2017/11/06

NATURALA EZ DEN IZURRITEA




“Mikromatxismoez ari bagara, mikroiraultzekin erantzutea izan daiteke bide posible bat. Gehiegizko ardura da milurteko sistema patriarkala suntsitzea, baina nire esku dago ni, emakume, ahal dudan libreen bizitzea; gizarte sexistaren arauak pixkanaka apurtzea (nire kontraesanak onartuz) eta jabetze prozesu hori beste emakumeekin partekatzea. Gizonen kasuan hori ere izan liteke konpromiso berdin zalearen isla zintzoa, “matxirulo” jarrerak alde batera uztea, txalorik espero gabe maskulinitatearen pribilegioei uko egitea. Feminismoan nabaritzen dut gero eta gehiago garela militantzia zorrotzaren ordez zaintza (gurekiko eta gure kideekiko), umorea eta plazera erdigunean jartzen ditugunak. Matxismoaren aurka irtenbide eta mendekurik onena gizaki aske eta zoriontsuak izatea baita”.

June Fernández


Genero indarkeriak forma asko ditu, batzuk errazago ikusten direnak, beste batzuk ezkutuan edo lanbro artean somatu daitezkeenak. Baina denek daukate oinarri bera: emakumea gutxiago denaren pertzepzioa. Aste honetako irakurgaietako batean txertatuta zihoan irudi honetan ederki azaltzen dira indarkeria forma ezberdin guzti horiek eta nola sailkatuta dauden: iceberg batean bezala, soilik zatitxo bat dago bistan, baina genero-indarkeriak azpitik askoz gehiago dauka, eta dena batera mugitzen doa.




Genero-indarkeria gizartearen-eraikuntza da, ez da naturatik biologikoki gizakiak berarekin dakarren zerbait. Gizarte sexista baten ondorioa da, eta jaiotzen garenean emakume eta gizon moduan bereiziak garen momentutik, gure etorkizuna determinatu eta bata bestearen menpeko bihurtzen gaitu. Menpekotasun hori gizonak nahi duen moduan betetzen ez denean, indarkeria erabiltzen du emakumearen aurka, hori egiteko boterea duela ikasi duelako.



Uste dut bideo honek oso ondo islatzen duela genero indarkeria etengabeko prozesu ikasia dela, eta txiki-txikitatik garrantzia ematen ez zaien gauzetatik hasita (ez jolastu pilotarekin, hori mutilen kontua da; ez egin negarrik, negar neskek egiten dute…) neska izatea gutxiesten dela esparru guztietan, eta hazten zoazen heinean gizonak gainetik daudela, gure nagusi, gure jabe, gu, emakumeak, gure kabuz nahikoa balio ez bagenu bezala sinestaraztea bilatzen duela. 


Duela bi urteko post hau http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/emakumeen-kontrako-indarkeriari-ez.html aukeratu dut, berak ere iceberg-a erabili duelako bistara egon ez daitezkeen genero-indarkerien sailkapena egiteko, eta kontrolaz mintzo delako. Gaur egun kontrolaren bidez emakumea asko zapaltzen da eta sarritan ohartu gabe edo garrantzirik eman gabe, baita zerbait positibo bezala ikusita ere, nerabe batzuen artean gertatzen den bezala. 


Ni mugitzen naizen hezkuntza esparruan (unibertsitatean) ikusi dut berdintasunaren aldeko talde bat dagoela, azaroak 25 hurbil dagoela eta jardueraren bat egin nahi dela, eta ezer gutxi gehiago. Ikasgelan soziologiako ikasgaian gaia atera zen eta gehienak honek duen larritasunaz kontziente ez direla esango nuke.

Erronka nagusia ezkutuan dauden genero-indarkeria horiek identifikatzen jakitea dela esango nuke, denok kutsatu gaituen izurritea dela ohartzea, eta benetan duten garrantzia ematea, txikiak eta ikusezinak kontsideratzen diren indarkeria horiek handietan eta denon bistan egongo diren indarkerietan bilakatzeko aukera handiak dituztelako. Emakume bat erahila izan baino lehen, pixkanaka erahila izan da.
 









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina