2016/11/28

HEZKIDETZA ETA LEGEDIA, AURRERAPAUSO ETA ETENAK

Atal honetako irakurgaia Maria José Urruzolaren Orientaciones para la coeducación testuarekin bukatzen da. Ez dut topatu testu hori noizkoa den, baina askotan ikusi dudala eta Maria José Urruzola hil zenetik urte batzu pasa direla kontuan hartuta, ez da gaur-gaurkoa. Aditu honek, testu horretan, diagnosi eta plan baten beharra adierazten du eta hain zuzen ere “Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana” 2013koa da, 2016rainoko indarrarekin. Zertara noan honekin? Ba beharra aspalditik definituta zegoela, erronka eta formula edo metodologiaren bat ere bai, eta marko legala oraindik ere definitu gabe dagoela, izan ere, dagoena gida-plan bat delako.


Legeak bai, bermatu, bultzatu, helburuak lortzeko modu aktiboaz eta beste hainbat moduetaz hitzegiten dute. Baina beharra ez da legalki zehazten eta borondatezkoa da gehiegitan. Argi daude Berdintasun Legearen printzipio orokorrak herri-aginteen jarduerari dagokionez; testuan bertan agertzen dira:  tratu berdina; aukera-berdintasuna; dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea, eta koordinazioa eta lankidetza. Atal esanguratsu azpimarratzekotan, hori aukeratuko nuke, biltzen duen guztiagatik. Horiek lortzeko bidean gertuago gaudenik ezingo nuke ukatu. Izan ere hainbat egitura garatu dira, berdintasun politikek aurrekontuetan eragina dute eta agenda politikoan beti dago gai hauen presentzia. Orain, horrelako egitura legala izanda, zein puntutaraino iritsi gara eta noiz egin beharko genuke beste aurrerapauso bat.

Bestaldetik, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI planak, berdintasun politikak garatzeko lan ildoak markatzen ditu  http://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_vi_plan/eu_emakunde/adjuntos/VIPlan_final_eu.pdf, baina hezkuntzan hutsunea nabari dut. Dena den, VI planaren ebaluazioa eta VII.-ren diseinua hortxe, gertu egongo da hemen eta hainbeste aipatzen den Hezkuntza Legearen legegiltzaldia “izan behar lukeen honetan”, hezkidetzak gero eta toki gehiago izango duela pentsatzen dut.




Ez naiz zuzenbidean aditua baina nire jardunean Berdintasun Legea eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea aurrez aurre eduki behar izan ditut zenbaitetan. Aditua ez izateagatik ezin dut konparazio orokorrik egin, eta gainera ez dira konparagarriak baina  kasu batean legez bete beharreko baldintza batzu agertzen dira eta hala betetzen dira. Esate baterako pertsona bakar bat kontratupean izateak Prebentzio Plana izatera behartzen du enpresariak. Espainiako Berdintasun Legeak 250 pertsonetan ezartzen du Berdintasun Plana izateko beharra enpresatan. Ez noa hemen konparazio gehiago egitera baina zuzenbidean aditu batekin partekatuko nuke eztabaida haren iritzia jakiteko.

Egiturak ere sortu dira, baina zein puntutaraino dira eraginkorrak egitura horiek beti ere persona eta aurrekontu eskasa badute bere baitan? Beti ere baliabide gutxirekin lan egin behar badute? Argi dago borondatearekin orma ugari hausten dela baina ez da nahikoa.  Zalantzarik gabe bidean gauden arren.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina