2016/10/30

SEXU-GENERO SISTEMARI BURUZ HAUSNARTZEN



Sexu-genero sistema binario bortitz honi buruz hausnarketa-jarduera egiteko, genero-identitatea hartu dut ardatz. Zehazki, TRANSEXUALITATE kategoriapean ezagutzen denari buruz bi berba, bi hitz.



Duela zortzi bat urte, berak 18 urte zituela, izan nuen, Zuzenbide Graduko lehenengo mailako euskal adarreko klasean, ERLANTZ LEGINA ikaslea. Handik urte batzuetara, nire bulegoan agertu zen eta emakumea sentitzen zela esan zidan. Hortik aurrera, elkarrekin partekatu dugun ibilbidea hasi zuen, sexu aldaketa osoa burutu duen arte. Ebakuntzak egin ditu, psikiatrekin elkarrizketak, endokrinoak, psikologoak, Erregistro zibila, Osakidetza. Orain IRAIDE LEGINA du izena. Beti izan da Iraide Legina. Oso pozik dago. Eta neskak gustuko ditu, medikuen zoramenerako (je, je).


 Resultado de imagen de iraide leginaResultado de imagen de iraide legina

 Resultado de imagen de transexualidad


Hitzaldi batzuk eman ditugu elkarrekin, ikasleei izugarri gustatzen zaie bera entzutea. Gure esperientzia oso ona izan da. Ikasleek eskertu dute, Zuzenbide zibilean generoa eta transexualitatea esparru teorikoan eman eta gero, Iraideri entzutea! Plazerra da, hainbeste detailerekin halako esperientzia bat gertutik bizitzea. Berak niri aukera eman dit eta oso eskertua nago, dudarik gabe. Orain, Gradu Bukaerako Lana egingo dugu, den-dena kontatzen, dimentsio juridikotik ikusita.

Eusko Jaurlaritzaren kanpo aholkularia izan naiz, baita ere, egun indarrean dauden ekainak 28ko 14/2012 Legea, Transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, eta 234/2015, abenduak 22ko Dekretua idatzi eta indarrean jartzeko. Orain euren eskubideak hobeto bermatuak daude; behin behineko agiri bat izan dezakete, gainera, adin txikiak diren bitartean, beren sentitutako identitatearekin bizi ahal izateko.

Hala ere, bidetik zenbait esperientzia metatu ditut, honatx laburpentxo bat:

1) Emakume edo gizon sentitzea ez doa beti alua edo zakila izatearekin bat. Eta disonantzia hori sufrimendua da, askotan, daramatenentzat. Sexu-genero sistema binarioan ez dira sartzen eta, beraz, normaltasunetik at daude. Prozesu latza eta luzea da sexu aldaketarena. Oraindik ere GAIXOTASUN bat balitz bezala hartzen dute mediku askok. Genero identitatea askatasunez eta une oro norberak erabakitzeko eredutik urrun gaude, oraindik. Andaluziak eman du pausurik sakonena ildo horretatik, hala ere gizartean badu aurrerapausoen beharra inkontziente kolektiboari dagokionez.

2) Emakumearen itxura lortu duenean, emakumearen estereotipoak bete ditu, ehuneko ehun. Itxura, makillajea, ilea, jarrera, hitz egiteko era, gaiak....futbolean aritzen da, hori bai, eta autoak maite ditu. Baina emakumearen rol kulturala, soziala, erabat bereganatu du.

3) Eta hona hemen (Raquel) LUCAS PLATEROren INTERSEKZIONALITATEen adibide argia. Bilbon iaz entzuteko aukera izan nuen, zuzenean. Izugarri interesgarria. Diskriminazio kausak pertsona batzuengan pilatzen direnean ematen den egoera intersekzionala, transbertsala, gurutzatua: EMAKUMEA IZATEA, TRANSEXUALA IZATEA. LESBIANA IZATEA. Hiru diskriminazio kausa. Askotan, arrazak eta minusbaliotasunak gehituta, koadro gogorra erakusten dutenak. Bulnerabilitate egoera ezberdinak pertsona berdinengan metatzen direnean bizi diren errealitateak. Egoera honen aurrean, ordea, zer diote politika publikoek? Legeek? Kategoriaka legeztatzen da, baina ez dago TRANSBERTSALTASUN horri era globalean begiratzen dion politika edo araurik. Ezta begirik ere!!


4) Hala ere, legea eta dekretua egiteko ez da erraza izan trans kolektiboekin lan egitea. Iritzi ezberdinak, adostasun falta, euren arteko liskarrak, batzuk ildo batetik besteak bestetik. Hor gutxiengo batasuna lortu genuen, baina energia asko inbertituta.

5) Gure herriko ikastolan, halaber, transexualitate kasu bat agertu da 6 urteko ume batengan. Izar. Eta formazioa jaso dute irakasleek, baita gurasoek ere. Eta umeek landu dute errealitate hau, ariketa ezberdinen bitartez, aniztasunaren errespetua jorratuz.

Resultado de imagen de zakila deun neskak, alua duten mutilak

ETIKETAK: #leitxu sexu-generoa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina