2018/03/01

Ez obeditu, heteroaraua plazerez lehertu!

Aurreko gaien ildo beretik jarraituz, aste honetan, heziketa afektibo-sexuala izan dugu aztergai. Bertan, sexuaz gain, sexualitatea ere eraikuntza sexuala dela ikusteko aukera izan dugu, bai eta hau lantzeko orduan aintzat hartzea garrantzitsua den ideiez jabetzeko aukera ere. Modu honetara, honako hau da, jasotako zenbait ideiez baliatuz, sortu duda akrostikoa.

Sarean gaiaren inguruko informazio ugari aurkitzeaz gain ordea, nire ingurukoengana ere jo dut, honi buruz zituzten ideia eta pentsamenduak ezagutzeko asmoz. Horri esker, ohartu naiz, oraindik ere, gure egunerokotasunean patriarkatuaren eragina nabari dela.

Patriarkatuak, heteroaraua bultzatzen du, ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua; pertsona guztien heterosexualitatea aurresuposatzen duelarik. Horren ondorioz, sexualitate ereduen aniztasuna baztertu egiten du.

Hori honela izanik, heteroarauaren ideia horrekin amaitu beharra dagoela uste dut. Baina nola hautsi hori? Arrakala proiektuko Iraitz Salegik, Goienako artikulu batean aipatu bezala, “Norberarengandik hasi behar da heteroaraua apurtzen. Heteroarauak gorputz osoa zeharkatzen digu eguneko segundo guztietan, eta  zalantzan jarri behar ditugu egunerokotasuneko gauza txiki guztiak hura hausteko.”

Hezkuntza esparruari erreparatuz, egia da, gaur egun, aniztasun afektibo-sexuala lantzearen aldeko esku hartzeak egiten hasiak direla. Baina, orokorrean, bertan erabiltzen diren hitz eta irudiei erreparatuz, oraindik eremu honetan ere heteronormatibitatean hezten jarraitzen dutela ikus daiteke. Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, honetaz jabetu eta eredu sexista ugalkor hegemoniko hori kolokan jartzearen alde egitea.

Iazko ikastaro kideen sarreretatik, Amaiarena gomendatzea gustatuko litzaidake. Gaiarekin lotuta sortu dituen bi irudietan azpimarratu dituen bi esaldiekin bat etortzeaz gain, partekatu dituen bideoak ere oso interesgarriak iruditu zaizkit. Esaterako asko gustatu zait maitasunaren inguruko ondorengo bideo hau. Bertan garbi usten dute, maitasunak ez duela ez generorik, ez arrazarik, ezta adinik ere.


Sarean bila aritu osten, gai hau ikasgelan lantzeko jarduera eta argibide ezberdinak proposatzen dituzten hainbat gida aurkitu ditut. Hona hemen hauetariko batzuk:

Amaitzeko, honako hauek dira, nire ustez, heziketa afektibo-sexuala eremu hezitzailean lantzeko erronketako batzuk:
  • Hezkuntza komunitate osoa gai honen inguruan sentsibilizatzea eta formatzea, ondoren esku hartze egokiak diseinatu ahal izateko.
  • Sexu heziketa heteroarautua gainditzea, estereotipo eta binarismoak deuseztatuz.
  • Maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzea.
  • Egunerokotasunean erabiltzen ditugun hitzetan arreta jartzea, hizkuntza hezkidetzailearen alde eginez.
  • Material didaktikoetan aniztasuna adieraztea; orientazio sexual anitzak, familia mota ezberdinak, gorputz ezberdinak, bistaratu eta berdin baloratuak izango diren heziketa eredua bermatzea.
  • Errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea, maitasuna, askatasuna, berdintasuna… landuz.
 

Heziketa afektibo sexuala

Aste honetan landutako gaitik dekalogoa izugarri gustatu zait, hona hemen laburpena:

1. Sexu genero binarimoa deseraiki
2. Afektibitataren garapen berdinkidea
3. Sexualitatea eta indarkeria bateraezinak dira
4. Sexualitatea ez da hetererosexualitatea, genitalitatea edo koitoa praktikatzea
5.Sexualitatea eta ugalketa desberdinak dira
6. Sexualitatea bakoitzaren baitan dago
7. Elkar errespetatu
8. Sexualitaea ez finkoa
9. Sexualitatea jaiotzatik hil arte dugu
10. Etiketak errekonozitu eta normalizatu



Iazko posten artean, Olarizu aipatu nahiko nuke. Berak eginiko hausnarketa asko gustatu zait,
eta gainera heziketa afektibo-sexualak lortzeko bidean, eskolaz kanpo ere lan egin behar dugula
aipatzen du, hala nola, etxean. Hona hemen berak partekatutako irudia:

Baliabideen artean, Steilas sindikatuaren Askatasun begiradak unitate didaktikoa aipatu nahiko nuke.
Bertan generoa eta aniztasun afektibo sexuala lantzen dira, pertsona oro modu askean bizi ahal izateko.




Esku-hartze hezkidetzailearen erronka nagusiak hurrengoak dira:

  • Guztion ardura da, eskola komunitate osoarena zein jendartearena.
  • Sentsibilizazioa ezinbesteko da. 
  • Beharrezko den kasutan ezinbesteko da prestakuntza
  • Mitoak deseraiki behar dira
  • Norberak bere gorputza autoezagutu eta onartu behar du, norberaren gorputza baita ederrena. 
  • Sexualitatea ez da hetererosexualitatea, genitalitatea edo koitoa praktikatzea

SEXUALITATEAK ETA HARREMAN AFEKTIBO-SEXUALA

Sexualitateak eta harreman afektibo-sexuala lantzea, sexualitatea ikuspuntu integral batetik lantzea litzateke; beti ere, sexualitatea bizitza osoan zehar pertsonaren oinarrizko ezaugarri bat bezala ulertuz. Era berean, besteekin komunikatzen eta harremanak garatzen laguntzeko tresna da, gure burua onartzeko eta sentimenduak ulertzeko eragin zuzena izanez. Beraz, esan liteke, sexualitatea bizitzeko eran eragiten duten hainbat baloreetan oinarritzen dela: errespetuan, koherentzian eta arduran hain zuzen ere. Eragin honi esker, parte-hartze desberdinen aurrean tolerantzia lantzen da eta aurreikusitako jarrera osasuntsuak indartzen dira.
Hau guztia aintzat izanik, gure herri-eskolan hezkidetza-z arduratuko den lan-talde bat osatu zen. Bertan, taldekideek eskolak hezkidetzaren baitan dituen ahulgune zein indarguneak identifikatu eta horien aurrean hausnartu, eta behar izanez gero egin beharreko eraldaketa proposatu beharko lukete.
Hala, behin betaurreko moreen diagnostikoa eginda, ohartu ziren haur-hezkuntzan zenbait pausu ez zirela aproposenak haurren sexualitateari dagokionez. Hori dela eta, haurtzaroan sexu-heziketa bultzatzeko aditu batekin elkartu eta haur hezkuntzako irakasle orok ordu bete eta erdiko saioa jaso zuen Harremanak Hezkuntza Elkartearen eskutik. Formakuntza honetatik aurrera irakasle eta hezkidetza taldeak honako puntu hauek besteko zituztela adostu zuten:   
  • Ikaslearen gorputza eta norbere sentsazioak ezagutzen lagunduko dugu.
  • Ez ditugu  gorputzaren esplorazioa eta laztanak debekatuko.
  • Komunikabideetako ageri-ageriko eduki sexualak ikustea saihestuko dugu.
  • Familiei aholkuak emateko gai eta prest egon behar gara.
    • Haurrarekin komunikazio-bide irekia sortu eta iraunaraziz.
    • Sexualitate gaietan zer den zuzena eta zer ez den eztabaidatzeko espazioak sortuaz.
    • Gaien inguruko bere interes eta zalantzei buruz hitz egin.

Bestetik, irakasleei formakuntza eman zien elkarte berak ikasleekin aritzen dira hilabete batez. 4. eta 6. mailei zuzenduak egon ohi dira eta astean 3 ordu eta erdiko saioak izaten dituzte. Hain zuzen ere, orain bertan herri eskolan daude eta harrera ezin hobea jaso dute ikasle zein hezitzaileen aldetik. Bestetik ume zein nerabeen baitan hauek dira aintzat hartuko diren puntuak:
  • Sexualitatea bere osotasunean ulertu. Sexualitatea eta genitalizazioa desberdindu. Alde afektiboari eman garrantzia. 
  • Familia barruan sexualitateari buruzko elkarrizketa bultzatzeko konfiantza eta ziurtasun giroa sustatu.
  • Gaiak duen garrantziarekin landu. Ez egin “txantxa” gehiegi ezta serioegi hartu.
  • Ikasleek galdetzen duten gauzen inguruan, norbere mugak gainditu eta alternatibak bilatu. 
  • Ikasleei egokitutako informazioa eman. Ez pentsa egun informazio asko badutela gai honen inguruan. Nerabe guztiek ez dituzte kezka eta zalantza berdinak. 
  • Ikasleen orientazio sexuala errespetatu. 
  • Sexu bateko nahiz besteko izanagatik ez eman mezu desberdinik (neskei haurdun ez gelditzeko jarraibideak eta mutilari txintxoa izateko jarraibideak), ezta erantzukizun edota betebehar gehiagorik. 
  • Euren galderei erantzuteko prest zaudela erakutsi.

Honetaz eta gehiagotaz hausnartzeko, hona hemen Ernaik eginiko bideo interesgarri bezain entretenigarria:


Bukatzeko aurreko urteko lan hau aipatuko nuke: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2017/03/eredua-eredurik-ez.html


2018/02/28

Diskurtso hegemonikoa suntsitu

Sexu-genero sistemak gure bizitzaren esparru gehienetan eragiten du, eraikuntza soziokulturala den aldetik. Hala gertatzen da ere, sexualitatearen eremuan. Sistema patriarkalak ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua indartzen du eta kanpo dauden sexulitate-eredu anitzak baztertu, ikusezin bihurtu eta negatiboki baloratuko ditu. Hortaz, desira ugalketari lotuta egongo da eta plazera koitoarekin lotuko du sexualitate-eredu hegemonikoak. Gainera, gizonezko gorputza eta genitalak izango dira erdigune eta klitoriak ugalkortasun horretan funtziorik ez duenez, baztertua izango da ondoriozko botere harremanak sortuz. Hau guztia gutxi balitz, jendarte neoliberal kaptilalistak, sexua kontsumo produktu bihurtu du, jendartea hipersexualizatuz, prostituzioa eta pornografia sustatuz, amatasun subrogatua saleroiz...
 

Hortaz, heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea hezkuntza-eremu guztietan txertatzea eta sexualitateen diskurtsoak beren espresio anitzekin ikastetxeko harreman esparru guztietan integratzea funtsezkoa da, ikasle ororen aniztasuna onartua izan dadin, izendatuak senti daitezen eta giza-sexualitatearen diskurtso normalizatuaren parte bihutzeko.
Heziketa afektibo-sexuala ez dago curriculum esplizituaren barnean, natur zientzetan eta eta biologian soilik ugalketa aparatuen deskripzioaz eta fisiologiaz arduratzeko agindua dute genero estereotipoak erreproduzituz. Esaterako, espermatozoideek maskulinitate hegemonikoa gorpuzten dute borrokalari gisa aitortuz, natura menderatuz eta obuluak pasibo aurkeztuz. Baina azken ikerketek ezagutzera eman dutenez,  Mendelen Legeei aurre egin eta obulua otzana ez dela frogatu da, alegia, obuluak espermatozoidearen aukeraketan partehartze zuzena duela.  
Heziketa afektibo-sexuala gainera, adin zehatzetara bideratua da eta denbora  tarte laburra eskaintzen zaio. Ugalketan, haurdunaldien eta sexu bidezko gaixotasunen prebentzioan zentratu ohi da, alegia, eredu-sexual normatibo eta hegemonikoan, non koito-zentralitatea, heteronormatibitatea eta emakumeekiko mesprezua erreproduzitzen eta aniztasun afektibo-sexuala bistaratzen ez den.
 
Gauzak honela, heziketa afektibo sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta hautu pertsonalaren eskuetan geratu ohi da. Berdintasuna aldarrikatzen duen hezkuntza sistema batean, oraindik ere erlazio afektibo-sexualek estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte eta emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrian dauden boterezko harremanak indarrean daude gazteengan, maitasun erromantikoa berproduzitzen delako etengabe.
 
 
 
 
Gainera, harreman afektibo-sexualen aniztasuna, oro har, ikusezina da eta sexu-orientazioen hierarkia nabaria da, eskola espazio segurua ez dela hautemanez. Horregatik, garrantzitsua da afektibitatea sexualitatearen kontzeptuari lotzea bizipenak era pozgarrian bizitzeko.

Afektibitateaz hitz egitean, nork bere buruarekin, gainontzeko pertsonekin, naturarekin animalia eta objektuekin harreman positibo eta osasuntsuak izateko gaitasunaz ari gara, garapen integralerako oinarrizko osagai dena.
Sexualitateaz aritzean aldiz, plazerraren kudeaketaz ari gara, desioaren espresio eta komunikazioaz. Nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin duena, non desioa eta plazerra abiapuntu eta helmuga aldi berean diren. Komunikazioa, errespetua, konplizitatea, adostasuna eta askatasuna oinarrian dute eta pertsona beste sexualitate dago. Hortaz aniztasunaz eta sexualitateez mintza gaitezke. 
 
Horregatik guztiagatik, ugariak dira hau guztia eremu hezitzailean lantzeko erronkak. Honakoak aipatuko nituzke:
 
- Hezitzaileen formakuntza heziketa afektibo-sexualean.
- Sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea.
- Heteroaraua gainditzea.
- Bestelako ereduak eskaintzea (familia motak, kultura desberdinak, gorputz ez normatiboak... bistaratu hierarkizaziorik gabe).
- Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.
- Gorputzen autoezagutza, onarpena eta guztien edertasuna baloratzea
- Espazio seguruak eraikitzea.
- Komunitate osoaren inplikazioa
 
Heziketa afektibo-sexuala ikasleekin lantzeko honako baliabideak egokiak iruditzen zaizkit: Haur txikienekin, Arrasateko udalak argitaratutako KILI KONTUAK ipuin bilduma. Sexologia bere osotasunean lantzeko baliabidea da honakoa:
 
  • Emozioak eta hauek identifikatzen ikastea
  • Autoestimulazioa
  • Gorputzarekin jolastea
  • Ugalketa
  • Familia eredu ezberdinak ezagutzea

  •  
    Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari begira, HARIMAGUADA kolektiboaren web gunean material didaktiko interesgarri ugari daude ere. Programa hau, planteamendu informatzaile eta moralista soilen aurrean, saiatzen da ikaslea bera izan dadin bere sexu ezagutza eraikitzen duena, izaki sexudun bezala positiboki kontsidera dezan bere burua, eta bestekiko harreman ganoradunak era ditzan, atseginak eta generoaren elementu diskriminatzailerik gabeak.
     
    Iazko ikastarokideek egindako post-en artean, Garaziren "Ikasia desikasten: normalitatearen mugak zabaltzen" izenekoa aukeratu dut, izan ere, eremu hezitzailean lantzeko baliabide oso interesgarriak aurkezteaz ezezik, berak planteatutako erronkekin bat nator.
     
     
    HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA

    Pertsona guztiek behar izaten dituzte harreman afektiboak bizi ahal izateko. Afektibitate barik ezin gara bizi, baina afektibitatea ere ugatua izaten da gure genero rolen arabera. Gizonezkoek ez dute euren afektibitatea erakusteko gaitasun handirik erakusten, emakumeek berriz, afektibitate hori era naturalagoan erakusten dute. Bereizketa horiek ez dira "berezkoak", eraikuntza soziokultural baten ondorioa dira, eta beraz desikazi eta eraldatu egin daitezkeen erralitateak dira.

                              HARREMANAK
                  ESKOLA
    ZAINTZA         
                               KOMUNITATEA

    MAITASUNA
               AFEKTUA
                                   ERRESPETUZKOA
                           KONFIANTZA
                           TRATU ONAK
       EZ NORMATIBOA                  
                      BABESLEA
                                 GORPUTZ ANITZAK

                                  SENTIMENDUAK
                         EROTISMOA
                      SEXUALITATEA
                    UKIPENA
                    ARMONIA
                  PLAZERRA
                          ASKATASUNA

    Maitasun erromentikoaren mitoa apurtu nahian eta polimaitasunaren gaia mahigaineratuz, "El sexo de los Ángeles" filma gomendagarria litzateke nerabeentzako. Bertan, bikote heterosexual bat krisialdi batean sartzen da beste mutil bat erlazioan sartzerakoan. Hirukote (gaztelaniazko trieja) izaten ahaleginduko dira, heteroaraua apurtuz eta gizartean ematen diren presioei aurre eginez. Bidean topatuko dituzten zailtasunak eta kriasialdi egoerak askok gure bizitzan zehar topatzen ditugunak dira, neerabeetasunean berezkoak izaten direnak.




    Aurreko urteetako post hau nahiko borobila iruditu zait. Heziketa afektibo-sexualaren inguruan zenbait sikdikatuk ateratako txosten interesgarri erakusten baitira. 


    Eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia? 

    Erronka ugari daude, heziketa afektibo-sexualaren kasuan elizak izandako eragina gaur egun ere asko mantendu egiten da. Sexu harremanen inguruan dauden hainbat eta hainbat uste, katolikotasunak inposatutako pentsamolde baten parte dira. 

    • Heziketa laikoa eta askea lehenstea, erlijioak jendartean  inposatutako eredu  afektibo-sexual diskriminatzaile eta  botere-harreman desorekatu barik.
    • Heteronormatibitatearen diktaduran oinarrituriko orden soziala salatzea.
    • Pertsona guztiek afektibitaterako duten eskubidea aldarrikatzea.
    • Gorputz anitzak ikustaraztea, sexualizazio normatiboa baztertuz eta aniztasun sexuala goraipatuz.
    • Sexu tabuak apurtu, sexuaren gaia mahigaineratuz eta normaltasun eta askatasun osoz herritarrak horren inguruan hitz egin dezaten. 





    Harreman osasuntsuak jomuga

    Ugalkortasun sexualitate-eredu hegemonikoak jendarte heterosexuala behar du. Horrek suposatzen du desira ugalketari lotuta egongo dela eta, ondorioz, plazera koitoarekin lotuko da. Koitoa harreman sexualetan zentrala bihurtzean gorputzaren genitalizazioa ematen da non gizonezkoarenak diren erreferentziazko gorputza eta genitalak. Klitoriak, ugalkortasunean funtziorik ez duenez, baztertua eta gutxiagotuak dira, eta honen ondorioz, boterezko harremanak sortzen dira.

    Premisa horretatik abiatuta, inork kontrakorik adierazi ezean pertsona guztien heterosexualitatea gailentzen da. Ez dago aniztasun afektibo-sexualarentzako tokirik, aniztasun funtzionala, zentzumenezkoa edo psikikoa dutenen sexualitatea ikusezina da eta estigmatizatu egiten da, asexualitatearen existentzia saihesten da… eta sexualitate desberdinen arteko hierarkia ere ezartzen da.

    Sexua kontsumo-produktu bihurtu da (hipersexualizazioa, sexu patriarkalaren negozioak, prostituzioa eta pornografia...). Eskolak, gainera, esku hartze kontzientea egiten duenean ez ezik, heteronormatibitatean hezten du ezkutuko curriculumaren bitartez. Hots, heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea sustatzeko behar beharrezkoa da eredu heterosexista ugalkor hegemonikoa kolokan jartzea.

    Heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileak bizipen eta errealitate afektibo sexual anitzak dituzten ikasleak izendatuak senti daitezen lan egiten du. Ibilbide horretan, diskurtsoa normalizatzeko erronka du aurrez aurre.

    Esan daiteke afektuen esparruan neskek eta mutilek genero-harremanak barneratu dituztela. Hori gutxi ez eta sexu-orientazioen arteko hierarkia nabaria da egun. Horren aurrean, gainera, ikasleen erdiak baino gehiagok eskola ez du espazio segurutzat hautematen. Nola apurtu errealitate mugatzaile honekin?

    Nire iritziz erronka interesgarriak diren hauek zerrendatzen dira irakurgaian:
    • eskola komunitate osoaren sentsibilizazioa eta prestakuntza ematea
    • heziketa afektibo sexual kontzientea izatea
    • komunitate osoaren konpromisoa
    • sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea
    • aniztasunean heztea
    • sexualitate anitzak normalizatzea
    • gorputz anitzen autoezagutza, onarpena... lantzea
    • .

    Aste honetako gaiaren inguruko baliabide, ikerketa edo proposamenen bat gomendatzeko eskatuta, ikasleekin erabiltzeko filme ugari aurkitu genitzake. Nik “La vida de Adéle” hautatu dut proposamen gisa. Nerabe eta gazteekin lantzeko pelikula aproposa izan daikekeela uste baitut. Sarean eskuragarri eta ikusgai dagoena gainera. 12 urtez gorakoentzat gomendaturiko istorioa da eta errekonozimendu zein sari ugari jaso izan dituen lana dugu.

    Bestalde, haur txikiekin gaia lantzeko ipuin sorta ezaguna dute Katxiporretako lagunek. Bakoitzak bere buruarekin, inguru fisikoarekiko eta hurbilen dituen pertsonenganako bizi eta adierazten diren afektu egoerak tratatzen dira bertan: laguntza, babesa, maitasuna, goxotasuna, xamurtasuna eta elkar ulertzea...

    Irakasle eta hezitzaileoi begira, bestetik, elkarrizketa interesgarri baten berri eman nahiko nuke hemen. Harreman afektibo-sexualetan duen eragina aintzat harturik, oso kontuan hartu beharreko eremua dela iruditzen zait gure GORPUTZArena. Horren harira Larrun Aldizkarian topatu berri dudan gogoeta hau zuekin konpartitzeko beharra sentitu dut. Izan ere, bertan lau profesionalen ahotik mahainguruan partekatu diren ideiak eta solasaldiek gaian sakontzera garamatzate.

    Hona hemen gakoetako batzuk.







    Uxanaren iazko postak gif esanguratsu hau ekarri dit esku artera. Deigarria eta edukiz betea dagoela deritzot, eta horrez gain, iruditzen zait modu labur eta argian betetzen ditu artikulu hontan dagozkion ariketak.


    Azpimarratutako ideiak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit niri ere. Hala nola, maitasun erromatikoak egunerokoan egin digun eta egiten jarraitzen digun mina ukaezina da eta horri nolabait aurre egiteko lan handia dugu aurretik. Kontzientziak astindu eta bestelako harreman eta maitasun eredu batzuk aurkeztea da horietako bat, esaterako.

    Eskola hezitzailean dugun erronka nagusia, nire ustez, pertsona oro bere identitatearekin gustura sentitzea da, inor mespretxatzeko beharrik izan gabe, diren moduan onarturik sentitzea eta ingurukoak baloratzea. Horretarako, ezinbestekoa da harreman afektibo eta afektibo-sexual positibo eta autonomoak eraikitzea, eskola-barnean eta baita kanpoan ere.

    SEXUALITATEA ETA AFEKTIBITATEA ESKOLATIK BIZITZARA




    EITBko Sexsua programako “Sexperientzia Ikastetxean” izeneko saioan Sexu-hezkuntza gaia lantzen du Jon Gomez aurkezleak. Bertan, eskoletan sexuaren gaia nola jorratzen den aztertzen da. Bideoan irakaskuntzan gaur egun ere hutsune handia dagoela aipatzen da. Ikastetxe gehienetan DBHn izaten dira sexuari buruzko ikastaroak. Normalean, kanpotik etorritako adituak dinamizatzen du saioa. Bideoan adibidez, DESIRAK izeneko sexologia eta generoari buruzko adituen taldea agertzen da. Horrela, Mireia Cifuentes sexologoa ikasleekin hitz egiten agertzen da. Deigarria iruditzen zait, horrelako saioak kanpoko pertsonek ematea. Hare gehiago, horrelakoetan irakasleak gelaz kanpo egotea eskatzen da, gazteek askatasunez hitz egin dezaten. Baina ez al da horrela tabu bihurtzen? Ez litzateke gaia normalizatu beharko, denon artean naturaltasunez hitz eginez? 
    Bestalde, uste dut txikitatik landu beharreko gaia dela. Horregatik, EHUn eskaintzen den Lehen Hezkuntzako Graduko ikasgaiak arakatzen hasi naiz. Nire sorpresarako, ez dago sexuari buruzko ikasgairik. Beraz, etorkizuneko irakasleek gai honi buruzko informaziorik jasotzen ez dutela konturatu naiz. Bideoan agertzen den unibertsitateko irakasleak dioenarekin ados nago. Izan ere, bere aburuz, sexualitateari eta afektibitateari buruz hitz egitea ezinbestekoa da eskolan. Baina, ez kanpoko jendeak landuta, curriculumeko zeharkako lerro bezala baizik. Gaur egun, ikasleek baino, kanpoko formakuntza irakasleek jaso beharko luketeela uste dut, gero hauek beraien ikasgaian txertatzeko.


    Eskolan lantzeko baliabide egokia Steilas sindikatuak 2015ean argitaraturiko Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua da. 



    Badira ere ikasleak erakartzeko arlo honi buruzko filmak. Esaterako, El color púrpura, Juno edo La chica danesa.

                                                                 El color púrpura

                                                                              Juno

                                                                         La chica danesa


    Lortu beharreko erronkei dagokienez, hurrengoak aipatuko nituzke:
    • Eskola komunitate osora gai honi buruzko formakuntza, sentsibilizazioa eta baliabideak zabaltzea. Gainera, irakasleon eta familien arteko elkarlana ere ezinbestekoa da.
    • Denon errespetua bermatzea, bakoitza den bezalakoa erakutsiz.
    • Gorputz ezberdinen onarpena, auto-onarpena barne. Gorputzen edertasunaren eredua apurtu.
    • Mitoak deseraiki eta gazteekin askatasunez luze hitz egin. 


    Azkenik, Idoia Luzuriaga-k iaz idatziriko posta asko gustatu zaidala esan nahiko nuke. Izan ere, astean zehar  mitoen gaia landu arren, emakumeontzako oso garrantzitsua den mito bat mahairatzea falta zen. Hau, amatasunaren mitoa da. Amatasuna zoragarria dela saldu izan da beti, eta errealitatea beste bat dela eskolan ikasleekin jorratu beharko litzatekeela deritzot. 

    2018/02/27

    HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA


    Telebistan, komunikabideetan, liburuetan… maitasun erromantikoa zerbait positibotzat saldu izan digute, maiteminduta egotea (emakume eta gizon baten arteko maitasun erlazioa, zehazki) munduko gauzarik onena eta beharrezkoena dela azpimarratuz. Baina, MINDU hitza bere izenaren barruan daraman sentimendu batez fidatu egin behar al dugu?
    Gaur egungo gizarte patriarkalak ugalkortasuna oinarri duen sexualitatea defendatu izan du, horrela, emakumez (baginadun) eta gizonez (zakildun) osaturiko bikoteak aukera bakartzat hartuz. Hala ere, sexualitatea eraikuntza sozio-kulturala denez, desikasia izan daiteke.

    Hori dela eta, ezinbestekoa da inposatuta dagoen sexu-genero sistema binarioa baztertzea eta dauden sexualitate aukera anitzei ateak zabaltzea (LGTBIQ+). “Malgutasuna ahotan” izeneko artikuluan irakur daitekeenez, Zuriñe Baztanek «binarismo basatia» dagoela aitortzen du. Berak argi du ez dela ez gizon ez emakume, generoa hori baino zabalagoa eta pluralagoa dela; baina gizon ala emakume gisara sozializatu behar du «binarismo basati» dela eta.
    Iazko postei begira nenbilela, Aida eta Itsasoren hau benetan interesgarria iruditu zaidala esango nuke. Maitasun erromantikoari buruz idatzitakoa modu ezin hobean azaltzen duela uste dut “mutilek ligatzeko “matxote” izan behar direla sinesten duten bitartean, neskek, maitasun erromantikoaren tranparen biktimek, “basapiztia” “printze” bihutzea espero dute”.

    Gainera, nesken eta mutilen sexualitatearen inguruan atxikitako taula oso ondo azalduta dagoela deritzot.

                                      NESKAK
                         MUTILAK
    Sexualitaterik eta desiorik ez.
    Sexualitatea eta desio geldiezina.
    Sexu-esperientziez ezin dute hitz egin.
    Sexu-esperientziez hitz egin dezakete.
    Sexu-harremanetan maitasuna da garrantzitsuena.
    Maitasuna ez da beraien bizi-proiektuaren erdigunea.
               
    Honekin batera, aurrez aipaturiko maitasun erromantikoari kritika egiten dion “Sin medias laranjas” laburmetraia oso dibertigarria iruditu zaidala ezin uka nezake. Hementxe partekatzen dut zuekin:

    Ikasleekin erabilgarria izan daitezkeen baliabideei dagokionez, hona hemen sarean zehar aurkitu ditudan gida, dokumentu, bideo… baliagarri batzuk:

    - “Eskola orientazio sexualaren aurrean”: ALDARTE Bilbon sortu zen, 1994an, batetik, gay, lesbiana eta transexualen eskura eta horien ingurunearen eskura baliabideak jartzeko, eta, bestetik, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko, azken batean homosexualitatearen, lesbianismoaren eta transexualitatearen normalizazioa pixkana-pixkana lortzeko.

    - “Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrerak ikasgeletan”: Bizkaian eta Gipuzkoan Gehituk eta Guztiok Elkarteak (biak ere Berdindu! Zerbitzuko kideak) elkarrekin garatutako ikerketa izan da, gazteek (13-16 urte) sexu-aniztasunarekin zer jokabide duten jakin ahal izateko informazioa biltzeko asmoz.

    - “Askatasun begiradak”: Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate didaktikoa da hau. Jarduera gehienak Lehen Hezkuntzatik hasita egin ahal ditugu ikasleekin, baina bigarren hezkuntzan bestelako sakontasunean heltzeko aukera dugu. Ez dugu tolerantzia lantzerik nahi, ez baitugu besteen epairik nahi norberaren generoz, genero adierazpenak, edo maitatzeko eraz: askatasun gizartean bizi nahi dugu, gizarte askatzailean.

    -“Genero eta aniztasun sexualerako gida”: Gutxieneko eskubideez baino, ezinbesteko eskubideez ari gara; hor - taz, gida hau eraldaketarako abiapuntu egokia izan daitekeelakoan gaude. Ikasle, irakasle, langile ez-irakasle, sindikatu eta familiei zu - zentzen diegu, gaiari beldurrik gabe helduz, eta ahal den neurrian hainbat irtenbide emanez.

    - Maitasun erromantikoari buruzko bideoa.

    - "Maitasun erromantikoa botere harremanen euskarri?": Maitasun erromantikoaren mitoan sakondu dugu; nondik dator? Nola aldatu mitoa historian zehar? Zergaitik sentiarazten gaituzte erdi eta ez oso? Zer ondorio ditu maitasun erromantikoaren mitoak gure harremanetan? 
    Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronketako batzuk honako hauek izango liratekeela esango nuke:

    - Heterosexualetik at geratzen diren egoerak zerbait normaltzat hartzea.
    - Sexualitateari buruzko hitzaldi garatuagoak eskaintzea (ez mugatzea banakako maitasunera, erlazio heterosexualetara eta erlazio homosexualetara).
    - Sexualitatea ikuspuntu biologiko eta fisiologikotik begiratzeari uztea (ugalketa sistemara ez mugatzea).
    - Heziketa sexualaren inguruan egiten den lana errebisatu eta hobetzea.
    - Maitasun erromantikoaren mitoak ezagutaraztea.