2017/11/05

Emakume izate hutsagatik


Indarkeria Matxista, emakume izate hutsagatik jasaten den edozein indarkeria-ekintza da. Botere-harreman eta aukera berdintasun ezak, gizonek emakumeen gaineko hierarkizazioan funtzio instrumentala ez ezezik, sinbolikoa ere badu. Kulturala, estrukturala eta ideologikoa da, emakume guztiak erasotzen dituelarik. Hortaz, ikasia da, izan ere, oinarrian sexismoa eta misoginia daude, hain zuzen ere, emakumeenganako mespretxua eta gorrotoa. Bizi dugun jendarte patriarkalean, indarkeriak, itxura ezberdinak har ditzake, alegia, psikologikoa, sinbolikoa, egiturazkoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala… baina bortxa eta menderatze joera ez da naturala, jendarteratze prozesuan zehar ikasi eta eraiki egiten da. Sexu-genero sistema oinarritzat hartuz, emakume eta gizon dikotomian, estereotipo eta rolak indartzen eta irakasten dira, familia, eskola, komunikabide, arte, erlijio, kultura, etab-en tresneria zuzenarekin.



Indarkeria matxista edota genero indarkeria, bere jatorrian berdintasunik eza duen gizon eta emakumeen arteko hierarkizazioan oinarritzen da, kulturalki eraikia dena eta egitura sozialek legitomotzat hartu eta berproduzitzen dutena.
 
Egunerokoan adibidez, hedabideek eta publizitateak eragin zuzena dute indarkeriaren biziraupenean. Emakumea erabilera objektua balitz bezala gauza bihurtzen dutelako alde batetik, baina bestetik, indarkeria bera kontatzeko erabiltzen den diskurtsoa indarkeria naturalizatzen eta normalizatzen duelako sarritan.  

Patriarkatua, sexu-genero sisteman oinarritutako egiturazko makinaria bailitzan irudikatu daiteke, non makinaria horren atalak bizitzako arlo guztietan identifikatu daitezkeen (ekonomia, kultura, osasuna, harremanak, komunikazioa, hezkuntza, politika, familia...). Pieza horiek guztiak maila eta espazio ezberdinetan sakabanatuta egon arren, guztiek helmuga eta helburu bera dute: emakumezkoen zapalkuntza gauzatzea, gutxiespen eta menpekotasun egoera batean mantenduz.


Sexuagatik edo sexutik eratorria den arrazoia dela eta, giza talde batek (gizonezkoak) beste baten (emakumezkoak) gainean ezartzen duen botereari sexismoa deritzogu, eta indarkeriaz ari garela ezin dezaket alde batera utzi "maitasun" kontuetan ematen den indarkeria matxista, izan ere, maitasun erromantikoa botere harremanetan oinarritua dago.

Maitasuna ulertzeko eta bizitzeko modua estereotipatua eta irreala den heinean, harreman hauek ere dependentzian eta jabetzan oinarritzen dira indarkeria bilatzen duten harremanak sortuz. Hortaz, indarkeria matxistak sarritan maitasun erromantikoa oinarri duten harremanetan izaten du gordeleku, feminizidioan bukatzen duten kasu askotan alegia.
Coral Herrera Gomez eta Pamela Palenciano ekarri nahiko nituzke gogora, gai honen inguruan lan garrantzitsua burutzen baitute.  Aurreko edizioetako Isabel Casares-ek egindako post honetan ere, honen guztiaren berri interesgarria ematen da.



Botere harremanen helburua, pertsonen eta kolektiboen arteko desberdintasunetan oinarritutako hierarkiak sortzea eta mantentzea da. Egun bizi garen jendarte patriarkalean, botere harreman hauek mantentzeko dagoen tresnarik nagusiean, indarkeriaren (fisikoa, psikologikoa, afektiboa, ekonomikoa, soziala, sinbolikoa...) erabilpena da.

Gainera, sistema kontsumista-kapitalista batean bizi gara, bere sostengua eta erreprodukzioa bermatzeko patriarkatuaz baliatzen dena, sistematikoki genero ezberdintasuna bultzatuz eta emakumeenganako indarkeria gauzatuz. Beraz, patriarkatua eta kapitalismoa ez dira ezaugarri konkretu batzuk dituzten sistema politiko, sozial eta ekonomiko soilak, baizik eta dominazio sistema sinboliko-kultural bat ere, bizitzaren zentzuarekin inposatzen direnak. Hau da, sistema honen sostengua eta erreprodukzioa bermatzeko tresna indartsua da. Izan ere, jendarteak asumitutako kode sinboliko eta kulturalez betetako sistema hau norberaren bizitzan subjektu bakoitzak bete beharreko paper edo rolekin bizirauten du. Horregatik hain beharrezko zaio heteropatriarkatua sistema kapitalistari.  Patriarkatuaren sozializazioa beraz, pertsona guztiak gizon edo emakume gisa heztean datza, bakoitzaren sexuaren (genitalen) arabera jaiotzaren une beretik. Generoei inposatutako estereotipo eta rolen arabera jendartean sinesmen, balore eta jarrera konkretu batzuk hedatzen doaz, gizon eta emakume "ona" zer den definituko dutenak. Ezaugarri hauek beraz, norbanakoaren esperientzia eta eta bizipen emozionalen bidez, berproduzitzen dira bukle baten antzera, gizona menperatzailea eta emakumea menperatua izanik.

 
Horregatik, ikasia den oro desikasteko aukera dago. Botere harremanek horizontaltasuna hartzen duten arte lan handia egiteko dugu. Hortaz, sexu-genero sistematik at hezteaz ezezik, kultura, arraza, klase-sozial, etab-en berezitasunetik at ere heztean dagoela erronka irudItzen zait. Eredu patriarkaletik ateratzeko, hezkuntza emozionala behar da, tratu onak, elkarlana, errespetua eta enpatia oinarrian egongo direlarik. Pertsonaren hezkuntzako etapa guztietan, haurtzarotik heldutasuneraino, eredu berriak sortuz eta adieraziz. Berdintasuna hezkuntzan txertatu behar da, botere harremanik eta egitura patriarkalik gabe. Egunerokoan aldaketa ugari ditugu egiteko, espazioen berrantolaketan, hizkuntzaren erabileran, ikasleekiko sortzen ditugun espektatibetan, beraiekin dugun harremanetan, testuliburu eta materialen azterketa eginez... erronkak ugariak dira. Ekin diezaiogun lanari beraz!
 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina