2018/01/25

HEZKIDETZATU DITZAGUN CURRICULUMA ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK!

Azken urte hauetan, mundu parekideago baten alde zenbait gauza egiten hasi diren arren, oraindik ere, sistema patriarkala nagusitzen den mundu batean bizi garela esan dezakegu. Izan ere, bazter ezberdinetara (hezkuntza, lanbideak, hizkuntza) erreparatuz gero, asko dira agerian gelditzen diren sexismoak, genero estereotipoak behin eta berriro azpimarratuz.

Hori honela izanik, beti esan ohi dugun moduan, hezkidetzaren gaiarekin lotuta lan ugari dugu egiteko. Horretarako ordea, hau da, mundu parekideago bat lortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da, elkarren indarrak batzea eta denon artean aurrera egitea; egunen batean amesten dugun mundu ideal horretara iritsi ahal izateko.

Mundu ideal horretan pentsatzen jarriz, eta batez ere, hezkuntza esparruari erreparatuz, hezkidetzan oinarrituriko curriculumak eta baliabide didaktikoak martxan daudela, hainbat eremutan nabarituko nuke, hala nola, ikasgaietako jardueretan, erabiltzen diren baliabideetan, espazioetan eta batik bat, ikasleen elkarrekiko harremanetan. Ikasleek barneratzen dituzten ideiak, beraien hitzetan kanporatu ohi ditituzte; esaterako, hori mutilena da eta hori neskena bezalako adierazpenetan. Beraz, gure eskoletan hezkidetzaren alde lan eginez, hainbat gauza aldatu beharko genituzkeela uste dut.

Hala ere, zaila da dagoeneko, sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egotea. Aurretik esan bezala, gaur egun oraindik sistema patriarkala nabari da eta horrek zuzenean eragiten du gure ekintzetan, askotan konturatu ez arren, sistema horren eraginez, guk ere mezu estereotipatuak helarazten ditugularik. Gainera, zenbaitek horren aurka lan egiteko gogorik ez dutela erakusten nabari dut, lan handiegia dela iruditzen zaielako edo. Horren eraginez, askotan gauzak dauden bezala utzi ohi dira, behin eta berriz akats berdinak errepikatuz.

Beraz, gauzak aldatu ahal izateko, eta batez ere, hezkuntza eremuan begirada hori aldatu ahal izateko, estrategia modura ondo egongo litzateke, lehenik eta behin, bertako profesionalen artean gai honek duen garrantziaren inguruko kontzientzia zabaltzea, gauzak agerian utziz eta adibideak emanez. Horretaz gain, etapa bakoitzean burutzen diren ekintzak hezkidetzaren ikuspuntutik aztertzeko arduradun bat izendatzea ere ideia ona izango litzatekeelakoan nago.


Hausnarketarekin amaitzeko, aurreko urteko sarreretatik Ane Lenizena gomendatzen dut. Asko gustatu zait, gai honen inguruan berak sortutako honako komiki hau.


Gainera, berarekin erabat ados nago. Gaur egun eskura ditugun baliabideak, oraindik ez dira guztiz hezkidetzaileak eta beharrezkoa izango da, denon artean lan eginez, horiek moldatu, ordezkatu eta berriak sortzea. Berak sortutako komikian ondo adierazi bezala, horretarako lehenik eta behin ikastexeetan diagnosia sustatu beharko litzateke; Maria Morenok argitaraturiko “Queremos coeducar” liburuan (27.orr) ongi aipatzen den moduan. Hortik aurrera, gauzak eraldatzen hasi behar dugulakoan nago. Beraz, jarrai dezagun lanean!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina