"Oinarrizko
Hezkuntzak hezkuntza-eskubidea bermatu behar die pertsona guztiei; beraz,
zuzentasun eta justizia sozialaren planteamendu etiko batetik, hezkuntzak
aukera- berdintasuna eskaini behar du, inolako bazterketarik gabe, eta
konpentsatu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak
eta pertsonalak". Heziberri 2020.
Argi eta
garbi adierazten da lege berrian, baina, heziketa hezkidetzailea bermatzen
diegu gure ikasleei?
2014an, Hezkidetzaren
egoerari buruzko azterketa diagnostikoa Gasteizko ikastetxeetan (0-18urte)
aurkeztu zuten. Bertan adierazten den bezala "diskurtsoa maskulinoa izan da, emakumea zer eta zein den esan
duena... Genero asimetria begitantzeko, beraz, hezkuntza komunitatea
sentsibilizatu beharko da; curriculumean hezkidetza sartu; irakasleak generoan
formatu; eta azkenik, material didaktikoak egokitu". Zein
garrantsitzua iruditzen zaidan hemen aipatu zuten guztia.
Emakundek,
1997.urtean Ikastetxearen
hezkidetza-eredua egiteko Gida argitaratu zuen. Bertan, hezkuntza
curriculum hezkidetzaile bat egiteko kontuan hartu behar diren iturburuak
aztertu zituen. Goazen horiek laburbiltzera:
1. Iturburu soziologikoa: gizarte-antolamendua, gizarte
baloreen osaketa eta transmisioa, jakintzen legitimazioa eta hierarkizazioa,
gizartearen kultur ondarea, hezkuntza-sistemari egiten zaizkion kultur eta
gizarte-eskariak eta ikasleen gizarteratze-prozesu jakin bat osatzen duten
ezagutzak, prozedurak, jarrerak eta baloreak hartzen ditu kontutan.
Iturburu hau
kontutan izanda gizarte-antolamendua horrela dago bananduta:
- Maskulinoa
eta femeninoaren estereotipoak eraikitzen dira eta sexu eta genero nortasuna
osatzen da. Ondorioz, talde bakoitza bere generoari dagozkion ezaugarrietara
egotzen da.
-
Gizonezkoak emakumezkoekiko nagusitu egin dira.
- Esparru
publikoa hierarkizatu egiten da.
2. Iturburu psikologikoa: honen bidez ikasleen garapen
ebolutiboak eta ikaskuntza-garapenak zer nolako prozesuak jasaten dituzten
jakingo dugu. Beste alde batetik, pertsona bakoitzak ezagutzak nola hartzen eta
lantzen dituen aditzera emango du, adinaren, ezaugarri psikofisikoen, egoera
emozionalaren eta beste hainbateren arabera.
Denok
dakigunez, sistema patriarkalaren ondorioz hezkuntzan eragin handia izan duten
hainbat teoria psikologiko legitimatu dira. Teoria horietan, sexu-generoa hartu
izan da nortasun pertsonala eratzeko oinarritzat. Horrek pertsonen garapen
globala erabat baldintzatu da eta sexu-diskriminazioa biologikoki justifikatu
izan da.
Sistema
patriarkal honen ondorioz, maskulinoa dena gehiegi baloratzen da, eta
femeninoa, aldiz, oso gutxi. Horretaz, mutikoek eta gizonek makronortasuna,
autoestimu oso altua eta autokontzeptu positiboa dituzte. Neskatoek eta
emakumeek, ordea, genero- nortasuna garatzerakoan, beren buruak gutxietsi
egiten dituzte, gizartean ere hala baitaude estigmatizatuta.
3. Iturburu pedagogikoa: bertan oinarri teorikoa,
hezkuntza-ereduak, irakastereduak eta hezkuntzaren hartzaileak eta helburuak
hartzen dira kontutan. Lehen esan bezala, historian zehar garatu diren
hezkuntza-ereduak sistema patriarkalaren arabera finkatutako genero maskulino
eta femeninoaren hierarkizazioan oinarritu izan dira, eta hierarkizazio horrek
eragin handia izan du hezkuntzan.
4. Iturburu epistemologikoa: Epistemologia historian zehar sortu
diren botereek antolatu, hierarkizatu eta legitimatu diten jakintza-multzoa
dugu, horiek guztiek "jakintza akademikoa" osatzen dutela. Eta
jakintza akademiko hau izan da gizarte sistemek baliozkotzat hartu izan duten
bakarra. Gainera, jakintza-mota hori zuten guztiek ospea hartzen zuten, izen
handiko gizarte-estatusa eskuratzen zuten eta botere akademikoa osatzen zuten.
Iturburu
honek azaltzen digunez, emakumezkoak ez dira inoiz kontutan hartu zibilizazioak
eraikitzerakoan eta gainera, gizateriaren onerako burutu dituzten ekimenak eta
lanak ez dira kontutan hartu. Horrela, gizonezkoek euren burua hartu dute
ardatz gisa.
Teoria hau
guztia praktikara eramateko eta egunerokotasunean
hezkidetzan oinarrituriko curriculumak eta baliabide didaktikoak martxan
jartzeko ezinbestekoa ikusten dut Gobernuaren partetik legeetan
aldaketak egitea. Egia da curriculumean aldaketa itzelak egin behar direla, eta
horretaz arituko naiz pixkat beranduago. Baina, zelan aurreratu alderdi guztietan,
gure legeek oraindik androzentrismo hutsez beteta badaude? Zelan mundua aldatu,
gure legeek gizonezkoen nagusitasuna defendatzen jarraitzen badute?
Esan bezala, curriculum hezkidetzaile bat eraiki ahal izateko
hainbat pauso eman behar dira:
1. Diagnostikatu: Marian
Morenok Queremos
coeducar (27.orr) bere liburuan esaten duen bezala, lehenengo gauza
diagnostiko bat egitea da. Horrela, non gauden eta nondik abiatu behar garen
jakingo dugu.
Horretarako, Bilgune
Feministak argitaratutako Hezkidetza
Gidan behaketa taulak proposatzen ditu (44.orr "1.taula:
hezkidetzailearen jokabideak aztertzeko fitxa, 60.orrialdean 2.taula:
metodologiari buruzko behaketa fitxa eta 76.orrialdean: noiz da materiala
hezkidetzailea?).
Materiala diagnostikatzea oso garrantzitsua da,
"gizartearen ikuspegi zuzenagoa eta berdintasunean oinarrituagoa erakutsi
baitiezaiekete ikasleei", Neli Zaitegi eta Maria Jose Urruzolaren ustez,
Emakundek 1993.urtean argitaraturiko Nola
landu eta aukeratu hezkidetzarako ikasmaterialak gidan azaltzen duten
bezala.
Bechdel
testa ere oso baliagarria da hezitzaileontzat. Filmetan, komikietan eta
bestelako kultura-produktuetan genero-bereizkeria detektatzeko sistema erraza
da test hau.
2.Erabakiak
hartu: diagnostikatu eta gero, erabakiak hartzeko momentua da.
Lehenengo eta behin, dagoena ikuspegi kritikoz aurkeztuz mantenduko dugun
erabaki behar da, gero, horrela izatekotan, dagoena moldatu edo osotu behar da
edota hezkidetzailea den batekin ordezkatu eta azkenik, falta dena osotu behar
da.
Nire ustez, oso zaila
da curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaileturik egotea. Alde
batetik, oraindik ere sistema patriarkalean bizi gara eta horrek dena kutsatua
egotea egiten du. Beste alde batetik, denon esfortzua behar da ikasmaterialak,
testuliburuak, gidak, filmak, etab aldatzeko, eta badago jendea aldatzea nahi
ez duena. Sistema patriarkal honetan ondo bizi dira, eroso eta ez dute aldatu
nahi. Lehen esan dudan bezala, lehenik eta behin gobernuak lege asko aldatu
behar dituela uste dut. Oinarritik ez bagara hasten, beste dena aldatzea oso
zaila da. Hori bai, hemen jarraituko dugu Jo Ta ke lortu arte!
Eremu
hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada
sustatzeko estrategia “betegarri” batzuk emozioak eta enpatia lantzea dira.
Horiek barik, oso zaila ikusten dut
denok ikuspegi hezkidetzaile bat lortzea.
Aurreko edizioetako post hau
aukeratu dut, kontzeptuak primeran azaltzen dituelako eta argazki ugariz osotu
duelako, askoz ere bisualagoa bihurtu du eta beraz, ulerterrezagoa. Nirea egin
dut bere lehenengo argazkia.
Azkenik, aurreko egun hauetan pil-pilean egon den gaia berriro ere mahai gainean jartzea gustatuko litzaidake: soldaten bateratzea emakumezko eta gizonezkoen artean.
Islandian aurrerapauso ederra eman duten eta soldatak berdindu dituzte. Baina, bitartean, gure gobernuko presidenteak horrela erantzun zuen kazetari batek honen inguruan galdetu zionean: "No nos metamos ahora en eso". Nire galdera da, noiz presidente jauna, noiz?