2016/11/07

BIZITZA BESTEEN BAITAN ANTOLATURIK (patriarkatuaren nahia emakumeekiko)



1.- Hasteko esan nahi nuen izugarria iruditu zaidala, beste hainbat datuekin batera, 81 herrialde aztertu eta gero OMEren estatistikek diotena, hau da,  emakumeen %35i eragiten diola genero indarkeriarekin erlazionatutako biolentziak.  Herena baino gehiago. Eta Europan 2014. urtean 62 milioi emakumek jasan dutela indarkeria fisikoa edo sexuala.


Pandemia baten aurrean gaude, dudarik gabe. Ados nago honen inguruan orain bi urte Argia aldizkarian Maddi Ane Txoperenak "Emakumeen arteko pandemia" izenburuarekin argitaratutako artikuluak esaten duenarekin. Nola ez kezkatu?
Nahiz eta ondo jakin oso zabalduta dagoela gure gizartean generoarekin lotutako indarkeria, eta urtero erahildako emakumeen zerrenda luze horretan bikoteak edo bikote ohiak eragindakoa erailketak direla,  harrituta utzi naute datuek. Harriduratik ikarara pasatu naiz, gero, Ines Alberdik adierazten duen ildotik jarraituz, estereotipo sexisten iraunkortasunak genero indarkeria ezkutatzen laguntzen duela baieztatuz, hortik ulertu behar dela gure inguruko gazteek ados egotea, esaterako, “emakume bati bere senarrak eraso egiten dionean, zerbait egin du hori probokatzeko” esaldiarekin (mutilen %30a eta nesken %13a), edo nesken %28ak “gizon oldarkorrak erakargarriagoak dira” esaldiarekin. Ez al da izutzeko modukoa?




2.- Iazko ekarpenen artean, aste honetan Edurnek egindakoa aukeratu dut, lotura honetan: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/genero-indarkeriaren-inguruan_8.html . Gehien interesatu zaidana goi karguen inguruan topa dezakegun matxismoari buruz egiten duen hausnarketa da. Irudi edo bideo zuzenak bota ditut faltan, baina testua eta aipatzen dituen ikerketak, kontutan hartzeko modukoak direla pentsatzen dut.
Proposamen bezala, iragarri bateko bideo bat uzten dizuet, ÚNETE da bere izenburua, elkartasuna aktiboa bultzatzeko kanpaina bezala diseinatuta, denok dugula erantzukizuna indarkeria jasatzen ari diren emakumeei zulo horretatik irteten laguntzeko momentuan erakusten duen bideoa.

3.- Genero-indarkeriari dagokionez, hau da, emakumeari  emakume izateagatik egindako indarkeriaren inguruan, lehen adibide bezala, nork ez du beldurrik sentitu gauez bakarrik joan behar izan denean etxera? Egunero, astebururo errepikatzen den egoera da, hamar, ehun, mila neska eta emakumeok bizi duguna, Euskal Herrian ere bai, asteak joan eta asteak etorri. Bigarren adibiderako kasu larriena aukeratu dut, indarkeria muturreraino eramaten denean gertatzen dena, bortxaketak, agresio fisikoak, erailketak.  
Kalea nirea da?  izenburupean EMAKUNDEk egin duen ikerketan oso nabarmen gelditzen de hau guztia.

Indarkeria sinbolikoan jarrita fokoa, hau da, patriarkala den gizartean naturala balitz bezala eta sinbologia tresnak erabiliz onartu arazten diguten indarkerian, lehen adibide bezala publizitatea aukeratu dut, gordina, krudela, itzela batzuetan, burutsua, leuna, delikatua, gozoa beste batzuetan. Eta hemengo bigarren adibidea, hizkuntza, hiztegi sexista, esamolde diskriminatzaileak, oso barneratuta izateagatik etengabe errepikatzen duguna gure eguneroko jardunetan.



4.-Eremu hezitzailean lantzeko erronkak?
  • Lehena, bistaratzea izan beharko lukeela pentsatzen dut, agerian uztea, nabarmentzea, batez ere indarkeria sinbolikoarekin zer ikusia duten jokabideen kasuetan. Luis Boninok izendatu zituen maila sotileko tratu txarrak, indarkeria psikologikoaren hasierako manifestazioak, Mikromatxismoak, salatu, komentatu irakasleen artean, ikusten ikasteko formazio saioak antolatu. Inguruko guztiei, ikasleei, gurasoei, horren jakitun egiten laguntzea.
  • Inguru seguru batean garatzeko ikasle guztiek duten eskubidea bermatu ikastetxeko espazioetan, berdin dio sexua, sineskera, itxura, jatorria, gaitasuna, zaletasunak eta abar, zeintzuk diren. Segurtasun handiko espazio lasaiak eta konfiantzazko eremuak sortu hezkuntza eraikuntza eta antolaketan.
  • Eraso sexistarik gabeko esparrua bihurtu ikastetxea eta eskola komunitatea.



Zerbait egin beharko dugu, azkar eta oso serio, hezkuntza munduan murgilduta gauden hezitzaileok, genero-indarkeria gaindituz baino errotzen doala gehiago dirudi eta.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ezberdinetako ikasleek grabatutako bideo hauek gutxienez itxaropenari atea zabaltzen diote.  

Bukatzeko, BEBEren kanta bat


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina