2017/10/28

SEXU-GENERO SISTEMA SUNTSITU

 
 
1949.urtean Simone de Beauvoirek "Le deuxiéme sexe" (Bigarren Sexua) liburuan, "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da" adierazi zuen.
 
 
 
Ideia horrekin, emakumearen eraikuntza sozialaz ari zen, eta beranduago, 70.hamarkadan teoria feministak genero kontzeptua erabiltzen hasi ziren, emakumetasuna eta gizontasuna, jendarteak sexuaren gainean ezarritako ezaugarri multzo bat bezala ulertuz. Horrela, sexua, arra (gizona) eta emea (emakumea) desberdintzen dituen ezaugarri biologikoen multzoa bezala, eta generoa, sexuaren gainean sortutako eraikuntza kulturaltzat bezala ulertzen hasi ziren. Honek gizon eta emakumeen arteko dominazio/botere harremanak eraikitakoak zirela ulertzea erraztu zuen; hau da, sistema batek egituratua zituela eta ez ezaugarri naturalek.
80.hamarkadan hasi eta 90.hamarkadatik aurrera indarra hartuko duen ikuspegi feminista berriak, sexu eta generoaren adiera hau kritikatu zuen eta sexua ere (ez soilik generoa), erikuntza soziokultura bezala ulertzen hasiko da. Ikuspegi honek, sexua biologiaren (kromosomak, zelulak, gonadak, hormonak, hipotalamo-hipofisia, genitalak...) ikaskuntzaren, heziketaren eta kulturaren bidez definitzen den kategoria bezala ulertzen du.
 
Horri esker, errealitatea ulertzeko baliabide berriak eskaintzen dizkigu, muturreko sexu bi direla baztertu eta anitzen arteko ezberdintasunak adierazi, intersexualitatearen errealitatea agertzen du esaterako. Errealitate honek ezaugarri genital, kromosomiko, gonadal, etab. guztiak, aurkakoak diren bi kategorietara mugatu beharrean, continuum batean kokatzen ditu. Arra (gizona) eta emea (emakumea) kategorietara mugatu beharrean, honetatik eratorri daitezkeen sexu eraikuntza anitzak ulertzen ditu. Beraz, bai generoa eta baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla baiezta genezake. Egungo jendartea eredu dikotomiko honen gainean eraikia da eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntza...) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez. 
 
 
Jaio aurretik ere, genitalak zeintzuk diren medikuak determinatzen duenean, gu eta gure bizitzak nolakoak izango diren zehazten hasten da, kulturalki inposaturiko bi bizi-programa ezberdin ezarriz. Ikusi jarraian agertzen den bideoan, kulturalki pertsonak klasifikatzen dituen dikotomia horretan, genero estereotipoak ezarritako kolorearen arabera, alegia urdina (mutila) eta arrosa (neska), nolako jarrerak agertzen diren. Eredu bitar eta hierarkiko hau, sistema patriarkalaren gainean eraikia da, emakumearen menpekotasuna mantentzea helburu duena.

 
 
Baina ez hori bakarrik, Queer teoriak azaltzen duen moduan, kategorien erabilera auzitan jarriz, kontraesanak agerian uztea ezinbestekoa da. Politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko krisia aitzakia gisa erabiltzen ari diren egunotan, intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu. Horregatik, gogora ekarri nahiko nuke, Ane Leniz-en post hau. Izan ere, kontzeptuaren inguruko ekarpen interesgarriak egiten dituela iruditzen zait.  
 
Hezkuntzak, sexu-genero sistema horren erreprodukzioan eta biziraupenean, sarritan presentzia izaten jarraitzen du. Esate baterako, egun lanean nagoen eskolan, oso gizonezko gutxi dira irakasle. Gainera, dauden gutxi horiek, Heziketa fisikoko irakasle, ikasketa buru edota Lehen Hezkuntzan  tutore gisa dihardute. Haur Hezkuntzan, gizonezkoen prsentziarik ez dagoela azpimarratu nahiko nuke, eta argi dut hori ez dela kointzidentzia edo kasualitate hutsa. 
 
 
Sexu-genero aginduak betetzen dituen adibide bat princelandia-rena da. Neskei zuzendua dago eta sortzaileen aburuz, edertasunaren bidez "heziketa" gauzatzen dute.  Bertan, printzesaz mozorrotu, atzazalak margotu, orraztu eta apaintzen dituzte, karaokeak eta desfileak bezalako ekintzak urtebetetze ospakizunekin konbinatuz. Izugarria benetan. Neska txikientzako zuzendua dagoen arren, beraien amekin batera ekintza berdinak burutzeko zerbitzua eskaintzen dute. Espainian ez ezezik, Mexiko, Portugal eta Estatu batuetan ere zabaldu da. Administrazio publikoaren diru laguntzak jaso izan dituzte polemika piztuz eta kritika eta salaketa ugari jasoz.
 
 

 
Baina badira, gertuago eta haur hezkuntzako irakasle naizen aldetik, eguneroko jarduna burutzeko erabiltzen ditugun baliabideetan, sexu-genero sistemak sortutako estereotipo hauek plazaratzen dituztenak ere. Esaterako, Urtxintxa metodoak aurkezten dituen ipuin gehienetan, emakumezko eta gizonezkoen rolak oso markatuta agertzen dira: arropen koloreak, lanbideak, izaerak, jarrerak... Horiek guztiek ikasleen identitatea eraikitzeko prozesuan eragiten dielarik.
Zorionez, geroz eta kontzientzia handiagoa dago gai honen inguruan eta poliki-poliki genero ikuspegia kontutan izanik, baliabide berriak sortzen joan dira. Hemen, sexu-genero sistemak ezarritako estereotipoak gainditzeko eta hezkidetzan hezteko ipuin batzuen bilduma bat.
 
 
Baliabideekin jarraituz, Esnatu aurretiko ipuinak "KOLOREAK" izenekoa partekatu nahi dut. Nunila Lopez Salamero eta Myriam Cameros Sierra dira egileak eta Leioako Betiko Ikastolak euskaratutako bertsioa da. Koloreak aitzakitzat hartuz, bestelako baloreak transmititzen ditu eta hezkidetza ikasleekin lantzeko baliabide gomendagarria iruditzen zait. Sarritan, irakaslegoaren artean, erresistentziak aurkitzen dira oraindik ere hezkidetza lantzerako orduan. Batzuek baliabide falta dagoela esaten badute ere, ugariak dira azkeanaldian sortu egin diren materialak. Eremu hezitzaileetan, lantzeko oztopoak pertsonalagoak direla eta ez horrenbeste baliabideei dagokienez, esango nuke nik. Prozesu kontzientea behar du izan eta ikasleekin erabiltzen ditugun baliabideetan ezezik, jarrera eta barneratuta ditugun usteetan sarritan daude oztopo nagusienak. Naturaltzat ematen direlako naturalak ez diren hainbat gauza. Kostatzen zaigulako onartzea guzti hau prozesu kontziente baten bidez burutu beharra dugula. Denok jarrera matxistak barruraino sartuta ditugula, gu ere jendarte patriarkal sexista honetan hezi garelako, eta garrantzitsuena delako zintzotasunetik eta onarpenetik abiatuta jarrerak eraldatzea.  
 
 
 

EURITAN DANTZAN !!!


Ur tantak ezberdinak dira… berdinik ez dago, antzerakoak izan daitezke… baina berdinak ez!!! Eta gure jendartean berriz, milioka persona gauden arren bi esterotipo jakin batzuei erantzun behar diegu… Dantza dezagun, ur tantekin!! Bakoitzak nahi duen erako ur tanta izan dadila!!

Ur tantak gora eta behera… Estereotipoak mahaiganeratu ditugu, eta azpimarratu behar dugu, oraindik ere ildo honetatik lan asko egin behar dugula. Adibidez nire inguru gertuari behatuta, oraindik ere zaintzak gehien bat emakumeen esku daudela, bai umeena bai nagusiena… Aurrerapausuak eman diren arren eta lan horietan pixkanaka geroz eta gizon gehiago ikusten badira ere.
Hezkuntza munduan gabiltzanon artean argi dago geurea dela lanbide feminizatu bat, beraz ikasketak hautatzeko mementoan segregazio horizontala dihardu,  lan aukerak ere esparru honetan bermatuta dauzkagu
Azkenik, lanarekin erlazionatuta, beti ere lan feminizatuenak lan baldintza kaxkarrenak dituztela usted dut, eta horietan hobetzea askoz zailagoa izaten da gizonezkoak gehienengoa diren horietan baino, lan hauek behar duten balorariorik ez dutelako (Bizkaiko Nagusi Etxeen Langileak adibidez).


Aurreko ikasturtetako  post bat aukeratzekotan hurrengo hau hautatuko nuke, http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/10/sexu-generoa-gainditzeaz-bat-egitura_51.html.
Batez ere EHUko bideoa ikaragrri gustatu zait, estereotipoak nola barneratzen ditugun islatzen duelako. Postaren egileak, planteatutako erronken artean, irakaslegoaren formakuntza ezinbestekoa iruditzen zaidala, azkenean hezkidetza eguneroko “txikikerietan “ islatzen delako. Egunero egunero egin beharrekoak, lantzen dugun materiala, ariketak zuzentzerakoan akats ortografikoez gain hizkuntza barneratzailea, eta era berean hizkuntza barneratzailea erabili, egun bereziak aprobetxatu (martxoak 8 eta azaroak 25), …


Azaroak 25, laistear dagoenez, nire ikasleekin hurrengoa lantzea aurreikusitakoa daukat, nahiko era informalean bada ere, eta ikastetxe mailan ezer berezirik egingo ez den arren. Azaroaren 24an jorratu nahi dut, ostirala, goizeko azken hiru orduak nirekin dituztelako…

-       *  Batetik maitasun erromantikoaren gaia. Eta horretarako Flavita Bananaren liburutik ateratako irudiak inprimatu eta gelako hormetan itsatsiko ditut. Irudiak, argi adierazten baitute bideratu nahi dudan mezua. Errezagoa iruditzen zait, ikasleen arreta euskarri grafiko batzuekin bideratzea. Horien inguruan hausnarketa kolektiboa eta debatea egiteko asmoa daukat.
                                                            

-       *  Bestetik, bukatzeko Pamela Palenciano “No solo duelen los golpes” bideoa ikusi eta bideoan ikusitakoren egoeraren batean islatzen diren galdetuko diet, zer sentitu duten…



Lantzeko zailtasunen arteko bat, iruditegi sinbolikoan, jendarte gehiengoa berdintasunean bizi garela pentsatzea da… Egoera hau izanda, feministen aldarrikapenak astunak, bihurrituak, korapilotsuak… direlaren aurreiritsia dago. Azken finean sistema patriarkala ulertzeko hainbat korapilo askatu behar dira, eta gure ezagutzak, ikuspegia, argudioak… dagoen errealitatearen irudia desegin behar dute, berri bat eraikitzeko… Eta  feminismoan formakuntza minimo bat ez duenarentzat, gauzak hankaz gora jartzea suposatzen du. Eta hori DESEROSOA izaten da.

2017/10/27

HEZI KIDE



Hezkidetza iraultza izango da,
Entzun ezazu badatorrela.
Zuk eta nik batera,
Kalera aterako dugu lema!
Izan gaitezen kide,
Ditugu hainbat bide.
Elkarlanean ari gera,
Trukeaz ikasten.
Zatoz gurekin eta
Abia gaitezen!


Nire inguruan hezkidetzari buruz galdetuta jaso ditudan erantzunak bizi dugun errealitateaz kontzienteago izaten lagundu dit. Galdera berdina egin nien guztiei: Zer da hezkidetza? Ezaguna al da?

21 urte - neska - historialaria

Ez zekiela ezer honi buruz. Nik kontatu diodana, baina nik esandakoaz aparte termino hori ez duela inoiz entzun.

26 urte - neska - ivef eta lehen hezkuntzako irakaslea

“Noski ezaguna dala. Sexuen berdintasunean oinarritzen den hezkuntza metodo bat da, sexuagatiko diskriminazioa baztertzen duena.
Nik unian, ivefen, irakaskuntza ikasgaian uste dut entzun nuela lehenengo aldiz. Hortik aurrera askotan. Ta ikastolan egunerokotasunean entzuten dut. Ta bai ez leku guztietan baina bai erabiltzen da, ikusi dut.”

26 urte - neska - psikologo klinikoa

“Ezaguna egiten zait genero biolentziari buruz irakurritako artikuluetatik, baina ez dakit kokatzen. Zer da?

25 urte - mutila - informatikoa

“Sexuen arteko berdintasunera joateko erabiltzen den tresna??? Holako zeozer. Begirale ikastaroan eman genuen…”

17 urte - mutila - 2. batxilergoko ikaslea

“Ideiarik ere ez egia esan. Baina hezkuntzarekin erlazioa duela esango nuke. Kideen arteko heziketa. Edo errespetua. Klaseko batzuei ere galdetu diet eta ez zekiten”

26 urte - neska - lehen hezkuntza eta ingeles irakaslea

“Hezkidetza pertsonak edo umeak euren banakako berezitasunak kontuan izanda baina, generoa, hau da, mutila edo neska den kontuan hartu gabe heztea da, sexismoa eta estereotipoak ekidituz. Ikasgelako errealitate igualitario hori aurreratzea gizartean isladatu ahal izateko. Adibidez, lanbideekiko edo jostailuekiko dauden estereotipoak apurtzea.                                               
Ni hezkuntza ez formalean nabilenez, eskola ezberdinetara noa eta askotan hezkidetza proiektuak dituzte. Nire saioetan saiatzen naz erabiltzen, eta uste dut oro har bai erabiltzen dela, salbuespenak salbuespen. Adibidez ni fijatu naizen zeozer da ikasgeletan, HHkotan , jostailuak edota ez direla lehen bezala ikusten, arrosa eta urdina. Dana danontzat dela esan daiteke. Tontakeri bat dirudi baina arreta deitzen du.”                                       

                 
Atera dudan ondorio nagusia da, hezkuntzan ari garenok garela hezkidetza gehien ezagutzen dugunak. Positiboa da ikustea lanean dagoen jendeak baduela gaian oinarri bat behintzat, eta bere inguruan aurrera eramaten den edo ez arreta jartzen duela. Hala ere, harritu egin nau 17 urteko ikasle batek terminoa entzun ez izana, uste nuelako azken urte hauetan klasean entzunda izango zuela. Nik azaldu diodanean zer den, esan dit hori bai landu dutela klasean, baina ez hitz horrekin. Duela 10 urte bezala (ni institutuan eta eskolan ibili nintzen garaian) jarraitzen dutela konturatu naiz, hezkidetza bere izenez aipatu gabe.

Inkestatxo hau egitetik gehien gustatu zaidana, pertsona horiengan kuriositatea sortu dela izan da, hezkidetza zer den jakiteko gogoa, eta orain jakinda beraiek ere euren ingurukoei azaldu ahal izango dietela.

Aurreko edizioan Maite Elorza Alberdik honi buruz egindako sarrera aipatu nahiko nuke, hezkidetza ulertzeko modua izugarri ondo azaltzen duela iruditu zaidalako.


Bukatzeko, hezkidetza lantzeko mila motibo daude, baina nik bost hauek aukeratuko nituzke:

1.    Ezjakintasunarekin amaitzeko
2.    Baloreak finkatzeko
3.    Aniztasuna onartzeko
4.    Gizarte hobe bat lortzeko
5.    Errespetua egon dadin

"Kale garbitzaile izan eta actiomanekin jolastu nahi dut"

Nire inguruan sexu-genero sistema iraultza aldian dagoela nabari dut. Geroz eta norbanako zein talde gehiago dira sistema horrekin apurtu nahi dutenak, geroz eta gehiago gara betaurreko moreak jantzita bizi garenak bai. Hala eta guztiz ere,  egiteko asko dago. Sexu-genero sistema gainditu duten hainbat pintzelada ikusi ditzakegu egunerokotasunean, bai, baina hala ere beste hamaika dira gainditu gabeak. Hona hemen hiru adibide:
LANBIDEAK:  Nire inguruan geroz eta emakume gehiago dira kamioi gidari eta taxista. Dena den, kale garbitzaile guztiak gizonezkoak dira nire herrian.
ETXEAN: Ama eta amona dira gure etxeko txikian zaintzen dituztenak. Aitona baserriko lanez arduratzen da eta aitaren lehentasuna bere lana da. Ama eta amona ere lanera joaten dira.
NEURE LANEAN: Euskal dantza irakaslea naiz. Orain arte dantzak ere generoaren arabera bereizten ziren, apurka hasi dira mutilak nesken dantza egiten, baita alderantziz ere. Dena den,  dantza eskoletako  izen-emateen %95a emakumezkoena da.
Gauzak ikusirik, aurrera bagoazela badirudien arren, ikaragarrizko lana dago egiteko.  Betaurreko moreak jantzita norbanakoak soilik bizi dira, norbanakoez osaturiko taldeak ere bai, baina hortik haratago, gizarte osoa betaurreko moreak jantzita ikusiko dugun aldia urrun dagoela iruditzen zait. Baina lasai, iritsiko da! Gure etxera ere iritsi baita!
Nire etxean bi ahizpa gara, eta  ahizpa txiki-txikitatik izan da auto eta motor zalea.  Gabonetan ahizparentzat olentzeroren oparirik estimatuenak action-man panpinak izaten ziren; niri barbiren bat eta berari action-mana, horrela handitzen zen gure familia eguberriero. Ni ere hasi nintzen jostailu horien eskean, eta amak ekarri zizkidan bai (ondoko izebari jaramonik egin gabe, hura ez baitzen tiroak eta botatzen dituzten panpin-gizon horien zalea). Hori horrela, barbie eta action man kopurua (ah, eta Ken ere bai, Doctor ken ezaguna!) berdintsua zen etxean. Eurekin bikoteak osatzen genituen jolasterakoan, noski bikote heterosexualak ziren denak. Nolaz ez zitzaigun bururatzen bikote homosexualak osatzea, etab.? “Zer jan hura izan” dio esaera zaharrak. Eta horrelaxe egin genuen guk ere, inguruko errealitatean ikusarazten zitzaiguna panpinekin islatu. Ikusarazi diot bai, oraindik ere, norbaiten intereserako edo generoaren gaia, indarkeriarena, famili ereduena ezkutatu egiten zaizkigula baiteritzot.
Garai bateko kontuak albo batera utziz, nire egunerokotasunean sartuko naiz. Alde batetik emakumezkoen arropa aukerari egingo diot aipamena, bestetik nire lan esparruko egoera azalduko dut labur larbur.
Ez naiz arropa erostera joan zalea, kosta egiten zait gogoko dudan zerbait aurkitzea. Buruan hamaika “modelito” egiten ditut eta dendara joatean ez dut ezer topatzen. Irudi geometriko zalea naiz, lerroak, laukiak, biribilak…asko gustatzen zaizkit marrazki horiek dituzten arropak. Dena den, emakumezkoen dendetan ia guztia loratua da eta kolore apalekoa. Nik kolore biziak gogoko ditut, kontrastea gogoko dut. Emakume eta gizonezkoen janzteko era ere oso estereotipatua dago, eta ildo horretako arropa da gaur egun ia denda gehienetan duguna.   Iaz hiper-kiroldenda batera joan nintzen bizikletako galtzak erostera, aukera handiagoa egongo zelako ustean. Gizonezkoentzako galtza aukera zabala zegoen, arren, emakumezkoentzako bi galtza pare soilik zeuden. Bata beltza eta zuria zen, eta bestea beltza eta arrosa.  Hura ikustean, ernegatu egin nintzen. Zer esan nahi zuen emakumezkoak ez garela bizikletan ibiltzen? Eta ibiltzen diren apurrak gogokoen dituen koloreak zuria eta arrosa direla? Galtzarik gabe iritsi nintzen etxera! Amorratuta! Amorratuta bai, baina ez gogoko galtzik topatu ez nuelako, berdintasunerako bideari harrika ari diren hamaika multinazional eta politiko daudelako. Arlo honetan ere diruak zer esan handia duela uste dut.
Azkenik, dantza irakaslea naizenez, nire lan esparruan bizi dugun egoeraz dudan iritzia azalduko dut. Tradizioz oso markatua dago gure kulturan sexu-genero lotura hori. Tradizio horren errepresentazioa izanik arte hau, oso eremu sexista dela esango nuke. Ezagunak diren dantzari guztiak gizonezkoak dira, zergatik? Nire eskualdean 5-6 dantza talde daude, eta horietako bat bakarrik zuzentzen du emakumezkoak. Gainerakoetan gizonezkoa da irakasle.
Bestalde, erabiltzen dugun arropak ere estereotipoari jarraituta janzten ditugu. Emakumezkoak gonak, eta gizonezkoek galtzak. Egia da, gaur egun hainbat dantza taldeetan, tradiziotik sorkuntzara goazen bidean, janzkera aldatu dela eta gizonezkoak gonekin eta emakumeak galtzekin dantzan ikusi ditugula.


Horrez gain, dantzak gizonezkoen dantza eta emakumezkoen dantza modura sailkatuak izan dira. Emakumezkoen dantzetan belar biltzaileak, sagar biltzaileak, arrain saltzailek irudikatu izan dira; gizonezkoen dantzak, berriz, ezpata eta makil dantzak izan ohi ziren, indarraren eta borrokalari senaren erakusle.
Hain esparru markatua izanik, kosta egiten zait genero ikuspegia hausteko baliabideak aurkitzea. Dena den, baliabide edo eskuartze egokiena neskek zein mutikoek elkarren dantzak elkarrekin ikastea da. Hala nola, zinta dantza edo eta ezpata dantza mutilek eta neskek guztiek, ikastea. Bestalde, emakumezko dantzariak badirela eta edozein erropekin dantza egin daitekeela landuko nuke, zeharkako bidean hainbat bideo eta adibiden bidez.
Hemen gizonezkoa gonarekin dantzan ari den bideo labur bat:



Kontuak kontu, aurrera bagoaz ere hamaika dira gainditu beharreko oztopoak. Hezkuntza gizartearen isla dela uste dut, beraz hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko arazoa gizarte hezkide batean bizi ez izana dela diot. Konformismoan bizi gara, eta hori da nire ustez oztopo nagusienetarikoa. Jarrera aurrerakoia azaldu behar dugu, begiak zabaldu behar ditugu, errealitatea ikusi behar dugu, geure buruaz hausnartu behar dugu… Jaiotzetik inkontzienteki ikasi ditugun eredu estereotipatuak izateko eran, hizkeran, jarreran etab. kanporatzen ditugu eta horiekin hautsi behar dugu. Norbanakoarengandik hasiko den iraultza dela uste dut. Lehendabizi nik jantziko ditut betaurrekoak eta ondoren ingurukoei jantzarazten saiatuko naiz. Honela eremu hezitzaileetan sartuko gara, eta honela gizarte hezkidea izango da. Azken bi hauei aldiberekotasuna ikusten diet nik.

AURREKO URTEKO POSTA


Hau da nik aukeratu dudan aurreko urteko posta. Ba al zenekiten elizak egin zuela generoa eta kolorearen arteko lehen lotura? Elizak behartu zituen emakumezkoak arrosaz janztera eta gizonezkoak urdinez. Arrosa haragiari eta infernuari lotzen zaio; urdina, aldiz, arimari eta zeruari.  Ikaragarria!!

2017/10/26

BORROKA DEZAGUN ESTEREOTIPO SEXUALEN AURKA!

Gizartean, gizonezkoen nagusitasunaren pentsamendua aspaldiko garaietatik datorren zerbait dela argi dago. Hainbeste jendek miretsi izan duen eta oraindik ere miresten duen “Biblia” begiratu besterik ez dugu egin behar. Bizitzaren sorrera Jainkoari egozten diotenen ustez, Eva Adanen saihets-hezurretik jaio zen.

Gure aiton-amonen garaietan ere, gizonezkoen nagusitasuna nabaria zen: erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen zituzten, etxeko lan guztiak emakumeak egiten zituen, haurren zainketaz ere azken hauek arduratzen ziren…  Emakume askorentzat, gizonaren ongizatea zen lehentasuna; honako hau super-gizakia zelakoan.

Gaur egunean, matxismo hori alde batera uzteko saiakerak geroz eta ugariagoak diren arren, oraindik ere gizonezkoen nagusitasun horien zantzuak aurki ditzakegu. Gainera, sexu-genero sistema oso nabarmen ikuskatzen da gizarteko hainbat aspektu ezberdinetan. Hona hemen adibide batzuk:


Neskei, normalean, haurren zainketarekin, beren irudia zaintzearekin eta etxeko garbiketarekin zerikusia duten jostailuak atxikitzen zaizkie (sukaldetxoak, panpinak, makillaje kutxak…). Mutilak, berriz, kirolen, dinosauruen, superheroien, automobilen… jostailuekin hornitzea oso ohikoa da. Koloreei dagokionez, neskek arrosa eta mutilek urdina. Esateko gehiagorik ez.


            Honen harira, youtuben ikusi dudan bideo hau gomendatzen dizuet. Bertan, neska txiki batek gai honen inguruko hausnarketa sakona egiten du: “zergatik erosi behar dituzte neska guztiek printzesak?”. Galdera interesgarria.


Horrez gain, lanbideen mundua ere oso zatituta dago sexuen gaiagatik. Neskekin maiz lotzen diren lanbideak erizaina, ileapaintzailea, andereñoa, zaintzailea, zerbitzaria eta antzerakoak izan ohi dira. Mutilak, aldiz, medikuekin, igeltseroekin, iturginekin, suhiltzaileekin…

Hona hemen, aurrez aipatutako guztiarekin loturiko beste bideo bat. Bertan, haurrekin eginiko ikerketa bat ageri da, estereotipo sexista hauek beste behin agerian geratzen direlarik.


Denboran zehar gizartean ezarri diren estereotipo sexistak dira, batez ere, guzti honen errudun. Zergatik oparitzen dizkiegu neskei kolore arrosa duten panpinak? Zergatik kamioi handiak mutilei? Zergatik pentsatzen dugu guztiok, suhiltzailea aipatzen dugunean, mutilekin? Eta zergatik neskekin ileapaintzailea aipatutakoan? Argi dago oraindik ere berdintasunerako bidean lan asko dugula egiteko…

Hariari jarraituz, aurreko edizioetako sarrerak irakurtzen nituen bitartean, Maitek sorturiko sarrera honek atentzioa deitu dit. Bertan txertatutako bideo horretan, koloreei eta sexuei egozten zaien harremanaren indarra oso ondo adierazten dela iruditzen zait; kolore arrosa jantzita duen haurra neska dela uste dute helduek eta, alderantziz, arropa urdinduna mutila. Gainera, hauen etorkizuneko lanbideen inguruan hitz egitean, estereotipo sexista horiek agerian geratzen dira. Harrigarria benetan!

Bestalde, ikasleekin gai hau lantzeko modu asko egon daitezkeen arren, neuk ipuinen bitartezko proposamena luzatzen dizuet. Ikastaroan zehar behin baino gehiagotan aipatu dugunez, haurrak txikitatik hezkidetzaren munduan heztea oso aberasgarria izango da etorkizunean berdintasunaren aldeko apustua egingo duten biztanleak sortzeko. Emaisia izeneko elkarteak sorturiko artikuluan irakur daitekeenez, ipuinen bidez umeek mezu desberdinak jasotzen dituzte eta barne adimen egituretan munduan eta beraien inguruan gertatzen diren gauzen irakurketa egiten joaten dira.

Guzti hau kontutan izanik, gelan landu daitezkeen ipuinak uzten dizkizuet hemen behean:

- Eta handia egiten naizenean zer? Aloñak, liburuko protagonistak, egun ezberdinetan lanbide ezberdinak probatzen ditu. Lehenik txalupan ibiltzen da eta gauza zoragarria dela konturatzean, berak handitan marinela izan nahi duela esaten du. Beste egun batean, ilea moztera joan eta berdina pentsatzen du. Horrela liburu guztian zehar: taxista, okina, lorezaina, sorgina…

Liburu honetan lanbide ezberdinak lantzen dira. Honekin, gelako haurren etorkizuneko interesak jakiteaz gain, lanbide hauen inguruko estereotipo sexistak barneratuta dituzten jakin ahal izango litzateke.


- La mitad de Juan: Liburu honetako protagonista Juan izeneko mutiko bat da. Mutiko honi burla egiten diote gelako beste mutilek, hauen esanetan, Juanek nesken gauzak egiten omen ditu (negar egin, futbolean ez jolastu, kamiseta arrosak jantzi…). Burla horiek ekiditeko, “neskenak diren” gauza guztiak kaxa batean gorde eta lurperatu egiten ditu. Baina, hau ez da izango zoriontasuna lortzeko eman beharreko urratsa…

                Ipuin honi esker, ikasleei pertsona bakoitzak dituen gustuak eta nahiak errespetatu behar direla irakatsiko zaie. Gainera, “nesken” eta “mutilen” arteko diferentzia hori hausteko erabilgarria suerta daiteke, gizaki guztiak “pertsonatzat” hartu behar direla helarazteko.

GIZARTEA ALDATZEA GURE ESKUETAN DAGO. 
BORROKA DEZAGUN ELKARREKIN SEXU-GENERO SISTEMAREN AURKA!