2017/10/28

SEXU-GENERO SISTEMA SUNTSITU

 
 
1949.urtean Simone de Beauvoirek "Le deuxiéme sexe" (Bigarren Sexua) liburuan, "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da" adierazi zuen.
 
 
 
Ideia horrekin, emakumearen eraikuntza sozialaz ari zen, eta beranduago, 70.hamarkadan teoria feministak genero kontzeptua erabiltzen hasi ziren, emakumetasuna eta gizontasuna, jendarteak sexuaren gainean ezarritako ezaugarri multzo bat bezala ulertuz. Horrela, sexua, arra (gizona) eta emea (emakumea) desberdintzen dituen ezaugarri biologikoen multzoa bezala, eta generoa, sexuaren gainean sortutako eraikuntza kulturaltzat bezala ulertzen hasi ziren. Honek gizon eta emakumeen arteko dominazio/botere harremanak eraikitakoak zirela ulertzea erraztu zuen; hau da, sistema batek egituratua zituela eta ez ezaugarri naturalek.
80.hamarkadan hasi eta 90.hamarkadatik aurrera indarra hartuko duen ikuspegi feminista berriak, sexu eta generoaren adiera hau kritikatu zuen eta sexua ere (ez soilik generoa), erikuntza soziokultura bezala ulertzen hasiko da. Ikuspegi honek, sexua biologiaren (kromosomak, zelulak, gonadak, hormonak, hipotalamo-hipofisia, genitalak...) ikaskuntzaren, heziketaren eta kulturaren bidez definitzen den kategoria bezala ulertzen du.
 
Horri esker, errealitatea ulertzeko baliabide berriak eskaintzen dizkigu, muturreko sexu bi direla baztertu eta anitzen arteko ezberdintasunak adierazi, intersexualitatearen errealitatea agertzen du esaterako. Errealitate honek ezaugarri genital, kromosomiko, gonadal, etab. guztiak, aurkakoak diren bi kategorietara mugatu beharrean, continuum batean kokatzen ditu. Arra (gizona) eta emea (emakumea) kategorietara mugatu beharrean, honetatik eratorri daitezkeen sexu eraikuntza anitzak ulertzen ditu. Beraz, bai generoa eta baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla baiezta genezake. Egungo jendartea eredu dikotomiko honen gainean eraikia da eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntza...) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez. 
 
 
Jaio aurretik ere, genitalak zeintzuk diren medikuak determinatzen duenean, gu eta gure bizitzak nolakoak izango diren zehazten hasten da, kulturalki inposaturiko bi bizi-programa ezberdin ezarriz. Ikusi jarraian agertzen den bideoan, kulturalki pertsonak klasifikatzen dituen dikotomia horretan, genero estereotipoak ezarritako kolorearen arabera, alegia urdina (mutila) eta arrosa (neska), nolako jarrerak agertzen diren. Eredu bitar eta hierarkiko hau, sistema patriarkalaren gainean eraikia da, emakumearen menpekotasuna mantentzea helburu duena.

 
 
Baina ez hori bakarrik, Queer teoriak azaltzen duen moduan, kategorien erabilera auzitan jarriz, kontraesanak agerian uztea ezinbestekoa da. Politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko krisia aitzakia gisa erabiltzen ari diren egunotan, intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu. Horregatik, gogora ekarri nahiko nuke, Ane Leniz-en post hau. Izan ere, kontzeptuaren inguruko ekarpen interesgarriak egiten dituela iruditzen zait.  
 
Hezkuntzak, sexu-genero sistema horren erreprodukzioan eta biziraupenean, sarritan presentzia izaten jarraitzen du. Esate baterako, egun lanean nagoen eskolan, oso gizonezko gutxi dira irakasle. Gainera, dauden gutxi horiek, Heziketa fisikoko irakasle, ikasketa buru edota Lehen Hezkuntzan  tutore gisa dihardute. Haur Hezkuntzan, gizonezkoen prsentziarik ez dagoela azpimarratu nahiko nuke, eta argi dut hori ez dela kointzidentzia edo kasualitate hutsa. 
 
 
Sexu-genero aginduak betetzen dituen adibide bat princelandia-rena da. Neskei zuzendua dago eta sortzaileen aburuz, edertasunaren bidez "heziketa" gauzatzen dute.  Bertan, printzesaz mozorrotu, atzazalak margotu, orraztu eta apaintzen dituzte, karaokeak eta desfileak bezalako ekintzak urtebetetze ospakizunekin konbinatuz. Izugarria benetan. Neska txikientzako zuzendua dagoen arren, beraien amekin batera ekintza berdinak burutzeko zerbitzua eskaintzen dute. Espainian ez ezezik, Mexiko, Portugal eta Estatu batuetan ere zabaldu da. Administrazio publikoaren diru laguntzak jaso izan dituzte polemika piztuz eta kritika eta salaketa ugari jasoz.
 
 

 
Baina badira, gertuago eta haur hezkuntzako irakasle naizen aldetik, eguneroko jarduna burutzeko erabiltzen ditugun baliabideetan, sexu-genero sistemak sortutako estereotipo hauek plazaratzen dituztenak ere. Esaterako, Urtxintxa metodoak aurkezten dituen ipuin gehienetan, emakumezko eta gizonezkoen rolak oso markatuta agertzen dira: arropen koloreak, lanbideak, izaerak, jarrerak... Horiek guztiek ikasleen identitatea eraikitzeko prozesuan eragiten dielarik.
Zorionez, geroz eta kontzientzia handiagoa dago gai honen inguruan eta poliki-poliki genero ikuspegia kontutan izanik, baliabide berriak sortzen joan dira. Hemen, sexu-genero sistemak ezarritako estereotipoak gainditzeko eta hezkidetzan hezteko ipuin batzuen bilduma bat.
 
 
Baliabideekin jarraituz, Esnatu aurretiko ipuinak "KOLOREAK" izenekoa partekatu nahi dut. Nunila Lopez Salamero eta Myriam Cameros Sierra dira egileak eta Leioako Betiko Ikastolak euskaratutako bertsioa da. Koloreak aitzakitzat hartuz, bestelako baloreak transmititzen ditu eta hezkidetza ikasleekin lantzeko baliabide gomendagarria iruditzen zait. Sarritan, irakaslegoaren artean, erresistentziak aurkitzen dira oraindik ere hezkidetza lantzerako orduan. Batzuek baliabide falta dagoela esaten badute ere, ugariak dira azkeanaldian sortu egin diren materialak. Eremu hezitzaileetan, lantzeko oztopoak pertsonalagoak direla eta ez horrenbeste baliabideei dagokienez, esango nuke nik. Prozesu kontzientea behar du izan eta ikasleekin erabiltzen ditugun baliabideetan ezezik, jarrera eta barneratuta ditugun usteetan sarritan daude oztopo nagusienak. Naturaltzat ematen direlako naturalak ez diren hainbat gauza. Kostatzen zaigulako onartzea guzti hau prozesu kontziente baten bidez burutu beharra dugula. Denok jarrera matxistak barruraino sartuta ditugula, gu ere jendarte patriarkal sexista honetan hezi garelako, eta garrantzitsuena delako zintzotasunetik eta onarpenetik abiatuta jarrerak eraldatzea.  
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina