2018/10/04

Aurkezpena



Kaixo, Andoni 48 urteko zarauztarra nauzue. Zazpi anai arrebetan bigarrena eta momentu honetan alaba nerabe baten aita.

Ikasketaz albaitaria naiz, baina bizitzan zehar izaten ditugun txiribuelta eta aukeren ondorioz, momentu honetan hezkuntzan nabil lanean, DBHn kokatua dagoen ZIG gelan tailerreko maisua naiz, gazte berezi eta zoragarri batzuekin (nire pazientziaren mugak erakusten dizkidatenak).

Nire burua azaltzen duten bi ezaugarri aukeratu beharko banitu, arduratsua eta entzulea naizela esango nuke. Entzutea gustatzen zait, beti zer ikasia badaukadala iruditzen zaidalako, ikuspegi ezberdinek aberasten nautelako eta lotsa puntua ere badudanez,, gutxiago hitz egin eta entzutera bultzatzen nauelako. Arduratsua naiz eta ahal dudan neurrian busti eta konprometitzen naiz,  egin edo esaten dugunak eragina duela sinetsita nagoelako. Konbentzitua nago pertsona soilek taldean lan eginez lor dezakeguna ikaragarria dela eta horregatik feminismotik datorren iraultzaren zain egon beharrean, betaurreko moreak dakarten ikuspegia ongi barneratu eta bultzatzeari ekin nahiko nioke.
Politikoki elkartasuna eta ezker ikuspegia izan ditut erreferentzia nire bizitzan zehar, baina feminismoaren inguruan ezagutzen ari naizen apurrarekin, gure jendarteari ikuspegi are integralagoa eta humanoagoa ematen diola sumatzen dut, pertsona eta jendarte bezala hobeak egiten gaituena eta irrikan nago gehiago jakin eta ahal dudan neurrian neure ingurunean eta eskolako gaztetxoengan eragiteko.
Talde lanetan nire lanarekiko, besteen iritziak entzun edo kasu honetan irakurtzea eskertzen dut.
Agian daltonikoa izateak, nire kolore ikuspegia mugatu eta nire ausardia apaldu ditu, horregatik ez zaizkit kolore deigarriak gustatzen eta gris eta beltzen artean oso eroso sentitzen naiz. Halaxe dira askotan nire arropak eta kolore bat izan beharko banuke, urdina aukeratuko nuke, itsasoaren eta zeruaren urdinak bizipoza eta lasaitasuna ematen didalako.



Maite ditut gure inguruko paisaiak eta mendian zehar oinez eta bizikletaz ibiltzea, bereziki pago baso bakartiak ditut gogoko. Baina itsasoa duen herri batekoa izaki, beharrezkoa dut noizean behin itsasoari so egotea, bere gora behera  mugimenduaz gozatuz.
Abesti maitatuenetako bat Xabier Leteren “Izarren hautsa” dut. Bere letretan mezu sakonak daudela iruditzen zaidalako eta gure alabarekin lotarako kantu moduan erabili nuen.
“lana eginaz goaz aurrera”
“ gure sustraiak lurrari lotuz”
“ezaren gudaz baietza sortuz”
gu ere zerbait bagera eta,
gauden tokitik hemendik bertan,
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz eta
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen
Ea ikastaro honekin hezkidetza gaian sakonduz, nire lanean eta egunerokotasunean hobetzeko baliabideak eskuratzen ditudan eta ditugun elkarlanean.


Ea gustoko duzuen aurkezpen hau, izerdi pixka bat baino gehiago kosta zait eta.
Ondo izan
Andoni

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina