Aste honetan ikastaroan inflexio
puntu bat egon dela sumatu dut. Bagabiltza, pixkanaka, metodologiarekin ohitzen
eta gero eta sakonagoak dira ekarpenak, hausnarketak. Interesgarriak dira
guztionak; ikuspuntu antzekoa dugu, bai, baina ideiak osagarriak dira, batzuk
besteekiko, eta horrek asko aberasten du ikasketa prozesua. Zein ondo!!
Genero indarkeria, emakumearen
kontrako indarkeria, indarkeria matxista. Fisikoa zein psikologikoa. Ugalduz
joan dena, azken bi urteotan. Forma ezberdinak hartzen dituena, klase sozialez,
etniaz eta adinez ezagutzen ez duena. Patriarkatuaren magalean mendetan zehar
eraikitako sexu-genero sistema binario honek trinkotu dituen estereotipo eta
rolen oinarrian dagoen dominazio-menekotasunaren isla larriena dena. Maiz,
ikusten ez dena. Beti, emakumearen indarra eta duintasuna suntsiarazi nahi
dituena. Emakumea objektutzat duen pentsaerak eragina. Gure borrokarik irmoena
piztu beharko lukeena.
Galdetzen
zeniguten ea nola den posible egoera hau BERDINTASUN LEGEAK indarrean badaude,
bai Estatuan baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Hona hemen erantzuna,
ikuspuntu juridiko batetatik aztertuta: lege testu guztietan ageri den
berdintasun printzipioa, erabat FORMALA da. Berdintasun formala aldarrikatzen
da. Ez da bermatzen, inola ere, berdintasun erreala. Proklama bat da.
Printzipio adierazpen bat. Justizia balorearen ondorio zuzena eta logikoa.
Ekitatezkoa. Beharko lukeena. Baina ez da erreala. Ez gizonen eta emakumeen
berdintasuna, ezta arrazen artekoa, ezta erlijio edo ideologiei dagokiena ere.
Ez dago berdintasun errealik ia inon. Formala, bai. Hori, lege ia guztietan.
Nazioartekoetatik hasita, lokaletara iritsi arte.
Berdintasun
erreala bermatzeko, botere publikoak daude. Eta genero indarkerian, zehazki,
BOTERE JUDIZIALA dago. Epaitegiak, hain zuzen ere, indarkeria matxista ikertu
eta, existitzekotan, zigortu behar dutenak. Baina patriarkatuak tentakulu
luzeak dauzka, oso. Gure gizartearen egitura guztietan dago txertatua. Baita
legea interpretatu eta aplikatu behar den guneetan ere! Egun indarrean dagoen
Prozedura Zibileko Legearen 416. artikuluak argi xedatzen du emakumeak ez duela
bere senarraren aurka deklaratzeko beharrik eta hala gogoratzen zaio tratu
txarrak jasan dituen emakumeari, egunero, epaitegietan!!! Izatez, Fiskaltzak,
kasu gehienetan, arrazoi hori dela medio erretiratu behar ditu kargu guztiak
indarkeria erabili duen gizona aske geratuz (http://noticias.juridicas.com/actualidad/noticias/3121-la-negativa-de-la-mujer-a-declarar-en-contra-de-su-marido-principal-causa-que-obliga-a-la-fiscalia-a-retirar-cargos-a-un-maltratador/
). Frogak eskatzen dituzte, gainera, eta ez dira erraz lortzen. Batez ere,
psikologikoetan.
Eta indarkeria
psikologikoari buruz ari garela, ekarpen xume bat egin nahi dut. Ondo ondoan
egunero larregitan ikusten ari naizen egoera bati egiten diolako erreferentzia,
hain zuzen ere. Banatu diren emakumeei, seme-alabak erabiliz, senar ohiek
eragiten dieten tratu txarrei buruz ari naiz. Umeak manipulatuz, ama txikitu
egiten dute. Ez diete joaten utzi nahi, ez dute bikotearen haustea onartu nahi.
Amarekin kateatuta jarraitu nahi dute, nolabait. Eta ustelkeria osoa agertzen
da, orduan. Zaintza partekatua eskatuz, askotan, umeak amarekin ez egoteko,
aitek umeekin egoteko denborarik ez badute ere. Ez dut zaintza partekatuaren
sistema berez kolokan jartzen, patriarkatuak azken urteotan zaintza sistema
horri inprimatzen dion erabilera matxista bai, ordea. Berdintasuna umea amaren
sabelean dagoenetik eman behar da, amatasunari eta aitatasunari dagokionez. Hor
hasi behar da martxan jartzen gurasokidetasuna. Eta gurasokidetasun hau ondo
doanean, sendoa denean, nahiz eta gero bikote harremana bukatu, ez da zalantzan
jartzen seme-alabekiko bi gurasoek izan duten dedikazioa. Baina egoera hau
gutxitan ematen da. Ezberdinkeria da nagusi, berriz ere. Elkarbizitza hasten
denetik bikotea hautsi eta gerorarte ere. Eta azken eszenatoki honetan,
gainera, krudeltasunez ama zanpatuz. Zaintza partekatua, biona izandako eta
senarrari egotzitako etxebizitza (edo honen erdia) emazte ohiari merkeago
saltzeko edota pentsioaren kopurua gutxitzeko arma lez erabiltzen hasiak dira
gizon asko. Zaintza partekatua eskatzen bularra hartzen duten umeekiko!! Adin
txikien ahotsa entzun gabe ematen dute zaintza hau, ia automatikoki,
epaitegiek, gaur egun. Baita, maiz, aitak seme-alabei sexu erasoak eragin
dizkienean ere!! Ikaragarria da egungo errealitatea gai honetan. Psikologo,
terapeuta eta abokatu asko ari dira gorriak eta bi pasatzen milaka kasurekin.
Bikotea hautsita gerra hasten da eta sistema gizonaren alde jartzen da
gehienetan, egoerari so egin beharrean. Zaintza partekatua, beste sistema
guztiak batera, egokia izan daiteke. Dudarik ez. Baina baldintzak daudenean.
Adin txikientzat egokia denean.
LANTZEKO ERRONKAK:
1)
Eraso matxisten aurkako jarrera orokortu,
zabaldu, sendotu, esparru publikora eraman. Arbuiatu, baztertu, kondenatu,
salatu, gaitzetsi. Den-dena.
2)
Neskatoei, neska gazteei eta emakumeei,
eraso matxisten aurrean, euren burua defendatzeko tresnak eskaini. Autodefentsa
fisikoa irakatsi; baliabide psikologikoak eskaini, baita ekonomikoak ere
beharrezkoa bada. Erasotzaileei neurri judizial gogorrak ezarri.
3)
Sare sozialetan, indarkeria matxistaren
aurkako jarrera uholde bat balitz bezala hedatu. Formatu guztietan.
4)
Eremu prebentiboan, hezkidetzak esku
hartzen duen horretan, estereotipoak sakon landuz ezabatzea, gainditzea. Genero
ezberdinkeria iraganera bidaltzea.
5)
Gurasoentzat formazioa, irizpideak,
laguntza. Zure semeak esaten badizu atzazalak margotu nahi dituela eta jantzi
bat eraman nahi duela ikastolara, hala gerta dadila!!!! Arrosaz joan nahi badu,
hala joan dadila!!! Prest al daude gu gure eguneroko erosotasun horretatik
ateratzeko? Prest gaude irauli egiteko estereotipoen sistema bortitz hau gure
etxetik hasita? Gure umeekin?
6)
Ipuin ez sexistak behar ditugu;
irakaskuntza testu hezkidetzaileak; telebistako produktu hezkidetzaileak;
musika hezkidetzailea; kultura hezkidetzailea; hizkuntza eta diskurtso
hezkidetzailea!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina