Hizkuntzak duen indarraz ohartzeko hainbat esaldirekin geratuko nintzateke aste honetako ekarpenean:
“...hizkuntzek gure munduko pertzepzioa baldintzatzen dute eta, are gehiago, gure jokabidea modu zehatz batera orientatzera eraman gaitzake” Maria Luisa Calero
“Hizkuntza herri batek edota pertsona batek bere burua ezagutu eta ulertzeko zein gainerakoak ezagutarazteko sortzen duen bitartekoa da”
Hau dela eta, garrantzitsua da diskurtsoa eta hizkuntza bera begirada feminista batetik aztertzea, hau da, betaurreko moreak jartzea. Hizkuntzan ere gizarte heteropatriarkalaren zantzuak aurki ditzakegu kulturala den heinean.
Hizkuntzaren erabilera sexista denaren aldekoa naizela esango nuke, “kultura/errealitatea da sexista, eta hori aldatuz gero, hizkuntza-sistema ere aldatuko da.” Hala ere, gizartea aldatzen den heinean hizkuntzan ere begirada morea txertatzen joan behar gara, errealitate guztiak barnebilduz eta bazterretan dauden identitateei izena eta ahotsa emanez.
Hauxe da komunikazioa inklusiborako aukeratu dudan gida. Steilas sindikatuarena da eta komunikazio ez sexistarako hainbat baliabide zabaltzea du helburu, labur, argi eta batez ere erabilgarri.
Hizkuntza geldi ez dagoen sistema bat da, egunero aldatzen doana eta gizartea aldatzen doan heinean eta errealitate berriak agertzen diren heinean beraiek izendatzeko eta ahotsa emateko moldatzen dena. Garrantzitsua iruditzen zait bide horretan hezitzaileok hurrengo irizpideak kontuan izatea:
- Erreferenteak garen heinean gure hizkuntza sexistaren erabilera aztertu eta ekidin.
- Betaurreko moreak jarrita izatea hizkuntzaren erabilera sexistak identifikatzeko.
- Baliabideak izan erakargarriak diren hizkuntza alternatibak planteatzeko.
- Denon artean hizkuntza eraldatu errealitatea eraldatzeko.
Euskara aberatsa, inklusiboa eta bizia sortu!
Amaitzeko #Jarrillera- ren sarrera aukeratu dut, berriro ere Maria Luisa Caleroren beste esaldi honekin geratzen bainaiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina