Nire inguruan sexu-genero sistema iraultza aldian dagoela nabari
dut. Geroz eta norbanako zein talde gehiago dira sistema horrekin apurtu nahi
dutenak, geroz eta gehiago gara betaurreko moreak jantzita bizi garenak bai.
Hala eta guztiz ere, egiteko asko dago.
Sexu-genero sistema gainditu duten hainbat pintzelada ikusi ditzakegu
egunerokotasunean, bai, baina hala ere beste hamaika dira gainditu gabeak. Hona
hemen hiru adibide:
LANBIDEAK: Nire inguruan
geroz eta emakume gehiago dira kamioi gidari eta taxista. Dena den, kale
garbitzaile guztiak gizonezkoak dira nire herrian.
ETXEAN: Ama eta amona dira gure etxeko txikian zaintzen
dituztenak. Aitona baserriko lanez arduratzen da eta aitaren lehentasuna bere
lana da. Ama eta amona ere lanera joaten dira.
NEURE LANEAN: Euskal dantza irakaslea naiz. Orain arte dantzak ere
generoaren arabera bereizten ziren, apurka hasi dira mutilak nesken dantza
egiten, baita alderantziz ere. Dena den,
dantza eskoletako izen-emateen
%95a emakumezkoena da.
Gauzak ikusirik, aurrera bagoazela badirudien arren, ikaragarrizko
lana dago egiteko. Betaurreko moreak
jantzita norbanakoak soilik bizi dira, norbanakoez osaturiko taldeak ere bai,
baina hortik haratago, gizarte osoa betaurreko moreak jantzita ikusiko dugun
aldia urrun dagoela iruditzen zait. Baina lasai, iritsiko da! Gure etxera ere
iritsi baita!
Nire etxean bi ahizpa gara, eta
ahizpa txiki-txikitatik izan da auto eta motor zalea. Gabonetan ahizparentzat olentzeroren oparirik
estimatuenak action-man panpinak izaten ziren; niri barbiren bat eta berari
action-mana, horrela handitzen zen gure familia eguberriero. Ni ere hasi
nintzen jostailu horien eskean, eta amak ekarri zizkidan bai (ondoko izebari
jaramonik egin gabe, hura ez baitzen tiroak eta botatzen dituzten panpin-gizon
horien zalea). Hori horrela, barbie eta action man kopurua (ah, eta Ken ere
bai, Doctor ken ezaguna!) berdintsua zen etxean. Eurekin bikoteak osatzen
genituen jolasterakoan, noski bikote heterosexualak ziren denak. Nolaz ez
zitzaigun bururatzen bikote homosexualak osatzea, etab.? “Zer jan hura izan”
dio esaera zaharrak. Eta horrelaxe egin genuen guk ere, inguruko errealitatean
ikusarazten zitzaiguna panpinekin islatu. Ikusarazi diot bai, oraindik ere,
norbaiten intereserako edo generoaren gaia, indarkeriarena, famili ereduena ezkutatu
egiten zaizkigula baiteritzot.
Garai bateko kontuak albo batera utziz, nire egunerokotasunean
sartuko naiz. Alde batetik emakumezkoen arropa aukerari egingo diot aipamena,
bestetik nire lan esparruko egoera azalduko dut labur larbur.
Ez naiz arropa erostera joan zalea, kosta egiten zait gogoko dudan
zerbait aurkitzea. Buruan hamaika “modelito” egiten ditut eta dendara joatean
ez dut ezer topatzen. Irudi geometriko zalea naiz, lerroak, laukiak, biribilak…asko
gustatzen zaizkit marrazki horiek dituzten arropak. Dena den, emakumezkoen
dendetan ia guztia loratua da eta kolore apalekoa. Nik kolore biziak gogoko
ditut, kontrastea gogoko dut. Emakume eta gizonezkoen janzteko era ere oso estereotipatua
dago, eta ildo horretako arropa da gaur egun ia denda gehienetan duguna. Iaz hiper-kiroldenda batera joan nintzen
bizikletako galtzak erostera, aukera handiagoa egongo zelako ustean.
Gizonezkoentzako galtza aukera zabala zegoen, arren, emakumezkoentzako bi
galtza pare soilik zeuden. Bata beltza eta zuria zen, eta bestea beltza eta
arrosa. Hura ikustean, ernegatu egin
nintzen. Zer esan nahi zuen emakumezkoak ez garela bizikletan ibiltzen? Eta
ibiltzen diren apurrak gogokoen dituen koloreak zuria eta arrosa direla?
Galtzarik gabe iritsi nintzen etxera! Amorratuta! Amorratuta bai, baina ez
gogoko galtzik topatu ez nuelako, berdintasunerako bideari harrika ari diren
hamaika multinazional eta politiko daudelako. Arlo honetan ere diruak zer esan
handia duela uste dut.
Azkenik, dantza irakaslea naizenez, nire lan esparruan bizi dugun
egoeraz dudan iritzia azalduko dut. Tradizioz oso markatua dago gure kulturan
sexu-genero lotura hori. Tradizio horren errepresentazioa izanik arte hau, oso
eremu sexista dela esango nuke. Ezagunak diren dantzari guztiak gizonezkoak
dira, zergatik? Nire eskualdean 5-6 dantza talde daude, eta horietako bat
bakarrik zuzentzen du emakumezkoak. Gainerakoetan gizonezkoa da irakasle.
Bestalde, erabiltzen dugun arropak ere estereotipoari jarraituta
janzten ditugu. Emakumezkoak gonak, eta gizonezkoek galtzak. Egia da, gaur egun
hainbat dantza taldeetan, tradiziotik sorkuntzara goazen bidean, janzkera
aldatu dela eta gizonezkoak gonekin eta emakumeak galtzekin dantzan ikusi
ditugula.
Horrez gain, dantzak gizonezkoen dantza eta emakumezkoen dantza
modura sailkatuak izan dira. Emakumezkoen dantzetan belar biltzaileak, sagar
biltzaileak, arrain saltzailek irudikatu izan dira; gizonezkoen dantzak,
berriz, ezpata eta makil dantzak izan ohi ziren, indarraren eta borrokalari
senaren erakusle.
Hain esparru markatua izanik, kosta egiten zait genero ikuspegia
hausteko baliabideak aurkitzea. Dena den, baliabide
edo eskuartze egokiena neskek zein mutikoek elkarren dantzak elkarrekin ikastea
da. Hala nola, zinta dantza edo eta ezpata dantza mutilek eta neskek guztiek,
ikastea. Bestalde, emakumezko dantzariak badirela eta edozein erropekin dantza
egin daitekeela landuko nuke, zeharkako bidean hainbat bideo eta adibiden bidez.
Hemen gizonezkoa gonarekin dantzan ari den bideo labur bat:
Kontuak kontu, aurrera bagoaz ere hamaika dira gainditu beharreko oztopoak. Hezkuntza gizartearen isla
dela uste dut, beraz hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko arazoa gizarte
hezkide batean bizi ez izana dela diot. Konformismoan bizi gara, eta hori da
nire ustez oztopo nagusienetarikoa. Jarrera aurrerakoia azaldu behar dugu,
begiak zabaldu behar ditugu, errealitatea ikusi behar dugu, geure buruaz
hausnartu behar dugu… Jaiotzetik inkontzienteki ikasi ditugun eredu estereotipatuak
izateko eran, hizkeran, jarreran etab. kanporatzen ditugu eta horiekin hautsi
behar dugu. Norbanakoarengandik hasiko den iraultza dela uste dut. Lehendabizi
nik jantziko ditut betaurrekoak eta ondoren ingurukoei jantzarazten saiatuko
naiz. Honela eremu hezitzaileetan sartuko gara, eta honela gizarte hezkidea
izango da. Azken bi hauei aldiberekotasuna ikusten diet nik.
AURREKO URTEKO POSTA
Hau da nik aukeratu dudan aurreko urteko posta. Ba al zenekiten
elizak egin zuela generoa eta kolorearen arteko lehen lotura? Elizak behartu
zituen emakumezkoak arrosaz janztera eta gizonezkoak urdinez. Arrosa haragiari
eta infernuari lotzen zaio; urdina, aldiz, arimari eta zeruari. Ikaragarria!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina