2017/04/06

Saretu gaitezen!


Luze eta labur egin zait ikastaroa. Hasi genuenetik hainbeste izan dira landu ditugun gaiak, hainbeste egindako hausnarketak, esku-hartzeak, foroetako eztabaidak... eternitatea igaro dela dirudi egindako lan kantitateari erreparatzen badiogu. Baina egindakoak beste geratu dira egin gabe baita, eta horregatik dut ikastaroa laburra izan den sentsazioa.

Badakit emandakoak hasierako pausotxoak baino ez direla izan, bukaezina den espirala dela hezkidetzarena, bizitza osoan lanpeturik izango nauen ardura izango dela, eta nire egunero borroketako beste bat bilakatu dela jadanik. Ikastarokideon identitatearen parte garrantzitsua bilakatu da ikastaro honetan bizi eta ikasitakoa; goazen lekura goazela lagunduko gaituen motxilatxoa, astiro astiro betetzen jarraituko duguna.


Zalantzarik ez dut gurekin batera gure lankide, ikasle, lagun, maitale eta familiek pila bat ikasi dutela. Eztabaida eta hausnarketen parte bilakatu dira, eta aldi berean ziur haiengan ere hausnarketak eragin ditugula. Gure inguru hurbiletan hezkidetzaren hazitxoa jarri dugula pentsatu nahi dut, eta noizbait, berandu baino lehen ernatuko direla.

Ikastaroa hasi genuenean Tremenda Jauria taldearen disko bat utzi nuen hemen. Gaurkoan talde berdinaren abesti batekin nator, ikastaroaren prozesu osoan bidelagun izan dudalako alde batetik, eta dituzten abestiak borrokan jarraitzeko indarra ematen didatelako bestetik.
Abesti honen izena Con tol descaro da. Jarrai dezagun lanean, con tol descaro!


Ikastaroaren beste aldean, sareetan lagun izan zaituztegun horiei ikastaroa egiteko gonbitea egitea baino ez zait geratzen. Animatu eta bilakatu zuek baita unibertso hezkidetzaile honen parte! Saretu gaitezen!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina