2022/10/08

Neskak eta mutilak, berdinak sare sozialetan?

Sare sozialak, neutroak izan beharko liratekeela pentsa dezakegu, baina hauek gizartearen ispilu diren heinean, tamalez ez da hau gertatzen. Genero aldea nabarmena da bai interesezkoak diren gaietan, baita, sare sozialek ekartzen dituzten ondorioetan ere.  

EU Kids Online behatokiaren txostenak plazaratu duenez, neskato nerabeen artean, altuagoa da honako eduki hauek ikusteko maiztasuna: auto-lesioak, suizidioa, fisikoarekin erlazionatutako gaiak (argal egotea, anorexia eta bulimia arazoak) edo gizarteko taldeen aurkako gorroto mezuak (etnia, ideologia, erlijioa, sexua edo beste arrazoi batzuengatik). Horregatik, neskak askoz gehiagotan sentitzen dira deseroso Interneten (% 40), mutilekin (% 29) alderatzean.

Gainera, gurasoen sare sozialekiko eta internetekiko jarrera ere desberdina da beraien haurra neska edo mutila izan. 


Eta zergatik jartzen dizkiete muga gehiago neskei? Nire ustetan, gurasoak jakin badakite, nerabeek pentsatu gabe kontsumitzen dituztela sare sozialetako edukiak eta konturatu gabe barneratzen dituztela zenbait joera eta iruzkin ez-parekide, hauek ohikotzat hartuz eta normalizatuz. 

Eraso hauetatik babesteko modu azkar eta errazena baliatuz (askotan baliabide hobeagorik ezagutzen ez dutelako), gurasoek neskei mugak jartzen dizkiete sareen erabileran. Nire ustez, ordea, partxe bat jartzea bestetik ez da, horrela ez baita atzetik dagoen arazoa konpontzen eta ziberaktibismo hezkidetzailea izango litzateke bide egokiena. Hau da, hezkidetzan heztea etorkizuneko neska-mutilak bai ikastetxeetan bai Interneten ere. 

Sare-sozialak, gurekin geratuko direnez, hauek deabrutu beharrean, gure onurarako erabiltzen ikasi beharra daukagu eta Yenik dioen bezala, gazteei errealitatea kritikoki aztertzeko tresnak eman.  Modu horretan genero desberdintasunik gabe libreki ibiliko dira bai sare sozialetan bai gizartean ere gaur egungo nerabeak baita etorkizunekoak ere. 

Agian, amets utopikoa planteatzen nabil…lortuko al dugu denbora epe laburrean?



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina