Kaixo, Andoni 48 urteko
zarauztarra nauzue. Zazpi anai arrebetan bigarrena eta momentu honetan alaba
nerabe baten aita.
Ikasketaz
albaitaria naiz, baina bizitzan zehar izaten ditugun txiribuelta eta aukeren
ondorioz, momentu honetan hezkuntzan nabil lanean, DBHn kokatua dagoen ZIG gelan
tailerreko maisua naiz, gazte berezi eta zoragarri batzuekin (nire pazientziaren
mugak erakusten dizkidatenak).
Nire burua
azaltzen duten bi ezaugarri aukeratu beharko banitu, arduratsua eta entzulea
naizela esango nuke. Entzutea gustatzen zait, beti zer ikasia badaukadala
iruditzen zaidalako, ikuspegi ezberdinek aberasten nautelako eta lotsa puntua
ere badudanez,, gutxiago hitz egin eta entzutera bultzatzen nauelako.
Arduratsua naiz eta ahal dudan neurrian busti eta konprometitzen naiz, egin edo esaten dugunak eragina duela sinetsita
nagoelako. Konbentzitua nago pertsona soilek taldean lan eginez lor dezakeguna
ikaragarria dela eta horregatik feminismotik datorren iraultzaren zain egon
beharrean, betaurreko moreak dakarten ikuspegia ongi barneratu eta bultzatzeari
ekin nahiko nioke.
Politikoki
elkartasuna eta ezker ikuspegia izan ditut erreferentzia nire bizitzan zehar,
baina feminismoaren inguruan ezagutzen ari naizen apurrarekin, gure jendarteari
ikuspegi are integralagoa eta humanoagoa
ematen diola sumatzen dut, pertsona eta
jendarte bezala hobeak egiten gaituena eta irrikan nago gehiago jakin eta
ahal dudan neurrian neure ingurunean eta eskolako gaztetxoengan eragiteko.
Talde lanetan nire
lanarekiko, besteen iritziak entzun edo kasu honetan irakurtzea eskertzen dut.
Agian
daltonikoa izateak, nire kolore ikuspegia mugatu eta nire ausardia apaldu ditu,
horregatik ez zaizkit kolore deigarriak gustatzen eta gris eta beltzen artean
oso eroso sentitzen naiz. Halaxe dira askotan nire arropak eta kolore bat izan
beharko banuke, urdina aukeratuko nuke, itsasoaren eta zeruaren urdinak
bizipoza eta lasaitasuna ematen didalako.
Maite ditut
gure inguruko paisaiak eta mendian zehar oinez eta bizikletaz ibiltzea, bereziki
pago baso bakartiak ditut gogoko. Baina itsasoa duen herri batekoa izaki, beharrezkoa
dut noizean behin itsasoari so egotea, bere gora behera mugimenduaz gozatuz.
Abesti
maitatuenetako bat Xabier Leteren “Izarren hautsa” dut. Bere letretan mezu sakonak
daudela iruditzen zaidalako eta gure alabarekin lotarako kantu moduan erabili
nuen.
“lana eginaz goaz aurrera”
“ gure sustraiak lurrari lotuz”
“ezaren gudaz baietza sortuz”
“gu ere zerbait
bagera eta,
gauden tokitik hemendik bertan,
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz eta
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat
aukeratzen”
Ea ikastaro
honekin hezkidetza gaian sakonduz, nire lanean eta egunerokotasunean hobetzeko
baliabideak eskuratzen ditudan eta ditugun elkarlanean.
Ea gustoko
duzuen aurkezpen hau, izerdi pixka bat baino gehiago kosta zait eta.
Ondo izan
Andoni