2016/11/05

Genero-indarkeriari buruz hausnartzen

Zaila egiten zait gaiak sortzen dizkidaz sentimenduez idaztea. Tristura eta haserrea amorru bilakatuz doaz, eta borrokarako gogoak pizten dizkit. Baina nondik hasi?

Ikaskide ugarik aipatu dute haien hausnarketetan botere publiko eta judizialek salaketen gizarteratzean jolasten duten papera; Gertakizuna jazo, gizarteak salatu,  eta goazen bakoitza berera dio Idoiak bere post-ean (ezin adosago egon). Ziurrena, denok darabiltzagu buruan aste honetan irakurri ditugun estatistikek aipatzen dituzten zenbakiak:
"Estatu mailan, iaz, 54 emakume hilik, 3 Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Estatuan 126.742 salaketa egon ziren, 2013an baino %1,5 gehiago, bost urtez behera joan ondoren . Haietariko 3.990 EAEn eta 1.328 Nafarroan." 
Matxismoak hil dituen emakumeak. Argia
Eta naiz eta identifikatzeko zailak egiten zaizkigun, pentsatzen jarri garen guztiok ohartu gara genero-indarkeria motaren bat jaso izan dugula, gutxitan edo sarritan, gure bizitzan zehar: eskolan, lanean, etxean, kalean...

Burura etorri zait gaztetxoa nitzela, Bilbon autobus geltokira bidean, gizon batek berarekin zihoan emakumea bultzatzen ikusi nuenekoa. Emakumeak estropezu egin zuen, eta lurrera erori zen. Eskua luzatu nion altxatzen laguntzeko, baina emakumeak ukatu egin zuen laguntza. Gizonaren oihuen artean aldendu nintzen, minduta eta amorratuta. Ez dut errudun sentimendua guztiz desagertarazi; gehiago egin nezakeen, udaltzaingoa deitu agian, edo gizon hari aurre egin. Emakume haren egoera aurrerantzean (eta aurretik) nolakoa izan ote zen imaginatu dut maiz. Eta oraindik galdetzen diot nire buruari zergait izan ote nintzen ni, 16 urte eskaseko nerabea, inguruan zegoen jende ororen artean emakumearengana hurbildu zen bakarra.

Hausnarketarekin hasi nintzenean, iaz ikusi nuen bideo batekin oroitu nintzen. Genero-indarkeriaz hitz egiten dio alaba batek, jaio aurretik, bere aitari. Bideoak kritikatzeko hainbat esaldi dituen arren, funtsean emakume asko identifikaturik sentitu daitezke bertan agertzen diren indarkeria pasarteekin.



Asko gustatu zait iaz Neu Nabigatzera ikaskideak idatzi zuen sarrera. Bereziki, bertan agertzen diren Mikromatxismoaren inguruko bideoek erakarri naute. Ernai antolakundeak 2014-ko kanpainarako sortutakoak dira, eta gazteen artean kontzientzia sortzea zuten helburu. 

Izan ere, hori da nire ustez nire eremu hezitzailean lantzeko dudan erronka nagusienetako bat: gazteen artean kontzientzia sortzea. Azken ikerketen datuak ikusita eskuak burura eramaten ditut nahi ta nahi ez. Gazteek, haien gurasoek baino jarrera matxistagoak erakusten dituzte. Politikoki egokia den diskurtsoa dugu guztiok, genero-indarkeria gogaikarria da. Baina zer gertatzen da indarkeria sinbolikoarekin? Ez al dugu bada genero-indarkeria gisa ulertzen?

Hausnarketarekin bukatzeko, indarkeria matxistaren inguruko eztabaida hau utzi nahiko nuke hemen: Aitziber Eguskiza, Idurri Eskisabel, Josebe Iturrioz eta Nora Alejos-ek genero-harremanak, botere-harremanak, espazio publikoa eta autodefentza fenimistaz hitz egiten dute bertan.


Genero- indarkeria, ikusezintasunetik azalera

Hausnarketa:

Genero- indarkeriaz ari garela, esanguratsuak dira datuak: urrutira joan gabe Espainiar estatuan, orain dela urtebete, 54 emakume erail zituzten. 2016an Espainiar estatuan hainbat eta hainbat erailketa izan dira jada; Euskal Herrian uda honetan herriko jai askotan, eraso sexistak. Niri behintzat, ematen dit zer pentsatua.

Genero- indarkeria esango diogu emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten dituzten tratu txar psikologiko, abusu, agresio fisiko eta ustiapen sexualei. Honetarako, kontuan hartu behar da egun oraindik estereotipo sexistak ez direla desagertu; gizonen ezaugarri baloratuenak ausardia, tinkotasuna, konpetibitatea… dira eta emakumeenak aldiz, edertasuna, sentsibilitatea, enpatia… Gizonei aurrez suposatzen zaie kontrola, indarra, boterea. Emakumeei, sentimenduak lehenetsiko dituztela, zaintzarako prestatuko direla, mendeko izateko. Eta genero- indarkeria egon badago, hein handi batean, estereotipo sexista guzti hauen irakunkortasunagatik da.

Indarkeria muturrekoa izan baino lehen, sotila, nolabait “ikusezina” da, baina hor dago: hizkuntza sexistan, mikromatxismoetan, publizitate sexistan, emakumearen irudiaren kosifikazio sexualean, mespretxuetan, kontrolean… Hor dago eta min asko egiten du.

Hausnarketarako bi bideo uzten dizkizuet, labur labur ikusezintasunaren eta mikromatxismoen inguruko azalpenekin eta egunerokotasunean bizi ditzakegun hainbat egoerekin, Irantzu Varelaren eskutik, umorea estrategikoki erabiliz:






Honen harira, June Fernandez-en hitz batzuk ekarri nahi nituen hona:

“Mikromatxismoez ari bagara, mikroiraultzekin erantzutea izan daiteke bide posible bat. Gehiegizko ardura da milurteko sistema patriarkala suntsitzea, baina nire esku dago ni, emakume, ahal dudan libreen bizitzea; gizarte sexistaren arauak pixkanaka apurtzea (nire kontraesanak onartuz) eta jabetze prozesu hori beste emakumeekin partekatzea. Gizonen kasuan hori ere izan liteke konpromiso berdin zalearen isla zintzoa, “matxirulo” jarrerak alde batera uztea, txalorik espero gabe maskulinitatearen pribilegioei uko egitea. Feminismoan nabaritzen dut gero eta gehiago garela militantzia zorrotzaren ordez zaintza (gurekiko eta gure kideekiko), umorea eta plazera erdigunean jartzen ditugunak. Matxismoaren aurka irtenbide eta mendekurik onena gizaki aske eta zoriontsuak izatea baita”.  

Iazko ikastarokide baten ekarpena:

Iazko ekarpenak irakurriz, Aida eta Itsaso Gernika BHI-ren ekarpena gustatu zait. Banaketa egiteko modua, emandako adibideak, bideo zein irudiak, oso ulerterrazak suertatu zaizkit. Gainera gustatu zait lema: desikastea posible da!


Eremu hezitzailean lantzeko erronkak:

- Komunitate osoan genero- indarkeriaren inguruko kontzientzia piztea
- Estereotipo sexistetatik eta heteronormatibitatetik at egongo den heziketa bermatzea.
 Maskulinitate hegemoniko eredua kolokan jarri eta beste eredu positibo batzuk erakustea.
- Maitasun erromantikoaren mitoarekin apurtzeko maitasunaren kontzeptua lantzea.
 Indarkeria mota guztiak azaleratzea, guztiak larritasun beraz gaitzetsiz.



AMILDEGIRA GARAMATZAN GURPILETIK IRTEN

Genero-Indarkeriaren inguruan sensazioa daukat amesgaiztoaren puntu berean urte asko daramatzagula. Marko teorikoa eta juridikoa badago. Gertakizuna jazo, gizarteak salatu,  eta goazen bakoitza berera. Honen ildoan, aste honetan Burgosen erahila izan den kazetariaren heriotzaren harira, Luz Sanchez-Melladok El País-en idatzitakoa ekartzen dut, errekurtsoen ezagutza azpimarratzen duelako, baino…


Azaroaren 25aren inguruan sentipen berdina izango dugu. E! Ez noa esatera beharrezkoa ez denik! Baizik eta formula honek ez dituela emaitzak nahi bezala ematen, eta berriro ere hezkidetzaren garrantzira goaz.

Horregatik, gure aldetik, zer egin daitekeen aztertuta, eta irakurgaian aipatzen diren esku hartze hezkidetzailerako izan daitezkeen lan ildoei helduta urgentziazko bi helduko nituzke (beste guztiei uko egin gabe):

 1.- Maskulinitate hegemoniko eta feminitate subordinatuen ereduak kolokan jarri eta beste eredu positiboak erakutsi. Mutilei enpatia eta sentimenduen esparrua garatzeko eta neskei autokonfiantza eta botere pertsonala garatzeko (ahalduntzeko) ikasketa egoerak planteatu (jakinik ahalmen guztiak bai neskak eta bai mutilak garatzea dela helburu).

2.- Maitasuna kontzeptua landu: maitasun erromantikoaren mitoak aztertu, dominazio-sumisio harremanak identifikatu eta berdintasunezko eta kontsensuzko harreman mota desberdinei espazioa eman, bistarazi.

Azkenaldia, pil-pilean dagoen eskola jazarpenaren gaian ere, gero eta garrantzia gehiago ematen ari zaio enpatia lantzeari eta “begira geratzen direnenetan” erreakzioa pizteari. Hezitzaile bezala (guraso bezala) bi puntu horiek praktikan jartzen saiatzen naiz. Mutilengan enpatia eta sentimenduen esparrua garatu, eta indarkeria matxista zer den adierazi, eta zein eremutan eman daitekeen azaldu, argi izan dezaten. Mutilek asko egin dezaketelako indarkeriaren aurka, pankarta baten atzean jartzeaz gain.

Neskengan botere pertsonala garatu. Eta ez dezatela maitasunaren kontzeptu erromantiko-pean botere hori galdu. Eta ez dezatela bikotearen kontrola inola ere onartu, are gutxiago “asko maite nau” sinestuta. Funtsezkoak iruditzen zaizkit bi gai horiek, eta hori, eskolan bai, baina etxean ere adierazi behar da.

Iazko ekarpenei dagokinez, asko dira interesgarriak baina honakoan agertzen indarkeriaren hirukia oso adierazgarria iruditu zait.

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/hezkidetza-da-genero-indarkeria.html




Bukatzeko, ikusi ditugu zeintzu diren indarkeria mota, baina hezitzaile bezala, arreta berezia jarri behar zaio wasap eta gailu digitalen bidez eragiten denari, Zentzu honetan, Pantailas Amigas orrialdean, informazio interesgarria egoten da (guraso bezala baliagarria izan zait) eta badu atal berezi bat horri bideratua, gida eta guzti. 


http://www.pantallasamigas.net/otros-webs/violencia-sexual-digital-info.shtm




NAHIKOA DA!!!


Genero indarkeria “ emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten dituzten tratu txar psikologiokoak, abusuak, agresio fisikoak eta ustiapen sexualak dira.

 Unibertsitateko urte haietan, ohikoa den bezala, pisu batean bizi nintzen, beste 3 lagunekin. Bazkal ondoren telebista ikusten ari ginela, neska bat oihuka entzun genuen, balkoira atera ginen, lehenengo pisuko bikotea zen, mutilak neska iletik tiraka lurretik arraztaka zerabilen panpina bat bailitzan, udaltzainari deitu genion, segituan etorri ziren… Bikote hark batera jarraitu zuen, (guk ezin bagenuen ulertu ere) handik aurrera mutil hura igogailuaren zai ikusten bagenuen, eskaileretatik igotzen ginen bostgarren pisura. Neska hura ikusten nuen bakoitzean bihotzak buelta ematen zidan. Ikasturte hartan beste bi aldiz entzun genituen oihuak, udaltzainari deitu eta segituan etorri ziren. Ikasturte amaieran pisu hura utzi egin genuen, haiek ordea han jarraitu zuten.

Datuak zirraragarriak dira, OMEren datuen arabera munduan emakumeen %35ari eragiten die biolentzia mota honek. Europan 62 milioi emakumek indarkeria fisiko eta sexuala sufritu dute. Zaila zait ulertzea datuak horrela oraindik ere jasaten dugun indarkeria sinbolikoakomunikazioaren, ezagutzen eta narratiben bide sinbolikoaren bitartez eragiten duena da. Biktimentzako ikusezina da munduko errepresentazioan eta kontaketa misoginoetan emakumean ezezkotasun eta gutxiagotasun esparruan kokatzen baitira

Baditugu hainbat erronka honi eurre egiteko:
-Hezitzaile eta gurasoentzat formazioa
-Hezitzaileok estereotipoak gainditzea, eredu izatea.
-Ikasgelan erabiltzen den materiala aztertu eta baliabide hezkidetzaileak txertatzea.
-Neskei indarkeriaren aurka beraien burua defendatzen irakastea
-Indarkeria jarrera guztiak bistaratzea.
-…

Iazko postei begira, ez da erraza izan bat aukeratzea. Post honetan ikasleekin mikromatxismoa lantzeko baliabide interesgarriak daude. 

2016/11/04

EZKUTUKOA AZALERATUZ

Mendeetan zehar eta gaur egun oraindik, emakumeak objektu bezala begiratu izan dituzte zientzia sozialek zein komunikabideek haiei ahotsik eman gabe eta oraindik ere, ukatzen zaie existentzia soziala.  Alegia, begirada soziala, mediatikoa, akademikoa beti egon da gizonezkoongan zentratua. Hori dela eta, gizonezkoak emakumeak baino gehiago direla uste izan dute, emakumeei bere askatasuna ukatuz. Beraz hori kontuan izanik esan daiteke, gaur egun modu sistematizatuan jasaten ditugula emakumeok mikromatxismoa eta gizarteko edozein esparrutan presente dagoela; kalean, etxean, lantegian, garraio publikoetan etab. Ausartuko nintzateke esatera, tamalez emakume guzti guztiek jasan dituztela noizbait abusu txikiak, jazarpenak edota presioak.

            Eta eraso horiek, hain presente daudenez gure gizartean, nolabait normalizaturik daude, onartu, toleratu eta batzuetan barregarri suertatzen dira. Hori dela eta esango nuke emakumeok gizartearen aldetik eraso bikoitza jasaten dugula; izan ere, alde batetik iruzkin lizunak, ukipenak, jazarpenak … pairatzen ditugu, eta gutxi ez balitz, eraso horiek sorturiko emozio eta sentipenak erreprimitzen ditugu, eragingo duten erantzunaren beldur bai gara. Sarri, paranoikoak edo histerikoak garela ikustarazten digute; hori dela eta, emakumeak beraien burua zalantzan jartzen dugu eta ez diegu erasoei aurre egiten.  Jimenok ( 2014) dioen moduan ez dugu ezer egiten; “somos educadas para cuidar y para aguantar, para no responder a la violencia con violencia, sino con llantos y súplicas’.

          Mikromatxismo eta biolentzia sinbolikoarekin loturik, gorputza aipatzea beharrezkoa jo dut, emakumeon eredu konkistatua. Ez dago lege jakinik esaten duena nolakoa izan behar den giza gorputza, baina ezarritako bidetik urruntzen bazara; hau da, zure gorputza ez baldin badator bat kanonekin, bortizkeriak pairatzeko arrisku dago. Besteak beste nik esperimentatu eta ikusi izan ditudanak ondorengoak dira: mespretxuzko begiradak, zure tailako arroparik ez aurkitzea, irainak, diskoteketako sarrera oztopatzea edota ez ustea sartzen etab. Presioak itzelak dira, eta sarri emakumeak gure gain jartzen dugu presioa kontziente izan gabe.


Horrez gain ohartu naiz, mutilak iruzkin lizun gehiago egiten dituztela taldean doazenean. Eta nik hori, maskulinitatearekin lotzen dut; hau da, mutilen etengabeko lehiakortasunarekin. Otxotorenak (2014) aipatutakoa plasmatuz, esan daiteke mutilek etengabe demostratu behar dutela zer ez diren, eta kasu honetan, ez neska ez homosexualak ez direla, aditzera eman  nahi dutela uste dut. Hori dela eta neskak iruzkin lizunekin josten dituzte. Norbere segurtasun eza hurkoarekin ordainduz, hurkoa erasoz.

Beraz, hori guztia kontuan izanik ohartu naiz, zaila egiten zaigula gure kulturaren presioa ikustea, hori dela eta onartu egiten dugu nahiz eta honek ondoeza sortu gugan.  Gizartearekin kritikoak izan daitezen eta beraien nortasun zein gorputza askatasunez gara dezaten. Horretarako ondorengo erronkak funtsezkotzat jotzen ditut:
  • Komunitate osoan genero indarkeriaren gaineko kontzientzia bermatu, formazioa eskaini, irizpideak, laguntza, errekurtsoak aurre egiteko. 
  • ·         Ikasleak berdintasunezko harremanak izan ditzaten esku-hartzeak egin (curriculum ezkutua, dinamikak).
  • ·         Gizarteak bidaltzen dituen mezuen kontzientzia hartu eta horiek aurrean jarrera kritikoa izatea. Nondik datoz? Zein da nire jarrera mezuen aurrean?
  • ·         Hezitzaileok eredu izan.




Aurreko urteko ekarpenei dagokionez,  http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/honako-hauxe-da-genero-indarkeria.html     aukeratu dut. Eskoletan indarkeria lantzeko hainbat estrategia interesgarri plazaratzen dituelako, eta horrez, gain estrategiak adibidez josten ditu etapa bakoitzerako proposamenak eginez. 




Ondorioz, finean kontuan izan behar dena da,  nondik datorren mikromatxismo hau eta ohartu guztiak bizi eta hezi garela beratan. Gizarte patriarkatuaren ondorioa da. Eraikia da, desereraiki daiteke !!   


soluzioak aurkitzen ditugu arazoak sortzen dituen kalteak minimizatzeko, baina ez dugu arazoarekin errotik mozten









Maitasun erromantikoaren inguruko kantu batekin usten dizuet, ea nik bezain beste atsegin duzuen. 





Bibliografia:
·         Jimeno, B. ( 2012). “Mujeres y violencia”. Kontsulta: 2016/11/04. Iturria: http://www.pikaramagazine.com/author/beatriz-gimeno/
·         Otsotorena, M. (2014). Mikromatxismoa. Bizikidetza: generoa eta harremanak, HUHEZI, Eskoriatza, 2014-11-26.


Indarkeria Matxistaren Gosariak Egunkaria


Gaurko egunkarian aste honetan ikasitakoa laburbildua ageri da.
Egunkaria zergatik? egunero iratzargailua jo orduko GOSALTZEN, BAZKALTZEN  eta AFALTZEN dugulako Genero–Indarkeria.



Iaz Marijose Sotok Genero–Indarkeriaren inguruan egin zuen posta osoa eta interesgarria iruditu zait.  Amaieran jartzen duen irudia eta horren inguruan botatzen duen galderak hausnartzera eraman nau.  Zertaz ari naizen jakin nahi? hortxe duzue ikusi nahi izatekotan:

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/genero-indarkeriari-buruz-hausnartzen.html


Azkenik Alicia Murillok egindako bideo bat utzi nahi dizuet. Ikusten dudan bakoitzean uzkurtu egiten naiz baina, aldi berean ahalduntzearen prozesuan eman beharreko urratsak birgogoratzen dizkit. Egunero bizitzen dugun egoerekin lotura zuzena du.




2016/11/03

EMAKUMEAREN KONTRAKO INDARKERIA BASATIA SEME-ALABAK ERABILIZ


Aste honetan ikastaroan inflexio puntu bat egon dela sumatu dut. Bagabiltza, pixkanaka, metodologiarekin ohitzen eta gero eta sakonagoak dira ekarpenak, hausnarketak. Interesgarriak dira guztionak; ikuspuntu antzekoa dugu, bai, baina ideiak osagarriak dira, batzuk besteekiko, eta horrek asko aberasten du ikasketa prozesua. Zein ondo!!

Genero indarkeria, emakumearen kontrako indarkeria, indarkeria matxista. Fisikoa zein psikologikoa. Ugalduz joan dena, azken bi urteotan. Forma ezberdinak hartzen dituena, klase sozialez, etniaz eta adinez ezagutzen ez duena. Patriarkatuaren magalean mendetan zehar eraikitako sexu-genero sistema binario honek trinkotu dituen estereotipo eta rolen oinarrian dagoen dominazio-menekotasunaren isla larriena dena. Maiz, ikusten ez dena. Beti, emakumearen indarra eta duintasuna suntsiarazi nahi dituena. Emakumea objektutzat duen pentsaerak eragina. Gure borrokarik irmoena piztu beharko lukeena.

 



Galdetzen zeniguten ea nola den posible egoera hau BERDINTASUN LEGEAK indarrean badaude, bai Estatuan baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Hona hemen erantzuna, ikuspuntu juridiko batetatik aztertuta: lege testu guztietan ageri den berdintasun printzipioa, erabat FORMALA da. Berdintasun formala aldarrikatzen da. Ez da bermatzen, inola ere, berdintasun erreala. Proklama bat da. Printzipio adierazpen bat. Justizia balorearen ondorio zuzena eta logikoa. Ekitatezkoa. Beharko lukeena. Baina ez da erreala. Ez gizonen eta emakumeen berdintasuna, ezta arrazen artekoa, ezta erlijio edo ideologiei dagokiena ere. Ez dago berdintasun errealik ia inon. Formala, bai. Hori, lege ia guztietan. Nazioartekoetatik hasita, lokaletara iritsi arte.

Berdintasun erreala bermatzeko, botere publikoak daude. Eta genero indarkerian, zehazki, BOTERE JUDIZIALA dago. Epaitegiak, hain zuzen ere, indarkeria matxista ikertu eta, existitzekotan, zigortu behar dutenak. Baina patriarkatuak tentakulu luzeak dauzka, oso. Gure gizartearen egitura guztietan dago txertatua. Baita legea interpretatu eta aplikatu behar den guneetan ere! Egun indarrean dagoen Prozedura Zibileko Legearen 416. artikuluak argi xedatzen du emakumeak ez duela bere senarraren aurka deklaratzeko beharrik eta hala gogoratzen zaio tratu txarrak jasan dituen emakumeari, egunero, epaitegietan!!! Izatez, Fiskaltzak, kasu gehienetan, arrazoi hori dela medio erretiratu behar ditu kargu guztiak indarkeria erabili duen gizona aske geratuz (http://noticias.juridicas.com/actualidad/noticias/3121-la-negativa-de-la-mujer-a-declarar-en-contra-de-su-marido-principal-causa-que-obliga-a-la-fiscalia-a-retirar-cargos-a-un-maltratador/ ). Frogak eskatzen dituzte, gainera, eta ez dira erraz lortzen. Batez ere, psikologikoetan.

Eta indarkeria psikologikoari buruz ari garela, ekarpen xume bat egin nahi dut. Ondo ondoan egunero larregitan ikusten ari naizen egoera bati egiten diolako erreferentzia, hain zuzen ere. Banatu diren emakumeei, seme-alabak erabiliz, senar ohiek eragiten dieten tratu txarrei buruz ari naiz. Umeak manipulatuz, ama txikitu egiten dute. Ez diete joaten utzi nahi, ez dute bikotearen haustea onartu nahi. Amarekin kateatuta jarraitu nahi dute, nolabait. Eta ustelkeria osoa agertzen da, orduan. Zaintza partekatua eskatuz, askotan, umeak amarekin ez egoteko, aitek umeekin egoteko denborarik ez badute ere. Ez dut zaintza partekatuaren sistema berez kolokan jartzen, patriarkatuak azken urteotan zaintza sistema horri inprimatzen dion erabilera matxista bai, ordea. Berdintasuna umea amaren sabelean dagoenetik eman behar da, amatasunari eta aitatasunari dagokionez. Hor hasi behar da martxan jartzen gurasokidetasuna. Eta gurasokidetasun hau ondo doanean, sendoa denean, nahiz eta gero bikote harremana bukatu, ez da zalantzan jartzen seme-alabekiko bi gurasoek izan duten dedikazioa. Baina egoera hau gutxitan ematen da. Ezberdinkeria da nagusi, berriz ere. Elkarbizitza hasten denetik bikotea hautsi eta gerorarte ere. Eta azken eszenatoki honetan, gainera, krudeltasunez ama zanpatuz. Zaintza partekatua, biona izandako eta senarrari egotzitako etxebizitza (edo honen erdia) emazte ohiari merkeago saltzeko edota pentsioaren kopurua gutxitzeko arma lez erabiltzen hasiak dira gizon asko. Zaintza partekatua eskatzen bularra hartzen duten umeekiko!! Adin txikien ahotsa entzun gabe ematen dute zaintza hau, ia automatikoki, epaitegiek, gaur egun. Baita, maiz, aitak seme-alabei sexu erasoak eragin dizkienean ere!! Ikaragarria da egungo errealitatea gai honetan. Psikologo, terapeuta eta abokatu asko ari dira gorriak eta bi pasatzen milaka kasurekin. Bikotea hautsita gerra hasten da eta sistema gizonaren alde jartzen da gehienetan, egoerari so egin beharrean. Zaintza partekatua, beste sistema guztiak batera, egokia izan daiteke. Dudarik ez. Baina baldintzak daudenean. Adin txikientzat egokia denean.



Resultado de imagen de zaintza partekatua









LANTZEKO ERRONKAK:

1)      Eraso matxisten aurkako jarrera orokortu, zabaldu, sendotu, esparru publikora eraman. Arbuiatu, baztertu, kondenatu, salatu, gaitzetsi. Den-dena.

2)      Neskatoei, neska gazteei eta emakumeei, eraso matxisten aurrean, euren burua defendatzeko tresnak eskaini. Autodefentsa fisikoa irakatsi; baliabide psikologikoak eskaini, baita ekonomikoak ere beharrezkoa bada. Erasotzaileei neurri judizial gogorrak ezarri.

3)      Sare sozialetan, indarkeria matxistaren aurkako jarrera uholde bat balitz bezala hedatu. Formatu guztietan.

4)      Eremu prebentiboan, hezkidetzak esku hartzen duen horretan, estereotipoak sakon landuz ezabatzea, gainditzea. Genero ezberdinkeria iraganera bidaltzea.

5)      Gurasoentzat formazioa, irizpideak, laguntza. Zure semeak esaten badizu atzazalak margotu nahi dituela eta jantzi bat eraman nahi duela ikastolara, hala gerta dadila!!!! Arrosaz joan nahi badu, hala joan dadila!!! Prest al daude gu gure eguneroko erosotasun horretatik ateratzeko? Prest gaude irauli egiteko estereotipoen sistema bortitz hau gure etxetik hasita? Gure umeekin?

6)      Ipuin ez sexistak behar ditugu; irakaskuntza testu hezkidetzaileak; telebistako produktu hezkidetzaileak; musika hezkidetzailea; kultura hezkidetzailea; hizkuntza eta diskurtso hezkidetzailea!





Sexu- genero sistemari buruz hausnartzen

Hausnarketa:

Sexu- genero sistemari buruz hausnartzen hasteko, hainbat kontzeptu argi izan nahi nituen: zer da sexua? Eta zer generoa? Zer sexu- genero sistema?

Sexua, zenbait ezaugarri biologikoen arabera pertsona bakoitza gizon edo emakume bezala sailkatua izatea da; generoa, maskulino edo femeninoa izan daiteke. Azken batean, estereotipoak dira, kolektibo bati atxikitzen zaion ezaugarri multzoa.

Genero- estereotipoen ezaugarriak bi dira: hierarkizazioa eta osagarritasuna, maskulinoa beti baitago femeninoaren gainetik eta maskulinoak erreprimitzen duena indartzen baitu femeninoak, edo alderantziz.

Sexu-genero sistemak, sexua (biologikoa) generoarekin (kulturala) derrigor lotuta egon behar duela dio; beraz, gizon bezala sailkatuek maskulinoak izan behar dute eta emakume bezala sailkatuek, femeninoak. Gizonei eta emakumeei kulturalki inposaturiko bi bizi-programa ezberdin ezartzean datza sexu- genero sistemak. Azken batean, eraikuntza soziala da, paper ezberdinak betetzea tokatzen zaigula dioena.

Baina, zer gertatzen da neska (edo mutil) bezala sailkatua izan bazara eta aurrez suposatzen zaizkizun ezaugarriak betetzen ez badituzu? Zer, gustatu behar zaizuna, gustatzen ez bazaizu? Hemen barruak mugitu dizkidan bideo bat:





Iazko ekarpen bat:

Iazko ekarpenak irakurriz, asko gustatu zait Maialen Arregiren ekarpena. Oso azalpen argia iruditu zait, argazki, bideo, zein testuak ulerterrazak eta garbiak. Gehiago irakurtzeko gogoz utzi nau: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/sexu-genero-sistemari-buruz-hausnartzen.html


Eremu hezitzaileetan zein ikas- irakas prozesuan lantzeko erronkak:

- Genero estereotipoetatik kanpo heztea.
- Genero ikuspegia hezkuntzako arlo eta eremu guztietan txertatzea.
- Gorputz eta identitate anitzak bistaraztea.
- Emakumeen ekarpenak bistaratzea: zientzian, historian, musikan…


Sexu-generoa aztergai

Simone de Beauvoir handiaren hitzek, “Ez dira emakume jaiotzen, emakume izatera iristen baizik”, “Dena hezkuntza eta ohitura kontua da”, sexu eta genero kontzeptuak bereizteko bideak garatu zituen. Hain zuzen ere, aste honetan landutakoa oso baliagarria izan da niretzat: batetik, sexu-genero sistema dela-eta, inguruan entzun, ikusi eta gertatzen denaz kontzientzia hartzen lagundu didalako; eta, bestetik, hezkidetza-eskola baten premia agerian geratu zaidalako, beste behin.

Gizon-emakumeem arteko harremanak behatuz gero, bat konturatzen da sexu-genero sistema sakonki txertatua dagoela gure bizitzetan; alegia, botere harremanetan egituratutako egitura sozialak daudela. Nola iritsi gara horraino? Hainbat balio eta portaeren barneratze-prozesu baten bidez, berezkoak eta naturalak balira bezala geureganatu ditugu agerian dauden estereotipo, rol eta arau. Ideia horiek irakurtzerakoan, kolonizazio kontzeptua datorkit burura, hots, besteen lurraldeak mendean hartzea indarkeria erabiliz. Simone de Beauvoirek esaldi ospetsuen artean dago bat hau dioena: “Gizakia izatez gaiztoa da, bere ontasuna eskuratutako kultura da”.

Halere, azpimarratuko nahiko nuke zenbait aurrerapauso ematen ari direla. Gizonezkoen autoritatea egun ez da hain sakratua, eta hainbat etxetan negoziatzeko kultura zabaltzen ari da: asko hitz egiten da, etxeko lanak banatu egiten dira, elkar laguntzen dira... Halaber, gero eta emakume gehiago moldatzen dira gizonezkorik gabe. Eta gizonezko asko boterea galtzen ari dira ez daudelako, ez direlako, edota seme-alabekin komunikatzeko gai ez direlako, ezta eurekin emozionalki uztartzeko ere. Egun, errespetua eta maitasuna irabazi egin behar dira; eta askok ez dakite nondik hasi.

Iazko ekarpenei begiratuta, Anduren hitzek zer pentsarazi eman didate; berak dio ez dagoela ados sexua eraikuntza denaren baieztapenarekin:
Sexua zerbait biologikoa da. Bizidun guztiek espeziea iraunarazteko bideak harrigarriki anitzak ditugu. Gizakion kasuan umetokian garatuko den obulu eta espermatozoide baten elkarketa behar da, eta horretarako eme baten umetokia eta obulua behar dira eta ar baten espermatozidea. Hori biologia hutsa da. Arrak edo emeak gara eta kasu gutxi batzuetan sexualizatze prozesu horrek beste bideren bat hartzen du, eta ez da posible izaten sexua kanpokaldeko organo sexualei erreparatuta zehaztea. Interesexualidadeaz ariko ginateke orduan. Hau aintzat hartuta ezin dut ulertu sexua erainkuntza kultural bat dela baieztatzea”.

6. mailako ikasleekin hezkidetza inguruan honako erronkak landuko nituzke orain arte egindakoa oinarri hartuta:

1.-Estereotipo femeninoak zein maskulinoak sakonki aztertu, irakurketa kritikoak eginez. Horretarako filmak, bideojokuak, publizitatea, komunikabideak, testu liburuak, ingurua... aztertu.

2.-Ikastolako kanpo eremuko banaketa dela-eta hausnarketa egin, eta berdintasunean nahiz aniztasunean oinarritutako proposamenak landu.

3.-Azaroaren 25 eta martxoaren 8a data esanguratsuen inguruan, genero indarkeria eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna landu, sexu-genero sistema abiapuntutzat hartuta.

4.-Edozein pertsonarentzako positiboak diren balioak eta gaitasunak nesken zein mutilen eskura jarri.


5.-Hainbat familia ereduren berri eman, aniztasun sexuala oinarri hartuta.


Usoa S.

2016/11/02

ARROXA ALA URDINA, SOILIK BI KOLORE?



Ipuinek, filmek, liburuek e.a-ek balioetan hezten dutela argi izan dugu beti, eta horretaz gain sexu–genero sistema bultzatu dezaketela begi bistan dago. Hezkidetzaren bitartez eraldaketa bilatu nahi badugu eta estereotipoen inguruan lan sakona egin, ezinbestekoa da edukiak aztertzea eta arbuiagarriak direnak alboratzea.

Berziklatzearen edo deseraikitzearen ideia giltza izan daiteke, modu honetan pertsonen garapen globalagoa eta anitzagoa lortu dezakegulako. Baina, horretarako ereduak behar ditugu: hamaika motatakoak, kolore guztietakoak, .....



Baliabideen kutxa betetzen goaz egunero eta horretarako gu danon ekarpenak ezinbestekoak dira. Aspaldi hezkuntza ez formalean erabilitako esteka bat plazaratzen dizuet hemen. Arrasateko udalean dago kokatua eta Urtxintxa eskolak egindako materiala du barnean. Esku–artean dugun gaila lantzeko eduki txukuna aurkitu dezakegula uste dut. Gozatu!

Gaurko posta bukatzeko kontuan hartu beharreko hainbat lanketa edo ideia proposatzen ditut jarraian;

-Lantzen ditugun edukietan etabarretan genero-aurreiritziak azpimarratu behar ditugu eta horien kritika egin. Modu honetan eredu erreferentzial ezberdinak eta anitzagoak bilatu ditzakegu.
-Aurreiritziak eta estereotipoak baztertuko dituzten harreman pertsonalak ekarriko dituen afektibitate-hezkuntza garatzea oinarrizkoa da. 
-Genero-indarkeria eta horren adierazpenak aztertzea, eta horiek gainditzeko jarduerak proposatzea.
-Aliatu edota hezkidetza lantzen dugun ororen parte-hartzean adostasuna, konpromisoa eta lankidetza bilatu behar dugu. Eta ostean (edo uneoro) egindako lana ebaluatu beharko dugu, berziklatze aktibo eta zentzuzko bat bultzatzeko, edota prozesuaz ikasi ahal izateko.



Azkenik, esku hartze guztietan ilusio handia jarri behar dugula uste dut, konbentzimendutik egindako lanek fruitu hobeak ematen dituztelako. 

2016/10/31

Arrosa ala urdin? Sexu-Genero sistema deseraiki, genero ikuspegitik.




Nondik dator neskei arrosa janztea eta mutilei urdina? Betidanik izan da horrela? Jaiotzatik emakumeek eta gizonek beraien kabuz aukeratzen dituzte? Aukeraketa honek jatorria elizan dauka. Izan ere, elizak emakumeak arrosa janztera behartu zituen. Arrosak haragiarekin eta infernuarekin duen lotura oinarri hartuta. Gizonei, ordea, urdina ezarri zien, arimarekin eta zeruarekin lotuz.



Elizak ezarritako genero arau hau, gaur egunean ere bere eragina izaten ari da, haurren identitatearen garapenean.

Izan ere, haurrak jaiotzean beraien organo genitalei begiratzen zaie. Orduan, alua badu neska deitzen zaie. Zakila badu, ordea, mutila. Momentu honetan, bertan alua duenari femeninoa izatea eskatzen zaio eta ondorengoa esperokoa da beregandik: goxoa, dantzaria, zaintzailea, zintzoa, jatorra, ama, langilea, beldurtia, sentimentala, lasaia… Zakila badauka, ordea, indartsua, futbolaria, gogorra, sentimenduak erakusten ez dituena, maltzurra, mugitua,… izatea espero da. Honen adierazgarri ondorengo bideo hau da:

LA MENTE EN PAÑALES: 


Baina, arau hauetaitik kanpo dauden pertsonak zapalduak eta baztertuak izaten dira. Honen adierazgarri pasa den urtean Mariak hezkidetzan esku hartzen blogean publikatutako taula:


Zapalkuntza eta bazterketa ekiditeko, pertsona bakoitzak bere identitatea askatasunean eta malgutasunean garatu behar du, jendarteak inposatutako arau guztiekin apurtu eta bakoitza bakarra eta berezia dela ulertuz.

Binarismoa kolokan jarri eta aniztasunari bidea egiteko ikasleekin ondorengo taula landu daiteke. Beti ere, aniztasunari erreferentzia eginez eta taula honetan milaka konbinazio egin daitezkeela azalduz. Gainera, taula honetan beraien gorputz eta buruak kokatzen ez dituzten pertsonak egon daitezkeela azaldu behar da. Baita, taula honek aniztasunari erreferentzia egiten badio ere sailkapen bat izaten jarraitzen duela azaltzea beharrezkoa da.



Bukatzeko, eremu hezitzaileetako erronketako bat, hiru urteko gelan neska=alua eta mutila=zakila lanketa alde batera uztea da. Ikasleekin gorputzaren atal guztiak landu daitezke, eta gorputz guztiak desberdinak direla azpimarratu dezakegu. Honetan, pertsona intersexualak ere aipatzea interesgarria izango litzateke. Honen ondoren, alua duten mutilak eta zakila duten neskak beste hainbat aukeraren artean aurkeztu beharko litzateke. Bukatzeko, emakume, pertsona, gizona, bai emakumea bai gizona, ez emakumea ez gizona eta beste sentitzen garena sentituta ere, aukera berdintasuna aldarrikatu behar da. Bakoitzak bere gustuak, bere izaera, bere janzkera... izango ditu.