2016/10/10

Nire aurkezpena Idoia


Kaixo;

Idoia naiz; zumarragarra. Hiru seme-alaben ama naiz (13, 10 eta urtebete) eta honek ez nau definitzen baina momentu honetan bai baldintzatzen. Kazetaritza ikasi nuen eta horretan lan egin baina beti izan dut berdintasunaren gaiarekiko interesa eta 2008an Berdintasun Masterra egin nuen (pentsatzen jarrita, badira urte batzuk!). Ordundik hona berdintasun teknikari bezala egon naiz lanean, nagusiki enpresa-munduari begira.


Seme txikienaren jaiotzetik hona, etenaldi bat egin dut, eta orain, bultzada baten ondoren ibilbide berri bati ekin behar diot. Ikastaro hau aro berri honen ataletako bat da eta pilak jartzen dizkidan gai honetan murgilduta jarraitzeko beste aitzaki bikaina! Dena den, bertan hasi izana, ikaskide dugun  nire lagun bati eskertu behar diot, berea izan baita azken bultzada. 


Bizitza oso azkar doanaren irudipena beti izan badut ere, orain, eguna ziztu-bizian doala iruditzen zait. Ez dut ezertarako astirik! Eta batzuetan asko larritzen nau egoera honek. Dena tartetik tartera eta saltoka egiten dut. Askotan asko pentsatu gabe, kolpetik kolpera. Baina oso garrantsitsua iruditzen zait eguneroko zoramenean nire espazioa zaintzea. Eta horretan ez dut etsiko.

Hezkidetzarekin prefesionalki harreman zuzenik ez dut izan, zeharkakoa baizik. Baina hezkuntza komunitatearen parte naizen aldetik, guraso bezala, erabatekoa. Horregatik ikaragarri garrantzitsua iruditzen zait eta erronka bikaina. Asko ikasten dut nire seme-alabarengatik eta haien harremanen behaketagatik. Uste dut errealitatearekin erabat konektatzen nautela.

Segurtasun ezak eta ezkortasunak geldi arazten naute batzuetan. Baina handik edo hemendik, sortzen dut aurrera jarraitzeko indarra. Kolorea, urdina, itsasoa eta zerua bezain zabala, muga han, urrunean. Animalia, katua, batzuetan hain gustora jende artean eta besteetan hain eroso bakardadean… Kantuak hainbeste eta ia-ia denetarik!

Birtualki eta teknologia berriei dagokionez, ez naiz batere trebea. Baina trebatzeko gogoz nago, eta moldatzeko ere bai. Eta orain ez dut horretarako denbora soberan, baina badakit izango dudala. Gainera ikusi dut ez zaigula laguntzarik faltako eta talde aldetik bakardaderik ez dela somatuko. Hori da horrelako gaietan parte-hartzearen beste abantailetako bat, nire ustez, taldearen bultzada nabaritzen duzula eta horrek indartu egiten zaituela, kanpoan hotz egiten duenerako. 





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina