2017/04/08

Milesker eta laster arte!

Bukaerara iritsi garen honetan, ikastaroa azkar pasa dela pentsatzen jarri naiz, oraindik askoz gehiago sakondu nahi nuela eta gai gehiago landu zein partekatu nahi nituela zuekin; baina aldi berean, izan dira aste luzeak, lanetik atera eta liburutegira arratsaldeak pasatzera joandakoak… Dena den, polita izan da norberak hausnartu ahal izatea eta ikastaro kide guztien ekarpenak irakurtzea. Benetan aberasgarriak izan dira blogeko sarrerak, foroetako eztabaidak… Errazagoa da horrela bidea!

Uste dut, bai maila pertsonalean eta baita profesionalean ere baliagarria izango zaidala aste hauetan zehar ikasitakoa. Pertsonalki, aberasgarria izan da ezagutu dudan guztia eta gainera, nire burua kokatu eta bere lekuan jartzeko modu bat izan dela ere esango nuke; profesionalki, arazo zein esku hartzeak beste pertzepzio batekin lantzeko aukera eman dit eta honakoa lan eremuan transmititu dudala iruditzen zait (edo horretan saiatu naiz behintzat).

Hemendik aurrera, bai lan eremuan eta baita nire bizimoduan ere beste era batera aurrera egiteko aukera emango didala uste dut eta itxaropen honi eutsi nahi diot, nire ingurukoak ere kutsatuko ditudalakoan; lanean, familian, lagunartean…

Aurkezpenean Anariren kantu bat aukeratu nuen eta agurrerako beste bat aukeratu dut. Denok gugan aingurak izan ditzakegun arren, amets berriei helduz gorantz erortzen garelako.





Plazer bat, bidean topatu izana. Milesker eta laster arte!

Ainho.

2017/04/06

Saretu gaitezen!


Luze eta labur egin zait ikastaroa. Hasi genuenetik hainbeste izan dira landu ditugun gaiak, hainbeste egindako hausnarketak, esku-hartzeak, foroetako eztabaidak... eternitatea igaro dela dirudi egindako lan kantitateari erreparatzen badiogu. Baina egindakoak beste geratu dira egin gabe baita, eta horregatik dut ikastaroa laburra izan den sentsazioa.

Badakit emandakoak hasierako pausotxoak baino ez direla izan, bukaezina den espirala dela hezkidetzarena, bizitza osoan lanpeturik izango nauen ardura izango dela, eta nire egunero borroketako beste bat bilakatu dela jadanik. Ikastarokideon identitatearen parte garrantzitsua bilakatu da ikastaro honetan bizi eta ikasitakoa; goazen lekura goazela lagunduko gaituen motxilatxoa, astiro astiro betetzen jarraituko duguna.


Zalantzarik ez dut gurekin batera gure lankide, ikasle, lagun, maitale eta familiek pila bat ikasi dutela. Eztabaida eta hausnarketen parte bilakatu dira, eta aldi berean ziur haiengan ere hausnarketak eragin ditugula. Gure inguru hurbiletan hezkidetzaren hazitxoa jarri dugula pentsatu nahi dut, eta noizbait, berandu baino lehen ernatuko direla.

Ikastaroa hasi genuenean Tremenda Jauria taldearen disko bat utzi nuen hemen. Gaurkoan talde berdinaren abesti batekin nator, ikastaroaren prozesu osoan bidelagun izan dudalako alde batetik, eta dituzten abestiak borrokan jarraitzeko indarra ematen didatelako bestetik.
Abesti honen izena Con tol descaro da. Jarrai dezagun lanean, con tol descaro!


Ikastaroaren beste aldean, sareetan lagun izan zaituztegun horiei ikastaroa egiteko gonbitea egitea baino ez zait geratzen. Animatu eta bilakatu zuek baita unibertso hezkidetzaile honen parte! Saretu gaitezen!

Bidean pausoa

Asko kostatu zitzaidan erritmoa hartzea, lan handia du ikastaroak, gai asko jorratzen dira bertan eta nahi izanez gero hausnarketarako denbora amaigabea eskaini ahal zaio. Egia esan ezin izan diot nahi beste denbora eskaini. Hala ere, asko ikasteko aukera eman dit eta nire klaseetan praktikan jartzeko hamaika ideia eta baliabide jaso ditut. Lan eremuan ia astero aplikatu ditut ikastaroan jorratzen ari ginen edukiak. Oso aberasgarria izan da niretzat, zein nirekin batera ikastaroa egiten aritu diren 1.DBHko 39 ikasleentzat. Nola ez, haiei ere eskatu diet balorazioa egiteko. Hasieratik azaldu nien ikastaro bat egiten ari nintzela eta askotan haien laguntza eta hausnarketak beharko nituela nire lanak osatzeko. Hortaz, guztiok batera egin dugun bidea izan da. Hasi besterik egin ez dena. Aurretik hasita banengoen ere, nire saioetan betaurreko moreak jantzi eta lana beste modu batera egiten, ikastaro hau, bultzada oso handia izan da. Eta hemendik aurrera joaten naiz tokian ikasi dudana eta konpartitu dudana abiapuntutzat hartuta eskola hezkidetzaileruntz lanean jardungo dut. Irakaskuntza uztekotan nintzen iazko ekainean, oso frustantea egiten zitzaidan eman behar genituen eduki horietan galtzea, zentzurik ez nion aurkitzen. Eta aurten, beste hainbat eduki lantzen, ikasleen behar eta zalantzei erantzuten saiatzen asko disfrutatu dut. Gogoa piztu zait eta nire lanean egin daitezkeen gauza asko eta askotaz ohartu naiz.


Anariren  Nola galdu kanta aukeratu dut. Askotan entzun baititut Anariren abestiak lanak egiten nituen bitartean.

Batzutan neketsua izan da, askotan interesgarria eta beti pizgarria. Nonbaitetik hasi behar jendarte juxtuagoa eraikitzen eta hezkuntza mundua benetan altxorra izan daiteke lan honetarako. Neketsua, askotan asko eztabaidatu eta borrokatu behar delako, baina, aldi berean, oso esker onekoa; ikasleen garapena ikusteak sortzen duen poza deskriba ezina delako.

 Bidean pauisoa izan da batez ere, pauso garrantzitsua, hezkuntzan ari diren guztiei gomendatzen diedana. Guregandik hasten da pausoa.