2016/11/28

Legedia, borondatea eta baliabideak


Gizarte antolatu batean gizarteak berak onartu dituen ohituren, jardunen eta jokaeraren arauak dira legeak. Aginpideak indarra du bere esku lege horiek betearazteko. Gizartea bizitzako araua denez gero, legeak guztien onerako izan behar du, eta ezaugarri hauek ditu: betebeharrekoa izatea, aginduak baitira legeak eta ez legegilearen aholkuak; orokorra izatea, balizko egoera guztietarako erabilgarria izateko egina baitago; eta behar bezala sortua izatea, legeak berak eskatzen duen eran eta eskatzen dituen baldintzak beteaz.




Legeak direla-eta, Werten lege-proposamena aipatu nahi dut, hain zuzen ere, genero ikuspegitik oso atzerakoia delako. Jakina da berdintasunaren aldetik urrats handia izan dela eskola mistoa eratzearena; Wertek, ordea, segregazionistak diren ikastetxei diru-laguntza mantenduko die. Erabakia oso polemikoa izan da, horrek bermatzen baitu ikastetxe horiek jarraitu eta zabaldu egingo direla. Aurrerantzean, gainera, errazagoa izango da curriculumak neskei eta mutilei “egokitzea”, eta arriskua dago neskak zenbait disziplinatik urruntzeko. Gainera, krisi-garaian gaude, eta badakigu nori eragiten dion gehien: langabezian gelditzen lehenengoak emakumeak izaten dira; azkenean, baten batek gelditu behar du etxean, eta emakumea gelditzea oso ohikoa da. Arrisku handia dago atzera egiteko. Halere, gaur egun berdintasunari dagokionez iritsi garen puntura iritsita, uste dut ez dugula utziko atzera egiten. Baina Espainiako gobernu eskuindarra erakusten ari den ideologiak beldurra ematen du.

Gainerako legeen inguruan (Generoaren Indarkeriaren Aurkakoa, eta Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunarena) iruditzen zait instituzioek ardura dutela berdintasuna sustatzeko eta matxismoarekin amaitzeko, eta ardura hori zehaztu beharra dagoela, eta baliabideekin lagundu. Feminismoak lortu du instituzioetan sartzea, eta borroka hori egin ez balitz, oraindik ere berdin jarraituko lukete erakundeek.

Bestalde, azaroaren 25eko aldarrikapenen arrimura, genero indarkeriari buruzko itun berri baten aldeko proposamena aurkeztu du PSOEk Espainiako Kongresuan, egun indarrean dagoen legea eguneratzeko. Zehazki egungo legeak aintzat hartzen ez dituen hainbat delitu genero indarkeria gisa sailkatzea izango da xede nagusietako bat: besteak beste, bortxaketak, sexu gehiegikeriak edota emakumeen salerosketa. Oro har, indarkeria matxistaren aurkako politika errotik aldatzeko, konpromiso politikoa eta baliabideak behar dira. Izan ere, halako legeak oso garestiak dira, eta baliabide asko behar dira neurri zehatzak indarrean jarri ahal izateko. Aurreko legealdian, esaterako, PPren gobernuak %30 murriztu zituen bortizkeria matxista prebenitzeko eta biktimei laguntza emateko diru partidak.

Berdintasun errealaren bidean dauden erronka nagusiak hauek dira:

-Gizarte komunikabideak eta publizitatea:

Gizarte-komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte, eta bereziki zaindu behar dituzte ume zein gazteentzako edukiak.

-Unibertsitatez kanpoko hezkuntza:

Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria-mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.

-Curriculuma:

Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

-Irakaskuntzako materiala:

Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

-Prestakuntza:

Hezkuntza Administrazioak hezkidetzari buruzko prestakuntza-planak jarriko ditu abian; plan horiek irakaskuntzako profesionalei zuzenduta egongo dira, eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiak hartuko dituzte beren baitan. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina