2017/11/07

GERRA GALDUA...?

Datu estatistikoak arakatuta bakarrik beldurra ematen du gaiaz hausnartzen hasteak. Ikara eta beldur hori INDAR bilakatzen jakin behar dugula uste dut, baina. OME, EMAKUNDE zein bestelako erakundeek aztertutako datuen ostean, ileak puntan jartzen zaizkigu. Mundu osoko emakumeoi eragiten digun izurrite bat dugu. Datu batzuk berrekuratzearren, ume garaian %33 dira indarkeria mota hau jasan duten emakumeak, %5 bortxatuak eta %43 indarkeria psikologikoaren biktimak. Europan bertan 2014an 62 milioi emakumek sufritu dute indarkeria fisikoa edo sexuala, eta goi karguetan dauden %75ak jasotzen du genero-indarkeria egunez- egun. Ez gara ontzaren gauerdiko eztulaz ari, lagunok. Ongi errotuta dugun sexismo eta misoginia izurriteaz ari gara. Kontrolagaitz eta menderakaitz agertu nahi diguten gerra galdu batez.

Gerra galdua?

Hala adierazi nahi digute, badaezpada, inor ausartzen den sistema kapitalistaren menera dantzatzen duen heteropatriarkatuari aurre egiten. Zorionez, jai dute bide horretan. Emakumeok ahalduntze bidean lan nekezak egiten baitihardugu, urte luzez.

Aurreko gaietan egindako hausnarketetan aipatu bezala, jaiotzen garen unetik indarkeriaz eta bortizkeriaz tratatutako sektorea da emakumeona (multzo honetan kontuan har bitez putak, transak, bisexualak, queerak…edota normatik at kokatzen diren pertsona guztiak ere). Fisikoki eta psikologikoki nolakoak izan behar dugun irakasten digute. Etxean, familian, eskolan, plazan, jolas parkeetan, aisialdian… Gugandik espero dena behin eta berriz erakutsi eta adierazten digute… eta nolakoak gara gu? Gure inguruan behin eta berriz halako garela adierazten diguten bezalakoak. Esaterako, mutiko bati egunero errepikatzen diote gaiztoa dela, zekena dela, ez dela lagun ona, mina ematen duela…Nolakoa bilakatzen da Martin? Jendeak dioen bezalakoa.

Gezurra dirudien arren, pertsona gutxik lortzen dute askatasunean diren bezala heztea. Guraso edo inguru hurbilenaren begiko izan nahi du haurrak, jaiotzen den unetik, eta hori izateko ahaleginak egiten ditu behin eta berriz, onartua eta errespetatua izateko. Izan ere, guztiok dugu alderdi emozional eta soziala onartua izateko beharra, zerbaiten parte izatekoa, kolektibo baten barne kokatzekoa. Eta horretarako, sistema barruan eta bere arauen dantzan mugitzen ikasi behar dugu (eskolan, tabernan, unibertsitatean, harreman afektibo-sexualetan…). Eta noski, muga horien barruan ibiltzen dena, ez da ASKATASUNEZ hazten. Sistema kapitalista patriarkalaren karta-jokoan murgiltzen da.

Karta jokoa INDARKERIAz josita dago, botere harremanek gidatzen dute, eta esan beharrik ez, gizonezkoaren betiereko boterea dago bizitzako arlo guztien diseinuaren funtsean. Emakumea menpeko, kokil, obediente, umil, zerbitzari, erreproduktibo, esaneko… huts bilakatzera bideratuta dago saltzen diguten bizimodu neoliberal ‘askatzaile’ hau. Zer eta gure askatasunaren alde ari omen den aginte-modu baten izenean, gainera!

Sexismoa eta misoginia errezetaren produktu izarrak

Sexismoak emakumeen aurkako mespretxua elikatu eta bultzatzen du gau eta egun, atsedenik gabe; emakumeen mendekotasuna bilatu eta babesten du sendotasunez. Misoginiak, aldiz, emakumeonganako gorrotoa eta beldurra esan nahi du. A ze koktela bien artean!

Emakumeon aurkako indarkeria “sexista den edozein indarkeria ekintza da, kalte fisiko, sexual edo psikikoak eragiteko aukera posible edo erreala duena eta bizitza pribatuan nahiz publikoan gertatzen dena, mehatxuak, inhibizioa edo askatasunaz arbitrarioki gabetzeko ahaleginak barne”. Definizio nahiko osatua iruditzen zait honakoa. eta berau jendarteratzen ere badugu lana.

Indarkeria kulturala, estrukturala eta ideologikoa izanik, eraikitzen den bezala deseraikitzeko aukera ere mahai gaineratu beharra dago aitzitik. Egiturazko indarkeriari aurre egiteko, errealitateaz jabetu, kontzientziak astindu, mikromatxismo eta indarkeria mota oro azaleratu eta mekanismorik sotilenak ere argitara atera behar ditugu. Horiek jendarteratu eta salatzeaz arduratu behar gara etengabe.

Hezkidetzaren erronka eskola barruan jorratzera mugatu barik egin behar dugu bidea, hezkuntza parekidea eta indarkeriarik gabea izan dadin, jendartean ere eragitea ezinbesteko baldintza izango baita gerra hau irabazteko. Gauden tokian gaudela, gauden unean gaudela, edonon eta edonoren aurrean betaurreko moreak jantzi eta bestelako bizimodu bat posible dela irakatsi behar diogu inguruneari (gure buruei lehenik, eta ingurukoei jarraian). Zuretzat eta niretzat, denontzat, hobea izango den bizimodua lortzea gure esku dagoela.

Hezkidetza eta jendartearen heziketa, eskutik helduta

Hezkidetza eskolan soilik jorratuta nekez aterako diogu behar besteko zukua erronkari. Eskola komunitate osoaren parte hartze eta inplikazioa berebizikoa da zeregin honetan, eta horretarako, irakasle, langile, guraso, familia… eta helduon sektore guztietan esku hartu behar dugu.

Sentsibilizazioa, kontzientziazioa, norbere esparruaren analisia eta alternatibak ezartzeko urrats berrien lanketa... izan daitezke horretarako tresna edo baliabideak. Baita formazioa, datuen zabalpena eta bestelako eskoletan eman daitezkeen esperientziak jaso eta konpartitzea ere.

Kultura eremuan bere garaian emakumeen aurkako indarkeria mota ezberdinak taula gainean plazaratzeko erronka izan genuen Aiaraldean. Ene begiak eme izeneko ikuskizuna sortu genuen eskualdeko dantzari, musika talde, idazle, artista… eta jendea askoren laguntzarekin. Une horretan poesia itxura (ikus beheko irudian) hartu zuen atal bat ere txertatu genuen, slackline.a egiten zuen neska baten eszena okupatzen zuen bitartean bozgorailuetatik entzun zena.

Hamaika modu daude indarkeriari txikitik aurre egiteko. Handitik ere eragin beharko diote instituzioek, eta herritarrak izan beharko dugu presioa sartu eta behar besteko energia eta exijentzia dosia eransten diogunak. Baina bakoitza gauden tokitik eta ditugun sareetatik ere egin dezakegu gure lana. Esaterako, Argia.n azaltzen diren salaketak eta astakeriak hedatu eta ukazio publikoa handitzea. Izan ere lotsagarria da nola PISA bezalako azterlarien txostenetan halako titular eta mezuak zabal daitezkeen ikustea. Salagarria eta deitoragarria, erabat!

Eskoletan zein neurritan lantzen den genero-indarkeriaren gaia? Bada, nire ustez, dagoen jendearen inplikazio, dedikazio eta gogo mailak eragiten du guzti honetan. Beldur barik bezalako programek ekimen puntualak eta esku hartze konkretuak ekar ditzakete ikasgeletara, baina edozelan, asteroko lana da zeharka bizitzako arlo akademikoan ere jorratu beharrekoa.

Talde kontzientziatu eta langileak daudenean eskola barruan zein kanpoan ematen diren urratsak nabaritzen dira. Halako gehiago sustatu eta ahalik eta leku gehienetara iristeko lana egin beharko dugu. Gauden tokian gaudelarik, aliatuak bilatu, ingurua formatu, borroka hau guztiona eta urgentea dela transmititu… eta aurrera! Atzo baino gertuago egongo baikara biharko egunsentitik!

Gerra galdua omen…

Baina usteak erdi ustel. Batez ere agintean dagoenaren mingain eta garunetik badator. Lehen aipatu bezala, emakumeok ahalduntze bidea aspaldi hasi baikenuen. Borroka txikien bidez lorpen handiak eskuratu ditugu, eta urteetako izerdiari esker denontzako justuago, osasuntsuago, lagunkoiago eta indartsuago izango den mundua marraztuko dugu. Historia egiten ari gara. Bakoitza bere tokitik, inurri lanean eta sarean. Eguneroko isiltasun oihuak garrasi bilakatzen. Emakume bat zapaltzen duten aldiro, guztiok zapaltzen gaituztelako. Gerra zikin honi makillajea kentzeko nahikoa adore badugulako. Bagarelako zer; bagarelako nor. Eta gure ondorengo sorginek ere, indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzen lagunduko digutelako.


Mundua dugu irabazteke!



***Iazko post honi esker topatu dut mikromatxismoen inguruko bideo hau, eta hortik hurrengoak ere... ea zer iruditzen zaizkizuen:


 




***Poesia





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina