Datu
estatistikoak arakatuta bakarrik beldurra ematen du gaiaz hausnartzen
hasteak. Ikara eta beldur hori INDAR bilakatzen jakin behar dugula
uste dut, baina. OME, EMAKUNDE zein bestelako erakundeek aztertutako
datuen ostean, ileak puntan jartzen zaizkigu. Mundu osoko emakumeoi
eragiten digun izurrite bat dugu. Datu batzuk berrekuratzearren, ume
garaian %33 dira indarkeria mota hau jasan duten emakumeak, %5
bortxatuak eta %43 indarkeria psikologikoaren biktimak. Europan
bertan 2014an 62 milioi emakumek sufritu dute indarkeria fisikoa edo
sexuala, eta goi karguetan dauden %75ak jasotzen du genero-indarkeria
egunez- egun. Ez gara ontzaren gauerdiko eztulaz ari, lagunok. Ongi
errotuta dugun sexismo eta misoginia izurriteaz ari gara.
Kontrolagaitz eta menderakaitz agertu nahi diguten gerra galdu batez.
Gerra
galdua?
Hala
adierazi nahi digute, badaezpada, inor ausartzen den sistema
kapitalistaren menera dantzatzen duen heteropatriarkatuari aurre
egiten. Zorionez, jai dute bide horretan. Emakumeok ahalduntze bidean
lan nekezak egiten baitihardugu, urte luzez.
Aurreko
gaietan egindako hausnarketetan aipatu bezala, jaiotzen garen unetik
indarkeriaz eta bortizkeriaz tratatutako sektorea da emakumeona
(multzo honetan kontuan har bitez putak, transak, bisexualak,
queerak…edota normatik at kokatzen diren pertsona guztiak ere).
Fisikoki eta psikologikoki nolakoak izan behar dugun irakasten
digute. Etxean, familian, eskolan, plazan, jolas parkeetan,
aisialdian… Gugandik espero dena behin eta berriz erakutsi eta
adierazten digute… eta nolakoak gara gu? Gure inguruan behin eta
berriz halako
garela adierazten diguten bezalakoak. Esaterako, mutiko bati egunero
errepikatzen diote gaiztoa dela, zekena dela, ez dela lagun ona, mina
ematen duela…Nolakoa bilakatzen da Martin? Jendeak dioen bezalakoa.
Gezurra
dirudien arren, pertsona gutxik lortzen dute askatasunean diren
bezala heztea. Guraso edo inguru hurbilenaren begiko izan nahi du
haurrak, jaiotzen den unetik, eta hori izateko ahaleginak egiten ditu
behin eta berriz, onartua eta errespetatua izateko. Izan ere, guztiok
dugu alderdi emozional eta soziala onartua izateko beharra, zerbaiten
parte izatekoa, kolektibo baten barne kokatzekoa. Eta horretarako,
sistema barruan eta bere arauen dantzan mugitzen ikasi behar dugu
(eskolan, tabernan, unibertsitatean, harreman afektibo-sexualetan…).
Eta noski, muga horien barruan ibiltzen dena, ez da ASKATASUNEZ
hazten. Sistema kapitalista patriarkalaren karta-jokoan murgiltzen
da.
Karta
jokoa INDARKERIAz josita dago, botere harremanek gidatzen dute, eta
esan beharrik ez, gizonezkoaren betiereko boterea dago bizitzako arlo
guztien diseinuaren funtsean. Emakumea menpeko, kokil, obediente,
umil, zerbitzari, erreproduktibo, esaneko… huts
bilakatzera bideratuta dago saltzen diguten bizimodu neoliberal
‘askatzaile’ hau. Zer eta gure askatasunaren alde ari omen
den aginte-modu baten izenean, gainera!
Sexismoa
eta misoginia errezetaren produktu izarrak
Sexismoak
emakumeen aurkako mespretxua elikatu eta bultzatzen du gau eta egun,
atsedenik gabe; emakumeen mendekotasuna bilatu eta babesten du
sendotasunez. Misoginiak,
aldiz, emakumeonganako gorrotoa eta beldurra esan nahi du. A ze
koktela bien artean!
Emakumeon
aurkako indarkeria “sexista den edozein indarkeria ekintza da,
kalte fisiko, sexual edo psikikoak eragiteko aukera posible edo
erreala duena eta bizitza pribatuan nahiz publikoan gertatzen dena,
mehatxuak, inhibizioa edo askatasunaz arbitrarioki gabetzeko
ahaleginak barne”. Definizio nahiko osatua iruditzen zait
honakoa. eta berau jendarteratzen ere badugu lana.
Indarkeria
kulturala, estrukturala eta ideologikoa izanik, eraikitzen den bezala
deseraikitzeko aukera ere mahai gaineratu beharra dago aitzitik.
Egiturazko indarkeriari aurre egiteko, errealitateaz jabetu,
kontzientziak astindu, mikromatxismo eta indarkeria mota oro
azaleratu eta mekanismorik sotilenak ere argitara atera behar ditugu.
Horiek jendarteratu eta salatzeaz arduratu behar gara etengabe.
Hezkidetzaren
erronka eskola barruan jorratzera mugatu barik egin behar dugu bidea,
hezkuntza parekidea eta indarkeriarik gabea izan dadin, jendartean
ere eragitea ezinbesteko baldintza izango baita gerra hau irabazteko.
Gauden tokian gaudela, gauden unean gaudela, edonon eta edonoren
aurrean betaurreko moreak jantzi eta bestelako bizimodu bat posible
dela irakatsi behar diogu inguruneari (gure buruei lehenik, eta
ingurukoei jarraian). Zuretzat eta niretzat, denontzat, hobea izango
den bizimodua lortzea gure esku dagoela.
Hezkidetza
eta jendartearen heziketa, eskutik helduta
Hezkidetza
eskolan soilik jorratuta nekez aterako diogu behar besteko zukua
erronkari. Eskola komunitate osoaren parte hartze eta inplikazioa
berebizikoa da zeregin honetan, eta horretarako, irakasle, langile,
guraso, familia… eta helduon sektore guztietan esku hartu behar
dugu.
Sentsibilizazioa,
kontzientziazioa, norbere esparruaren analisia eta alternatibak
ezartzeko urrats berrien lanketa... izan daitezke horretarako tresna
edo baliabideak. Baita formazioa, datuen zabalpena eta bestelako
eskoletan eman daitezkeen esperientziak jaso eta konpartitzea ere.
Kultura
eremuan bere garaian emakumeen aurkako indarkeria mota ezberdinak
taula gainean plazaratzeko erronka izan genuen Aiaraldean. Ene
begiak eme
izeneko ikuskizuna sortu genuen eskualdeko dantzari, musika talde,
idazle, artista… eta jendea askoren laguntzarekin. Une horretan
poesia
itxura (ikus beheko irudian)
hartu zuen atal bat ere txertatu genuen, slackline.a egiten zuen
neska baten eszena okupatzen zuen bitartean bozgorailuetatik entzun
zena.
Hamaika
modu daude indarkeriari txikitik aurre egiteko. Handitik ere eragin
beharko diote instituzioek, eta herritarrak izan beharko dugu presioa
sartu eta behar besteko energia eta exijentzia dosia eransten
diogunak. Baina bakoitza gauden tokitik eta ditugun sareetatik ere
egin dezakegu gure lana. Esaterako, Argia.n azaltzen diren salaketak eta astakeriak hedatu eta ukazio
publikoa handitzea. Izan ere lotsagarria da nola PISA bezalako
azterlarien txostenetan halako titular eta mezuak zabal daitezkeen
ikustea. Salagarria eta deitoragarria, erabat!
Eskoletan
zein neurritan lantzen den genero-indarkeriaren gaia? Bada, nire
ustez, dagoen jendearen inplikazio, dedikazio eta gogo mailak
eragiten du guzti honetan. Beldur barik bezalako programek ekimen
puntualak eta esku hartze konkretuak ekar ditzakete ikasgeletara,
baina edozelan, asteroko lana da zeharka bizitzako arlo akademikoan
ere jorratu beharrekoa.
Talde
kontzientziatu eta langileak daudenean eskola barruan zein kanpoan
ematen diren urratsak nabaritzen dira. Halako gehiago sustatu eta
ahalik eta leku gehienetara iristeko lana egin beharko dugu. Gauden
tokian gaudelarik, aliatuak bilatu, ingurua formatu, borroka hau
guztiona eta urgentea dela transmititu… eta aurrera! Atzo baino
gertuago egongo baikara biharko egunsentitik!
Gerra
galdua omen…
Baina
usteak erdi ustel. Batez ere agintean dagoenaren mingain eta
garunetik badator. Lehen aipatu bezala, emakumeok ahalduntze bidea
aspaldi hasi baikenuen. Borroka txikien bidez lorpen handiak eskuratu
ditugu, eta urteetako izerdiari esker denontzako justuago,
osasuntsuago, lagunkoiago eta indartsuago izango den mundua
marraztuko dugu. Historia egiten ari gara. Bakoitza bere tokitik,
inurri lanean eta sarean. Eguneroko isiltasun oihuak garrasi
bilakatzen. Emakume bat zapaltzen duten aldiro, guztiok zapaltzen
gaituztelako. Gerra zikin honi makillajea kentzeko nahikoa adore
badugulako. Bagarelako zer; bagarelako nor. Eta gure ondorengo
sorginek ere, indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzen lagunduko
digutelako.
Mundua
dugu irabazteke!
***Iazko post honi esker topatu dut mikromatxismoen inguruko bideo hau, eta hortik hurrengoak ere... ea zer iruditzen zaizkizuen:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina