2018/02/26

2018: 7.000 miloitik gorako identitate munduan






Bloke honetan kontzeptu mamitsuak aztertzen ari gara, eta egia esanda, niretzako askotan erabat berriak. Konturatzen naiz jaso dudan heziketan, eredu zehatz batetik ateratzen den guztia, kukutu edo ezkutatu egin dela. Ez nuen uste, horrelako aberastasuna eta aniztasuna zegoenik. Ez zait inoiz bururatu, baina une batez pentsatzen badut... pertsona guztiak desberdinak gara, identitate desberdinak ditugu eta era berean, maitatzeko era desberdinak egon daitezke, zergatik ez?

Hainbat esaldi oso esaguratsuak iruditu zaizkit:

Eric Vilain: “Norbait emakumezkoa edo gizonezkoa ote den jakin nahi baduzu, berari galdetzea izan liteke onena”. Esaldi hau Agurtzane Ormazari eginiko solasaldiarekin lotuko nuke. Pertsona bat zer den, berak erabaki baino besteak erabakitzen dugu, kanpotik egindako begirada baten ostean.

Horrela ba, gure begirada zuzena edo okerra izan daiteke eta hor Aingeru Mayorrek dioen moduan “ezarritakoa (sexua) eta berak (pertsonak) sentitzen duena bat ez datozenean sortzen da arazoa”.

Eta eredu bitarrean murgilduta egon garenentzako, Eva Ponsen hitzak erabat aproposak iruditu zaizkit: “genero identitateak anitzak eta dinamikoak dira eta hauetako bakoitzarentzako izenik ez egoteak ez du esan nahi betidanik existitu izan ez direnik”

Eta bai... Raquel Lucas Platerorekin bat dator, eskolan ikasi duguna mundu estua izan da, eredutik kanpo dagoena, edo ez dugu ikasi, edo bitxikeria moduan aipatu dugu. Eta errealitatea zabalagoa da, aukera gehiago daude, izateko modu infinituak... koloretan bezala... kolore gorrian ñabardura asko egon daitezke.


Erabat interesgarriak iruditu zaizkit, bai gaian eta baita foroan ere agertu diren hainbat bideo eta irakurgai. Sensibilizaziorako niri asko gustatu zaidan bideo hau proposatu nahi dizuet:




Eta honekin lotuta Euskadi Irratian egileari egin zioten elkarrizketa:

Iazko ikastarokideek egindako post-en artean, Miren Aranbururena aukeratu dut, bere hausnarketa gustatu zaidalako:


Bere hitzekin bat nator: “Aste hasieran garbi nuen, ikastaro guztian zehar landu izan ditugun gaien artean, hau konplexu baina emankorrena izango zela”.

Eremu hezitzailean/ jendartean lantzeko erronken artean honako hauek aipatu nahi ditut:
-          Gure pentsamoldea aldatu eta sistema bitarretik atera. Izateko, sentitzeko, bizitzeko modu asko dago eta denak zilegiak dira. Oker ikasi duguna des-eraiki, gure eraikuntza mentala egoki ber-eraikitzeko.
-          Hezitzaileak garen aldetik, gai honetan, gure burua jantzi, formatu, hezitu: gure klaseetan ez dakigunari buruz, ez gara mintzatzen eta mintzatzen bagara, agian ez dugu modu egokian eginen. Gure ikasleei ezagutza eskaini baino lehen, ezagutza hori guk bereganatu behar dugu.
-          Ikastetxeetan, aniztasuna eta identitate desberdinak daudela bistan jarri eta denak zilegiak direla aitortu. Horretaz gain, haur guztiei tresnak ahalbidetu, bere identitatea askatasunean eta konplexurik gabe garatzeko.
-          Ikastetxea babes esparrua bihurtu, norberak nahi duen bezala izateko aukera izateko, askatasun osoz, besteen identitateak errespetatuz.

Eta, noski, ikastetxean naturaltasun osoz gai hauen inguruan mintzatzeko aukera ahalbidetu


Hurrengo arte lagunak

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina