Hezkidetza kontzeptuaren inguruan hausnartzea da aste honetako erronka. Horretarako nire inguruan ikerketa arin eta txiki bat gauzatuta, deigarria iruditu zait ez direla gutxi kontzeptu honen inguruan definizio bat burutzeko dauden zailtasunak.Orokorrean emakume gazteek argiago dute kontzeptuaren esanahia. Hala ere, arreta deitu dit irakaslegoaren artean oraindik ere dagoen ezjakintasuna. Baina ez hori bakarrik, ezagutzaz gain eskuhartze hezkidetzaileak burutzerako orduan, zailtasun handia sumatu dut. Nahi bai, baina nola egin ez da jakiten sarritan. Horregatik, estrategia eraikitzaileak martxan jartzea erabat beharrezkoa iruditzen zait. Prestakuntza egokia jasotzea ezinbestekoa da, sentsibilizazioa gauzatu behar dugu beharrezkotasuna argia izan dadin etengabeko formakuntza bultzatuz. Sentsibilizazio horren beharraz ohartuta, Chimamanda Ngozi Adichie-ren bideo hau ekarri nahiko nuke gogora. Lankideen artean lehenengo urratsak emateko tresna baliagarria iruditzen baitzait eta feminismoarekiko eta ondorioz hezkidetzarekiko erresistentziak agertzen dituzten horiengan eragina izan dezakeelakoan baitnago.
Hezkidetza, prozesu kontzientea izan behar duela uste dut. Izan ere, jendarte patriarkal batean bizi gara eta inkontzientean oso errotuta ditugu androzentrismoa oinarria duten hainbat, balore, jarrera eta portaera. Bizi garen jendartearen kultura eta ideologian nagusi dira eta horrek guztiak gure eguneroko jardunean eta praktikan eragina du. Norberaren curriculum ezkutuaren bitartez transmititzen dugu era ez esplizituan eta ez intentzionalean bada ere. Hortaz, ezinbestekoa dugu genero kontzientzia ikasleengan sustatzea, identitarean garapena hezkidetza paradigma-aldaketaren ardatza izanik. Hezkidetza Eskolan-ek burututako sarrera hau partekatu nahiko nuke zuekin, izan ere, Curriculum Hezkidetzailearen garrantzia argi azaltzen duela iruditzen zait.
Jakina da eskola, sozializaziorako esparru garrantzitsua dela eta horregatik Hezkidetza lantzea beharrezkoa da. Nire inguru hurbilari erreparatuz honako arrazoi hauek aipatu nahiko nituzke beronen garrantzia azpimarratzeko:
1. Ikasle bakoitzaren sexu edota generoan oinarritutako bereizkeriak ez ezik, kultura, etnia, klase sozial, etabarrek sortzen duten bereizkeria ere gainditzea, aukera berdintasuna bermatzeko.
2. Botere harremanak suntsitzea, tratu onak bezalako praktikak landuz eta indarkeria matxistarekin amaitzeko.
3. Heziketa intregala lortzeko bidean, kontzeptu teorikoak lantzeaz gain heziketa afektibo-sexuala eta adimen emozionalaren garapena bultzatzea.
4. Maskulinitate eta feminitate eredu berriak aurkeztea, egun indarrean dagoen sistema heteropatriarkalean bakoitzari atxikita doazkion estereotipo eta rolak gainditzeko asmoz.
5. Norbanakoaren askatasuna lortzeko aniztasuna aitortu eta errespetatu.
Jantzi ditzagun ba betaurreko moreak eta EKIN HEZKIDETZARI!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina