2016/10/08

Maite naiz



Kaixo guztioi!
Maite naiz, odontologian lizentziatua eta lehen hezkuntzan graduatua. Azken urtetan lanbide heziketako irakasle gisa aritu naiz eta konturatu naiz hezkidetzaren arloan asko dagoela oraindik egiteke. Irakasle bezala arlo horretan esku hartzeko estrategia desberdinak nahiz erronka honen harira egindako proiektu eta aurrera pausuak ezagutu nahi nituzke.
Ezaugarri pertsonalei dagokienez, ezagutzen nautenek pertsona enpatikoa, adeitsua eta argia naizela diote. Hobetu beharreko aspektuei dagokienez ugari dira, besteak beste, zalantzatia, ez puntuala eta lotsatia naizela esango nuke.
Nire zaletasunen artean irakurketa (nahiz eta azken aldian  lanarekin erlazionatutako dokumentazioa irakurtzeko astirik baino ez daukadan), zinea, familia eta lagun artean egotea… aurkitzen dira, baina gustukoen dudana nire zortzi hilabeteko alabaren konpainiaz gozatzea da.
Ikastaroa hasteko irrikaz nago, hezkidetzaren inguruko gauza berriak ikasi, ikusi eta gaia gertuagotik ezagutu ahal izateko.
Bukatzeko azpimarratuko nuke, talde berri batean nagoenean pertsona alai eta umoretsuekin egotea eskertzen dudala, ezkortasunak eta buru gogorkeriak deseroso sentiarazten nauelarik.

2016/10/06

NIRE AURKEZPENA (MIREN ARANBURU)

Kaixo denori…. Ni Miren naiz, Urretxuarra eta ez, ni ez naiz Irakaslea. Soziologian lizetziatua naiz eta egun administrari lanak egiten ditut enpresa txiki batetan. Beraz, nondik sortzen da hezkidetzaren inguruko nire interesa…….ama naiz. Bi haur ditut, 9 eta 4 urtekoak, biak mutilak. Biek Urretxuko Gainzuri ikastetxean ikasten dute. Guraso bezala, beti izan det argi familiok eskola komunitatearen barne eragile garrantzitsua garela. Gure haurren sozializazio prozesuan irakasle eta gurasoen arteko kolaborazioa ezinbesteko da, eta prozesu horren ardatza balioen transmisioa
       Ni ere eskolaren parte sentitzen naizenez, partehartze aktiboa izan dut bertako hainbat guneetan, elkarbizitza, normalkuntza, guraso elkarteko lehendakaritza….baina benetan nere interesa piztu duen arloa hezkidetzarena izan da. Egun, eskolako hezkidetza batzordean kokatzen dut nere burua. Gai polita baino zaila eta konplexua benetan. Agian arronkak gustoko ditudalako edo….lan handia daukagu aurretik.
        Hezkidetzan oinarritutako heziketa baten alde lanean aritzeko, ezinbestekoa da familien inplikazioa. Sentsibilizazio lan sakona daukagu aurretik eta nik hezkidetza zer den transmititu eta orientazio edo aholkularitza lana egiteko gaitasunak neureganatu nahi ditut. 
            Nola ikusten ote nauten…. Nire sinesmen eta ideiekin konprometitua, pentsatu nahi dut. Dagoeneko, bizitako hainbat egoeren ondoren, nahiko argi daukat zer nahi dudan eta zer ez, eta guzti hori adierazten saiatzen naiz.
       Ikastaro birtualaren esperientzia hau berria da niretzat eta alde batetik beldur pixka bat sentitzen dudala ezin ukatu. Hala ere, hezkidetzaren gaiak sortzen didan interesa zuekin konpartitzeak erakartzen nau.
            Hezkidetza, gure ideia, pentsamendu eta ekimenak bideratzen dituen  ideologia dela deritzot.
Ideologia hori zuekin  elikatu eta aberasteko asmoz, abiatzeko prest!!!

2016/10/05

NIRE AURKEZPENA (OLATZ ARREGI)

Nire izena Olatz da, 2 eta 5 urteko bi umeren ama naiz. Azken 10 urteetan bigarren hezkuntzako irakasle gisa ere banabil han eta hemen.
Bigarren haurtxoaren zai ginela, ginekologoarenetik bueltan, nire amaren dei bat jaso nuen, haurtxoa ondo zegoen... jakin nahi zuen, baita neska ala mutila zen ere, neska zela esan zion, Beraren erantzuna hau izan zen:

-Gizonen mundu honetan aurrera egiteko borroka egiten erakutsi beharko dion.

Zer pentsatua eman zidan erantzun hark eta hemen jarraitzen dut pentsatzen, hausnartzen, ikasten…

Geldik egoten ez dakien hoietakoa naizela diote nire ingurukoek, egia ote… pazientzia ere falta omen zait batzutan, edo askotan…
Ikasteko gogo izugarria omen dut, umetako kuriositatea ez ei dut galdu… hala ote…

Zuekin bidai hau egiteko irrikitan


2016/10/04

NIRE AURKEZPENA (ANE AZURMENDI)

Askotan ez da erraza zeure buruaz hitz egitea, orduak ematen ditugu, hau honelakoa da... Honek hori hobetu behar luke eta hura beste hontan oso ona da esaten, argudiatzen... Batez ere, guk irakasleok. Eta ausartuko naiz esaten nire zazpi urteko esperientzi honetan, ikusi/entzun/esan dudanean oinarrituta, gehiago izaten direla kritikak eta kexak entzun/esan ditudanak, ikasleen ezaugarri onak goraipatu beharrean... Eta hori da, hain zuzen ere, ni hemen egotearen arrazoietako bat. Urtetik urtera gero eta nazkatuagoa nago ezaugarri on horiek guztiek ezkutatzen dituen hezkuntza sistema honetan lanean; eta horrek eraman nau, formatzera, eta ikaskuntza prozesuak beste modu batera egin daitezkeenaren uste zintzora, eta norbanakoen desberdintasunak areriotzat dituen sistema honen aurrean beste “zerbait” eraikitzeko gogora.


Nik kolorinetakoa naizela esango nuke. Gorria eta morea naizela esatea gustatuko balitzait ere... Batzuetan marroia eta grisa naiz eta beste batzuetan arrosa eta horia. Zuria baita ere, nahiz eta hori oso gutxitan gertatzen zaidala esatera ausartuko naizen... Oso espresiboa naizela baitiote ezagutzen nautenek. Eta egia esan, askotan izan ditut arazoak gehiegitan pentsatzen dudana esaten dudalako eta ez beti behar lukeen modu onean. Hala ere, normalean, alaia izaten naiz, haserretzen eta tristetzen ez naizenetan behintzat. Eta nire ezaugarrietan, nire bizitzaren garapenean garrantzia handiena izan duena LOTSATIA esango nuke. Duela 15 urte inolaz ere, ez nintzateke ausartuko hemen, nitaz hainbeste eta hain garden idaztera. Baina, kontuak nola diren, barne lanketa bidez eta batez ere, ni bezain lotsatia zen lagun baten laguntzaz lotsa asko eta asko gainditu ditut. Beste batzuk ez ordea. Bizitza luzea izatea espero dut eta bidean gainditzen jarraitu behar... 


Animalia bat banintz ere arazo bera nuke... Ezin batekin konformatu, eta erreflexio honek beste ezaugarri batera nakar, nahita ez, inkonformista naiz, jaiotzez... Edo gogoan dudanetik behintzat... Txoria izatea maiteko nuke, oso gaizki kantatzen dudan arren. Hegan egitea gustoko baitut. Taldean egoten diren animalia bat ere izango nintzateke, taldearen babesa eta konpainia zalea bainaiz, ardia edo behia esaterako. Talde hauetan, segurtasuna bilatu ohi dut eta horretarako guztiek begirunea eta enpatia izatea eskertzen dut eta ni ere hori ematen saiatzen naiz Eta batzutan, astoa, oso baldarra eta burugogorra izateko joera dudalako... Baina, nik txoria nahiago dut, hegaztia, bidaiatzea deskubritu nuenetik, bidaiek bakarrik ematen didaten askatasunaren menpe nagoelako, nire bizitzatik ihes egitea gustoko dudalako, gero pozik atzera itzultzeko. Edo, bizitza beste perspektiba batzuetatik ikusteko. 




Eta, idaztea gustoko dut, berehala sekulako zurrunbilotan sartzen naiz eta neure burua askatzeko beti bidaiatzen aritzerik ez dudanez, idazteak eramaten nau, bai barrura eta baita oso urrutira ere. Eta batzutan, nire koadernoek laguntzen ez nautenean, musika dantzagarria jartzen dut etxeko ordenagailuan eta bakarrik dantza egiten dut edo kantautore tristeren bat jartzen dut negar egiteko premia dudanean eta zergatik ari naizen ez dakidanean. Edozerekin hunkitzeko gai naizen egun horietan. 

Orain, ikasten jarraitu nahi dut eta irakasle lana utzi nahi dut eta proiektu berri batean hasi nahi dut, sinesten dudan zerbaitetan lanean, gustoko dudan zerbaitetan.

2016/10/03

HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN lan-taldearen AURKEZPENA



Kaixo! Online honen atzean gaudenak gara!
Ongi etorriak!

Gu hurbilagotik ezagutu nahi? Hauek 1. ediziorako egin genituen aurkezpenak: 

Bea
GarbiƱe
Make
Marisa
Mentxu