/11/15

Jaiak eta minak

 Jai zalea naiz, nola ez bada?  Gogoan iltzatuta gelditu zaizkit umetako San Juan bezpera gauak. Adin guztietako nekazari jendartea biltzen zen suaren inguruan. Iturtza baserriko Asunek hasitako aldarrikapen oihuek, indarrez errepikatzen genituenak, sakratuak izan gabe naturari lotutakoaren indar atabikoa zuten.


Gabon Zaharreko ospakizuna ere maite nuen umetan. Nagusiek beraien taldean hartzen gintuzten eta oso gazterik hasi ginen bomitolarria eragiten zigun kafe hutsa hartzen, haiekin kartetan igaro behar genuen eta gau osoa. 

Ospakizun horietan elkar zaintzen zuen taldea izatearena ez zen fantasia!


Urteak aurrera joan ahala jai batzuetako gazi-goxoak trabatuta gelditu zitzaizkidan eztarrian; etsipenez hartu nuen gurasoek antzeztutako Errege egunekoa, ederra ziria!


Gaztaroan sexu grinak bere bidea egiten ari zen arren amorragarria egiten zitzaidan Gabon Zahar bezalako eguna izate hutsagatik edozeinek musua emateko atrebentzia. Desatsegina egiten zait ordutik talde senak lagunduta-edo gizon batzuk jai giroan orroaka ibiltzeko ohitura, ozena izanagatik are ulergaitzagoa adierazi nahi dutena.


Erraz egiten dut salto artaldearen orrotik tradizioaren gordezale arazen aldarrikapenetara.

Txalogarria da hainbat herritarrek jai ohitura batzuk berreskuratzeko egiten ari diren ahalegina, bejondeiela! 

Usain txarra darie baina guztiaren gainetik tradizioa babesten dutenen diskurtsoari.  “ Beti izan da horrela” baino esaldi hutsalagorik!


Jendetsuak izaten ziren lehen ere jaiak hemen eta han. Pandemiaz geroztik bizitza ospatzeko amorrazioak hartu ditu kale eta plazak. Usadioa errebisatzetik urruti ikusten dut alkoholez betetako poltsak hartuta zer herriko jaietara doan osta-osta dakien gazte-oldea.


Maite ditut hautsa kenduta gerra hotsa egiten ez duten danborradak, adin eta era guztietako jendartea biltzeko indarra dutenak eta urkoa molestatzeko gai ez den gizasemea etxean gelditzera gonbidatzen dutenak. Har gaitzala jaiminak!


2022/11/14

JAIXETAN ERE BAI FEMINISMOZ BLAI!!!

            Egia da euskal herrian, beste leku askotan bezala, ospakizun eta jaien inguruan mugitzen garela, eta bertan gertatzen den guztia gure gizartearen islada dela. Horregaitik da hain garrantzitsua fokoa ere jaietan ipintzea, beste esparruetan bezela, bertan ere gertatzen direlako egunerokotasuneko bizipenak eta askotan modu biziagoan, sentimenduak eta emozioak jokoan sartzen direlako.

            Hezkuntza munduan eta baita jaiak antolatzerakoan ere gazte mugimenduetatik, uste dut gauzak aldatzen ari direla eta gero eta gehiago aztertzen ditugula hezkidetzaren ikuspuntutik ospakizun eta jaiak. Dena dela bide luzea dago egiteko… emakume guztiak aske eta beldur barik gure kaleetan ibiltzeko aukera izan arte!!! Honekin lotuta abesti hau ( Matxito kontuz ibili!) aproposa iruditzen zait.


Horrexegaitik sortu dut irudi hau, gaian sakondu eta gero argi geratzen delako, jaietan ere feminismoa eman eta zabaldu behar dela eta esaldia aproposa iruditu zait EHUko lema delako, beraz, ikastaroaerekin zerikusi haundia duelako.

Aurreko edizioko ondorengo sarrera hau aukeratu dut, Hondarribiko alardearen inguruko gatazkak urteak eta urteak daramalako pil pilean eta izenburuarekin egiten duen lotura  oso aproposa dela uste dudalako. Gainera gai honetan, duen garrantziarekin, politikarien esku hartzea oso eskasa izan zela eta dela uste dut; dena dela, duen garrantzia kendu gabe, egin duen Memea ere sortzailea iruditu zait.

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/11/jai-al-dugu.html

Bestalde, hezkuntza eremuan ospakizunak prestatzerakoan, hezkidetzaren ikuspegitik begiratzen hasteko, ni bi galdera hauek egingo nituzke, beste batzuen artean:

-         -  Komunitate osoaren parte hartzea sustatzen du?

-          - Esterotipoetatik at dauden ekintzak proposatzen dira? Eta ekintza hoiek anitzak dira?

