Hausnarketa:
Genero- indarkeriaz ari garela, esanguratsuak dira datuak: urrutira joan
gabe Espainiar estatuan, orain dela urtebete, 54 emakume erail zituzten. 2016an
Espainiar estatuan hainbat eta hainbat erailketa izan dira jada; Euskal Herrian
uda honetan herriko jai askotan, eraso sexistak. Niri behintzat, ematen dit zer
pentsatua.
Genero- indarkeria esango diogu emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten
dituzten tratu txar psikologiko, abusu, agresio fisiko eta ustiapen sexualei.
Honetarako, kontuan hartu behar da egun oraindik estereotipo sexistak ez direla
desagertu; gizonen ezaugarri baloratuenak ausardia, tinkotasuna,
konpetibitatea… dira eta emakumeenak aldiz, edertasuna, sentsibilitatea,
enpatia… Gizonei aurrez suposatzen zaie kontrola, indarra, boterea. Emakumeei,
sentimenduak lehenetsiko dituztela, zaintzarako prestatuko direla, mendeko
izateko. Eta genero- indarkeria egon badago, hein handi batean, estereotipo
sexista guzti hauen irakunkortasunagatik da.
Indarkeria muturrekoa izan baino lehen, sotila, nolabait “ikusezina” da,
baina hor dago: hizkuntza sexistan, mikromatxismoetan, publizitate sexistan,
emakumearen irudiaren kosifikazio sexualean, mespretxuetan, kontrolean… Hor dago eta min asko egiten du.
Hausnarketarako bi bideo uzten dizkizuet, labur labur ikusezintasunaren eta mikromatxismoen inguruko azalpenekin eta egunerokotasunean bizi ditzakegun hainbat egoerekin, Irantzu Varelaren eskutik, umorea estrategikoki erabiliz:
Honen harira, June Fernandez-en hitz batzuk ekarri nahi nituen hona:
“Mikromatxismoez ari bagara, mikroiraultzekin erantzutea izan daiteke bide
posible bat. Gehiegizko ardura da milurteko sistema patriarkala suntsitzea,
baina nire esku dago ni, emakume, ahal dudan libreen bizitzea; gizarte
sexistaren arauak pixkanaka apurtzea (nire kontraesanak onartuz) eta jabetze
prozesu hori beste emakumeekin partekatzea. Gizonen kasuan hori ere izan liteke
konpromiso berdin zalearen isla zintzoa, “matxirulo” jarrerak alde batera uztea,
txalorik espero gabe maskulinitatearen pribilegioei uko egitea. Feminismoan
nabaritzen dut gero eta gehiago garela militantzia zorrotzaren ordez zaintza
(gurekiko eta gure kideekiko), umorea eta plazera erdigunean jartzen ditugunak.
Matxismoaren
aurka irtenbide eta mendekurik onena gizaki aske eta zoriontsuak izatea baita”.
Iazko
ikastarokide baten ekarpena:
Iazko ekarpenak
irakurriz, Aida eta Itsaso Gernika BHI-ren ekarpena gustatu zait. Banaketa
egiteko modua, emandako adibideak, bideo zein irudiak, oso ulerterrazak
suertatu zaizkit. Gainera gustatu zait lema: desikastea posible da!
Eremu
hezitzailean lantzeko erronkak:
- Komunitate osoan genero-
indarkeriaren inguruko kontzientzia piztea
- Estereotipo sexistetatik eta
heteronormatibitatetik at egongo den heziketa bermatzea.
- Maskulinitate hegemoniko eredua
kolokan jarri eta beste eredu positibo batzuk erakustea.
- Maitasun erromantikoaren
mitoarekin apurtzeko maitasunaren kontzeptua lantzea.
- Indarkeria mota guztiak
azaleratzea, guztiak larritasun beraz gaitzetsiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina