Aste honetako hausnarketa espazio eta denboraren ingurukoa izan da eta, lehen-lehenik, aitortu behar dut datuak irakurtzerakoan aulkian mugitzen hasi naizela, ezinegonak edo egonezinak hartu nau: nola da posible kale izendegian hain emakume gutxi egotea? Eta daudenen artean gehienak erlijioari lotutako emakumeak izatea? Are gehiago, emakume handiei hain espazio urrun, txiki edo ezdeusak eskaintzea? Baina memorian arakatzen hasi eta duela gutxi konturatu nintzen Bilbon erdi-erdian dagoen kale baten izena ez dela Casilda Iturrizar kalea, baizik eta "Viuda de Epalza". Oso biografia bitxia du, gainera, emakume horrek, batez ere alderatzen badugu nolako bizimodua zuen ezkondu aurretik, ezkonduta zegoenean eta alargun gelditu zenean. Interesa baduzue Wikipedian duzue bere biografia. Berriki irakurri dut, halaber, Louise Michel iraultzailearen izena jarri diotela Baionako plaza bati eta zenbat ospatu dugun ikustea bada, agian, zein "arraroa" den neurtzeko termometro ona.
Espazioaren gaiari lotuta, zuzen-zuzenean, burura etorri zaizkit arkitektura eta hirigintza. Hau da, gure etxeak edo lantokiak nork, nola eta zertarako eraikitzen dituen, baita gure herri eta hiriak ere. Oso gomendagarria da, bide horretan, "Urbanismo feminista" liburua (argazkian duzue portada), aste honetako irakurgaian aipatzen den Col.lectiu Punt 6-ek egindakoa. Nahi gabe iritsi zitzaidan esku artera eta ordura arte egin gabe nituen gogoetak ekarri zizkidan. Bide beretik, duela urte batzuk deskubritu nuen Irati Mogollon aditua eta berak ere sakon jorratu du gaia, besteak beste, Emakunderentzat egin zuen "Zaintza arkitekturak eta zaharahalduntze prozesuak plazara" ikerketan. Arkitekturaz gain hirigintzari erreparatu nahi badiozue, eta irakurri ordez nahiago baduzue entzun, Hebe Gonzalez Lasa arkitektoak hirigintza feministari buruzko kolaborazioak egin zituen Hala Bedi irratian duela urte batzuk eta oso kontu interesgarriak aletu zituen. Adibidez, bazenekien zure etxeko sukaldearen diseinua Margarete Schütte-Lizhotzky-ren lanean oinarrituta dagoela (nazien kontrako aktibista feminista ere izan zena)? Berak asmatutako “Frankfurteko sukaldea”-k iraultza eragin zuen duela mende bateko gizartean.
Ziberespazioari dagokionez, uste dut erreferenteak izatea funtsezkoa dela eta horretan bikain ari da "Zulora" saioa, emakumezko erreferenteak lehen planora ekartzen. Saio honetan, bereziki, gaia jorratzen dute:
Aurreko edizioetako sarreren artean "Kanpoa nola, barrua hala" deitzen dena aukeratu dut. Hasteko, izenburua bera oso iradokitzailea iruditzen zait, ongi laburbiltzen du eraldaketa zer den. Gainera, eskolako patioaren eraldaketa prozesuaren faseak "Jabetu-amestu-adostu-eraiki" izan ziren eta beste testuinguru askotara aplikatu daitezke, nire ustez.
Azkenik, eremu hezitzailean gaia lantzeko aipatu dira patioak, baina eskolak ere ez ote lirateke eraberritu beharko? Antzekoegiak dira eskolak, ospitaleak eta espetxeak elkarren artean, denetan kontrola eta botere-banaketa gailentzen baitira. Bideo bat bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu; bertan munduko umeei galdera egin zieten: nolakoa da zure ametsetako eskola? Eta erantzunekin osatutako bideoak hankaz gora jartzen zuen gaur egungo eskola eredua. Dena den, uste dut bidea urratzen hasiak garela, eta agian ikuspegia argitzeaz gain modus operandia sistematizatzea dela orain erronka. Hasieran aipatutako lau faseak baliagarri lirateke eremu hezitzaileko espazioak eraberritzeko, elkarrekin: jabetu-amestu-adostu-eraiki.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina