2020/10/10

Ezin badut dantzarik egin, hau ez da nire iraultza

 Kaixo ekipo!

Amaia Alberdi Ruiz de Alegría naiz, hezitzaile zarauztarra, urte askotarako :)



Testua irakurtzen jarraitu aurretik, eman hemen play-ri ;)

Herri mugimendu feministetan twerkingean aritu eta ingenieritzan bazterrak nahasten ibili ondoren, pedagogia eta saretzearen indarra ezagutu nuen Perun, bertan hainbat urtez lanean ibili ondoren (Perun deitu nion lehen aldiz neure buruari hezitzaile). Etxera itzuli eta DBHko bloke zientifiko-teknologikoko irakasle lanetan hasi nintzen Lasarteko Institutuan, eskola gizarte eraldaketarako tresna paregabea zela/dela izanik nire mantra. 

Hezitzaile rolaren inguruan asko hausnartu dut eta injustizia ezberdinen transmisioa eteteko ardurak kezkatzen/indartzen nau. 

Azken bi urtetan Alboan izeneko GKE batean hezkidetza teknikari lanetan ibili naiz, autodiagnostiko parte-hartzaileen bidelagun izanez hezkuntza komunitate anitzekin eta Berritzeguneekin elkarlanean. Hemen 25 eskoletan bide lagun izan naizen prozesua kontatzen duen bideo laburra. 

Urte hasieran, HUHEZIrekin prozesu hauen inguruko ikerketa batean aritzeko aukera izan nuen(argitalpena prest dugunean elkarbanatuko dizuet). Elkarrekintza honen harira, hilabete honetan hasi berri naiz  bertako hezitzaile lanetan Magisteritzako Graduan (ardura honek barrenak nahastu dizkit (metaforikoki eta literalki), uste dut gaur izan dela komunera behin bakarrik joan naizen lehen eguna ajajjajaja)😐

Musikari frustatua (txirulan pare bat nota erdi zuzen egiteko gai naiz juxtu-juxtu), dantza bidez aberasten ditut doinuak. Kuadrilaren arabera, ez dut bizitza kolore gabe ulertzen eta janzterako orduan "kapa" asko jartzearen zalea naiz (tipularen moduan). Nire inguruan gozorik badago denbora gutxi irauten du eta txokolate tableta bat "sentada" bakarrean jatea ezinezkoa dionak, ez nau ezagutzen.

Ez dut nire bizitza feminismorik gabe ulertzen, ezta ikaste-irakaste jardunik gabe, ezta bi hauek beste pertsonekin ehunduz egin gabe ere. Horregatik nago hemen :)

Gora gerri askeak!

Amaia❤



 Kaixo denoi

Bego Lierni naiz eta ikastaro honetan asko ikasiko dudala iruditzen zait. 




2020/10/09

Aurkezpena, Ainhoa Zumeta Mendizabal

 Kaixo!!! 

Ainhoa Zumeta Mendizabal naiz. 41 urteko emakume Oriotarra. Orion bizi naiz eta bertako Herri eskolan egiten dut lan.

Txiki txikitatik garbi izan nuen "andereño " izan nahi nuela eta hala ikasi nuen Donostiako irakasle eskolan Atzerriko hizkuntza lehenik eta Haur hezkuntza 10 urte beranduago.

Urteak aurrera joan dira eta beti handik eta hemendik ikasteko gogoz jarraitu dut. Umetan hain argi nuen hark  , irakasle izateak,  errealitatean zer esan nahi duen ulertzea eta zenbat esparru ukitzen dituen jabetzea bizi guztirako ikasketa  dela oso garbi dut.

Hego euskal herriko txoko batzuetako eskoletan lan egiteko zortea izan dut eta azken 10 urteak etxean bertan nabil geratu gabe gure herriak behar duen kalitatezko eskola sendotu nahian.

Orioko Curriculuma sortzen taldean lanean aritu nintzen, Partekatuz ikasi egitasmoan ere bi urtez tutore lanetan aritu nintzen beste eskola batzuei gure lan egiteko modua erakusten eta azken urteetan gure eskolako kanpo espazioaren eraldaketa lanetan buru belarri ibili naiz.

Datorren ikasturtetik aurrera 4 urtez  Zuzendaritza taldean egongo naiz eta orain proiektua idaztea, eskolak aurrera begira dituen beharrak identifikatu eta lanean hastea tokatzen zaigu. Lan horretarako hezkidetza erdigunean kokatu behar dugula argi nuen eta horregatik izen eman nuen ikastaro honetan.

Uste dut asko dudala desikasteko eta beste hainbeste ikasteko eta zuen mezuak irakurri ondoren zorteko sentitu naiz talde honetan egoteagatik.

Nire burua definitzeko ariketa ez zait erraza egin... ilusioz beteriko pertsona naizela uste dut. Egoera zailei alde ona bilatzen saiatzen dena eta beti aurrera egiteko indarra ateratzen duena.

Alde horretatik lan-talde birtualean lan egiteko nire ezaugarri onen artean langilea eta konstantea naizela esango dut.

Bestalde ilusioz gauzak bizitzeak dena azkar egin nahia sortarazten dit askotan eta gauzek beren denbora dutela onartzea kostatzen zait . 

Anariren " Ihia " abestia partekatzea erabaki dut. Alde batetik Anariren letrek nire barrua ukitzeko duten gaitasuna oso gutxik dutelako. Barru barruko fibra ukitzen didate. Eta ihia abestiak kontzeptu interesgarri asko aipatzen dituela uste dut: malgutasuna, ahula izateari gorazarrea, kolektiboaren garrantzia....


Laister arte!!

 AURRERA!

Belén naiz. Definitzen nauten balio eta ezaugarrien artean, hauek nabarmenduko nituzke: formakuntza nekaezin nahia, erresilientea, behatzailea, Hezkuntzan eta bizi-moduan aniztasuna eta berdintasunaren eraikitzailea.

Urte honetan zuengandik eta zuekin ikasteko prest!. Uste dut honako taldean badago aukera handia hezteko. Beraz, adi eta parte hartzaile egongo naiz!

Ikasle gisa formatu nintzen hainbat unibertsitate eta eskoletan Derion, Salamancan, Bilbon. EHUkoa falta zitzaidan formakuntza-zirkulua borobiltzeko!

Hezkuntza Sisteman bizitza osoa eman dut, bai ikasten bai lan egiten. Esku-hartze sistemikoan formatu nintzen. Psikoterapeuta izateko azken lan sistemikoa izan zen: Tratu txarrak jasan dituzten emakume erresilienteek seme-alaba erresilienteak egiten dituzte?

Eguneroko lanetan begirada sistemikoa oinarri hartzen dut. Hainbat funtzio garatu dut; besteak beste aholkularia, psikologoa, teknikaria. Eskoletan zein laguntza zerbitzuetan egunero dugu aukera anitza aniztasuna eta berdintasuna bermatzeko eta eraikitzeko.

Azken urteetan ebaluazio, ikerketa eta plan batzuetan parte hartu dut: Eb. Diagnostikoak , Ikasten eta pentsatzen ikasi konpetentziaren markoa, Euskal Herrian gaitasun handiko umeen egoera aztertu, gaitasun handiko umeen esku-hartze plana, BIZIKASI plana.

Kolorea: berdea

Abestia: Hegoak ebaki banizkion...Mikel Laboa

Aisialdia: Naturan egotea, pilates, emakumeen koroa (Carmina Burana, azken emanaldia), familiarekin disfrutatzea.

Ondo ibili!!

Nor naiz? Zer naiz?

 

Kaixo.

Irati naiz, Mari Fran eta Juan Luisen alaba;  ahizparen ahizpa eta lagunen laguna. Emakumea, feminista, gaztea, antzerki zale amorratua eta desordenatua besteak beste. Duela gutxira arte ondo abesten nuela uste nuen, baina ez omen da hala. Nork entzuten du ba bere ahotsa den bezala?

Gizarte Langintzan graduatu nintzen baina berdintasun teknikari lanetan dihardut lanean hasi nintzenetik. Lanaren edo militantziaren ajeek ez didate betaurreko moreak kentzen uzten. Baina zirrikitu asko daude oraindik argitzeke, eta ikastaroarekin birplanteatu gabeko horiek hartu eta hausnartzea dut helburu.

Ariketa bat proposatzen dut irakurtzen ari zaren horrentzat, zuretzat:

  1.          Jarri Anariren Ametsen Eraiste Neurtua kanta.

  2.       Irakurri ondorengo esaldia:
    "Ez bazara zure izena, ez bazara zure ofizioa, zure ikasketak, ez bazara zure gurasoen seme edo           alaba…  nor zara? Zer zara?"

      3. Esaldi hau irakurtzen duzunean, zer datorkizu burua? Saiatu zaitez erantzuna bilatzen.

Beti da zoragarria gure buruak zalantzan jartzea, neri behintzat ariketa polita iruditzen zait.

Eta gainontzean? Ba guztion antzera, maite dut bidaiatzea, jatea, zinera bakarrik joatea, dantzatzea…

Besarkada bat guztioi 💜

(Lan-arloan helbide elektronikoen amaieran “besarkada bat” jartzearen kontua, feministona da?)

2020/10/08

Ieup!

 Kaixo,

Bittor naiz, 29 urteko gasteiztarra. Aurkezpena egiterako orduan zalantza asko etorri zaizkit burura? Zer jarriko dut? Nola ulertuko du jendeak? Gauza gehiegi jartzen nabil edo sinpleago egin behar dut? Ziurrenik denak ibili garela besteek zer egin ikusi gurea horren arabera egiteko 😉

Pixka bat zentratzeko, nire hezkidetzarekin lehen urratsak institutu garaian Ikasle Abertzaleak-en militatzen hasi nintzenean egin nituen. Benga zuentzat! nostalgiko jarri naiz...

 

Ondoren, unibertsitatera joan nintzen Biologia ikastera. Hezkuntza ez formalean, Urtxintxako hezitzaile ikastaroan, izan nuen aukera hezkidetza modu zuzenean eta era transbertsalean lantzeko aukera. Hainbeste gustatu zitzaidan Hezkidetzan aditua ikastaroa ere egin nuela. Honek, ikastetxeetatik hezkidetza tailerrak emateko aukera eman zidan, eta Gasteizen ikastetxe desberdinetan dauden errealitateak ikusteko aukera izan nuen hiru urtez.

Lanari dagokionez aisialdian ibilitakoa naiz urte askotan hezitzaile zein zuzendari, tabernari eta orain azken urte hauetan irakasle gisa ibili naiz bigarren hezkuntzan, biologiako irakasle bezala gehienetan. Aurten tokatu zait, nire ustez, profesionalki izan dudan adaketarik handiena: Gamarrako Ostalaritza eskolan okintzako irakasle. Afinitateren bat daukagu biologoek hartzidura prozesuekin eta BINGO! Hemen duzue nire lan uniforme berria eta baita aterako dudan Euskal Herriko ogien nire liburuko portada. 😝


 Nire bizitzako lehen ogia ere duela bi astekoa da, hementxe duzue. Ikastaro amaieran beste bat jarriko dizuet, nire ogieboluzio balora dezazuen. 

Eta blogak zuzentzen ibili izan den lagun batek esan didanez sarrera motzak asko eskertzen direla (txapa hau eta gero bete ez dudana...) laburbilduz nire aurkezpena: patatero xamarra, herri mugimenduko kidea, juergazale prepandemikoa, orain ezin 😠 eta asko ikasteko gogotsu!


Pozik zuek ezagutzeaz!😈

EGUN ON DENOI !!!!

 






2020/10/07

Hemen nago!

 Bai... azkenean tarte bat aurkitu dut nire aurkezpena egiteko!

Lola Damborenea naiz, ISEI-IVEIko lankidea. Ikastaro hau ISEI-IVEIko lau pertsonak egingo dugu. Beraz talde potente bat sortuko dugu Hezkidetzaren inguruan lan egiteko.

NIRE CURRICULUMA

Psikologia, Pedagogía eta Musika (pianoa) ikasi nituen. 

Nire lan guztiak Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleekin erlazionatuta egon dira. PT iralaslea izan naiz, PAT eta Berritzeguneko logopeda, IDCko HPB teknikaria, Berritzeguneko HPB aholkularia eta ISEI-IVEIko HPB teknikaria.

Momentu honetan Psikopedagogia taldeko koordinatzailea eta ISEI-IVEIko zuzendaritza taldeko kidea naiz. 

Nahiz eta nire gaur egungo lanpostua HPBei buruzkoa izan, nazioarteko ebaluazioetaz (PISA, PIAAC eta PIRLS), kalitatearekin ahal dudan neurrian laguntza emateaz, ISEI-IVEIko kontratuetaz eta hainbat txosten idazteaz arduratzen naiz.

NIRE ZALETASUNAK

  • Musika entzutea, jotzea, abestea... 

  • Mundakan egotea. 
  • Urdaibain paseatzea.
  • Ortua eta landareak zaintzea, gero landatutakoa jatea (tomateak, piperrak...) 

  • Nire lana egitea.  Asko gustatzen zait egiten dudana, oso interesgarria da eta, orokorrean, disfrutatzen dut laneko zereginekin.
  • Liburuak irakurtzea, serieak eta filmak ikustea...

ETA BUKATZEKO...

Saiatu nintzen hezkidetzari buruzko ikastaroak egiten baina ez ninduen onartu. Orain aukera etorri zait eta aprobetxatuko dut! 

 Espero dut ikastaroarekin disfrutatzea eta lasai sentitzea.

Hasteko eta zuekin asko ikasteko prest!


KAIXO KAIXO!

Nire izena Arrate da eta 22 urte ditut. Haur Hezkuntzako Gradua bukatu berri dut eta irakasleen formakuntzaren garrantzia aitortzen dudanez, formakuntzazko zenbait ikastaro egitea helburu nuen. Modu horretan, Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroarekin topo egin nuen.

Izaera aldetik, bideoan hainbat ezaugarri txertatu ditut, oro har definitzen nauten ezaugarriak; hala ere, horietako batzuk negatiboak izan daitezke; esate baterako, pertsona langilea naiz baina batzuetan gehiegi inplikatzen naizela uste dut (edo hori esaten didate), eta egia da burua deskantsatzea oso garrantzitsua dela. Enpatikoa ere banaiz, beti saiatzen naiz nire ingurukoak zaintzen, ondo egon daitezen eta askotan neure buruaz ahazten naiz, nire buruaz zaintzeaz. Bestetik, iraultzailea eta geldiezina naiz, positiboa eta motibatzailea; alaia eta eskuzabala; eta noski....FEMINISTA.

Nire kolore gustukoena morea da eta nire animalia espirituala zaldia da, baina askatasunean bizi den zaldia. Musikarekin jarraituz, hainbat dira entzuten ditudan taldeak baina gehien gustoko dudana Gatibu da, sortzen dituzten abestiak brutalak direla uste dut. Gatiburen abestiren bat hautatzearren, “Aske Maitte” abestia aukeratuko nuke, Izaro abeslariarekin egin duen abestia.

Nire aisialdian zenbait zaletasun egitea gustoko dut: alde batetik, Sestao River Neskak futbol taldeko jokalaria naiz, 10 urte daramatzat futbolean jokatzen. Atseden hartzeko eta burua deskantsatzeko irakurtzea gustoko dut, bai fikziozko baita formakuntzazko liburuak ere. Bestetik, bidaiari amorratua naiz, pila bat gustoko dut esperientzia berriak bizitzea, herrialde eta jende berria ezagutzea, hizkuntza eta kultura berri batean murgiltzea... Nire aburuz, bidaiatzeak persona moduan aberasten gaitu. Zaletasun hauetaz gainera, kuadrilarekin asteburuetan planak antolatzea eta egitea asko gustatzen zait.

Azkenik, zergatik nago hemen? Ikastaroarekin topo egin nuenean eta honen edukiak ikusita interesgarria iruditu zitzaidan baita beharrezkoa ere. Izan ere, unibertsitatean honen inguruko lanketa oso eskasa da. Hori dela eta, ikastaroa egitea erabaki nuen hezkidetzaren inguruko ezagutza zabaltzeko. Hala ere, espero dut denbora ondo kudeatzea eta nola ez, ikastaroaz disfrutatzea, askotan ikasteaz disfrutatzea ahazten baitugu.

Momentuz hauxe da guztia, beraz, ongi izan ekipo!


 

MARTXAN!!

 

 


 

Kaixo taldekide!

Marta Irazoki Agirre naiz, Irunen bizi den musika-irakasle beratarra. 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen bide-lagun izateko oparia egin dit nire lanbideak. “Maestra” sentitzen naiz hitzaren zentzu zabalenean. Hezkuntzaren mundua maite dut. Zer zortea, gure lana hainbeste gustatzen zaigunean!!

Haur Hezkuntzan hasi nintzen, eta hortik DBHra pasa. Zuzendaritza taldeko kide izan nintzen 7 urtez, eta elkarbizitza arduradun. Egun hezkuntza ikuskari lanetan ari naiz, laugarren ikasturtea dut. Edonola ere, leku batean zein bestean, nahi dugun eskolan pentsatzeko betekizuna dugula iruditzen zait;  etorkizuneko hiritarrak prestatzeko erantzukizuna; denontzako eskola egiteko desafioa; gure lanaren bitartez desoreka sozialak gainditzeko ilusioa; pertsonen garapen integrala sustatzeko erronka; baloreak transmititzeko parada....  Hori guztia, konpromisoz. Konpromisoa pertsonekiko, gizartearekiko, norberaren auzo eta herriarekiko, eskolarekiko eta hezkuntza sistemarekiko.

      naiz.eus

 

Zergatik nago hemen, orduan? Nekez lortu ahal izanen dugulako hori guztia betaurreko moreak jantzi gabe, ez zaizu iruditzen? Betaurreko moreak janztea pertsona bakoitza bere  “paregabekotasunean” begiratzea delako. Zer zama, zenbat min eredu itxi batean enkajatu behar izate horretan!! Betaurreko moreek desikasi asko eskatzen dute, ordea. Horregatik nago hemen. Ikasi nahi dudalako. Ikasteko beharra dudalako. Hainbat ikastaro egin dut gai honen inguruan, eta barruak nahastu zaizkit horietako bakoitzean.

 

Ikasketaburu lanean hasi nintzenean, hartara bideratutako prestakuntzan parte hartzeko aukera izan nuen. Ikastaro hartan, bideo hauxe jarri zigun taldekide batek:


 Prest nago hazi feministak ereiteko!!

Hori bai, bloga eta foroa erronka dira niretzat. Izugarri kostatzen zait horrelakoetan parte hartzea, intseguritatez beteta nago. Susmoa dut emakume askori gertatzen zaigula… Kasualitatea ote?

Portzierto!! Partaideen artean mutil bakarra dagoela ikusi dut. Aupa zu, Bittor!! Horrek zer pentsatua ematen dit, ordea… Eta kezka…

Musika irakasle honek musikarekin bukatu nahi du. Xabier Letek 1976an idatzitako Izarren hautsa, Mikel Laboak abestua. Abesti zoragarria. Pentsatu nahi dut gaur egun idatziko balitz “Gizonak” esaten duen tokian beste zerbait esango lukeela. Edo ez? Uff!! Bidean hasiak garela uste baitut, baina bide luzea dugu oraindik aurretik. 


 

Hala bazan hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila eskoletako bazter guztietan. Aste ona izan!!