Bukatzeko, nire ustez aurreko guztia eremu hezitzailean lantzeko erronkak hauek izango lirateke:

- Komunitatearen formakuntza ( ikasle, irakasle, familia, begirale,…), kanpo zein barne formakuntza.

- Antolatuko diren ospakizunak klaustroan ikuspegi hezkidetzaile batetik hausnartzea.

- Ekintzen aukeraketan kritikotasuna bultzatzea eta hausnarketa egin eta beharra ikusten denean, aldaketak egitea: musika aproposa aukeratu, generoesterotipoetatik at dauden ekintza,…aukeratu,…

- Parte hartze parekidea ziurtatzea.

- Memoriak egiterakoan ikuspuntu hezkidetzailetik aztertzea;  hurrengoetarako hobekuntzak proposatuz.

Beraz… FESTETAN ERE BUSTI GAITEZEN!!

Horrelako gertakariak gero eta gutxiagotan eman daitezen:

https://www.berria.eus/albisteak/137012/eraso_sexisten_aurkako_kanpainak_zornotzako_eta_ordiziako_jaietan.amp.html





2022/11/13

OSPAKIZUNETAN ERE.... BERDINTASUNA!!!

 


Jaiak eta ospakizunak, ospakizunak eta jaiak: zenbat hausnartu behar kalean zein ikastetxeetan!!! 

Eta askotan, badirudi  aurrerapausoak  eman ditugula, baina... betaurreko moreak janzten baditugu... egia ikusiko dugu. Hori, Olentzeroarekin gertatzen da, hain zuzen. Mari Domingi agertu zenean pentsatu genuen: "hala, jada ez da ekintza matxista bat, emakumea ere dago irudikatuta, orain bai parekideak gara". Bufff! ze inozenteak (edo inkontzienteak)!!!. Eta, aurkitzen duguna, beste gauzen artean, da  Aritz Ibañezek esaten duena: “Olentzero gizona bada, emazte bat behar du ondoan? Zergatik behar du heterosexuala izan? " Edo  Lutz Long izenpean ageri den blogariak esaten duen bezala, “emakumeen figura prestigiatzeko sortu den pertsonaia hori, praktikan, Olentzeroren laguntzaile huts gisa ageri da, hau da, emakumearen bigarren mailako papera finkatzen du: Olentzero da garrantzitsua, eta Mari Domingi alboan du besterik gabe, edo Olentzero ezin joan den lekuetan agertzen da. Azken batean, 24ko gauean beti Olentzero etortzen baita etxeetara, ez besterik. Mari Domingi, sra. de Olentzero”. 

ZENBAT GAUZA HAUSNARTU BEHAR!!! 

Eta egia da, askotan, lantzen ditugula hezkidetzarekin zerikusia daukan gai bat, eta bueltan, kanta matxista bat lantzen dugula eskolako azken jaian antzezteko.     

 😕😕

Horregatik guztiagatik, Ikastetxeetan hausnarketa serioa egin behar dugu: zer trasmititzen dugu benetan? 

Baina beste alde batetik, jaiak ditugu, ez bakarrik ikastetxeetakoak, baita herrietakoak  ere. Eta horren harira, galdera bat luzatzen diot neure buruari: zergatik beti emakumeok babestu behar dugu gure burua? Zergatik guk gara neurriak hartu behar ditugunak? Zergatik ezin dugu lasaitasunez disfrutatu? Eta konturatzen naiz oraindik bide luzea geratzen zaigula.  


Eta hauxe da "matxito" guztiek ulertu behar dutena: ez ditugula nahi, eta ez ditugula behar.  Hare gehiago, "benetako pertsona" izateko ez da "matxito" izan behar. 

Eta horretarako, mutilak hezi behar ditugu (eta ez bakarrik emakumeak). Txikitatik, eskoletan, mutilak hezi behar. Horren harira hemen uzten dizuet  Emakundeko "Nahiko" programan izandako hitzaldia Miguel Angel Arconada Meleroren eskutik.  

 

"Promover en las aulas masculinidades comprometidas con la igualdad"


Orain arte esandako guztia kontuan hartuta, eta Ainhoak esaten duen bezala  aurreko edizioetako post batean, festen sinbolismoa aztertu beharko genuke. Berak oso ondo, eta modu laburtuan, adierazten du ekintza askotan ez dugula ikuspuntu feminista batetik transmititu beharko genukeena transmititzen. Horregatik, jaiak eta ozpakizunak aztertu beharko genituzke.

Eta amaitzeko, planteatu beharko genituzke erronkak (beste batzuen artean), hauexek izan beharko lirateke, nire ikuspuntutik:
  • Klaustroetan, ikastetxeetan egiten ditugun jai eta ozpakizunei buruzko hausnarketa sakona egin.
  • Miguel angel Arconadarekin batera mutilak hezi berdintasunean.
  • Herri guztietan protokoloak egin emakumeak lasai eta libre egon gaitezen jaietan.