80.hamarkadan hasi eta 90.hamarkadatik aurrera indarra hartuko duen ikuspegi feminista berriak, sexu eta generoaren adiera hau kritikatu zuen eta sexua ere (ez soilik generoa), erikuntza soziokultura bezala ulertzen hasiko da. Ikuspegi honek, sexua biologiaren (kromosomak, zelulak, gonadak, hormonak, hipotalamo-hipofisia, genitalak...) ikaskuntzaren, heziketaren eta kulturaren bidez definitzen den kategoria bezala ulertzen du.
Horri esker, errealitatea ulertzeko baliabide berriak eskaintzen dizkigu, muturreko sexu bi direla baztertu eta anitzen arteko ezberdintasunak adierazi, intersexualitatearen errealitatea agertzen du esaterako. Errealitate honek ezaugarri genital, kromosomiko, gonadal, etab. guztiak, aurkakoak diren bi kategorietara mugatu beharrean, continuum batean kokatzen ditu. Arra (gizona) eta emea (emakumea) kategorietara mugatu beharrean, honetatik eratorri daitezkeen sexu eraikuntza anitzak ulertzen ditu. Beraz, bai generoa eta baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla baiezta genezake. Egungo jendartea eredu dikotomiko honen gainean eraikia da eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntza...) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez.
Baina ez hori bakarrik, Queer teoriak azaltzen duen moduan, kategorien erabilera auzitan jarriz, kontraesanak agerian uztea ezinbestekoa da. Politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko krisia aitzakia gisa erabiltzen ari diren egunotan, intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu. Horregatik, gogora ekarri nahiko nuke, Ane Leniz-en post hau. Izan ere, kontzeptuaren inguruko ekarpen interesgarriak egiten dituela iruditzen zait.
Hezkuntzak, sexu-genero sistema horren erreprodukzioan eta biziraupenean, sarritan presentzia izaten jarraitzen du. Esate baterako, egun lanean nagoen eskolan, oso gizonezko gutxi dira irakasle. Gainera, dauden gutxi horiek, Heziketa fisikoko irakasle, ikasketa buru edota Lehen Hezkuntzan tutore gisa dihardute. Haur Hezkuntzan, gizonezkoen prsentziarik ez dagoela azpimarratu nahiko nuke, eta argi dut hori ez dela kointzidentzia edo kasualitate hutsa.
Sexu-genero aginduak betetzen dituen adibide bat princelandia-rena da. Neskei zuzendua dago eta sortzaileen aburuz, edertasunaren bidez "heziketa" gauzatzen dute. Bertan, printzesaz mozorrotu, atzazalak margotu, orraztu eta apaintzen dituzte, karaokeak eta desfileak bezalako ekintzak urtebetetze ospakizunekin konbinatuz. Izugarria benetan. Neska txikientzako zuzendua dagoen arren, beraien amekin batera ekintza berdinak burutzeko zerbitzua eskaintzen dute. Espainian ez ezezik, Mexiko, Portugal eta Estatu batuetan ere zabaldu da. Administrazio publikoaren diru laguntzak jaso izan dituzte polemika piztuz eta kritika eta salaketa ugari jasoz.
Baina badira, gertuago eta haur hezkuntzako irakasle naizen aldetik, eguneroko jarduna burutzeko erabiltzen ditugun baliabideetan, sexu-genero sistemak sortutako estereotipo hauek plazaratzen dituztenak ere. Esaterako, Urtxintxa metodoak aurkezten dituen ipuin gehienetan, emakumezko eta gizonezkoen rolak oso markatuta agertzen dira: arropen koloreak, lanbideak, izaerak, jarrerak... Horiek guztiek ikasleen identitatea eraikitzeko prozesuan eragiten dielarik.
Zorionez, geroz eta kontzientzia handiagoa dago gai honen inguruan eta poliki-poliki genero ikuspegia kontutan izanik, baliabide berriak sortzen joan dira. Hemen, sexu-genero sistemak ezarritako estereotipoak gainditzeko eta hezkidetzan hezteko ipuin batzuen bilduma bat.

