2016/10/11

Nire Aurkezpena; Amaia Chueca Uria

Aupa nexkak!

Nire izena Amaia da eta 21 urteko donostiarra (antiguotarra) naiz. Nire gauza gustokoen artean saskibaloia eta gitarra jotzea ditut, eta lagunekin par artean goxatzea ere bai.


Lehen Hezkuntzako 4.maila hasi berri dut aurten. Hezkidetza eta feminismoekin dudan harremana unibertsitatean murgiltzearekin batera hasi nuen, eta bertan ekin nion bizitzaren oinarritzat nituen hainbat eta hainbat balore, sinesmen eta ohitura auzitan, kolokan jartzeari. Hitz batean, bete betean irentsi ditudan bizitzaren hainbat aspektu berpentsatzen, eta ikasitakoa (on egiten ez didana) desikasten. 



Halere, iruditzen zait, hainbeste berpentsaketa eta mundua hankaz gora-jartzea, prozesu nekezak direla. Hau da, orain arte egia bezela kontatu diguten hori, bete betean irentsi dugun hori guztiz iraultzea, etengabe 'ya está la feminista' entzutea, nekagarria suertatzen dela. Horregatik, umorez hartzea hobe! Hementxe jarri dut par pixkat egiteko monologo bat! Parre egin ezin badegu, hau ez baita gure iraultza!



Prozesu hontan, halaber, nire bizitzan garrantzizkoak diren pertsonekin egin dut topo... Eta hortan gaude, bide luze baten hasieran, etengabe ikasten jarraitzeko asmoarekin! Horregatik eman dut izena ikastaro hontan!

Jarraian, gai honi lotutako bertso batzuk jarri ditut, aurkezpen gisan...

...

'Ez da kasualitatea'
Doinua: Bazkalosteko Kafea

I

Bizitza antzerki hutsa da ta

behar dugu nortasuna.

Gutxinaka eraikitzen goaz,

mozorro eta jarduna.

Baina patriarkatuan sustraiek

dute euskarri zurruna,

Edonora heltzen ohi da, beraz,

matxismoan oihartzuna.

Denok preso gaituen kartzela

deitzen da normaltasuna.

II

Txintxoa, polita, atsegina

gainera neska formala,

Neri ez zidan inork galdegin

nintzenentz heterosexuala.

Haurrak espektatibei segika

dihardu ezarri ahala,

Aniztasunarekin denean

gizartea hain petrala,

Dikotomia hau biziaz,

aukera bakar bezala.

III

Berdintasunaz oraindik ere

ezin garenez ez mintza.

Nola gizon zuri aberatsak

eraikitzen dun jakintza.

Zinez feminismoen aurkikuntzak

astindu egin dit bizitza

Hankaz gora jarriaz erabat

orain arterako hitza.

Eta ulertzen hasi naiz zein den

ate itxi horien giltza.

...

Ezagutzen nautenek diote xaltxera xamarra naizela, jakinmina pizten didaten gaiez bustitzeko mugitzen naizela. Nire ezaugarri ez hain positibo bezela, aldiz, zera naiz, perfekzionistegia; ez dut inoiz lan bat bukatutzat jotzen, eta beti hobetu nahi horrek azkenean ezinegona sorrarazten dit. Noizbait ikasiko dut... jeje

Ikastaro hontan gogotsu nago! Zer eskertzen dudan besteengan ikastaro birtualetan? Seguru nago bakoitzak asko daukala emateko, beraz, bakoitzarengatik zerbait ikasiko dudala ziur nago. Beraz, horixe, bakoitzak eskeini nahi duena sentitu eta gordetzeko besoak zabalik nago!

Hementxe azkenaldian maiz entzuten ari naizen abesti bat. Gozatu!



Ikastaroan elkar elikatuko garelakoan nago. Has dadila bidaia!

Muxu bana!


  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina