Nire hezkuntza eremua:
Lan egiten dudan
lan eremua kontuan hartuz, hezkuntza ez formalean aritzen naizela esango nuke. Harrera etxe batean
egiten dut lan. Bertan, 15 eta 18 urte bitarteko 8 gazte bizi dira eta euren
eguneroko bizitzaren parte gara han lan egiten dugun hezitzaileak. Euren
familiekin, eskolekin, eskolaz kanpoko jarduerekin, osasun zentroekin… dugu
harremana, beraz, erreferente bagarela esango nuke. Erreferente garen heinean,
gazte hauen garapen pertsonalean eta bizi kalitatean eragiteko egiten dugu lan.
Ikusi dugun
legedia kontuan harturik, zer da zure ustez hezkidetzaren inguruko hezitzaile
lana justifikatzeko baliagarriena?
Nire ustez, hezkidetzaren
inguruko hausnarketa hezitzaile guztiok egin beharreko zerbait da, izan ere, estrategia
hezkidetzaileak erabiltzea ezinbestekoa da. Eskola birpentsatu behar den
moduan, hezkuntza ez formala ere baliatu behar dugu genero ikuspegia erabiliz,
eta pertsonen aniztasuna aztertuz, gazte guztiek giza-kultura baldintzapenak
gaindituz eta askatasunez bere osotasunean gara daitezen laguntzeko; bere
buruarekiko, besteekiko, gizarte eta naturarekiko erlazio positibo eta
eraikitzaileak izango dituzten pertsonak izateko.
Gaur egungo gizarte heteropatriarkala gure sistemaren
oinarrian dago eta hau arlo guztietan ikusten da, hau dela eta, hezkuntza eremuan aldaketa handiak eman behar
dira; estereotipo sexistak ezabatu behar dira, emakumeen jakintzak eta emakume
erreferenteak (ekarpen sozial zein historikoak egin dituztenak) ikaskuntzan
integratu behar dira, gaitasun afektiboak landu behar dira harremantzeko
moduetan, hizkuntzaren erabilera ez sexista ziurtatu behar da eta inposaturiko
ereduak gainditu eta aniztasuna islatzen duen heziketa afektibo sexuala
integratu behar da, besteak beste. Beraz, esango nuke baietz, beharrezkoa dela
genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea, oraindik asko
baitago egiteko.
Indarrean dagoen
legedia nahikoa da? Badago aurrera eramateko asmorik? Badaude betetzeko eta
lorpen mailak neurtzeko baliabide nahikorik?
70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadan, babes
instituzionalik gabe eta gehienetan oztopoak gaindituz, zenbait ikastetxetan
emakume feministen eskutik hasi ziren lehenengo esku hartzeak. 90eko hamarkadan
hezkidetzak bultzada handia jasan zuen. Lehenengo Hezkidetzazko Gradu-ondoa
90-91 ikasturtean garatu zen, Bizkaian hasi eta beranduago Gipuzkoa eta Araban
ere bai. 93-94tik 95-96ra hiru lurraldeetako 11 ikastetxek parte hartu zuten
Emakunde-k proposatu, babestu eta BegoƱa Salasek
zuzendu zuten ikerkuntza batean Ikastetxearen Hezkuntza- eta Curriculum-
Proiektuak hezkidetza ikuspuntutik egiteko.
Hezkidetza- Aholkularitzak 2001ean desagertu zirenean,
une itxaropentsuak apalduz joan ziren; zenbait mintegik lortu zuten bere
lanarekin jarraitzea, ahal izan zuten moduan eta Hezkuntza Departamentuaren
babesik gabe. 2013an idatzi zen “Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta
genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana”. Bertan gizarte eragile
ezberdinen ekarpenak bildu ziren eta 2013-2016 epealdirako hainbat erronka
definitu, helburuak eta ekintzak zehaztu eta bitartekoak jartzeko konpromisoak
adierazi.
Egun, berriro areagotu dira hezkidetzarekiko
espektatibak, Hezkuntza Saileko ordezkari politikoek helburua oraindik lortu ez
dela onartzen dute eta horren aldeko plana ateratzeaz gain, Heziberri 2020ak
hezkidetzaren beharra ere azaltzen du, emakume eta gizonen arteko tratu eta
aukera berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz.
Hau dena ikusita, nire ustetan indarrean dagoen legedia ez da nahikoa.
Legeak hainbat gauza esaten ditu baina errealitatean asko falta da egiteko.
Baliabideak, egon badaudela uste dut, baina ez behar bestekoak eta gainera, hauek
agian ageriko curriculum-ean geratzen direla batik bat, izan ere, curriculum
ezkutuan aldatu beharreko gauza asko geratzen direla esango nuke eta hauek
eragin handia dutela.
Nola ikusten duzu hezkuntza
hezkidetzailearen etorkizuna epe laburrean? Eta ertainean?
Ezin da jakin zer gertatuko den hemendik denbora
gutxira. Egia da legediak aldatzen doazela, eta bai, hezkidetzaren beharra
aitortzen da, baina “beharraz” gaindiko faktore asko daude. Heziberri 2020ak
hezkidetzaren beharra azaltzen du emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera
berdintasuna lortzeko pausuak ematen jarraitu behar dela aitortuz. Baina
honetarako, aurrekontuak, baliabideak eta denbora aldiak beharko dira plana
baldintza egokietan aurrera joan eta jarraipena izateko, epe laburrean ez baita
benetako hezitzailea den eskola lortuko. Pertsona eta giza-agente guztiek nork
bere ekarpena eginez, elkarlanean eta modu kritiko eta eraikitzailean,
bakoitzak bere posiziotik, aldaketaren aldeko ekarpena egin dezake.
Beraz, uste dut hezitzaileok asko dugula egiteko, sortzen ditugun harreman
motak, harremantzeko moduak, eredu eta rolak, etab. zaindu behar ditugula
pixkanaka jarri diren/ditugun helburuak lortzen joateko. Legediak legedi,
egunerokotasunean gu gaude gazteekin esku hartzen eta guk hezitzaile moduan
izando ditugun jarrerak, kontziente edo inkontzienteki beti esango die zerbait.
Hortaz, oso garrantzitsua eta zaindu beharrekoa iruditzen zait egiten dugun
lana, etorkizunari begira aldaketa handiak sortu ditzakeelako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina