2022/12/19

ESPAZIOA ETA DENBORA: KONKISTA BERRIAK

 

ESPAZIOA ETA DENBORA:



Horrela ikusten dut aste honetan landutako gaia. Behintzat, niretzat konkista berriak dira.

Badakit hori ez dela berria eta emakumeek  eta erakunde batzuek aspalditik dihardutela horren alde borrokan, baina orain arte, ni ez naiz hain kontziente izan. Eta, noski, ikastaroan betaurreko moreak jantzita... beste errealitate bat ikusi dut.

Eskolan, askotan, jolastokien inguruko hausnarketak egin ditugu eta bai ikusten genuen espazio gehiena futbolak okupatzen zuela. Ondorioz, hori aldatzeko neurri batzuk hartu ditugu, baina ni ez nintzen kontziente izan horren atzetik sexismoa eta patriarkatua zeudela orain ikusten dudan bezala. Argi dago, noski, hausnarketa sakonagoa egin behar dugula (ez bakarrik futbolaren inguruan) eta horretarako, eskolako jolastokien eraldatzeko gidak ditugu laguntza bezala.


Gida horretan pistak ematen dizkigute gure eskolako joalastokiei buruz diagnostikoa egiteko eta, behin eginda, behar diren eraldaketak egin ahal izateko. 


Zenbat bide zabaltzeko eta zenbat gauza eraikitzeko!!!

Gaian sakonduz eta informazio gehiago  bilatuz, hirigintzan patriarkatuarekin topatu naiz. URBANISMOA!!! Ez nuen inoiz ikuspegi feministatik ikusi. Eta orain, ikastaroari esker begiak zabaldu ditut.  Horren harira, artikulu interesantea aurkitu dut "Urbanismo feministari" buruz. 


Artikuku horretan era erraz batean azaltzen da zer den "urbanismo feminista" eta aipatzen dituen puntuen bitartez (segurtasuna areagotzea, familia berdinzalea eta integratzailea eta arkitektura feminista) 
espazioan eta denboran berdintasuna lortzeko aldatu behar ditugun aspektu batzuk aipatzen dira. 

Eta orain arte esandako guztia kontuan hartzen nire eskolarako, eta ikuspegi hezkidetzaile batetik, honako erronka hauek proposatuko nituzke: 

.- Behatu komunen erabilera eta antolatu berriro sexista ez izateko. 
.- Jolastokien behaketa sakona egin, espazioak zein denborak aztertuz, eta behar diren aldaketak egin inklusiboak izan daitezen.
.- hezkuntza-eremuan izaten dugun denbora erabilerari buruzko hausnarketa egin desberdinkeriak detektatzeko eta aldaketarako bideak irekitzeko.
.- Ikus-entzunezko eta espazio literarioetan egiten dugun eskaintza aztertu,  hezkidetza kontuan hartuz, eta behar diren aldaketak edota egokitzapenak egin.

Amaitzeko, aurreko edizioetako ikaskideek egindako sarreraren artean "Ni naiz...Hi haiz...Hemen gaude !!!  aukeratu dut, bere akrostikoa asko gustatu zaidalako. Bertan, gaiarekin lotutako ideia nagusiak agertzen dira laburpen gisa. Horrez gain, sarrera oso erakargarria iruditzen zait eta jolastokien inguruko linkak oso interesgarriak ikusten ditut.

 

FEMINISMOA BURUAN HAUSNARTU MUNDUA

    Errepresentazio eta denboraren erabileraren inguruan aztertzen eta hausnartzen, nire herrian ere, beste askotan bezala, emakumezkoen presentzia oso murritza dela ondorioztatu dezaket. Gaur egun gai hauetan arreta gehiago jartzen den arren eta udaletxeetako berdintasun planetan jasota badago ere, oso urrun gaude oraindik; parekidetasuna lortzeko bide luzea dugu.
Horregaitik aukeratu dut ondorengo esaldia:

                                  
    Aipatzekoa da ere irakurgaiaren sarreran, agertzen diren bi argazkietan, feminismoa aldarrikatzen dela baina kasualitatea ote da argazki bien erdi-erdian gizonezkoak agertzea?
    Hezkuntza eremuan ere aspektu askori erreparatu behar diogu: espazioak, espazioen erabilera, gelen antolaketa, neska-mutilen kokapenak, jolastokiak eta bertan dauden eremuak, bakoitzari eskeintzen zaion denbora, komunen erabilera,….Eta era kontziente batean antolatu behar ditugu guztiak, guztiontzako espazioak diseinatu nahi baditugu.

    Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut, nire ikastetxean komunen erabileraren inguruan urtetxo batzuk daramatzagulako buruari bueltak ematen eta horren inguruko hausnarketa egiten duelako eta komunen erabileraren inguruko artikulu interesgarri bat aurkezten duelako.         

Honekin lotuta, Mallorkako artikulo hau topatu du komunen erabileraren inguruan:

https://www.diariodemallorca.es/mallorca/2022/12/10/banos-mixtos-alumnos-trans-o-79780860.html

    Bestalde, ondorengo bideo honetan, sensibilizaziorako oso baliogarria izan daitekeen Gare-en egindako tailerren bideo eta azalpena. askotan ez bait gara kontziente inguruan dugunaz eta udaletxeetetik bultzatu daitezkeen holako ekintzak oso baliogarriak izan daitezke.


    Bukatzeko, eremu hezitzailean lantzeko erronkak hauek lirateke nire ustez:

- Lehenengo eta behin, irakaslegoarekin sensibilizazio saioak egitea.

- Espazioen erabileraren azterketa egin eta berrantolatu, horrela aurrikusten bada, beti ere ikaslegoaren parte hartzearekin.

- Komunen erabileraren inguruan hausnarketa egin eta berrontolatu.

- Herri mailan, berdintasun kontseiluan, herriko emakume historikoak eta gaur egungoak kontutan hartzea.

- Herri mailan ere gune ilunak detektatu eta irtenbidea topatu.



2022/12/18

Ez galtzeko bideak

 

Aste honetako hausnarketa espazio eta denboraren ingurukoa izan da eta, lehen-lehenik, aitortu behar dut datuak irakurtzerakoan aulkian mugitzen hasi naizela, ezinegonak edo egonezinak hartu nau: nola da posible kale izendegian hain emakume gutxi egotea? Eta daudenen artean gehienak erlijioari lotutako emakumeak izatea? Are gehiago, emakume handiei hain espazio urrun, txiki edo ezdeusak eskaintzea? Baina memorian arakatzen hasi eta duela gutxi konturatu nintzen Bilbon erdi-erdian dagoen kale baten izena ez dela Casilda Iturrizar kalea, baizik eta "Viuda de Epalza". Oso biografia bitxia du, gainera, emakume horrek, batez ere alderatzen badugu nolako bizimodua zuen ezkondu aurretik, ezkonduta zegoenean eta alargun gelditu zenean. Interesa baduzue  Wikipedian duzue bere biografia. Berriki irakurri dut, halaber, Louise Michel iraultzailearen izena jarri diotela Baionako plaza bati eta zenbat ospatu dugun ikustea bada, agian, zein "arraroa" den neurtzeko termometro ona.

Espazioaren gaiari lotuta, zuzen-zuzenean, burura etorri zaizkit arkitektura eta hirigintza. Hau da, gure etxeak edo lantokiak nork, nola eta zertarako eraikitzen dituen, baita gure herri eta hiriak ere. Oso gomendagarria da, bide horretan, "Urbanismo feminista" liburua (argazkian duzue portada), aste honetako irakurgaian aipatzen den Col.lectiu Punt 6-ek egindakoa. Nahi gabe iritsi zitzaidan esku artera eta ordura arte egin gabe nituen gogoetak ekarri zizkidan. Bide beretik, duela urte batzuk deskubritu nuen Irati Mogollon aditua eta berak ere sakon jorratu du gaia, besteak beste, Emakunderentzat egin zuen "Zaintza arkitekturak eta zaharahalduntze prozesuak plazara" ikerketan. Arkitekturaz gain hirigintzari erreparatu nahi badiozue, eta irakurri ordez nahiago baduzue entzun, Hebe Gonzalez Lasa arkitektoak hirigintza feministari buruzko kolaborazioak egin zituen Hala Bedi irratian duela urte batzuk eta oso kontu interesgarriak aletu zituen. Adibidez, bazenekien zure etxeko sukaldearen diseinua Margarete Schütte-Lizhotzky-ren lanean oinarrituta dagoela (nazien kontrako aktibista feminista ere izan zena)? Berak asmatutako “Frankfurteko sukaldea”-k iraultza eragin zuen duela mende bateko gizartean.

Ziberespazioari dagokionez, uste dut erreferenteak izatea funtsezkoa dela eta horretan bikain ari da "Zulora" saioa, emakumezko erreferenteak lehen planora ekartzen. Saio honetan, bereziki, gaia jorratzen dute:


Aurreko edizioetako sarreren artean "Kanpoa nola, barrua hala" deitzen dena aukeratu dut. Hasteko, izenburua bera oso iradokitzailea iruditzen zait, ongi laburbiltzen du eraldaketa zer den. Gainera, eskolako patioaren eraldaketa prozesuaren faseak "Jabetu-amestu-adostu-eraiki" izan ziren eta beste testuinguru askotara aplikatu daitezke, nire ustez.

Azkenik, eremu hezitzailean gaia lantzeko aipatu dira patioak, baina eskolak ere ez ote lirateke eraberritu beharko? Antzekoegiak dira eskolak, ospitaleak eta espetxeak elkarren artean, denetan kontrola eta botere-banaketa gailentzen baitira. Bideo bat bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu; bertan munduko umeei galdera egin zieten: nolakoa da zure ametsetako eskola? Eta erantzunekin osatutako bideoak hankaz gora jartzen zuen gaur egungo eskola eredua. Dena den, uste dut bidea urratzen hasiak garela, eta agian ikuspegia argitzeaz gain modus operandia sistematizatzea dela orain erronka. Hasieran aipatutako lau faseak baliagarri lirateke eremu hezitzaileko espazioak eraberritzeko, elkarrekin: jabetu-amestu-adostu-eraiki.