Gizartean, gizonezkoen nagusitasunaren
pentsamendua aspaldiko garaietatik datorren zerbait dela argi dago. Hainbeste
jendek miretsi izan duen eta oraindik ere miresten duen “Biblia” begiratu
besterik ez dugu egin behar. Bizitzaren sorrera Jainkoari egozten diotenen
ustez, Eva Adanen saihets-hezurretik jaio zen.
Gure aiton-amonen garaietan ere, gizonezkoen
nagusitasuna nabaria zen: erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen zituzten, etxeko
lan guztiak emakumeak egiten zituen, haurren zainketaz ere azken hauek
arduratzen ziren… Emakume askorentzat,
gizonaren ongizatea zen lehentasuna; honako hau super-gizakia zelakoan.
Gaur egunean, matxismo hori alde batera
uzteko saiakerak geroz eta ugariagoak diren arren, oraindik ere gizonezkoen
nagusitasun horien zantzuak aurki ditzakegu. Gainera, sexu-genero sistema oso nabarmen ikuskatzen da gizarteko hainbat
aspektu ezberdinetan. Hona hemen adibide batzuk:
Neskei, normalean, haurren zainketarekin, beren
irudia zaintzearekin eta etxeko garbiketarekin zerikusia duten jostailuak
atxikitzen zaizkie (sukaldetxoak, panpinak, makillaje kutxak…). Mutilak,
berriz, kirolen, dinosauruen, superheroien, automobilen… jostailuekin hornitzea
oso ohikoa da. Koloreei dagokionez, neskek arrosa eta mutilek urdina. Esateko
gehiagorik ez.
Honen harira, youtuben ikusi dudan bideo hau gomendatzen dizuet.
Bertan, neska txiki batek gai honen inguruko hausnarketa sakona egiten du: “zergatik erosi behar dituzte neska guztiek printzesak?”.
Galdera interesgarria.
Horrez gain, lanbideen mundua ere
oso zatituta dago sexuen gaiagatik. Neskekin maiz lotzen diren lanbideak
erizaina, ileapaintzailea, andereñoa, zaintzailea, zerbitzaria eta antzerakoak
izan ohi dira. Mutilak, aldiz, medikuekin, igeltseroekin, iturginekin,
suhiltzaileekin…
Hona hemen, aurrez aipatutako guztiarekin
loturiko beste bideo bat. Bertan, haurrekin eginiko ikerketa bat ageri da,
estereotipo sexista hauek beste behin agerian geratzen direlarik.
Denboran zehar gizartean ezarri diren
estereotipo sexistak dira, batez ere, guzti honen errudun. Zergatik oparitzen
dizkiegu neskei kolore arrosa duten panpinak? Zergatik kamioi handiak mutilei? Zergatik
pentsatzen dugu guztiok, suhiltzailea aipatzen dugunean, mutilekin? Eta
zergatik neskekin ileapaintzailea aipatutakoan? Argi dago oraindik ere
berdintasunerako bidean lan asko dugula egiteko…
Hariari jarraituz, aurreko edizioetako sarrerak irakurtzen nituen bitartean, Maitek
sorturiko sarrera honek atentzioa deitu dit. Bertan txertatutako bideo horretan,
koloreei eta sexuei egozten zaien harremanaren indarra oso ondo adierazten dela
iruditzen zait; kolore arrosa jantzita duen haurra neska dela uste dute helduek
eta, alderantziz, arropa urdinduna mutila. Gainera, hauen etorkizuneko
lanbideen inguruan hitz egitean, estereotipo sexista horiek agerian geratzen
dira. Harrigarria benetan!
Bestalde, ikasleekin gai hau lantzeko modu asko egon daitezkeen arren, neuk
ipuinen bitartezko proposamena luzatzen dizuet. Ikastaroan zehar behin baino
gehiagotan aipatu dugunez, haurrak txikitatik hezkidetzaren munduan heztea oso
aberasgarria izango da etorkizunean berdintasunaren aldeko apustua egingo duten
biztanleak sortzeko. Emaisia izeneko elkarteak sorturiko artikuluan irakur
daitekeenez, ipuinen bidez umeek mezu desberdinak jasotzen dituzte eta barne
adimen egituretan munduan eta beraien inguruan gertatzen diren gauzen
irakurketa egiten joaten dira.
Guzti hau kontutan izanik, gelan landu
daitezkeen ipuinak uzten dizkizuet hemen behean:
- Eta
handia egiten naizenean zer? Aloñak, liburuko protagonistak, egun
ezberdinetan lanbide ezberdinak probatzen ditu. Lehenik txalupan ibiltzen da
eta gauza zoragarria dela konturatzean, berak handitan marinela izan nahi duela
esaten du. Beste egun batean, ilea moztera joan eta berdina pentsatzen du. Horrela
liburu guztian zehar: taxista, okina, lorezaina, sorgina…
Liburu honetan lanbide ezberdinak lantzen
dira. Honekin, gelako haurren etorkizuneko interesak jakiteaz gain, lanbide hauen
inguruko estereotipo sexistak barneratuta dituzten jakin ahal izango litzateke.
- La mitad de Juan: Liburu honetako protagonista Juan izeneko mutiko bat da.
Mutiko honi burla egiten diote gelako beste mutilek, hauen esanetan, Juanek
nesken gauzak egiten omen ditu (negar egin, futbolean ez jolastu, kamiseta
arrosak jantzi…). Burla horiek ekiditeko, “neskenak diren” gauza guztiak kaxa
batean gorde eta lurperatu egiten ditu. Baina, hau ez da izango zoriontasuna
lortzeko eman beharreko urratsa…
Ipuin
honi esker, ikasleei pertsona bakoitzak dituen gustuak eta nahiak errespetatu
behar direla irakatsiko zaie. Gainera, “nesken” eta “mutilen” arteko
diferentzia hori hausteko erabilgarria suerta daiteke, gizaki guztiak “pertsonatzat”
hartu behar direla helarazteko.
GIZARTEA ALDATZEA GURE ESKUETAN DAGO.
BORROKA DEZAGUN ELKARREKIN SEXU-GENERO SISTEMAREN AURKA!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina