2020/12/14

Zirrikituak arakatzen

 

Nork egin du historia?
Nor dago liburuetan?
Nor esparru publikoan:
tabernan edo plazetan?
Nor kantari sukaldean,
josten, artazuriketan,
sehaskaren inguruan
edota konbentuetan?
Bertsolaritzaz idatzi
izan dute hainbatetan;
batzuk fokopean daude
beste batzuk ilunpetan…
Lau begi eta bihotz bat
jarri ditut testuetan,
ea altxorrik topatzen
dudan zirrikituetan.

2015an Ane Labaka Maioz bertsolariak argitaratutako bertso paper batzuen lehen bertsoa da honakoa eta orduan, zeharo konektatu nuen hitz hauekin. Hala, ni ere galdera hauek birplanteatzen hasi nintzen:  Nork egin du historia? Nor dago zirrikituetan?

Anek, bertsolaritza munduaz idatzi zuen, eta gaur egun ere, Txakur Gorriak kolektiboarekin baitera 'Orainmenean' izenburuko ikuskizuna sortu du, bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz.

 



Hala, bertsolaritzaren genealogia hori osatzeko, Txiñik egindako sarrera gomendatzen dut. 


 Zirrikituak, ordea, nonahi aurki ditzakegu eta fokopean dauden emakume asko daude gure inguruan. Hala, Debako herrian jarri dut arreta. Izan ere,Tene Mujika Deban jaio zen 1888ko maiatzaren 24an. Gazte-gaztetatik aritu zen politika eta euskal literaturan. EAJko ageriko ekimenetan hizlari eta 1935ean Gipuzkoako Emakume Abertzale Batzako lehendakari izendatu zuten. EAJko ekitaldi agerikoetan parte hartu zuen Euskal Esnalea, Euzko-Deya, Gure Herria, Euzkerea, El Día, Euzkadi, Agur, Luzaro, Goiz-Argi eta Deva agerkarietan, besteak-beste, argitaratu zituen ipuinak eta artikuluak Olerkiak idatzi zituen: Aberriaren udaberria, Ama, Arno’ko kurutza eta batez ere Miren Itziar’ri idazkiak eta olerkiak.

Aurten, Eusko Jaurlaritzako beka bati esker, Nekane Goikoetxeak ‘Tene Mujika, Emakumea' ikerketa egingo du. Bere testuinguru sozio-politikoan kokatuta eta genero perspektibak eman litzatekeen aukera berriekin berari buruzko informazioa osatzeko eta narratiba berri bat eraikitzeko. Izan ere, ezinbestekoa da narratiba berriak eraikitzea.

Hori dela-eta, berrikuspen Hezkidetzak funtseko papera betetzen du. Hauek, lirateke, beraz, eremu hezkidetzailean landu beharreko erronkak:

-          Kontatua izan de historia birpentsatu.

-          Ekarpenak egin dituzten emakumeen errelatoak indartu.

-          Historian nabarmendua izateko ezaugarriak zeintzuk diren aztertu.

-          Historikoki emakumeoi egokitu zaizkigun zaintza lanei balioa eman.

 

Historia aldatzen doa eta aldatuko dugu. Lana badago, baina gogoa ere bai. Aneren azken bertsoa ondorengoa:

Historia aldatzen da
zirrikituz zirrikitu;
bilatzen jardun ezean
ezin da inor aurkitu.
Mardarasek eta Loidik
nahiz izan nahiko meritu
aurrekoen ahaleginak
nahi nituen deskribitu,
jakinmina ase asmoz
arakatu, deskubritu…
Bertso sorta luze honek
-nahiz ez guztiak kabitu-
ikusezinak zirenak
ikusarazi nahi ditu;
inork ez dezala esan
ez zirenik existitu.

 


 

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina