2020/10/07

MARTXAN!!

 

 


 

Kaixo taldekide!

Marta Irazoki Agirre naiz, Irunen bizi den musika-irakasle beratarra. 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen bide-lagun izateko oparia egin dit nire lanbideak. “Maestra” sentitzen naiz hitzaren zentzu zabalenean. Hezkuntzaren mundua maite dut. Zer zortea, gure lana hainbeste gustatzen zaigunean!!

Haur Hezkuntzan hasi nintzen, eta hortik DBHra pasa. Zuzendaritza taldeko kide izan nintzen 7 urtez, eta elkarbizitza arduradun. Egun hezkuntza ikuskari lanetan ari naiz, laugarren ikasturtea dut. Edonola ere, leku batean zein bestean, nahi dugun eskolan pentsatzeko betekizuna dugula iruditzen zait;  etorkizuneko hiritarrak prestatzeko erantzukizuna; denontzako eskola egiteko desafioa; gure lanaren bitartez desoreka sozialak gainditzeko ilusioa; pertsonen garapen integrala sustatzeko erronka; baloreak transmititzeko parada....  Hori guztia, konpromisoz. Konpromisoa pertsonekiko, gizartearekiko, norberaren auzo eta herriarekiko, eskolarekiko eta hezkuntza sistemarekiko.

      naiz.eus

 

Zergatik nago hemen, orduan? Nekez lortu ahal izanen dugulako hori guztia betaurreko moreak jantzi gabe, ez zaizu iruditzen? Betaurreko moreak janztea pertsona bakoitza bere  “paregabekotasunean” begiratzea delako. Zer zama, zenbat min eredu itxi batean enkajatu behar izate horretan!! Betaurreko moreek desikasi asko eskatzen dute, ordea. Horregatik nago hemen. Ikasi nahi dudalako. Ikasteko beharra dudalako. Hainbat ikastaro egin dut gai honen inguruan, eta barruak nahastu zaizkit horietako bakoitzean.

 

Ikasketaburu lanean hasi nintzenean, hartara bideratutako prestakuntzan parte hartzeko aukera izan nuen. Ikastaro hartan, bideo hauxe jarri zigun taldekide batek:


 Prest nago hazi feministak ereiteko!!

Hori bai, bloga eta foroa erronka dira niretzat. Izugarri kostatzen zait horrelakoetan parte hartzea, intseguritatez beteta nago. Susmoa dut emakume askori gertatzen zaigula… Kasualitatea ote?

Portzierto!! Partaideen artean mutil bakarra dagoela ikusi dut. Aupa zu, Bittor!! Horrek zer pentsatua ematen dit, ordea… Eta kezka…

Musika irakasle honek musikarekin bukatu nahi du. Xabier Letek 1976an idatzitako Izarren hautsa, Mikel Laboak abestua. Abesti zoragarria. Pentsatu nahi dut gaur egun idatziko balitz “Gizonak” esaten duen tokian beste zerbait esango lukeela. Edo ez? Uff!! Bidean hasiak garela uste baitut, baina bide luzea dugu oraindik aurretik. 


 

Hala bazan hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila eskoletako bazter guztietan. Aste ona izan!!


 

 

1 iruzkin:

  1. Kaixo Marta! Oraintxe blogaren nondik norakoak kuxkuxeatzen zure "amona eta hazien" bideoa ikusi dot. Ederra! Milesker!!!

    ErantzunEzabatu