Zaila egiten zait gaiak sortzen dizkidan sentimenduez idaztea. Tristura eta haserrea amorru bilakatuz doaz, eta borrokarako gogoak pizten dizkit. Baina nondik hasi?
Aurreko edizioetako ikaskide ugarik aipatu dute haien hausnarketetan botere publiko eta judizialek salaketen gizarteratzean jolasten duten papera; Gertakizuna jazo, gizarteak salatu, eta goazen bakoitza berera dio Idoiak (https://hezkeh0506.blogspot.com/2016/11/amildegira-garamatzan-gurpiletik-irten.html ) bere post-ean (ezin adosago egon). Ziurrena, denok darabiltzagu buruan aste honetan irakurri ditugun estatistikek aipatzen dituzten zenbakiak:
"Estatu mailan, iaz, 54 emakume hilik, 3 Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Estatuan 126.742 salaketa egon ziren, 2013an baino %1,5 gehiago, bost urtez behera joan ondoren . Haietariko 3.990 EAEn eta 1.328 Nafarroan."
Eta naiz eta identifikatzeko zailak egiten zaizkigun, pentsatzen jarri garen guztiok ohartu gara genero-indarkeria motaren bat jaso izan dugula, gutxitan edo sarritan, gure bizitzan zehar: eskolan, lanean, etxean, kalean...
Burura etorri zait gaztetxoa nintzela, Donostin, autobus geltokira bidean, gizon batek berarekin zihoan emakumea bultzatzen ikusi nuenekoa. Emakumeak estropezu egin zuen, eta lurrera erori zen. Eskua luzatu nion altxatzen laguntzeko, baina emakumeak ukatu egin zuen laguntza. Gizonaren oihuen artean aldendu nintzen, minduta eta amorratuta. Ez dut errudun sentimendua guztiz desagertarazi; gehiago egin nezakeen, udaltzaingoari deitu agian, edo gizon hari aurre egin. Emakume haren egoera aurrerantzean (eta aurretik) nolakoa izan ote zen imaginatu dut maiz. Eta oraindik galdetzen diot nire buruari zergatik izan ote nintzen ni, 18 urte eskaseko nerabea, inguruan zegoen jende ororen artean emakumearengana hurbildu zen bakarra.
Nire ustez, nire eremu hezitzailean lantzeko dudan erronka nagusienetako bat: gazteen artean kontzientzia sortzea. Azken ikerketen datuak ikusita eskuak burura eramaten ditut nahi ta nahi ez. Gazteek,haien gurasoek baino jarrera matxistagoak erakusten dituzte. Politikoki egokia den diskurtsoa dugu guztiok, genero-indarkeria gogaikarria da. Baina zer gertatzen da indarkeria sinbolikoarekin? Ez al dugu bada genero-indarkeria gisa ulertzen?
Hausnarketarekin bukatzeko, indarkeria matxistaren inguruko eztabaida hau utzi nahiko nuke hemen: Aitziber Eguskiza, Idurri Eskisabel, Josebe Iturrioz eta Nora Alejos-ek genero-harremanak, botere-harremanak, espazio publikoa eta autodefentza fenimistaz hitz egiten dute bertan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina